EMAKUMEA:
SEXU ALA GENEROA?
UEUren Filosofia Saila
PRINTZAK SAILA 7
© Jexux Arrizabalaga, Arantxa Crabonell (bil.)
© UEUren Filosofia Saila
General Concha 25, 6. 48010 BILBO
I.S.B.N.; 86967-52-X
Lege-gordailua: BI-1490-93
Inprimategia: BOAN, S.A.
Aita Larramendi 2, 48012 BILBO
Azalaren diseinua: Julio Pardo
LORE BANA
Lore asko moztuarren ez dute udaberria geldituko!
Grezian izan zen emakumea gizonaren meneko eta esklabu izan zeneko
garaia. Orduan ernetu ziren kultur erroek garatu diren kultur-erak matxismoa
txalotu dute bi mila urtetan barna: oraino dirauen mundu ikuskera oinperatzailea.
Hori jakin eta ere utopian sinistu eta utopia maitatzen dakiten emakumeak,
aberkide hauek, ez dira mutu eta meneko geratzen eraso mingarrien aurrean.
Badakitelako, besteak beste, zein eder den askatasuna. Rosak bezala.
1992ko neguaren hasieran gertatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean,
Zorroagan, Psikologia disziplinako idazkariak golpez ebaki zion ahogaina Rosa
idazkariari. Eta bere ezta isilik geratu. Ezta zuzenena egungo justizia, hori gauza
jakina da, hala eta guztiz ere Donostiako entzutegiak matxistatzat, autoritariotzat
eta biolentziazko ekintzatzat jo zuen Andres psikologi irakaslearen jokaera.
Rosa eta bera bezalako diren emakumei muxu bat, lore bana.
AURKIBIDEA
SARRERA ............................................................................ 7
EMAKUMEA GREZIAR PENTSAMENDUAN.............. 11
Arantxa Carbonell, Leonor de la Torre
SEXISMOA SINBOLO ETA ARKETIPOETAN ............. 25
Anuntxi Arana
GENERO ETA ZIENTZIA ................................................. 49
Arantza Urkaregi - I. Gomez
EMAKUMEA ETA EUSKARA ......................................... 69
Miren Azkarate
EMETASUNA LURRALDE DESBERDINETAN ............ 79
Itziar Arruti
EMAKUMEA ETA TORTURA ......................................... 87
Itsaso Idoiaga
COME HOME FOREVER ROXALI!............................... 91
Itxaro Borda
ZINEA ETA EMAKUMEA ................................................. 99
Begoña del Teso
Aurkibidea­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­ 5
SARRERA
Berdintasuna eta independentzia lortu behar dituelaren gaur egungo
emakumeen kontzientzia, inoiz izan ez den bezalakoa da. Emakumeak nor
den pentsatzen du eta hori bakarrik aurkitzen denean frogatzen du, batez ere.
Jakina, segurtasun hori independentzia ekonomikoak ematen dio. Azken
urte hauetan gizonezkoek, emakumeekin erkatuz askoz ere gutxiago
aurreratu dute. Matxismoak jarraitzen du eta legeak funtsean ez dira aldatu.
Ekonomiak, politikak, hezkuntzak, zientziak etabarrek gizonen eskuetan
jarraitzen dute.
Feminismoa ez dago modan, baina, emakumearen burruka ez da moda
kontua. 70etako hamarkadan emakumearen burrukak ikusten ez badira ere horrek
ez du esan nahi zintzilik dauden erreibindikazioak desagertu direnik. Eskakizun
horiek hor daude eta 70etako hamarkadan burruka egin zuten emakume
gehientsuenek badirudi hor dirautela.
Feminismoa eta feminitatea kontrajarriak direla iruditu arren ez da horrela.
Ez daukate kontrajarrita egon beharrik. Feminitatea gizonezkoek sortu duten
emakumearen irudi konkretua isladatzen duen kontzeptua dela ematen du;
keinuak, itxura, irudia, izateko era desberdina adierazi nahi dira hitz hori aipatzen
denean, gizonak jarritako emakumearen baitako betiereko baloreak bailiren.
Ordea, ideia horrek ez dauka feminismoaren ideiarekin kontrajarririk egon
beharrik. Bata ez da bestearen "anti" edo aurkako.
Munduari begira maiz pentsa dezakegu, esate baterako Hego Ameriketara
begirada bat bota ondoren, emakumeen artean badagoela nolabaiteko elkar-
tasuna emakume izate horrek eragindakoa; hala ere, ez da erraza gertakari
hori behar den bezala zehazten. Gure artean alderantzizko jarrerak ikusten
ohituak baikara, alegia, emakume batek bere burrukari esker estatus altuagoa
erdietsi badu, bere emakume nortasunean, bere alboko emakumea izango da
Sarrera ­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­ 7
sarritan kritikatzen hasiko zaiona, alegia, azken finean matxismoaren defentsan
eroriko dena. Beraz, zoritxarrez, emakumeen arteko solidaritatea urritasunean
mantentzen dela esan behar.
Zorionez, gaur egun, emakumea kulturaren munduan berari dagokion
tokia lortzen ari da. Egia da emakumearen presentzia kulturaren munduan
gero eta nabarmenagoa eta sendoagoa dela; alabaina, egia da, baita ere,
mundu horretan sartzeko, beste zenbait esparrutan bezala, eta gero eta
gorago dauden mailak lortzeko gizonezkoak egin behar dituen ahaleginak
bikoiztu egiten zaizkiola emakumeari. Ikasketa zenbait aurrera eraman
ahal izateko edota lantokiren bat lortzeko emakumeak gizonezkoak
dituen meritoak bikoizten ez baditu baztertuta geldituko da. Baieztapen hau ez da
kasu guztietan gertatuko, baina, hori horrela dela ziurta dezaketenak bat baino
gehiago dira.
Lanpostuak lortzeko orduan, Europako zenbait herritan emakumearen
diskriminazioaren aurkako legeak ezarri dituzte, hots, lanpostuak
eskaintzerakoan sexu-diskriminazioak egitea legez zigortua da. Hala eta guztiz
ere lan-munduko errealitatea berdintasuna lortzetik urruti dago. Hor daude lan-
-munduan, lanean zein langabezian diskriminazioak jarraitzen duela adierazten
duten datuak portzentaietan emanda.
Indarrean dugun legedia, oraindik, bi sexuen arteko berdintasuna
adieraztetik urruti dago. Hau bistakoa da eta egunerokotasunean begiratu besterik
ez dugu egoera hori hautemateko. Agian, aipagarriena izateaz gain gogaikarriena
ere izango delako hor dugu bortxatua izan den emakumeak salaketa egin ondoren
parean tokatu zaion epailearen lehenengo galderak "Nola zindoazen jantzita",
"Zeuk horretarako biderik eman al diozu?", "Probokatzeko motiborik eman al
diozu?" eta antzeko galderak jasan beharra eta hori guztia gutxi balitz eta
oraindik gehiago umilatzeko haziaren froga egingo diote.
Egunero egunkarietan gizonek emakumeei egiten dizkieten torturak,
jipoiak, bortxaketak, hilketak irakurtzen ditugu. Badirudi munduaren
funtzionamenduak horrela izan behar duela; hainbesteraino gaude ohituta non ez
baitigu zirrararik eragiten.
Gure mundu txiki honetara begiratzen badugu aipatzeke utzi ezin dugun
konstatazio bat egin beharrean gaude, alegia, bere herriaren aldeko
burrukarengatik atxilotua dena emakumea denean ­nahiz eta gizonezkoek ere
izugarrizkoak jasan­ honek jasan behar izaten dituen mesprezuak, umilazioak
izugarriak eta bi dira. Egoera hori jasan dutenen txostenak irakurtzen baditugu
imaginatu ere ezin ditzakegun ankerkeriekin egingo dugu topo. Torturaren
mundu horretan ere emakumea diskriminatuta dago.
8 ­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­
Guk bizi dugun munduan bikote heterosexualetan banaketak legeztaturik
daude, dibortzioa baimenduta edota abortua ere nolabait legeztatuta. Batez ere,
emakumeak egindako burruka luzearen emaitza dira, ez dago zalantzarik. Arlo
honetan eman diren askatasunaren aldeko urrats hauek oraindik ez daude ordea,
helmugaraino eramanda, falta dira mordoxka bat behar den lekuraino heltzeko.
Gizonaren alde dago indarrean daukagun legedia eta gizarteak, aurrera begira,
bere gain hartu beharko ditu zenbait erantzunkizun, esate baterako, umeen
arduragatik, gehienetan behintzat, amari eman beharreko laguntzak.
Zer esanik ez bikote homosexualei begiratzen badiegu. Kasu honetan, bizi
dugun egoera hauteskundeetako betiereko gaia dela dirudi. Nonbait botu asko
dira, ez ordea nahikoa dituzten eskubideak lortu ahal izateko. Etorkizunean
belaunaldi berriekin normaltasuna lortuko al dute! Guk ez dugu jakin-eta
horretara heltzen.
Emakumeak gizartean bere presentzia, bere lekua izan dezan egiten
ari den burruka horren ondorioa izan da 80-90 hamarkadan sortu den
"New Man" deitzen den gizon berri hori. Etxean lana egiten duena, jatorduak
prestatu, etxea txukundu, erosketak egin, umeak zaindu eta abar egiten duen
gizon berriaren irudia hor dago. Negar egiteko ahalmena izateaz gain, lotsarik
gabe egiten duena, eguneroko bizitzan beste sentsibilitate batekin gauzak
ikusteko ahalmena duena.
