1. Aurkezpena
1.1. HITZAURREA
Astronomia zientzia guztietan zaharrena dela aipatzea topikoa izan ohi da, batez
ere Astronomiako liburuen aurkezpenetan. Baina, kasu honetan, bereziki, Astro-
nomiaren barruko atalik zaharrenari buruzko liburu berria idazterakoan, ondoko
gogoeta etorri zait burura:
Antzina, astroen posizioak eta higidurak jakiteak abantaila handiak ematen
zizkien zibilizazioei. Posizio-astronomiak orientatzeko aukera ematen zien, orduak
eta egunak neurtzeko, itsasoetan zehar nabigatzeko, uztak planifikatzeko, etab.
Adibidez, antzinako egiptoarrek Sirio izarraren jarraipena egiten zuten, Nilo ibaiak
gainezka noiz egingo zain.
Azkeneko mendeetan gure zibilizazioaren garapen izugarria gertatu da; orain,
beste tresna batzuk erabiltzen ditugu funtzio horiek betetzeko. Astronomia bera ere
asko garatu den arren, bere erabilera praktikoa gutxitu da. Eta horren ondorio bat
izan daiteke jendeari Astronomiaren oinarriak ez zaizkiola interesatzen: behar ez
dituelako, hain zuzen.
Liburu honen helburu apala joera horren aurka egitea da: irakurleari posizio-
astronomiaren oinarrizko ezagutza ematea. Kasu honetan, suposatu behar dugu
irakurlea zaletasunez hurbildu dela Astronomiara. Baina, noizbait behar izatekotan,
azken kapituluan orientazioaren gaia jorratzen da.
Besterik gabe, ea liburua zure gustukoa den; eta kontuz, batzuetan grina
geldiezina bihur baitaiteke Unibertsoa esploratzea!
1.2. ASTRONOMIAREN ATALAK
Astronomiaren atalak, argi eta garbi, bi taldetan banatu beharko ditugu:
1.2.1. Atal klasikoak: posizio-astronomia
Antzinako zibilizazioek mendeetan begi hutsez landu zituzten Astronomiaren
atalak dira. Geometrian eta Matematikan oinarritzen dira batez ere, eta liburu
honetan landuko ditugunak izango dira, hain zuzen ere.
· Zeruko mekanika da atal nagusia, eta ikusitako astroen posizioak eta higi-
durak deskribatzea eta azaltzea du helburu. Antzinako zibilizazioek eguzki-
sistemaren eta Unibertsoaren hainbat eredu garatu zituzten, gehienetan,
munduaren sorrerari buruzko mitoekin erabat nahasturik bazeuden ere.
Baina, pixkanaka, metodo zientifikoak aurrera egin zuen eta Astronomiaren
oinarri sendoak finkatu zituen. Copernico-k, Galileo-k, Kepler-ek eta
Newton-ek egindako ekarpenek guztiz eraldatu zuten diziplina hori.
· Astrometria astroen posizioa zehaztasun handiz neurtzen saiatzen da, eta
Lurraren atmosferak eta behaketa-tresnek sortutako erroreak zuzentzen ditu.
1.2.2. Atal modernoak: astrofisika
Goian esan bezala, azken mendeetan garatutako Astronomiak ez du zeriku-
sirik aurrekoarekin. Fisikan aurrerakuntza nabarmenak gertatu diren heinean,
horietako batzuk Astronomian aplikatu ahal izan dira zuzenean. Aldi berean,
teknologian aurrerakuntza handiak egon dira, eta horrek ere Astronomia hobeto
egiten lagundu digu. Horrekin guztiarekin batera, gaur egungo teleskopioez Uni-
bertsoaren eskala desberdinetako osagaiak (izarrak, galaxiak, kumuluak...) ikusteko
gai gara; eta, neurri handi batean, ulertzeko ere bai.
Beraz, astroen fisika gero eta ulergarriago bihurtu da; eta, aldi berean, eremu
berriak sortu dira astrofisikan. Baina, teoriak horrenbeste korapilatu direnez, espe-
zializazioa etorri da ondorioz, eta beraz astrofisikan ondoko atalak bereiz ditzakegu:
· Kosmologiak Unibertsoaren sorrera-prozesua aztertzen du, historiaren
lehenengo segundoetara atzera eginez. Gaur egun, guztiz onartuta dago
ezagutzen dugun Unibertsoa duela 13.000 milioi urte inguru jaio zela; eta
espantsio ikaragarria bizitzen ari garela, galaxiak elkarrengandik urruntzen
ari baitira. Kosmologoek Unibertsoaren denboran zeharreko batez besteko
tenperatura, presioa eta partikula-dentsitatea aurresaten dituzten ereduak
garatu dituzte.
· Izar-dinamika da izarren egitura eta bilakaera azaltzen dituen teoria
multzoa. Izar-eredu modernoek izarren barneko presioa, tenperatura,
dentsitatea, erradiazioa eta konposizio kimikoa kalkula ditzakete sakonera
desberdinetan; edota milioika urtetan zeharreko bilakaera, erregaia noiz
agortuko zaien, zer-nolako amaiera izango duten, etab.
12 Orienta ezazu zeure burua zeruko esferan
· Galaxia-dinamika galaxien egitura eta bilakaera azaltzen saiatzen da, baina
izar-dinamika baino zehaztasun txikiagoa lortzen du. Galaxia bateko astroen
higidura ulertzeko masa iluneko kantitate itzelak daudela postulatzen du.
· Zientzia planetarioek Geologia, Biologia, Fisika, Kimika eta beste zientzia
batzuk aplikatzen dituzte eguzki-sistemako beste planetetan. Askotan, beste
planetetan aurkitutakoa Lurra planetaren azterketan ere baliagarria da,
berotegi-efektuarekin gertatu den bezala, lehenengo Artizarran aurkitu
baitzen.
Aurkezpena 13

Orienta ezazu zeure burua zeruko esferan