Luma eta kizkia.
Sarrera gisa
Harkaitz Canok Joseph Brodskyri eta liburu honen apailatzaileok Canori ostutakoa
da izenburua eta ideia: maldetan sagarrak (erantsi dezagun orain originaltasuna
aspaldi hil zela, edo intertestualitate jokoa dela eta plagio bekatutik libre geratuko
gara). Hala dio idazle lasartearrak bilduma honetan jasotako bere artikuluaren
amaieran, Brodsky bidelagun duela: «Esaerak sagarra zuhaitzetik gertu erortzen
dela badio ere, ez da hori beti egia. Batzuetan sagarrondotik urrun erortzen da
sagarra. Batez ere, gurean askotan gertatzen den bezala, arbolak maldan daude-
nean». Eta eman dezagun, Canoren proposamenari helduta, horixe dela idazlea,
maldan dauden sagarrondoen fruituen xerka dabilen hura, ziurtasuna eta erosota-
suna bainoago eremu labaina berezkoago duena.
Eremu labainkorrean barneratzeko gonbidapena onartu zuten, izan ere, liburu
honetan biltzen diren idazle eta kritikariek "Euskal gatazka euskal literaturan"
izenburupean Miarritzen 2005eko uztailean egindako ikastaroan parte hartzeko
gonbita onartzean. Kizkia eskuan, luma hatz artean, inoiz bainoago maldan zeuden
eta dauden sagarren bila abia zitezen zen gonbita. Eta bideak izan zuen fruiturik,
bilduma hau horren lekuko. Hara hemen liburu honek bildu dituen idazleek maldan,
nork bere erara eta zalantzari leihorik itxi gabe bildu dituzten sagarretako zenbait.
LEHEN SAGARRA: NI
Nondik abiatu euskal gatazka eta literatura harremanetan jartzerakoan? Zer du
lehengai idazleak? Non du hurbileneko materiala ez bada nitasunean? Hala
zabaltzen du Canok bere artikulua: «Barkatu nire buruaz hitz egitea, baina, hitz
egin ote dezakegu idazleok beste ezertaz?». Uste horri helduta, euskal gatazkaren
eta literaturaren arteko erlazioaz aritzean nitasunetik, nor bere biografiatik abiatzea
hautatu dute Canok bezala bilduma honetako beste hainbat idazlek ere, Mikel
Hernandez Abaituak edo Hasier Etxeberriak, esaterako. Baina nitasuna eta
autobiografia ez da beti molde berean egina, eta molde anitz badira indibidualta-
sunaz hitz egiteko. Lehen pertsonan, memoriaren galbahetik haurtzaro eta
gaztarora itzultzea hautatuko dute zenbait hizlarik, edo jolasera, autofikziora jo, eta
hitzaldi erabat vila-matastarrean, nitasunaz hirugarren pertsonan ere mintza
daitekeela erakutsiko du Hasier Etxeberriaren testuak. Haatik idazlearen biografian
bizitzak adina pisu dute idatzitako obrek, eta eurek argitaratutako liburuetan
barrena bidaiatuz hautatu du beste hizlari hainbatek, Itxaro Bordak kasu, nitasunaz
mintzatzea. Niaren apaltasunetik egindako irakurketak aurkituko ditu, beraz, liburu
honen irakurleak, Idazleak beren lanetan atalean, bereziki.
BIGARREN SAGARRA: SEMANTIKA
Gatazka egoeran (edozein dela ere gatazkaren nolakoa) hitzak, terminoak ere gudu
zelaian sartu ohi dira, eta terminologiaren eta semantikaren esparrura ere hedatzen
da tentsioa. Hiztegiaren eremua ere labainkorra gertatzen da maldako egoeretan,
gatazka politikoko testuinguruan, kasu. "Euskal gatazka" izendapenak ere jaso
izan du kritika ez gutxi ere, baita ikastaro honen antolatzaileok ere "euskal gatazka
euskal literaturan" goiburua hautatzeagatik, termino hori eufemismo hutsa dela-
koan. Baina izan bada bestelako eufemismorik ere. Liburu honetan bertan, «gure
kontu trixte hori» izendatzen du delako kontzeptua Aingeru Epaltzak; «La cosa»
bataiatu du Iban Zalduak, besteren artean... Eufemismora eta klixera jo beharrak
berak salatzen du, agian, terminologia ere gudu zelaian sartua dela, esparru
labainkor, lausoan. Izan ere, zertaz ari gara euskal gatazkaz ari garenenean?
Galdera horri literaturagileen ahotik erantzuten saiatzeko ahalegina ere bada esku
artean dugun bilduma hau, baina erantzun erabatekorik nekez topatuko du
irakurleak. Ez da, inolaz ere, bat eta bera "gatazka"ri ematen zaion esanahia Jon
Benitoren "Ibilbide poetiko-ideologikoa gatazkaren euskal poesian" artikuluan edo
Jokin Muñozen "Ohe azpia" lanean. Batak XX. mendeko hamaika borroka politiko
eta sozial biltzen ditu "gatazka" kontzeptuaren aterpera, gatazka aurrez aurre
dauden bi joera kontrajarri bezala ulertuz; bigarrenak borroka armatuarekin lotuko
du hertsiki "euskal gatazka", Euskal Herria gatazkarik duen Europako azken
herrialdea dela baieztatuz. Epaltzaren hitzetan gatazka gerraren beste izena baizik
ez da; Aritz Gorrotxategiren hitzaldian, berriz, euskal literatura garaikideak jorratu
behar izan zuen lehen gatazka modernitatearena izan zela irakurriko dugu.
