4. Giza arrazoi osoaren bila
4.1. PENTSAMENDU-ILDO BATEN NORANZKOA: KONTZIENTZIA
TRAGIKOTIK ESPERANTZARAKO IBILBIDEA
Lan honetan Modernitate Kapitalista zorrotz aztertu duen pentsamendu-ildo bati
jarraitu nahi izan diogu. Beronek, bizi dugun eta bizi gaituen mundu modernoari
buruzko diagnostiko bat du, diagnostiko tragikoa une askotan, eta esperantzari
leiho bat ireki nahi dion irakurketa beste batzuetan (azken hau Habermas-ekin batez
ere). Aldeak alde, hari batek zeharkatzen du Weber-ekin hasi, Frankfurteko Esko-
larekin jarraitu eta Habermas-ekin amaitzen den ibilibidea. Orriotan harilkatu du-
gun pentsamendua arras konplexua eta korapilotsua da, baina, eginiko ibilbidearen
mapa era honetan formula daiteke59.
· Max Weber-en iritziz, arrazionalizazio sozialaren prozesua
Zweckrationalität delakoaren hegemonia areagotzearen paretsukoa da; hau
da, teknikaren eta kalkuluaren, organizazioaren eta administrazioaren
hegemonia. Arrazoiaren garaipenak ez du ekarri Askatasunaren Erreinua,
Marx-ek espero zuen bezala. Aitzitik, indar ekonomiko inpertsonalen eta
burokratikoki antolaturiko administrazioen nagusiagoa ezagutu dugu.
"Burdinazko kaiola" batean bizitzera kondenatu gaitu horrek.
· XX. mendeko laugarren hamarkadaren lehen urte ilunetan Ilustrazioaren
Dialektika idatzi zen. Lan horretan Max Horkheimer eta Theodor Adorno-k
aintzat hartu zuten Weber-en diagnostikoaren indarra. Teoria Kritikoak etsi
egin zuen. Mozorroa kendu zioten arrazoitzat hartzen zen haren bihotzean
zetzan desarrazoiari. Aro modernoari buruzko akta desesperatua idatzi
zuten, eta uko egin zioten txosten hartan ezer positiborik idazteari.
· Jürgen Habermas etorriko da gero, mezuaren norabidea aldatzeko inten-
tzioz: teoria sozial kritikoak ibilitako kale itsu horri argi pixka bat emango
dio (Ekintza komunikatiboaren teoria), modernitateari buruzko bestelako
ikuspegi batekin agertuko da eta, diagnostikoa kritikoa bada ere, tragediaren
59. Thomas McCarthy-k ederki asko laburbiltzen du lau hitzetan orriotan egin dugun ibilbidea:
"Reflexiones sobre la racionalización en La Teoría de la Acción Comunicativa", in batzuen artean,
Habermas y la modernidad, Cátedra, 2001, 277.-278. or. T. McCarthy-ren ikuspegia garatuago aurki
daiteke ondoko lanean: La Teoría Crítica de Jürgen Habermas, Tecnos, 1995.
bidea saihestezina ez dela esango digu. Kontua da Weber-ek arrazoi ins-
trumentalaren gailentzea ikusten zuela leku guztietatik eta, beraz, ezin izan
zuen gaitasun komunikatiboen garapena ikusi. Horkheimer/Adorno biko-
teak itsu-itsuan jarraitu zion Weber-i eta, azkenerako, bizitza modernoari
--bere estruktura eta erakundeei-- ez zioten inongo arrazoi izpirik aitortu.
Ilustrazioaren dialektikak erakutsitako ikuspegiari aurka eginez, Habermas-ek
argudiatu du modernitateko atsekabeak ez direla sortzen arrazionaliza-
ziotik; modernitatearen patologia sakon horiek bizi ditugu arrazoiaren
dimentsio guztiak modu orekatuan garatu eta instituzionalizatu ez direlako.