Gizonezko hauek ezagutzen dira gure munduan, denok ezagutzen
ditugu horrela jokatzen dutenak. Gizonezkoengan horrelako aldaketa
aurrera-pausoa dela dudarik ez dago. Galdera da, beste maila
batean, zenbateraino erakargarria den "New Man" hori, ez gizonezkoen artean,
baizik eta emakumezkoen artean. Oraingo emakumeei gustatzen al zaie horrelako
gizona?
Gizarte berdinagora eta libreagora gizonezkoek eta emakumezkoek
elkarrekin joan beharra dute, ez dago beste biderik. Jakina, elkartuta joate horrek
ez du suposatzen emakumearen burrukak duen espezifikotasuna ukatu behar
denik.
Horregatik UEUn leku bat egin nahi izan zaio problematika honi, betiere,
bere izateak, alegia, filosofia sailak, izenak berak adierazten duena mantenduz.
Urtero aspaldiko urteotan aste bat hartzen da Iruinean filosofia
sailarentzat eta 1991. urtea, nolabait esateko, emakumeari eskaini zaio,
ikuspegi desberdinetatik bere errealitatearen berri, neurri batean behinik behin,
jakin dezagun. Astean zehar eskaini diren hitzaldi guztiak emakumeek
emandakoak izan dira, gure kulturaren munduan ezagun zaizkigun emakumeak
gehienak, eskaini dizkiguten hitzaldi horien ondoren eztabaidak ere sortu
Sarrera­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­-­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­ 9
dira. Zenbaitetan eztabaida interesgarriak, azaldu diren gaiek horretara
bultzatzen zutelako. Hain zuzen, hori izan da ondoren lan horiek bildu eta
edonork irakur ditzan bilduma egin eta argitaratzearen zioa.
Lan hauen egileak, gehientsuenak behintzat, ezagunak egingo zaizkio
irakurle arruntari. Halaber, bat edo beste ezaguna ez bazaio egiten ez da ezer
gertatzen, izan ere, garrantzia duena ez baita zein emakumek idatzi duen, zer
aportatzen duen edota zenbateraino atsegina sortarazten duen baizik. Gustura
irakutzen badituzu lan hauek eta merezi duen zirrararen bat, hausnarketarako
bideren bat bederen eragiten badizu, oso ondo.
Jexux Arrizabalaga
eta
Arantxa Carbonell
10 ­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­
EMAKUMEA GREZIAR
PENTSAMENDUAN
Arantxa Carbonell, Leonor de la Torre
Gauza bera da greziar munduko historia
eta gizonek egin duten historia kontatzea,
hau da,
gizonek gizonentzako eratutako historia kontatzea.
Maitasun arrunta homosexuala nahiz heterosexuala
izan zitekeen Grezian, baina
adimen arteko maitasun intelektual
hori ezin izan zitekeen
gizonen artekoa besterik.
Claude Mosse
Emakumea greziar pentsamenduan ­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­ 11
EMAKUMEAK, HAURRAK ETA ESKLABUAK
Sokratesek esana da "Jainkoei eskertzen diet greziarra izatea eta ez
barbaroa, jauna izatea eta ez esklaboa, gizona eta ez emakume izatea". Kristo
aurreko V. mendean milioi erdi biztanle Atenas hirian menpeko egoeran bizi dira
40.000 biztanle jaun libreei zerbitzatzeko. Emakumeak dira piramidearen
behekaldean kokatuak daudenak haur, esklabu eta atzerritarrekin batera.
Batikbat gailurrekoentzat garrantzitsua da ondorengoak uztea ondareak
transmititu ahal izateko eta aberastasuna familian bertan iraunarazteko. Hala,
ezkontza mistoak legez kanpokoak ziren eta galerazita zeuden zeren kasu honetan
seme-alabak ez baitziren hartuak izango hiritar legitimotzat. Kristo aurreko 451ean
jada bada hiritar lege bat, zeinak konkubinen seme-alabak ez direla hiritarrak
direnik kontsideratuko adierazten duen. Menandroren antzerki-lanetan ere alabak
greziarrak izanen dira emaztea greziarra bada. Esklabuen arteko harremanak
baimentzeko ahalmena gizon jabeak baino ez dauka. Eta semeak ziren, eta ez
alabak, aitaren ondarea jasotzen zutenak.
Grezian jaiotako haurrak bere gurasoen ezkontzari esker bereganatzen zuen
hiritar estatutua. Ulisesek aitortu zuen, jada aspaldi dela, heredentziaren puska
txikiagoa ematen zitzaiola legitimoa ez zen haurrari libre den emazte batengandik
jaiotako haurrari baino. Gizarte greziarrak ondorengoak uzteari betebehar
inportantea irizten zion; ondasunen banaketa eta aberastasunen transmisioa, ordea,
gizonarengandik gizonarenganakoa zen soilik.
OIKOS: ETXE BARRUKO ITXIALDIA
Emakumearen lekua beretsua izan da Grezian bost mendetan zehar, hots,
oikosen barnean egon beharra, besteak beste etxeko lanak egiten. Emakumea etxe
barrukoa da eta bere betekizun behinena haurrak izatea da, oikosa osatzen duten
tesauruak zaintzea, sukaldaritzan eta ohialak iruten aritzea. Gizona, berriz, etxe
kanpokoa da, berezkoa zaio politika, gudan aritzea eta gizarte-bizitza. Homeroren
gizartean ere, jainkoek gizakiei eginbeharrak banatzerakoan, lan desberdinak bete
zitzaten agindu zien emakumezkoei eta gizonezkoei. Izadi desberdinekoak
direlakoan oinarrituta emakumea barneko eginbeharretara lotuko zaio; bizkitartean
kanpo bizitzan arituko dena gizonezkoa da. Aspaldi hartan Ulises, honela zuzendu
zen emazte zuen Penelopengana: "jauregian dauden ondasunak begiratu eta zaindu
12 ­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­
beharko dituzu". Ulises, bere partetik, mentura berrien bila abiatu zen. Aburu
berekoa da Aristotele honakoa jakitera ematerakoan: "batak kanpo-ondasunak ekar
ditzala, besteak etxea gorde dezala". Jenofontek "Ekonomiko" bere lanean lantzen
ari garen puntuarekiko adostasuna erakusten du. Berak aitortzen duenez senar-
-emazteek batasuna osatu beharra dute, baina betiere senarra izanik kanpo-lanetan
arituko dena. Isomakok bere jarrera azaltzen digu "ni ez naiz sekulan etxean
geratzen, etxeko lanak egiteko nahikoa baitut". Eta guzti honen berri Elektrak ere
ongi daki "langilea etxera itzultzen denean, dena txukun ordenaturik etxean
aurkitzea gustatu egiten zaio".
Greziar literaturan, nahiz pentsamenduaren bestelako adieraz moldetan ere,
bereziki zedarritzen dute etxekoandre onaren eta gaiztoren arteko bereizketa.
Horrenbestez, ez zaio emakume onari kanpoa interesatu behar. Bere etxeko atarian
egotea ez dago ondo ikusita. Kalea emagalduena da. Menandrok bere antzerkitan
emakume zintzoari beti etxean egon behar duela aholkatzen dio.
Etxe barnean emakumea eta gizona elkarrengandik banatuta bizi dira gela
desberdinetan, emakumezkoen gelak "ginezeo" izenez ezagutzen direnak dira.
Senarrak etxera lagunak gonbidatzen dituenean ez amak ez alabek ez dute
oturentzetan parte hartzen, hauek "andron" deitzen diren gelatan gordeko dira.
Emakumea etxean geratzen da lagunen batek senarra gonbidatzen badu.
Jenofonteren "Ekonomiko"an hauxe itauntzen dio Sokratesek Kritobulori:
"ezagutzen al duzu zure emaztearekin zu baino gutxiago mintzatu zaion inor?
balego oso gutxi benetan hizketatuko zitzaion". Etxea eta emakumea hain elkarri
uztartuak zirelako emakumeak jasotzen zuen heziera-iturri ziren ama edo amama
edo emakume zen esklaburen bat. Ezkontzeko erabakia edo baimena aitarena
baino ez den bitartean emakumeak galerazita dauka hitza publikoki erabiltzea.
EMAKUMEA HARRAPAKIN BILAKATZEN DENEAN
Bere kabuz erabakitzeko gaitasuna ukatua duen emakume greziarra
propietate bihurtzen da; isilpeko harremanetarako objektua da. Homeroren
gizartean, orduan ere, emakumea saldu eta erosi egiten zen merkatuan, objektu
preziatutzat baitzuten. Adibideak ez dira falta, esaterako Leartek 20 behiren truke
inude zen emakumea erosi zuen. Emakume zerbitzarietatik asko ziren guduan
erasotutako hirietan bahitutakoak. Gizon handikiek oparitzat zituzten hainbat
emakume, modu honetara gizonen arteko adiskide-harremanak sendotzen ziren, eta
bestalde gizarte-loturak bermatzen ziren.
Troia galdu zutenean armadako gizandiek erret familiako emakume guztiak
hartu zituzten oparitzat. C.Mosse egileak azaltzen du tirania garaian arrunta zela
alaba oparitzea boterea eskuratzeko xedeaz.
Emakumea greziar pentsamenduan ­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­ 13
Epopeian bezala emakumea batikbat objektua da. Kristo aurreko VIII.
mendean, kolonizazio garaian, lurraldekin batera lekuko buruzagiek euren alabak
eman behar izaten zizkieten etorri berri ziren konkistatzaileei. Maiz gertatzen zen,
guda garaian, etsaiaren emakumeak bahitzea, hiri konkistatutan bizi ziren
emakumeak zein haurrak esklabu bihurtzen zituzten arruntki. Eta halaber, arrunta
zen gizon libre batek bera baino aberatsagoa zen beste gizon bati alaba
konkubinatzat eskaintzea, betiere noski, abantail ekonomikoen truke. Konkubinen
alokatzea, seme-alaben salmenta eta abandonatzea, exposito kaxaka...guztiak dira
Erdi Arora bitartean bizitza izan duten usantzak. Bete-betean sinisten zuen gizarte
greziarrak aitaren propietate direla seme-alabak.