Modernitatearen esentzia ondoko eran uler liteke, beraz: lehen zientziak eta
moralak, arteak eta politikak, osotasun koherente bat eratzen zuten, eta munduaren
kontzepzio globala ahalbidetzen zuten; modernitatearekin, ostera, osotasun hori
hautsi egin da. Beraz, Ilustrazioarekin gorpuztutako proiektu modernoak ibilibide
jakina egin du: arrazoi sustantiboa hiru esfera autonomotan zatikatuta geratu da,
zientzia, moralitatea eta artea. Xavier Rubert de Ventós-ek gogoratuko digu Grezia
Klasikoan jada hasia zela prozesu hori, eta Platonen kexak ezagunak zirela hori
dela eta, euren ziutateetan, esfera bakoitzak norabide eta azelerazio propioak hartu
baitzituen (Rubert de Ventós, 1982).
Berstein-ek (2001: 21) dioen moduan, Weber-engan aurki daitezke bestelako
aukera historikoen inguruko iradokizunak eta esperantza-zantzuak. Bere ikuspegiak
ez gaitu erabateko tragediara bultzatzen, gerturatu gerturatzen bagaitu ere amildegi-
ertzera. Ez du amore emango halabehar historikoaren sinesmenaren aurrean,
bestelako arrazionalizazio-prozesuak gauza daitezkeelako. Baina, Horkheimer eta
Adorno, batez ere euren azken idatzietan, halabehar historikoaren ideiatik oso
gertu jarriko dira. Naturaren dominazioa gizakien arteko dominazio bilakatuko da,
eta azken buruan, autodominazioaren amesgaiztoa bilakatuko zaigu.
Wellmer-ek ere (Wellmer, 2001: 95-96) Habermas-ek horrelakorik onartuko
ez duela esango digu. Weber-en eta Horkheimer/Adorno-ren kontra, Habermas-ek
argudiatzen du arrazionalizazioaren paradoxa horrek ez duela adierazten arraziona-
lizazio-prozesu modernoek barne-logika (edo dialektika) jakin bat dutenik, logika
saihestezin bat, alegia. Ez legoke, ez arrazionalizazioaren paradoxarik (Weber), ez
Ilustrazioaren Dialektikarik (Horkheimer/Adorno). Egokiagoa litzateke esatea arra-
zionalizazio-prozesu "selektibo" bat gertatu dela; hau da, arrazionalizazio-prozesuak
izaera selektiboa izan du arrazionaltasun komunikatiboari mugak ezarri zaizkiola-
ko, edo zehatzago esanda, produkzio-prozesu kapitalistak mugak ezarri dizkiolako.
Weber-ek ez zuen erreminta kontzeptual nahikorik arrazionalizazio sistemi-
koa eta komunikatiboa bereizteko (bigarren hau ez zuen ikusi); ez zituen ikusi,
esaterako, konstituzio modernoetan instituzionalizatu diren printzipio unibertsalak
(horiek, Habermas-en iritzian, arrazionaltasun komunikatiboaren osagai garbiak
dira); ez zuen ikusi horrelakorik antolamendu politikoaren plegu demokratikoetan;
176 Modernitate kapitalistari kritika: Weber, Frankfurteko Eskola, Habermas
ez zuen ikusi horrelakorik diskurtso zientifiko, politiko edo estetikoetan; ez eta
borrokan diharduten mugimendu sozialen garapenean ere (gizabanakoen eskubi-
deen alde, antolamendu demokratikoaren alde, ekologiaren alde, emakumeen esku-
bideen alde, edo beste hainbat aferaren alde borrokan ari diren gizarte-mugimen-
duak). Weber-ek ez zuen arrazionaltasun komunikatibo hori behar bezala ikusi eta,
horrela, horri loturiko osagaiak bizitzaren alde irrazionalen osagai gisa agertzen
zituen, arrazionalismo modernoaren errepresioaren aurka altxatzen ziren "kontra-
ekintza" irrazional gisa.