EMAKUMEAREN PAPERA ETA ESTATUAREN OSASUNA
Garai hartako zenbait egilek adierazten dute erresumetako erreinuen galera
suertatu zela zeren Helenak eta Klimenestrak ez baitzuten bete emakume
izateagatik zegokien rola edo papera. Aristotelek adierazten du, Espartak
lurraldeak eta erresumak galdu zituela emakumeak ez zirelako zintzoak izan.
Zoritxarraren errua, finean, jarrera edo jokaera oker bat da; emakumearena.
KYRIOSPEAN
Semea txiro izan arren
beti hezitzen da
alaba aberatsa izan arren
beti lagatzen da.
Poeta komiko batek
Greziar emakumearen estatutua eta gizonarena ez ziren berdinak.
Aristoteleren ustez, egoerarik onena haurrak nahiz emakumeak gizonaren
esanetara eta agindupean daudena da; izan ere *inbecilis mentis* baitira
emakumeak, hots, adimen urrikoak. Emakumearen izaera okerra, animalien
belaunalditan zehar agitu izan zen *akats naturala* dela azaltzen du Aristotelek.
Emea jaiotzen zenean esan ohi zen gizona edo mozkortuta zegoela edo zaharra
zela.
Aristoteleren hitzetan beraz gizonak emakumea moldatu beharko luke
formak materia moldatzen duen legez. Jenofontek "Ekonomiko" lanean Isomakok
Sokratesi, bere ezkontzaz mintzatzen ari zaiola, honakoa azaltzen diola esaten du:
"Lehenengo eta behin sakrifizioa eskaini nien jainkoei, aldi berean eskatzen
nielarik irakaslea ni izan nendin, eta ikaslea, aldiz, nere emaztea izan zedin".
14 ­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­
Perikleren aburuz isiltasuna da emakumeak daukan apaingarririk ederrena, agian
Wittgensteinek, bestelako testuinguru batean esango zukeen modura esan daiteke
"zentzurik gabe hitz egitekotan hobe dela isiltzea". Emakumea adingabea eta
adimengabea da, ez du eta bere kabuz deus erabakitzeko eskubiderik; ezkontza-
-moten eta banaketa-daten xehetasun guztiak Kyriosak baino ez zituen erabakitzen,
eta horregatik dio Isomakok Jenofonteren Atenas hartan: "nik neure aburuz
pentsatu ostean, eta zure gurasoak zure ordez ausnartu ondoren nik zu hautatu
zaitut ezkontzan elkar batzeko eta zure gurasoek ni aukeratu naute".
Kyrios baten tuterarik gabe emakumea ezer gutxi zen Grezia Zaharrean.
Higiniak honela dio "nebarik gabe ni! aitarik gabe ni! dohakabeak sumintzen nau".
Menandroren antzerkietan senarra hil zaien emakume alargunen seme alabei
*umezurtz* deitzen zaie.
Baina literaturak salbuespen-adibideak ere erakusten dizkigu; Leuzipa eta
Teklaren istorioak lekuko dira. Zergatik dira baina salbuespen ?
a) Leuzipak arrakasta lortu zuen erabakitzeko askatasuna aldarrikatu
zuelako, gurasoek atondutako ezkontzari uko egin zionean.
b) Teklak aurrez beretzat erabakita zegoen ezkontzari ezetza emateaz gain
bere burua bataiatu zuen atrebentziaz. Bera emakume izanik meza
ematen zuen, elizak artean apezgintza bakarrik gizonezkoei onartzen
zienean. Teklaren amak agindu zuen alaba sutara zezaten, alabaren patua
alabak, eta ez kyriosak, erabaki zuelako bere kabuz.
BATZARRETATIK ETA GERLATIK AT
Telemakok bere ama Peneloperi gizontasuna erakustearren honakoa esan
zion:
" Zoaz zure lekura, zure sexuari
dagokion lanez ardura zaitez, hau da,
telarraz eta goruaz, eta begira ezazu
zerbitzariek euren lana betetzen duten,
zeren *hitza* gizonoi baitagokigu,
batez ere neri, ni naizelako etxeko
nagusia".
Claude Mosse egileak argitzen digunez, *hiritar* deitura Aristotelen garaitik
ezaguna zen arren ez da ordea komeni hiritar terminoaz mintzatzea emakumezkoei
gagozkienean, zeren *hiritar estatutuak* batzarretan eta politikan parte hartzea
esan nahi baitu. Aristotelentzat gauza bera dira emakumea eta supazterra -etxea-,
Emakumea greziar pentsamenduan ­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­ 15
eta gainera emakumeak ezin dezake hiriko gorabeheretan eskurik sartu adimen
urrikoa izateagatik. Pentsalari berak uste du, halaber, senar-emazteen arteko
harremanak ez direla orekatsuak, ez direla berdinen artekoak, eta halako
harremanak erabilgarritasunean baino ez direla oinarritzen esan zuen. Gauzak
honela, senarra helburugilea da, emakumea, aldiz, helbidea eta tresna da (esklabu
eta jauntxoen arteko harremanen antzekoak). Gizarte-bizitzaren politika eratzea
gizonen esku zegoen, zeren hauen arteko harremanak bai baitziren trukakorrak.
Hasi heroien garaitik eta Alexandro bitartean gudara doazenak gizonak dira.
Homerogan jada Hektorek Andromakari honako hau gogorarazten diola irakur
daiteke: "gerra egitea gizonoi dagokigu eta zuk hobe zenuke ohialak irutera etxera
aldegingo bazenu". Hartara, polisa, guda, politika eta hitza gizonena baino ez da.
Zenbait adituren ustez garai hartako Atenas *gizonen kluba* zen zeren, besteak
beste, gizarte-bizitzan emakumeak parte hartzeko aukera bakarrak kultu-erlijioak
zirelako. Gainera, emakumea adulterioagatik kondenatzen bazuten debekatua zuen
berriz ere iharduera erlijiosoetara azaltzea.
Ez al da, maila batean bederen izugarrizko kontraesana Grezian alde batetik
garapen kultural garrantzitsua eman zela ikustea, eta bestaldetik inondik inora,
Atenaseko emakumeen egintza literarioen arrastorik ez dagolea ikustea (Safo
salbu)? Susmagarria ez ote da hirurak prostituzioaz akusatuak izatea, hau da, Safo,
Mileto Aspasia eta Filaenis?
EZKONTZA: ERABAKITAKO PATUA
Emakumeak jasan egin behar du senarrak pairatzen duen guztia nahiz
eta gizona zoritxarrekoa edo mozkorra suertatu zaion, nahiz eta beste
emakumeren batekin oheratzen den...gizonaren umorea jasan beharko
du...etxea apal eta txukun gordeko du hitz atseginak adituz eta
ahoskatuz... eta senarrak jakia gozoa dela baiezten badu emazteak ere
berdin iritziko dio, eta mikatza dela uste badu emazteak arrazoia
emango dio, zeren bestela jokatuz gero emakumea ez bailitzateke bat
etorriko gainontzeko unibertsoarekin.
- Testu neoplatonikoa-
Homeroren poemetan ezkontza jada errealitate soziala da, orduan mota
askotako ezkontzak ospatzen ziren, non betiere emakumea trukatu, saldu eta
erosten baitzen gizonen elkarrekintzak indartzeko, era berean ohorea eskuratuz.
Andromaka eta Penelope emakume-ereduak dira gainontzeko emakumeentzat,
senarraren zain 20 urte pasatakoak. Klimenestrak ere senarraren esperoan iragango
ditu egunak eta gauak. Atenasen, emakumea eta ezkontza hain daude eguneroko
bizitzan elkarri itsatsiak non gaur pentsaezina gertatzen baitzaigu bere kabuz
16 ­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­
bakarrik garai hartan bizi zitekeen emakume aske baten irudia imajinatzea.
Emakumeaz aritzea beraz ezkontzaz mintzatzea da. *Engi* terminoaren esanahiak
adierazten du bateratze-ekintza, non aitak bere alabari aurkezten dion bizitza osoan
maite beharko duen senargaia. Ez zuten existitzen, horrenbestez, emaztearen
iritziak ez eta desioak ere.
Kyriosak, hau da, aitak edo zegokion tutoreak erabakitzen zuen zein izanen
zen alabaren egoitza berria behin hau ezkonduz gero, gizonak izanik, behin berriro,
emakumearen patua erabakitzen dutenak. Adibideak ez dira falta, esate baterako
Demostenek artean 5 urte besterik ez zituela bere aitak jada erabakia zion
heriotzaren bezperan zein izango zuen senargai geroan.
Plutarkok *Erotikos* lanean ezkontza instituzionalaren aldeko jarrera
adierazten du fermuki, azpimarratzen duela behin eta berriz maitasun iraunkorrari
zor zaion fidelitatea. Fidelitatea gaitzat zuten elaberriak asko izanik kontakizun
guzti hauek zoriontsua besterik izan ez zitekeen amaiera erakusten zuten. Irakasten
denaren muina hauxe da: bikoteak (neska-mutilak) azkenerarte iraun behar zuen,
heroismoa hain zuzen irautean baitatza.
Teklari norekin esposatuko zen erabaki egin zioten baina berak gaitzetsi
zuen kristau fedean arituz lan egin nahiago zuelako. Teklaren ama horratik, biziki
haserre, bere alaba sutan erre zezaten eskatu zuen. Bere laguna ere, Pedro,
akusatua gertatu zen honek ikasgai arraroak jakitera ematen omen zituelako
jendaurrean, zeinetan ezkontza ­greziar izaeraren erro eta ohorea dena­ arbuiatzen
baitzuen.
Sexualitateak eta kastitateak heriotzarekin eta berpiztearekin lotura estua
dutela uste zuten orduko greziar haiek. Nola gaindi daiteke heriotza? heriotzari
aurre egiteko modu bi daude: bata ugalketa, hau da, espeziari jarraipena ziurtatuz
eta bermatuz; bestalde bataioa eta kastitatea bitarteko ere badira. Polisaren
galerarekin batera, maiz eztabaidatzen zen eraman beharreko sexu-jokaera egoki
baten ereduaren gainean; halaber ezkontza eta emakumeak bete beharko zukeen
papera edo rola ere hizketa-gai ziren.
Mutilekin erkatuz gero neskak askoz gazteagoak izanik ezkontzen ziren.
Ezkondua zelarik ere senarra beste etxe batzuetan biziko zen 30 urte bete bitartean.
Hortaz, mutilak adimen-ariketetan eta ariketa fisikotan trebatzen ziren bitartean
neskek, berriz, seme-alabak zaintzen hartzen zuten jada ardura.
Ezkontza sakabanatzeko erabaki-ahalmena senarrak baino ez du, berdin dio
honek arrazoirik ez badu ere (gogoratu testu neoplatonikoa). Bestalde dibortzioa
epaiketa labur-laburrean deliberatzen zen. Emakumea adulteroa bazen senarra
behartua zegoen emaztea arbuiatzera, bestela "atinia" izeneko zigorra ezarriko
Emakumea greziar pentsamenduan ­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­ 17
baitzioten. Banatze-eskaera egiteko ez zen emakumearen kasuan infidelitatea
irizpide askirik zenik kontsideratzen. Euripidesen Medeak honela dio:
"emakumeak senarra lagatzen badu zorigaitza etorriko zaiola berari, zeren
emakumeak ezin baitu gizona arbuiatu". Bestalde, gauza normala zen emakumea
antzua suertatzen bazen, gizonak konkubina hartzea.
Ezkontza K.a. IV. mendean legeztatu zuten Atenasen. Modu honetara
ondasunak familian bertan irautea bermatu zen, aldi berean propietate pribatua
indartu zelarik hain zuzen ondasun-transmisioak segurki finkatu zirenean.
Greziarrek ezkontza-mota bakarra monogamia dela aitortzen duten arren egiazki
etxe berean bizi dira emaztea, senarra, honen konkubina eta seme-alaba
ilegitimoak ere bai.
ADULTERIOA
Agamenon hamar urte pasa ondoren emaztearengana itzuli zenean, senarrak
espero zuen Klimenestrak, biei emango ziela ongietorria; Agamenoni ezezik
honen konkubinari ere harrera ona zor zien emazteak. Bestalde Grezian
emaztegaiak birjina izan behar zuen, pentsamolde honen aztarna garbiak jada
irakasten dira Hesiodoren lanetan. "Hobe da ­dio Euripidesek­ fidela ez den
gizona ukaitea senarrarik ez izatea baino". Honela da konkubina bizi dela
emaztearen etxe berean.
Etxera Herakles emakume esklabu batekin azaltzen den batean Deyanira
emazte duena honela mintzatzen da "aurrerantzean bi izanen gara esperoan egonen
garenak". Medeak honakoa aitortzen digu: "gizon bati etxea aspergarria egiten
zaionean gizona orduan kalera joan ohi da lagunen baten ikustera edo...baina guk,
aldiz, gizaki bat besterik ezin digu begiratu". Emakumearen adulterioa zigortzen
zen bitartean, gizonarena ez zen aintzakotzat batere hartzen. Greziarrentzat egoera
normala zen senarraren etxean konkubinak, zerbitzariak eta emakume esklabuak
bizitzea. Emakume zerbitzariekin oheratzeko baimena zuen senarrak, baita
kanpotik zetozen zerbitzariekin ere. Gizonen munduan pallakea onartua zegoen eta
halakorik adulterioa denik ez da kontsideratzen. Bazen goi-klasetan *kontinentzia
sexuala*z ezagutzen zena, kastitatearen mitoa, non sexuan emakumeak izan behar
duen paper pasiboa txalotua eta arras baloratua zen.
Helena -senarraren etxea abandonatu duelako- ez da emakume zintzoa,
zeren Helena eta Klimenestraren antzeko diren emakumeak zigorra jasotzen
baitute senarra uzteagatik. Legedian gizonari emakume bakarra baimentzen zaion
arren bestelakoa da eguneroko bizitza. Zentzu honetan gizonari zigortzen zitzaion
adulterio bakarra beste atenastar baten emaztearekin egindakoa da, ez beste.
18 ­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­
ESKLABUAK ETA PORNAIA
Plazerrerako dauzkagu kortesanak
eguneroko zaintza gizonari eskaintzeko
dauzkagu konkubinak, seme-alaba legitimoak
emateko eta etxeko jagole izateko dauzkagu
emazteak".
-Contra Neerea-
Pseudo Demostenes
Emakume txiroenak ziren pornai bihurtzen zirenak, Pireo eta Atenaseko
ostatuetan aritzen ziren. Hetairak berriz plazerrerako emakumeak ziren, Claude
Mossek hauxe dio Hetaira hauei buruz: "emakume hauek ziren, eta ez beste,
Atenasen libre ziren emakume bakarrak; kalean ibiltzen zirelako, oturuntzetan eta
jaietan, besteek ez bezala, hauek parte hartzen zutelako. Artean ez baitzitzaion
baimentzen etxeko andreari oturuntzetan parte hartzerik nahiz eta jaia bere etxean
ospatu izan. Kortesana libre egiten duen beste faktorea dirua da, izan ere diruaren
garrantzia boterearen sinbolo izatean baitatza. Horrela badute sarrera kortesanek
betidanik gizonentzat besterik izan diren espaziotara. Nerea da horren adibide
argia; bidaiatu egiten duen emakumea da, festetan parte hartzen duena, finean
Nerea informatu egin den emakumea da. Horregatik bera eta bere antzekoak
zigortuak ­gaizki ikusiak­ izan dira. Pomeroy egilea iritzi honetakoa da: zeintzuk
ziren emakume libreak? gizonekin harreman iraunkorrik ez zuten haiek. Eta
gogora dezagun garaiko ereduak maitasun iraunkorra sutsuki goraipatzen zuela.
Pomeroyren arabera beraz alarguna emakume libre da; ez du senarrik, gainera
badu dirua.
Esklabuek harreman sexualik ukan nahi bazuten aurrez behartuak zeuden
euren jabearen baimena eskuratzera. Esklabua, bere emaztea eta bien seme alabak
nagusiarenak ziren, haren propietate. Prostituzioak hainbat zio zituen:
a) Gauza arrunta zen aita txiroa izanik bere alaba saltzea edo abandonatzea.
b) Legeak ez zuen oztopatzen haurrak bahitzea.
c) Autoprostituzioa.
d) Hetariren zuzendaritzapean. Libiak aukeratzen zizkion bere
senarrarentzat plazerrerako izanen zituen emakume birjinak. Hetairek
poz-itxura dute, emetasuna dotoreziaz erakusten dute, amodioan
profesionalak dira, eta gainontzeko emakumeek galerazita zituzten
askatasunak haiek ordea bazituzten.
Emakumea greziar pentsamenduan ­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­ 19
EMETASUNA ETA ARTASUNA, MATERIA ETA FORMA
Zientziak eta erlijioak kultura berria eta zaharra argi
eta garbi desberdintzen dituzten arren berdin iraun
dute mendetan zehar emakumeekiko jarrerek eta
eginbeharrek.
Aristotelek honako hau esan zuen "naturak batetik sexu indartsua sortu
zuen, sexu ahula bestetik". Horrela esplikatzen da zergatik Atenea jakinduriaren
jainkosa izanik jakinduria kualitate maskulinotzat kontsideratzen zen. Euripidesek
bere iritzia damaigu ondorengo aipu honen bitartez "emakume argiak arriskutsuak
dira, beraz onena duzue emakume tunttuna etxeratzea", "gorrotatzen baitut nik
emakume argia", "nere etxera ez dadila sekulan sar bere sexuari dagokion baino
maila bikainagorik erakusten duen emakumerik. Plutarkok "Erotikos" lana
burutzen ari zenean bete-betean parte hartzen ari zen aldi berean garaian
maitasunari buruz zegoen eztabaidan; honela, baziren emakumeak maitasuna eman
eta sentitzeko ahalmena zutela defendatzen zutenak, eta bestetik baziren, halakorik
errotik ukatuz gezurtatzen zutenak. Emakumeak erakutsi egin behar zuen
kontrolaren jabe bazela, horregatik honakoa dio Pisiasek "ez da egokia emakume
zintzoarentzat maitemintzea, ez da zuzena emakume zintzoarentzat amodio
apasionaturik sentitu ahal izatea.
Teofrastoren aburuz, Aristoteleren ikaslea berau, emakumeari heziketa
gehiegi emanez gero alfer bihurtzen da.
Grezian emakumearen zereginak honako hauek ziren: sukaldaritza, artile eta
ohialak irutea, esklabuen betebeharrak zuzentzea, kanpotik zetozen bisitariak
bainatzea eta hauen ohantzeaz arduratzea, inude, amagina, ama. Platon da harritzen
den filosofo bakarra, gaitasun eta prestakuntzarik gabeko amengan haurren
hezikeeraren ardura uzteagatik. Baita kultu erlijiosoetan ere; sazerdotisak Knosso,
Eleusi eta Delfosoko tenpluetan. Jai sagratuetako ospakizunetan hartzen zuten
parte. Antzinatik tenpluko gizonezko apaizek etekinak eskuratzen dituzte
emakumeen prostituzio sakratutik. Emakumeak hetairak ere izan ohi ziren,
dantzariak eta akrobatak.