Modu berean, Frankfurteko Eskolako lehen belaunaldikoen giro ilunean
arrazionalizazio-prozesuaren "argiak" ikustezinak ziren. Ilustrazioak gizadiaren
aurrerapen morala zuen helburu, autoaraututako gizaki eta herriak hezurmamitzea
bilatzen zuen, baina, arrazoi teknikoaren garatze desorekatuak desbideratu egin du
gizadia bide horretatik. Honela deskribatzen du Alain Touraine-k:
Arrazionaltasun instrumentalak teknika eta boterezko mundua zenbat eta gehiago
moldatu, orduan eta gehiago bereiziko dira elkarrengandik gizakiaren eskubideak
errespetatzeko eskakizuna --lehen-lehenik, langile-mugimenduan, ondoren gainerako
mugimendu sozialetan-- eta arrazoi instrumentalean ezarritako konfiantza. Aurre-
rabideak bultzaturik eta natura bere menpean hartutakoan, gizadiak bere buruari
galdetuko dio ez ote duen arima galdu, edo ez ote dion deabruari saldu (1993: 81).
Aurrerapen teknikoek gizarte libre eta justuagoaren oinarri materialak ziur-
tatzea eta finkatzea zuten helburu, baina, lehen belaunaldiko frankfurtiarren ustean,
erabat administratutako gizartea utzi digute. Arrazoi efikaz horren aurrerapenak ez
gaitu askatasunaren erreinutik gertuago jartzen, alderantziz baizik. Zer egin?
Lehen belaunaldiko frankfurtiarrek ez dute aterabide sendorik ikusiko. Giza-
diaren aurreragoko estadioetara bueltatzea ezinezkoa da. Modu berean, ezinezkoa
da dagoeneko despotismo instrumentaletik askatzea, gure izaera jada erabat per-
bertituta baitago, gure pultsioak desbideraturik. Arrazoiaren bestelako aurpegiak
desitxuratuta agertzen dira arrazoi teknikoaren atzaparretan. Zer egin, bada?
Marcuse-ren esperantza gizaki berri baten jaiotza da, kontzientea eta solida-
rioa, lanaren beharrizanetik askatua, eta naturarekin harreman orekatuan biziko
dena. Esperantzarik gabekoengan jartzen ditu berak bere esperantzak. Adorno-k,
ostera, traszendentzian bilatuko du deskantsua eta babesa. Moralari dagokionez,
ezer exijitzen ez duen Jainko baten alde agertuko da; beldurrik eragingo ez duen
Jainkoa. Horkheimer-ek ere klabe erlijiosoan formulatu zuen bere esperantza:
Kant-ek Jainkoarengan etsi-etsian zergatik sinesten zuen azaldu beharko banu, Víctor
Hugo-ren pasarte hura baino erreferentzia hoberik ez nuke aurkituko. Gogoan geratu
zaidan bezala aipatuko dut, hara: emakume zahar batek kalea zeharkatu du; seme-
alabak hazi eta hezi ditu eta esker txarra bildu du ordainetan; lanean jardun du eta
miseria gorrian bizi da; maitatu du eta bakarrik geratu da. Baina, haren bihotzak ez
du gorroto izpirik gorde eta, ahal duen guztietan, laguntza ematen du. Bere bidean
Giza arrazoi osoaren bila 177
aurrera doa, norbaitek ikusi du eta honela dio: "Ça doit avoir un lendemain", horrek
biharamuna behar du izan, alegia. Historian nagusitu den injustizia betiko izango
dela sinesteko gai ez zirelako, hain zuzen ere, Voltaire-k eta Kant-ek Jainko bat
exijitu zuten, eta ez bere buruarentzat (Horkheimer, 1973: 212).