·Koalitate maskulinoak ondokoak ziren kontrola, meneratze-ahalmena,
kultura eta hitza.
·Berezitasun femeninoak ondokoak ziren maltzurkeria, gezurra (metis)
ardozaletasuna, gozozaletasuna,
gehiegizko sentsualtasuna erakustea eta
berritsukeria.
20 ­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­
Euripidesen antzezlanetan amak maiz negarretan agertzen dira, gudan zendu
zaizkien semeengatik malkotan blai. Seinalatzekoa da Plutarkok Fulviaren
maskulinitatea azpimarratzen duela, baina zergatik? emakume izanik Fulvia ohialaz
iruteaz arduratzen ez delako. Egile berak baiezten digu "emakumearentzat denik eta
hoberena dela geldi-geldirik egotea eta batez ere isil-isilik", Plutarkok hori izkribitu
eta handik 900 urtera antzeko zerbait topatzen dugu kristau testu batean jasoa,
honako aholkua: "emakumeak etxean geratuko dira, batere builarik atera gabe".
Beraz, besteak beste, emakumea pintatzerakoan erabiltzen dituen koloreak dira
maltzurkeria, gezurtia izatea, mozkorra, gehiegizko sentiberatasunaren jabe. Ildo eta
bide berdina erakusten dizkigute Platonen irakaspenek zeren pentsalari honen
aburuz emakumea zuzena, manakorra, apala, lasaia eta atsegina baita. Gizona, aldiz,
lehiakide izateko sortua da, lehiazalea eta erasokorra da.
PANDORAREN MITOA
Amaitzeko Hesiodok idatzi zuen Prometeoren mitoaren muina, eta prezezki
*Pandoraren mitoa* jaso dugu. Pandoraren mitoan adierazten da nola agitu zen
behin batean lehen emakumezkoen sorkuntza. Greziar pentsamendua egituratzen
duten aurkako bikoteek jada aparteko garrantzia hartzen dute Pandoraren mitoan.
Bertan kontatzen denaren arabera kultura, argia, arrazoia, gudan aritzea eta politi-
karako trebetasuna gizonari baino ez dagokio. Ordea, ez gizarteko izatea, etxeko
lanak betetzea, neurri gabetasuna, izadia eta gaua dira emakumeari dagozkionak.
Honela dio *Pandoraren mitoak*:"Eta Jainkoek gizonarengandik gorderik
baitaukate jan-edatekoa; zeren, bestela, aisa egun bakar batez egingo zenukeen
lana eta urte oso bat izango zenuke eta bukatu egingo lirateke idi eta mando
saiatuen lanak.
Baina Zeusek gorde egin zizkion isekengatik bihotza samindurik; horregatik,
larritasun mingarriak asmatu zituen gizonen xedera eta sua izkutatu zuen. Baina
horra hor non Japetoren seme jatorrak gizonen onerako lapurtu egin zion Zeus
zuhurrari kalamu baten ahurrean, tximistaz gozatzen duen Zeusen gerezian. Eta
haserre bizian esan zion Zeusek, hodei-biltzaileak:
"Gauza guztien patua ezagutzen duzun Japetonida! Poztu egin zara sua
lapurtu didazulako eta nire adimenari iruzur egitea lortu duzulako; zorigaitzaren
iturri izango da zuretzako bereziki eta etorkizuneko gizonentzako. Nik suaren
ordainetan, beren zorigaitzaz samurki gozatuz bihotza alaituko dien gaitza emango
diet guztiei".
Horrela esan zuen eta algarak egiteari ekin zion gizonen eta jainkoen aitak;
Hefesto txit gorenari agindu zion lehenbailehen nahas zezala lurra urarekin, eman
Emakumea greziar pentsamenduan ­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­ 21
ziezaiola ahotsa eta bizitza eta egin zezala dontzeila-irudi liraina eta liluragarria,
jainkosa hilezkorren antzerako aurpegia zuena. Gero Ateneari agindu zion irakats
ziezaizkiola eskulanak, falfail fineko ohialak ehuntzen. Afrodita urre itxurakoari
agindu zion burua liraintasunez, sentsualtasunez eta apaingarri liluragarriez
ingura zezala; eta Heremesi, Argifonte mezulariari, agindu zion eman ziezaizkiola
adimen lotsagabea eta izakera aldakorra.
Eman zituen agindu hauek guztiak eta haiek men egin zioten Zeus Kronida
subiranoari. Berehala Patizanbo txit argiak Kronidaren borondateari jarraituz
hurrez irudikatu zuen dontzeila garbiaren itxurako irudia.
Begi berde-argikoen Atenea jainkosak gerrikoa eman zion eta apaindu egin
zuen. Sotiltasun jainkosek eta Sinestarazle jainkosa agurgarriak lepoan lepoko
urreztatuak jarri zizkioten eta adats ederreko Orduek udaberriko loreen koroa jarri
zioten. Palas Ateneak era guztietako edertasunez apaindu zion gorputza eta
Argifonte mezulariak bihotza gezurrez, hitz liluragarriez eta izaera aldakorraz
hornitu zion, Zeus handiaren aginduz. Jainkoen aitzindariak eman zion hitza eta
emakumezko honi Pandora izena jarri zion, zeren egoitza olinpikoak dauzkaten
guztiek opari bat, ogiz elikatzen diren gizonen galera izango zena, eman baitzioten.
Eta gero bukatu egin zuen bere iruzur pozointsua eta ukaezina. Aitak
Argifonte txit argia, mezulari azkarra, Epimeteorengana igorri zuen jainkoen
opariarekin. Eta Epimeteok ez zuen gogoratu Prometeok ohartarazi ziona, Zeus
Olinpikoaren eskutik inoiz ez zezala oparirik har, besterik gabe itzul zezala gizonek
zorigaitzarik paira ez zezaten. Baina oparia onartu zuena geroago, zoritxarreko
bilakatu zenean, ohartu zen horretaz.
Izan ere, lurraren gainean lehen zorigaitzetik libre eta zeregin neketsutik eta
gizonei heriotza sortzen dieten gaixotasun mingarrietatik salbuetsirik zeuden
tribuak ziren (...).Baina emakume hark, bere eskuekin pitxar baten estalki
ikaragarria kentzerakoan, sakabanatzen utzi zituen eta gizonei kezka
deitoragarriak ekarri zizkien.
Soilik Itxaropenak jarraitu zuen han, pitxarraren ertzen azpian murru
gaindiezinetan espetxeraturik, eta ezin izan zuen aterantz hegan egin, lehenago
pitxarraren estalkia erori baitzen, ezkutuaren eramaile eta hodeien biltzaile den
Zeusen borondatearengatik.
Mila tankerako samintasuna dabil gizonen artean: zoritxarrez gainezka daude
lurrak eta itsasoak. Nola egunez hala gauez gaixotasunek beren nahiera joan-etorria
egiten dute gizonen artean, isiltasunean zorigaitza erakarriz, zeren Zeus zuhurrak
hitza ukatu baitzien. Eta horrela ezinezkoa da Zeusen borondateari ihes egitea ".
- Hesiodo -
22 ­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­
BIBLIOGRAFIA
B. POMEROY AKAL, S.; Diosas, rameras, esposas y esclavas. Madril, 1987.
DUBY PENGES, P. M.; Historia de las mujeres, Taurus, Madril. l991.
GARCIA GUAL, C.; Audacias Femeninas. Nerea, Madril, 1991.
GRAVES, R.; El vellocino de oro. Edhasa, Bartzelona 1988.
HESIODO; Obras y fragmentos, Gredos, S.A. Madril,l990.
IRIARTE, A.; Las redes del Enigma. Taurus. Madril. l990.
MOSSE, C.; La mujer en la Grecia Clásica, Nerea, Madril, l990.
RUSELLE, A.; Porneia. Peninsula, Bartzelona 1989.
VANOYEKE V.; La prostitución en Grecia y Roma. Edaf, Madril. l991.
Emakumea greziar pentsamenduan ­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­ 23
SEXISMOA SINBOLO ETA
ARKETIPOETAN
Anuntxi Arana
I. ASKATASUN BIDEKO OZTOPOAK
Emakumeen kontrako diskriminazioa eguneroko errealitatea da oraindik ere
gure artean. Feministen borrokei esker eskuratu ahal izan ditugun lorpenak ez dira
makalak, baina ez orokorrak inondik ere, eta menpekotasunak bizi-bizirik dirau,
gure Mendebaldeko jendarte aurreratuetan. Agresio sexualak ez dira bukatu, eta
horren fropa dira emakumeei egiten dizkieten bortxaketak eta jipoiak: Frantzian
bikoteen %10ean tratu txarrak jasaten dituzte emazteek (Egunkaria, 1992-7-3).
Legearen aurrean berdinak gara, lana egiteko eskubidea badugu, baina pratikan
gure lana gizonena baino gaizkiago pagatua izaten da. Politikan ugari dira
emakume militanteak, bakar batzuk postu garrantzitsuak betetzen dituztenak:
proportzioa kalkulatzeko aski da agintzen gaituzten Jaurlaritzari eta Gobernuari
begiratzea. Frantziako Biltzar Nazionalak onartu zuen emakume hautagaien kuota
minimoa alderdien hauteskunde-zerrendetan, baina Konstituzio-kontseiluak
(Konstituzio-Auzitegiak) erabaki hori hautsi zuen, sexu-diskriminazioa izan
litekeelakoan. Legearen aurreko berdintasuna ez da inondik ere bizian gauzatzen,
baina aitzinamendua da.