Erich Fromm-ek ere erlijioaren garrantzia azpimarratu zuen, eta kristau gisa
azaldu ohi zen. Hala ere, edo erlijioarekin batera, esperantza politikoari eutsi zion:
"sozialismo humanista komunitarioa" zen bere aldarriaren muina60. Sozialismo
marxistaren konponbide ekonomiko edo ekonomizista kritikatu zuen: marxismo
ortodoxoak pentsatu zuen produkzio-bitartekoen sozializazioak, eta ekonomia
zentralizatu eta planifikatuak, nahikoak zirela gizarte berria eraikitzeko.
Gizakiaren pasioen konplexutasuna aintzat ez jotze horrek hiru akats larri-larrietara
eroan zuen Marx-en pentsamendua. Lehenik eta behin, gizakiak daukan faktore
moralaz ahantzi egin zen; ekonomia-aldaketak eginikoan gizakiaren ontasuna
automatikoki berretsiko zuelakoan zegoelako, hain zuzen ere; Marx-ek ez zuen ikusi
beren barne-bizitzan aldaketarik nozitu ez zuten pertsonek ezin sor zezaketela gizarte
hoberik. Ez zion arretarik eman, esplizituki bederen, bestelako orientazio moral baten
premiari: hori gabe, balizko bide politiko eta ekonomiko guztiak alferrikakoak
izango ziren (Fromm, 1990: 220).
Fromm-ek bere obra guztian zehar gizaki modernoaren heriotza espiritualaren
gaineko ardura azalduko du, eta sozialismoak teoria psikologiko baten beharra
duela aldarrikatuko du, faktore morala berreskuratu beharra, plano horretan
kokatzen baitira gizaki modernoaren hutsune larriak:
Ikusi izan dugunez, (...) teoria marxistak gizakiaren teoria psikologiko baten premia
duela jabetu ziren sozialista marxista asko; ulertu zuten, era berean, sozialismoak
eman behar diola gizakiari honek behar duen orientazio- eta debozio-sistema;
sozialismoak aurre egin behar diola gizakiaren identitateari eta bere bizitzaren
esangura eta helburuei dagozkien arazoei. Arau etikoetarako eta garapen
espiritualerako zimendua izan behar du... (Fromm, 1984: 22).
Teoria Kritikoaren lehendabiziko belaunaldiarentzat errukia eta gupida izan
ziren kritikarako oinarri garrantzitsuak. Aldiz, bigarren belaunaldiak ez du ibilbide
hori egin nahi izan, zientziak babestuko zuen erantzun teorikoa landu beharra
baitzegoen. Habermas-ek hizkuntzaren edo mintzairaren lurraldean aurkitu du
nolabaiteko irtenbidea. Arrazionaltasun komunikatiboaren alde egin du, eguneroko
bizitzan errotutako arrazionaltasunaren alde, hortxe baitago behar den humusa,
gizakiek erabaki dezaten euren bizitzekin zer egin. Bizitzaren eremu horretan
erabaki beharko da zerk merezi duen eta zerk ez, gizakion azken helburuak
zeintzuk diren, zer egin gure orainaldiarekin eta etorkizunarekin, garaile gisa
agertzen den arrazoi estrategikoari erantzun egokia emanez. Bizitzaren eremu hori
da zoriontasun-proiektuen kokalekua.
60. Sozialismo komunitario horren printzipioak Psicoanálisis de la sociedad contemporánea
liburuan aurki daitezke.
178 Modernitate kapitalistari kritika: Weber, Frankfurteko Eskola, Habermas
Formulazio erlijiosoak bazterrean utzita --ez ei dutelako emaitzarik eman--,
Habermas-ek Frankfurteko Eskolako intuizio intimoena jaso (injustiziaren kontrako
borroka) eta klabe linguistikoan bueltatuko digu. Mintzaira da Habermas-en iritzian
akordioaren lekua, mintzoak edo hizketak ulermena bilatzen baitu. Mintzaira eta
elkar ulertzea batera doaz, hizkuntzak akordioa baitu helburu. Akordioa, azken
batean, interes partikularraren eta unibertsalaren bateragarritasunaren bilaketa da.