Arazoa da aitzinamenduak ez direla itzulezinak. Orain arte erdietsi
ditugunak, oso handiak izanik ere, beti galtzeko arriskuan daude, haien aldeko
presio soziala arintzen bada. Egunero sentitzen dugu zein egoera ahuletan dauden
irabazitako horiek, zein erraz atzera gaitezkeen antzinako abiapunturaino. Leku
askotan hala gertatu baita.
Sexismoa sinbolo eta arketipoetan ­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­ 25
Afrikako eta Hegoamerikako mugimendu iraultzaileek zerbait erdietsi zutela
bazirudien. Baina delako iraultzaileek agintea eskuratu bezain laster, borrokaren
denboran emakumeek lortu estatusa desegiten saiatu dira eta, maizetan, lortu ere.
Gisèle Halimi idazle tunisiarrak dioenez, independentziaren aldeko borrokan parte
oso aktiboa ukaiteagatik torturatuak eta hiltzera kondenatuak izan ziren hainbat
emakume, arrunt baztertu zituzten gero erresuma horretako bizitza publikotik; bat
ere ez zuten hautatu Legebiltzarrerako, are gutxiago Gobernurako; liberazioa heldu
eta, gizonek emakumeen estatusa bozkatu zuten, lege islamikoaren araberakoa:
poligamia, aitarengandik heredatzeko ezina eta senarraren baimenarik gabe lan
egiteko ezintasuna ezarri zizkieten; eta guzti horien kontra joatea Mendebaldearen
menpeko egotea dela diote islamistek. Afganistango gerrilariak Kabulen sartu eta,
zein izan da han ikusi izan den berehalako ondorioa? Emakumeek txadorra jantzi
dutela, bildurrez lehenik, legeak behartuta geroxeago. 40 graduko tenperatura dago
txadorpean, emeki arnastu eta emekiago ibili behar da, barrenean ez itotzeko.
Diotenez, sobietarren kontrako altxamenduaren arrazoietarik bat, eta ez den
mendreena, emakume musulmanei eskola emateko saioa izan zen (French, 468).
Komunismoaren gainberakada dela eta Ekialdeko Europako krisi
ekonomikoaren ondorioz, milaka dira etxera itzuli behar izan duten emakumeak,
enplegua galdurik. Edozein jendartetan zerbait gaizki dabilenean emakumeak dira
lehen petzeroak, gehien pakatzen dutenak. Atzera egiteko mehatxua ez da bakarrik
Ekialdeko edo Hirugarren Munduko gauza. Amerikako Estatu Batuetan gero eta
indartsuagoa da abortoaren kontrako oldarra. Gugandik hurbilago, Frantzian ere
horrelako zerbait hasia da, nahiz eta maila txikiagoan.
Errealitate guzti horiek emakumearen menpekotasun nabaria erakusten dute.
Eta bitartean, gure inguruko zientzia eta filosofiak gero eta gehiago onartzen dute
bi sexuak baliokideak direla. Kasik inork ez du ukatzen, ofizialki eta publikoki
behintzat, gizon eta emakumeen adimen eta gaitasun intelektualak hein berekoak
direnik, nahiz zenbaitek esaten duten gaitasun horiek ez direla berdin bideratzen.
Frantziako eskoletan egindako estatistikak argi mintzo dira: neskak mutilak bezain
argiak dira eta, orohar, ondorio hobeak erdiesten dituzte bigarren maila bukatu
arte, gero gutiago jarraiki badira ere goi-mailako ikasketetan. Nonahi entzuten da
berdintasuna gauza zuzena eta egokia dela eta justizia zor zaigula emakumeoi.
Horiek horrela, erreka handia dago ageriko errealitateen eta jende askoren
barne-iritzien artean. Eta maizenetan aurriritziak nagusitzen dira. Edozein
emakumek badaki, esperientziaz, erabakiak hartzeko orduan gizonaren hitzak
bereak baino pisu handiagoa duela, gizonarena delako, besterik gabe. Tradiziotik
datorkigun ideologia hain da atxikia, frogatuari eta egiaztatuari garaitzen baitzaie.
Mentalitateen inertziak tradizioaren zama astuna iraunarazten du; haren eraginpean
dira ez bakarrik zaharrak, baizik eta gazteak ere, berdin eskolan edo
komunikabideetan gauzak egiazki nolakoak diren ikasteko parada ukan dutenak
26 ­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­
ere: harritzekoa da noraino misoginoak izan daitezkeen teorikoki sexuen
berdintasunaren alde diren alderdi politikoetako hainbat militante ospetsu...
Horrelako azalpenak pellokeria dira, beharbada. Baina haietatik abiatzen
dira gure azterketa egiteko arrazoiak. Nondik dator ideologia sexistaren
iraunkortasuna? Zergatik da hain errotua gure artean? Eta non elikatzen dira haren
erro sakon eta zabalak? Izan ere, bi sexuetako jendekiak berdin adimentsuak izatea
ez baita atzo goizean sortutako fenomenoa; gaur horrela bada, lehen ere hala zen.
Hots, galdegin dezakegu, biologikoki kidekoak izanik, noiz eta nondik hasi zen
emakumearen menpekotasuna, zergatik sortu zen patriarkadoa. Galdera horrentzat
erantzunik ez bide da gaur egunean. Beraz, zergatia jakin gabe konformatuta, orain
ezagutzen eta bizi dugun sistema nolakoa den asmatzen saiatuko gara bakarrik.
II. ERREALITATEA ETA IRUDIMENEZKO KATEGORIAK
Oztopoak handiak izanagatik, aldaketa positiboak jazo dira: emakumeen
promozio sozialak aurrera egin du, emeki bada ere, eta lan asalariatu mailan,
politika mailan etabar, egoera mende hasierakoa baino askoz hobea da. Baina kasik
aldatu ez dena emakumearen irudi eta errepresentazioak dira. Modelo zaharrak hor
daude beti, osasuntsu eta bizkor; horien arabera, emakumea ama, emaztea,
maitalea, ohekidea edo neskamea da. Irudi sinbolikoak dira horiek, ez beti
kontzienteak; baina gure kulturaren bideragailuek ondo baino hobeto finkatzen eta
azkartzen dituzte, hasi erlijio, filosofia, literaturatik, eta berriagoak diren zinema
eta bihotz-aldizkarietaraino. Horrela, emakumeek bere burua banatuta daukate
egiazko biziaren eta tradiziozko arketipoen artean, eta benetako urradura jasan
behar dute, txiripaz baizik ez delarik gertatzen errealitatea eta arketipoen arteko
kointzidentzia: lehenari jarraituz gero, gehiengoaren gaitzespena jasotzeko
arriskutan dira, bigarrenari jarraitzekotan, berriz, bere buruaren kontra ari direla
somatuko dute. Eta horrelako dilemaren aurrean, zoritxarrez, irudi sozialarekin
konformatzea hautatzen dute, usu.
Eragin handia daukate, beraz, irudimenezko modeloak, eta nere ustez haiek
dituzte oztopatzen osterantzean senez-senezkoak diratekeen aldakuntzak.
Garrantzitsuak diralakoan aztertu behar dugu zehazki zein diren delako irudiak.
Marilyn French-i jarraituz esan dezagun, patriarkadoaren pentsakeran,
jendeen esperientziak eta jokaerak bi modelotan bereizten direla sexuen, edo
hobeto esanda, generoen arabera: mutur batean esperientzia eta jokaera
"maskulinoak" ditugu, bestean "femeninoak". Jokaera maskulinoak boterean
oinarritzen dira eta hiltzeko ahalean dautza; esperientzia femeninoek bizia emateko
ahalean dute bere funtsa. Ondorioz, kualitate maskulinoak eta femeninoak arrunt
desberdinak eta kontrajarriak izaten dira: emakumeengan ontzat hartzen diren
Sexismoa sinbolo eta arketipoetan ­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­ 27
joerak txartzat har daitezke gizonengan. Dikotomia honekin ados izan gabe ere,
behar-beharrezkoa da hurbiletik ikertzea, ekartzen dituen asoziazio eta ondorioek
mendebaldeko kultura kutsatu baitute milaka urtetan. Denbora berean, berriz
azpimarratu behar dugu kategoria horiek sinboloak direla, irudimenaren
mailakoak, ez dutela oinarririk jendeen egiazko jokaeretan; eta halere irudiek
errealitatea garaitzen dutela maizetan.
Alta, egunero gezurtatzen ohi ditu esperientziak irudimenezko kategoriak.
Seguraski denok ezagutzen ditugu kualitate "maskulinoak" dauzkaten emakumeak;
eta orduan gure lehenbiziko oharra izango da emakume horiek "jokaera edo
pentsakera maskulinoak dauzkatela", geure buruari galdegin gabe zergatik ote
"maskulino" deitu behar diegun aztura horiei. Ageri-agerian denari begiak hersten
dizkiogu, haren kontra ihardokitzen gara eta ez dugu onartu nahi; edota
interpretazio manipulatuaren bidez aldarazten eta akomeatzen dugu esperientzia,
gure aurriritzien moldeetan nahitaez koka dadin; orduan, Prokustoren ohe horretan
sartzen ez den guztia arbuiatzen dugu, nahiz eta egia nabaria izan. Izan ere,
errealitatea higikorra eta lainotsua baita. Haren aldean, kategoriak argi, borobil eta
distiratsu agertzen zaizkigu, arbasoek utzitako ondare bat bezala, mendeetan eta
mendeetan zehar azkartuta, kulturak, erlijioak, politikak eta arteak bideratuta eta
bermatuta. Eta, ekartzen dituzten menpekotasunaz eta zapalkuntzaz oharturik,
kategoria horiek egozten edo zalantzatan ezartzen ausartzen direnak,
zentzunbakotzat edo histerikotzat hartzen ditugu. Generoetan finkatutako
dikotomiak gure ikusmena eta gure ezagumena egituratzen ditu eta itsukeria
bihurria eragiten du: uste ukaten duguna bakarrik ikustera eramaten baikaitu.