Eta hori baino ez da Ilustrazioaren helburu morala: borondate partikularraren eta
unibertsalaren arteko batasuna.
Weber-en ustean modernitateak ondokoa dakar: dagoeneko ez da posible ona
dena, egia dena eta ederra dena bat etortzea. Hots, Pizkunde-garaian batu nahi
ziren hiru aspektuak bereizita agertzen zaizkigu: ona dena (morala), egia dena
(zientzia) eta ederra dena (artea). Batasun hori hautsi da eta, horren ondorioz,
zentzu-galera eta lilura-galtzea bizi ditugu. Habermas-ek komunikazioaren bidez
batasun hori berreskura daitekeela azpimarratuko du.
Beraien arteko batasunaren haustura --baita ondoriozko zentzu-galera eta lilura-
galtzea ere-- saihestu ezinezkotzat ikusi zuen Weber-ek. Nagusi diren egia
zientifiko-teknologikoek gizadiaren gehienaren esklusioa eragiten dutenean eta
planetaren biziraupena bera ere arriskutan jartzen dutenean, badirudi dagoeneko ez
dagoela egiazkoaren eta onaren arteko batasunik; orduan, zail gertatzen da egia horien
garapenean zentzua bilatzea eta ilusioz bizitzea. Egun, batu nahi dira gutxienez
ontasun- eta egiazkotasun-asmoak, baina ez Errenazimentuan bezala. Oraingo eta
orduko garaien arteko aldeetako bat da batasuna komunikazioari esker berreskura-
tzea, argudioen bitartez erabakitzen baitugu zer den ona eta egiazkoa (Flecha, Gómez
eta Puigvet, 2001: 139).
Askok gizartea modu itxian deskribatzen dute. Weber-ek deskribatutako
burokratizazio-prozesua, esaterako, bukatuta eta itxita balego bezala aurkezten
digute. Era horretan, arrazionalizazioa "helburuei egokitutako ekintzen" eremuan
ulertuko da. Adorno-ri erabat administratutako mundu horrek ikara eta izu sakona
sortzen zizkion. Habermas-ek berriro elaboratuko ditu ikuspegi eta kategoria horiek.
Horrela, ikuspegi komunikatiboa landuko du, eta ikuspegi horretan dinamika
sistemikoak sartzen dira, bai, baina baita bizitzaren munduak ere. Azken horietatik
sortu ziren dinamika sistemikoak, eta orain beraien eraso kolonizatzaileetatik ba-
bestu beharra dute. Burokratizazioak bizitzaren munduaren kolonizatze sistemikoa
dakar, baina Adorno-k eta Horkheimer-ek ez bezala, Habermas-ek prozesu honen
kontrako baliabideak izan baditugula esango digu: ekintza komunikatiboaren bidez
posible da bizitzaren mundua deskolonizatzea. Hori litzateke gaurko Teoria
Kritikoaren zeregina.
Beraz, Habermas-ek bazterrean utziko ditu modernitatearen ikuspegi apoka-
liptikoak, bide berriak ireki eta irakurketa esperantzagarria proposatuz. Baina, hori
baino gehiago egingo du: Habermas proiektu ilustratu modernoaren defendatzaile
amorratu bilakatuko da.