Eta, paradoxa badirudi ere, fenomeno hori gehiago ematen da hiriko
jendarte alfabetatuetan, herri tradizioa azkar dagoen eremuetan eta baserrietan
baino, erlijikoak, ideologiak eta instituzio ofizialek indar gutxiago baitute azken
hauetan. Azpimarratzeko da, bestalde, emakumeen zapalkuntza ez dela soilki
gertatzen indar fisikoa bizitzeko ezinbesteko baldintza duten zibilizazioetan;
alderantziz, "goien" omen diren zibilizazioetan aurkitzen dira, prezeski, gizonek
emakumeen gainean daukaten nagusigoaren adibide maizenak eta sotilenak.
III. KOALITATE GENERODUNAK
Zehatz dezagun zein diren koalitate "masculino" eta "femenino" horiek,
French-en sailkapenaren arabera.
Kontrola, transzendentzia, beheko mundu honen gaitzespena adierazten
dituztenak oro "maskulinoak" dira. Naturaren bilakaera aldakorrean egitura finko
eta iraunkorrak ezartzen dituen printzipioa "maskulinoa" da (legea, prestigioa,
ohitura), bai eta jabegoa, zilegitasuna eta urkoaren gaineko botereari doakiona ere.
28 ­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­
Eta berdin ausardia, agresibitatea, indarra eta hiltzeko ahalari lotzen zaion guztia.
Iraupena eta estruktura "maskulinoak" dira, esperientziaren jariotasuna eta
aldakortasuna, kontrolatzen dituztelako. Kualitate horiek eta gizatasunaren arteko
asoziazioa oso zaharra da seguraski; antzinako zibilizazioetan, laster hondatzen
diren gauzak bakarrik ekoizten baitzituzketen emakumeek: saskiak, landatzeko
makilak, zakuak, sareak, hariak, sokak. Gizonek, aldiz, harrizko tresnak ­berez
iraunkorrak­ edota erritoetan erabiltzeko gauzak ­artoski iraunaraztekoak­ egiten
bide zituzten.
Iraunkortasuna bilatzearen ondorioa da, dudarik gabe, hilezkortasunaren
guraria. "Maskulinoa" izan behar du, beraz, ondoko belaunaldiek miretsiko duten
zerbait egiteak: adibidez, liburuak, zubiak edota deituraren jarraipena segurtatuko
duen dinastia bat sortzeak. Gizonek, nahiz eta haurrik ezin egin, beren aitatasuna
finkatzeko kezka ukan dute aspalditik eta, horretarako bizia sortarazteko
monopolioa eskuratzen saiatu izan dira. Jadanik Aristotelek esan zuen gizonak
ezartzen duela hazia, haren gordelekua baizik ez delarik emakumea, lur nagia
bezalako zerbait. Hirutasunaren misterioak bikain erakusten du ikuspegi hori:
Aitak, bere hitzaz, Semea sortzen du eta, bien arteko amodioaz, Izpiritu Saindua
ere sortzen da; ugalketa guzti hori arren artean gertatzen da, Ama Birjina
jainkotasunik gabe eta sistematik kanpo utzita delarik, "ogi-labearen funtziora
mugatuta", Frenc-en hitzetan. Geroago ikusiko dugun bezala, suaren sinbologiak
ere biziki ongi adierazten du gizonek ernaile bakarra izateko egiten duten ametsa.
Irauteko xedetik hilezkor izateko nahikundera eramaten du kristautasunak,
baina hilezkortasuna beste munduko betikoeran kokatzen du. Hots, zeruko
betikoerara iristeko obratu behar diren bertuteak ­saindutasuna, aszetismoa,
sexualitatea eragoztea, gorputza mortifikatzea, hitz batez, natura gainditzea­
"maskulinoak" dira, nahiz emakumeek ere praktikatzen dituzten. Animaliatasuna
gainditzeko eta jendetasuna erdiesteko, kontrola ukan behar da, eta kontrolak
naturaren aurka ihardutea esan nahi du. Jende izatera heltzeko baldintzak eta
parametroak "maskulinoak" dira; horregatik ez dugu harritu behar gure espeziea
izendatzeko "gizon" eta "giza-" hitzak erabiltzen direnean, eta jendetasuna
adierazten duten kualitateak ere maskulinoak direnean: Paulin olerkariak dioen
bezala, "Askatasuna.. da anaia hartze giza erara" (BBKren egutegia, 1992ko
uztailaren 2ko orria).
Badirudi euskararen eremuan lerratze sexista diskriminatzailea egiten ari
dela; gero eta gehiago entzun eta irakurtzen ditugu "seme" ("haur" adierazteko),
"anaitasun" ("senidetasun" ordez, hitzaren zentzu propioan), "denok anaiak gara",
"anaien arteko gerla" eta antzekoak; antzinako apezek "haurride (edo senide)
maiteak" esaten zuten beren predikuak hastean" hizkuntza bederen ondo zekiten
haiek. Orain, generoaz neutro diren hitz egoki horiek ez dira kasik erabiltzen,
maskulinoek beren lekua hartu dietela. Eta horrelako gauzekin, printzipioz
Sexismoa sinbolo eta arketipoetan ­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­ 29
matxista ez zen hizkuntza, egunean-egunean emakumeen kontrako diskriminazio
tresna bilakatzen ari zaigu.
Kontrolaren bidez, beraz, heltzen da jendeki edo pertsona izatera, banako
izatera: abereak ez dira inoiz banakoak, espeziekideak baizik. Eta kontrola
maskulinoa izanik, indibiduazioko printzipioa ere "maskulinoa" da, bai eta hark
dakarren zeingehiagoko mentalitatea" ere: bizia borroka, lehiaketa eta helburua
lortzeko lasterketa baizik ez dela baieztatzen du pentsakera "maskulinoak"; xede
duin bakarra garaipena izanik, bidean gertatzen direnek ez dute balio handirik,
helburuak soilki balio du. Lehiaketa horretan sarturik, gizabanakoak ez ditzake
denborako garaiak dasta eta bizia goza: izena badu eta izana ere bai; aski zaio:
gainerako guztia alferrikako huskeria da.
Indibiduazioko elementu garrantzitsua da izena. Berezkoa da emakumeei
ukatzea. Erromatarren garaian emakumeek ez zeukaten izenik: jaio eta, aitarena
eramaten zuten, genitibo posesiboan deklinatua; gero senarrarena, modu berean;
horrela beti norbaiten gauza ziren. Gaur egun ere emakume asko pozik da "Señora
de..." esaten diotenean. Frantzia aldean okerrago da: legearen arabera edonoren
deitura, gizon zein emakumearena, patronimikoa da; baina, ohituraz, emazteak
berea galtzen du ezkontzean senarrarena hartzeko, eta senarraren
deiturarekin azalduko da nortasun-agirian ere; legalki, emazteak bere sortze-
-deitura ("non de jeune fille", esaten diote) atxikitzeko eskubide teorikoa badu,
baina, eskubide hori gauzatzeko, esplizituki eskatu behar du bere paperak
egiterakoan, eta askotan funtzionarioek oztopo guztiak ezartzen dituzte, harik eta
etsiarazi arte. Frantziakoa baino okerragoa ere bada: Alemanian, oraintsu arte
bederen, emaztearen deitura legala, posible bakarra beraz, senarrarena da, eta kitto.
Argi da, izena eta harek dakarren identitatea, indibiduazioa, "maskulinoak" dira.
Baina zehatz ditzagun laburki ezaugarri "maskulino" guzti horiek
dakartzaten ondorio nagusiak: jendekia izateko markak indibidualitatea,
transzendentzia eta kontrola direnez gero, gizakiak bakarrik dira jende, horiek
bakarrik betetzen baitituzte beharrezko baldintzak. Eta edozein kontrol-falta
gaitzestekoa da, gizonezkoa ez delako. Egia da hierarkiak behartzen duela
batzuetan gizon bat beste baten kontrolpean egotera, eta hori onartzen dute. Baina
onartzen ez dutena emakume baten pean egotea da, kontra-natura edo delakoan.
Kontrola ezinbestekotzat jotzen dute gizonek emakumeekiko harremanetan
bereziki. Ez da harrigarria, orduan, sexualitatea, kode maskulinoaren arabera,
kontrol-modu bilakatua izatea: bortxaketa, jabegoa ("Sra. de...") edo erosketa
(prostituzioa).
Koalitate "maskulino"ekikoaren kontrarioa gertatzen da "femenino"ak
deitzen direnekin; lehenak jendetasunaren marka baldin badira, bigarrenak,
naturari lotuak direlako, ezin omen dute maila hori lortu. Jariotasuna,
30 ­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­
iragankortasuna, malgutasuna adierazten dituzte eta, patriarkadoaren testuinguruan
ahuleziatzat hartzen dira askotan. Ugaltasunarekin, sexuarekin eta haragiarekin
lotuta agertzen dira alde batetik; eta horren bitartez plazerrari, sentsibilitateai,
urrikariari, elkartasunari, haurridetasunari, bere buruaren emateari ere egokitzen
zaizkie. Maitasuna, tristura, etsipena "femeninoak" dira. Bai eta, noski, ez-kontrola
suposatzen dutenak ere, hala nola neurrigabeko haserreak, sumindurak eta umore
aldakorrak. Sen-falta hori dela eta, emakumeok moralaren zentzurik ez omen
dugu; Freud-ek oso ongi esplikatzen du zergatia: emakumeek, amarenganako
amodio aurreedipotarrari atxikiak direnez gero, ez dute kastrazioaren ikara
bizitzen, ez dute beren Edipo konplexua behar bezala trenkatzen, ez daukate behar
bezalako super-egoa lortzen eta, ondorioz, ez dituzte justizia eta legeak behar
bezala barneratzen. Mutilek bai. Mutilak jolasten direnean, jokoaren legeak
onartzen dituzte, haien pean ibiltzen dira, Piaget-en ustez. Neskatilek, aldiz,
gustoko ez dituzten araudiak bazter uzten dituzte eta jostaketa aberasteko ontzat
dauzkatenak baizik ez dituzte obratzen; nagusi egindakoan ere, ez dute behar
bezala legalitatea errespetatzen, eta hortik omen datorkie moral-zentzuaren falta.