Giza arrazoi osoaren bila 179
Harritzekoa bada ere, ahalegin horren emaitza hau da: azkenean, bere aurreko
maisuek modernitateaz egin zuten ebaluazioaren kontrakoa egingo du berak. Haien
aburuz, "erabat administratutako mundua" eta alienazio eta basakeria forma berriak,
arrazionalizazio-prozesu modernoaren edo "Ilustrazioaren dialektikaren" emaitzatzat
jo behar dira, Habermas-en iritziz, aitzitik, alienazio eta basakeria horiek prozesu
hori txarto burutu izanaren emaitza baizik ez dira. Munduak nozitzen duena ez da
"arrazoi-gehiegikeria", arrazoi-gabezia baizik. Modernitatearen patologiak ezin
zaizkio egotzi arrazoiari berari; arrazoia bertan behera utzi izanaren ondorioak dira,
edo arrazoiaren dimentsio jakin batzuk komunikazioaren idealari nagusitu izanaren
ondorioak.... "Mendekotasunetik libre den gizartea" bilatze hori oraindik ere
gizakiaren emantzipazio-ekintzaren horizonte utopiko gisa ageri da, hori da "benetan
arrazionala" dena. Beraz, modernitatea "amaitu gabeko proiektu" legez ebaluatua da
eta ez, ordea, gezur handi baten gainean eraikitako prozesu itxuragabetua balitz
bezala. Bere distortsioak bistatik galtzen ez baditu ere, Habermas berehala agertuko
da ilustrazio-proiektuaren defendatzaile nagusi bezala... (Vallespín, 2001).
Habermas-en iritzian, aipatu kolonizazio-prozesua gizarte modernoaren pato-
logia serioena da, baina, egitura eta ekintza komunikatiboak indartzearen bidez
badago, egon, esperantzarik. Teoria Kritikoaren egitekoa beti izan da gizarte mo-
dernoaren patologia sozialak ur-azalera ekartzea, ondoren konponbiderako bideak
seinalatuz.
Eremu ekonomikoaren eta politiko-administratiboaren indarrak mugatu eta
egoera orekatuagoa lortze aldera (bizitzaren mundua indartuz), beharrezkoa da
borondatearen formazio demokratikoa. Hau da, demokrazia parte-hartzailea da
konponbidea, erabakiak berauen ondorioak biziko dituztenen eskuetan jarriz.
Sozialismo demokratikoa da Estatua eta prozesu ekonomikoa domestikatzeko
bidea. Beharrezkoa da azpisistema ekonomikoari eta politiko-administratiboari
mugak jartzea.
Mugak jarri behar zaizkie ekonomiaren eta administrazio publikoaren diru- eta botere-
zirkuituei, eta, aldi berean, zirkuitu horiek bizitza pribatutik eta espazio publiko
libretik bereizi behar dira, hots, komunikazioaren bidez egituratu diren ekintza-
eremuetatik. Bestela, bizitzaren mundua, berari arrotzak zaizkion arrazionaltasun
ekonomiko eta burokratikoek inbadituko dute gero eta modu nabarmenagoan
(Habermas, 1996: 135).
Gaurko munduaren gaineko diagnostikoak ez ei du baikortasunerako leku
handirik uzten. Bizitzaren eremu hori, bizitzaren mundua, ez dago sasoirik onenean.
Artea, morala eta zientzia erabat bereizita agertzen dira, bakoitza bere erreinu pro-
pioan giltzapetuta, bakoitza bere baitan itxita. Adituen kultura gero eta aldenduago
dago eguneroko bizitzan sortu eta konpartitzen diren lehentasun eta balorazioeta-
tik. Sistema ekonomiko eta politikoaren ezaugarria den arrazionaltasun instru-
mentalak bere esanetara makurtu du arrazionaltasun komunikatiboaren indarra:
180 Modernitate kapitalistari kritika: Weber, Frankfurteko Eskola, Habermas
... Habermas-en iritziz, gizarte modernoaren patologia nagusia hauxe da: eboluzio
sozialaren une honetan, legitimazio tradizionalak zokoraturik, akordio batek soilik
--bere eraginpean diren interes guztiak jasotzen dituen akordioak-- legitima dezake
erabaki bat; eta, hala ere, hitzez bestelako bitartekoek --hala nola diruak edo
botereak-- ordezkatu dituzte prozesu komunikatiboak, hots, borondateak interes
jeneraletara atxikitzea ahalbidetuko luketen prozesu komunikatiboak. Komunika-
zioaren ikaskuntza sozialean jauzi bat emateak bakarrik ahalbidetuko luke egun
patologia sozialak gainditzea. Aurrerabide teknikoa gutxietsi gabe, gizartearen
benetako arrazionalizazioak komunikazioan aurrerapausoak egitea exijitzen du (hots,
aurrerabide morala gauzatzea) (Cortina, 1986: 140).