Nabari da iritzi hauetan legalitatea eta etika nahastekatuak direla, eta hartatik
ateratako argudioa lotsarik gabe emakumeen kalterako erabiltzen dela.
Labur biltzeko, esperientzia "femeninoak", zaluak eta malguak dira:
jolasmena, irudimena, berezkotasuna adierazten dituzte. Printzipio "femeninoak"
biziaren aldekoak dira, "maskulinoak" zibilizazioren aldekoak.
Adimenaren aldetik ere badira generoen araberako modelo kontrajarriak.
Gizonak razionalak, logikoak, arrazoinamendu zuzenezkoak, selektiboak dira.
Emakumeek sekulako intuizioa daukate (zenbat aldiz ez dugun horrelakorik
entzun!), eta hori jaiotzetiko koalitate da, lantzen ez direnetakoa; gure pentsakera
zirkularra da, asoziatiboa. Mundua ulertzeko ez omen dugu buru argiak izateko
beharrik ere, aski zaigu bihotza... Guzti horrengatik, menturaz, artista zenbaiti
biziki laket zaio emakumeak bururik gabe irudikatzea (Giacometti, Brassaï...).
Pentsa liteke dikotomia hori gauza ona dela, haren bi terminoak elkarren
osagarri izanik bakoitzak bere moduko ontasuna duela, eta ondo dela horrela,
denetarik behar baita mundua eratzeko. Baina zoritxarrez ez da hala, pentsamolde
patriarkalaren ustez printzipio femeninoak gaitzaz ernalduak baitira bere barruan:
bikoitzak dira, bi atal dituzte, bata onetsia eta gaitzetsia bestea. Emakume onetsiak
interes gabeko maitasunez eta sakrifizioz gidatzen dira; gaitzetsiak aberekerian eta
txarkerian erortzen dira, gizonen kontrola mehatxatzen eta iraultzen dute,
gainbeheratzen. Emakumeak, onak direnean jendez gaindikoak dira, txarrak
direnean jendez azpikoak. Horregatik, kontrola eta boterea dauzkaten gizonak
bereziki goraipatzen baditu historiak (aberatsak, konkistatzaileak, ideologo
ospetsuak), emakume idealak gizonaren lagun apal eta fidelak izaten dira (Ester,
Maria), beren seme heroikoen sustengu sakrifikatuak (Kornelia), edo bortxaketaren
Sexismoa sinbolo eta arketipoetan ­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­ 31
desohorea (bere ala senarrarena?) jasan baino lehenago bere burua hiltzea
hautatzen dutenak (Lukrezia). Osterantzean, politikan sarturik efikazak direnean,
irrazionaltasunaren bizkar ematen da haien arrakasta (Pasionaria deitzen zaie).
Askoz maizagotan jendaki guztien galtzaile izaten dira (Eba, Pandora); non ez
diren emagaldu berekoiak eta sorgin beldurgarriak, Eneidako Dido edo furiak
bezala.
Zibilizazio kristauetan arartekoa da emakumea, gizona eta naturaren artean,
edota gizonaren eta jainkozkoaren artean du bere lekua: esan nahi baita,
deabruaren pertsonifikazio eta gizonaren galtzailea ez denean, etxeko aingeru eta
gizonaren salbazioa dela. Baina beti jendetasunetik kanpokoa.
IV. EMAKUMEA BETI AZPIAN
Funtsean hori da arazoa, balore-sistema dikotomiko honetan termino bat
goretsia dela eta bestea gutietsia. Geroago saiatuko gara horren zergatia aztertzen,
orain bakarrik zehaztu nola gauzatzen den emakumeek jasaten dugun gaitzespena.
Elizaren ikuspegi tradizionaletik, emakumea beti gizona baino gutxiago izan
da. Jon Done Paulok dio (Korintoarrei, I, 11) gizona Jainkoaren irudi eta loria dela,
emakumea bakarrik gizonaren irudia eta loria delarik; gizona ez da
emakumearentzat, baina bai emakumea gizonarentzat, horregatik emakumeak bere
burua estali behar du, menpekotasunaren seinale gisa: Paulo ez zen ausartu guri
burua kentzen, bakarrik izkutatzen; horregatik dateke Pierre bezain saindu.
San Agustinen iritziz gizonaren gorputza emaztearena baino goragokoa da,
arima gorpua baino goragokoa den bezala (Contra Mendacium, 7, 10). Konparazio
honetan lehenago aipatu transzendentzia goresten du Eliz aitak; berdenborak,
goitasunaren eta arimaren balioa azaltzen digu, behekotasuna eta gorputza hobeto
gutiesteko; baina parametro horiek geroago aztertuko ditugu. Emakumea naturari,
ugaltzeari eta sexuari lotua delako, sexualitatea zerbait lohia eta bekatuzkoa da.
Izan ere ez da oso argia zein den pekatuaren sorburua, sexua ala emaztea.
Axularrek aipatzen dituen bi kasuren arabera, badirudi gaitza emakumetik heldu
dela eta handik sexualitatera zabaldu: "Ziro enperadore handi hura, hain itsutu eta
ergeldu zuen Apama bere amoranteak, non hartaz nahi zuen guztia egiten baitzuen.
Alde batetik, eta bertzetik belarriondoka ari zitzaion, batean bizarra, bertzean
belarriak tiratzen zizkion: haur batekin bezala, harekin jostatzen zen". Egoera hori
katastrofe itzela zen, hona zergatik: "Amorantea zen nagusi, no zen tho, emaztea
gizon, oilloa oillar. Gizona delarik ordenatua, emaztearen iaun eta nabusi izaiteko,
guztiarekin ere, amorio itsuak, haragiaren aphetitu desordenatuak, hausten du
ordenantza hau: gizona egiten du emaztearen muthil eta azpiko. Ezta gauza
32 ­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­
preziatuagorik libertatea eta nabusitasuna (gizonarena, bistan da) den baino", dio
gure klasiko nazionalak, zeharo nahigabeturik. Eta hori bakarrik balitz!. Asiriarren
erregea Semiramis erreginaren amodio bero itsuaz galdu zen: emakume horrek,
maliziaz, agintea lortu zuen bost eguneko erregearen eskutik eta horretaz baliaturik
lepoa moztarazi zion; eta horrela bera geratu zen Semiramis errege eta erregina.
"Ikusazu zer egiten duen emazteak eta emaztetako amorio desordenatuak" (Gero,
XXXI, 1-2). Irudiz, emakumeak edozein aginte ukaitea kontranaturakoa da, beti
baitarabil buruan gizona nola gal. Horretarako duen arma hauta sexualitatea da, eta
gogotik erabiltzen du, zeren eta emakume guztiak beti haragizko bekatua egiteko
prest baitira, "illa est casta, quam nemo regavit (Ovid.): Nehork orhoitu, eta
othoiztu eztuena, da casta, garbi eta prestu" (ibid. XXXII). Errealitate ikaragarri
horren aurrean, zer egin lezakete gizon sainduek emakumearen sareetan erori eta?
Axularrek bi perla paregabe aukeratu ditu, onbidea erakusteko: "Frai Ioan Guerin,
hain saindu handiaren fama zegoan hark ere, Guifrapelos Barzelonako Kondearen
alaba... gorputzez izan zuenean hil arazi zuen. Hola gerthatu zeikan Iondone Iakue
penitentzialea deitzen zuten hari ere... hainbat penitentzia eginez geroz, azkenean
hain itsuski erori zen, non sendatzeko ekharri zeraukaten neskato bati bere ona
galarazi bait zeraukan, eta gero azkenean bere bekatua estaltzeagatik, ura behera
egotzi bait zuen" (ibid. XXXIII). Zilegi da galdegitea zergatik saindu horiek, beren
bekatua garbitzeko, pekataria (bere burua) garbitu ordez, bere kidea hil zuten.
Erantzuna erraza da: hobenduna emakumea da beti, bera baita bekatuaren
pertsonifikazioa; eta pekatua akabatzea ez da bekatu.
Sexualitatean ere mailak baitira: egiazko sexualitate zikina emakumearena
da. Gizonarena baliostatua, edo behintzat justifikatua da, boterearen adierazpena
eta kontrol-tresna den neurrian. Txantxetako esakerek adierazten dute ederto
kontrolak konnotazio falikoa duela: beti zentsuratzen ibiltzen diren gizonei,
pitilinaren lekuan boligrafo gorria daukatela esaten zaie.
Ez dugu harritu behar bi sexualitateei ez bazaie berdin begiratzen eta berdin
epaitzen. Bi neurritako printzipio hori kontzientzia lasai eta gorritu gabe gauzatzen
du hainbat gizonek: sexualitate maskulinoa, kriminala delarik ere, inozentea eta
baikorra da. Ilustrazio gisa, hona zer entzun nion 1968 inguruan, euskal gudari
bati; mutiko hark esplikatzen zuen herria ez zela beti prest iraultza egiteko, eta
orduan iraultzailearen eginkizuna bortzatzailearena bezalakoa zela, hau da, antzu

Emakumea: Sexua ala generoa?