Behin eta berriro egiten dugu topo arrazionaltasun-eredu biak osagarri egiteko
desioarekin, elkarri kontrapisua eginez, biak baitira beharrezkoak, arrazoi teknikoa
eta arrazoi morala. Arrazionaltasun etikoaren eta instrumentalaren arteko borroka
historikoa, Frankfurteko Eskolako kide guztiek izango dute hizpide, elkarri lotuta
behar dutela aldarrikatuz, elkarren beharrean daudela seinalatuz, betiere orekan.
Habermas kritiko ageri zaigu gizarte garatuekin, ez dutelako erabiltzen kul-
turalki duten ikaskuntzarako potentziala. Eta bitartean, konplexutasun sistemikoa-
ren gorakada deskontrolatura emanak bizi dira. Teoria Kritikoa, beraz, burokrazia
eta merkatuaren aurrean kritiko azalduko da, elkartasuna garatzeko espazio berriak
proposatuz. Horrek, besteak beste, hauxe esan gura du: giza eskubideen onespenaren
eta praktikaren alde jardutea (osasuna, hezkuntza, eta planetako guztientzat
elikagaiak).
Komunikazio-egiturek potentzial askatzaile handia dute eta, kontrol sistemikoen
potentzial autoritarioaren aurrean, kontrapisu gisa joka dezakete. Bide horretatik,
egitura komunikatiboak indartzearen bidetik, protestarako potentziala sortzen da,
eta errekurtsoen banaketa ardatz duten mugimendu tradizionalekin batera
(mugimendu sindikalista nagusiki, baina baita kooperatibista ere), bizitza moduak
aldatzearen aldeko mugimendu berriak sortu dira (mugimendu feminista edo
ekologista). Mugimendu feministaren ondorio praktiko eraldatzaileak nabarmenak
dira gure eguneroko bizitzan, erakundeetan, unibertsitateetan eta etxeetan.
Beraz, gaurko munduak diagnostiko positiboegirik ametitzen ez badu ere,
badago zeri heldu. Eguneroko bizitzan lortutako adostasun, akordio, konfiantza eta
elkarrizketak indartu behar dira, komunikazioari bidea ireki, elkarrekintza bidez
gizakion alderdi solidarioak eta bere arrazionaltasun propioak bidea egin dezaten.
... emantzipaziorako praxi-proposamen berri horrek teoria kritikoaren intuizio
sakonena biltzen segitzen du: injustizia ezin da izan --absurdua baita horrela
izatea-- azken hitza (Cortina, 1986: 181).
Giza arrazoi osoaren bila 181
4.2. AZKEN OHAR GISA: GIZARTE-ZIENTZIEN BIRA DIALOGIKOA
XX. mendeko gizarte-zientziek giro linguistikoa bizi izan zuten, eta askoren ustean
XXI. mendekoek giro dialogikoa bizi dute. Bada, gaur gizarte-zientziek bizi duten
bira dialogikoaren erdigunean dugu Habermas-en ekarpena (Flecha, Gómez eta
Puigvet, 2001: 148-154).
Gaurko gizarteak gero eta dialogikoagoak lirateke. Informazioaren gizarteak
testuinguru sinboliko berria dakarkigu eta, testuinguru horretan, elkarrizketak leku
gehiago dauka gizarte-harremanetan. Analisi soziologikoak eraldaketa dialogikoak
deskubritu ditu eremu anitzetan. Eraldaketa horiek nabarmenagoak dira ikuspegi
historiko bati lotzen bagatzaizkio; hau da, nabarmenagoak dira gaurko harremanak
alderatzen baditugu gizarte aurremodernoan edo gizarte industrialean genituen
harremanekin. Jar dezagun pare bat adibide xume.
Frantziar edo estatubatuar iraultzak gertatu aurretik erregeek agintzen zuten,
eta erregeari izaera jainkotiarra zerion (oinordetzako botere bidez). Gaur, gero eta
leku gehiagotan herritarrak dira boterea aukeratzen dutenak. Bigarren adibidea:
XX. mendearen hasierako familia-bizitzan rol tradizionalak zurrun banatzen ziren
generoa eta adina irizpide hartuta. Gaur, esan liteke ezkontza barruko harremanek
elkarrizketa eta negoziazioa dutela oinarrian gero eta gehiago (ahaztu barik gaur
egun genero-harremanek sortzen duten biolentzia izugarria).
Elkarrizketa ez da oztopo barik eta olio-orbana bailitzan hedatzen ari den
ezaugarria. Mugimendu dialogiko horiek oztopo eta muga ugari dituzte, muga
sistemiko eta tradizionalak. Botila erdi hutsik edo erdi beteta ikus daiteke. Antimo-
dernoek fartsatzat planteatzen dute elkarrizketa: hauteskundeak jendea manipu-
latzeko bitarteko sofistikatuagoak dira, esaterako. Bestetik, bistakoa da eraldaketa
dialogikoak, gertatzekotan, munduaren espazio txiki eta murriztu batzuetan gertatu
direla eta, elkarrizketa baino gehiago, munduan zehar gatazka eta akordiorik eza
direla nagusi. Ustezko demokraziaren eta elkarrizketaren atzealdean betiko bote-
reen inposizioa dugu, eta itxura dialogikoek legitimatu egiten dituzte botere
horiek.
Beste batzuek, aldiz, helburu dialogikoak lortzeko mugimendu aurrerakoiek
dituzten zailtasunak ukatu barik, "errealitate" dialogikoen indartzea sumatzen dute:
erritmo geldoan, bai, baina ibilbide dialogikoen aldeko olatuak nonahi ikus daitez-
ke. Lorpenek erresistentzia ugari gainditu behar badituzte ere, elkarrizketaren
aldeko tentsioak bidea egiten dihardu. Zentzu horretan, modernitate dialogikoaren
indarra bistakoa litzateke, elkarrizketa igualitarioa gero eta gizarte-eremu gehia-
gotan ikusiko litzatekeelarik; eta gero eta pertsona eta giza talde gehiagok onartu-
ko lukete.
182 Modernitate kapitalistari kritika: Weber, Frankfurteko Eskola, Habermas
Modernitate tradizionalak mendebaldar balioen unibertsaltasuna aldarrikatzen
zuen, pertsona eta kultura askoren identitatearen zapalkuntza eraginez. Modernita-
tearen birformulazio dialogikoak kulturen arteko elkarrizketa luke ardatz, eta
kulturen arteko akordioa ipar. Helburua ondokoa litzateke: jende anitzen bizikide-
tza posible egitea espazio komun batean, eskubide-berdintasunean; eta identitateak
erosionatu ordez, berauek indartu. Indarraren argudioaren ordez, argudioaren
indarra.
Askoren ustean, informazioaren gizarteak burokratizazioaren krisia ekarri ei
du, zeina XXI. mendean bizkortzen ariko litzatekeen. Ikuspegi horretatik, ibilbide
luze batean murgilduta, pertsonok geure buruen bahiketa sistemikotik askatzeko
ahaleginean ari gara, eta geure kabuz erabakitzeko aukerak indartu guran. Xume
bada ere, norabide horretan pauso bat gehiago izan nahiko luke lan honek: teoria
soziologikoak zail samar dauka gizartea eraldatzea, baina, ekintzen bidez zeregin
horretan diharduten aktore sozialak beharrezko bitarteko eta analisi-osagaiez horni
ditzake.
Giza arrazoi osoaren bila 183

Modernitate kapitalistari kritika: Weber, Frankfurteko Eskola, Habermas