Eta zer du zeregin idazleak hitzak labainkorrak, sarri maiztuak eta bortxatuak
diren egoeran? Inoiz bainoago, hitzei euren esanahia bihurtzea, erreferente berriak
sortzea, eufemismo eta klixeen atzean dagoena bistaratzea bihurtzen da idazlearen
eginbehar; horixe dute hemen bildutako artikulu anitzek helburu, eta horren aldeko
aldarriak erruz aurkituko ditu irakurleak, Bordaren edo Canoren mintzaldietan,
kasu.
HIRUGARREN SAGARRA: DISTANTZIA
Idatzi ote liteke gerraz hura bizi-bizirik dagoela? Egin al daiteke fikziorik minak
gizartea hartua duenean? Zein da idazleak errealitate soziopolitikoarekiko hartu
8 Maldetan sagarrak. Euskal gatazka euskal literaturan
behar duen gutxieneko distantzia fikzionalizatu ahal izateko? Eta nola lortzen da
distantzia hori? Hara liburu honetan zehar egile batzuek zein besteek beren buruei
egindako zenbait galdera; erantzunak, berriz, hizlari adina ia. Muñozi irakurriko
diogu periferiak (kultural eta geografikoak) badakarrela berarekin perspektiba
ematen duen distantzia; Canori distantzia, izatekotan, argitaratzeko behar dela,
idazteko bainoago, eta Epaltzari edo Bordari gizarteak gatazkarekiko (batik bat,
borroka armatuarekiko) jarrera aldatu ahala joan direla idazleak distantzian eta
askatasunean irabazten.
Sortzaileak niaren hurbiltasunetik mintzo diren era berean, bilduma honetako
"Zenbait azterketa" atalak irakurketak eta kritikak sormenarekiko ezartzen duen
distantziatik egindako ikerlanak biltzen ditu, gaiaren gaineko perspektiba teoriko
eta kritikoagoa eman nahirik. Halaber, sormen lanak distantzia geografikotik
ekartzen dizkigun idazle baten, Sarrionandiaren, gaiaren inguruko poetika
hurbilduko digu Azkorbebeitiaren irakurketa saioak.
LAUGARREN SAGARRA: ENGAIAMENDUA
«Ene ustez euskal gatazka islatzen duen literatura egitea literatura engaiatua egitea
da» dio irmo Hernandez Abaituak, bere engaiamendua nondik datorren azaldu
aurretik, eta euskal literaturaren inguruan sarri piztu (eta halaber itzali) ohi diren bi
eztabaida uztartuz: engaiamendua eta gatazkaren gaineko literatura. Gai bat
solasgai hartu orduko bestera egin ohi da jauzi, eta alderantziz. Nahitaez, beraz,
gatazkaz aritzen den literaturaz jardutean azaleratuko da orrialde hauetan engaia-
menduaren auzia. Ez da afera berria, inondik ere, gutxienez 80ko hamarkadaz
geroztik inoizka atera izan baita euskal literaturagile eta zaleen arteko eztabaide-
tara. Baina konpromisoa ulertzeko eta gauzatzeko bideak ere askotarikoak dira.
Batak indarkeriaren aurrean hartu beharreko jarrera etikoarekin lotuko du bere
literaturaren engaiamendua, besteak euskal idazleek "gure istorioak" kontatzeko
duten obligazioa azalduko du, erreferente komunak sortzekoa. Engaiamendua izan
da klixeak eta etiketak ezartzeko bidea ere, eta horregatik, Azkorbebeitia Sarrio-
nandiari atxiki zaizkion "poeta engaiatu" eta antzeko etiketen pean ezkutatzen den
benetako diskurtsoa eta engaiamenduaren esanahia arakatzeari lotzen zaio.
Engaiamendua eta gatazkaren gaineko literatura aipatu orduko aireratzen den
beste galdera batek ere zeharkatzen ditu orri hauek: landu ote du behar beste
euskal literaturak euskal gatazkaren gaia? "gutxiegi eta txarto", erantzungo du
batek, ongi eta modu anitzean egin duela besteak. Bat datoz egile anitz, baina,
esaterakoan gatazkaren inguruko fikzioa egiteko ardura euskal literaturak berak
hartu behar duela bere gain, inoren zain egon gabe.
Luma eta kizkia. Sarrera gisa 9
BOSGARREN SAGARRA: IDEOLOGIA
Literatura engaiatuaz hitz egitean, idazle "konprometituez" hitz egitean, berehala
hartzen da hizpide ideologia, idazlearen aterpe ideologikoa. Engaiaturiko
literaturak ideologiaren menpe eta haren zerbitzuko behar ote du egon? Bestela
esanda, inor "engaiatutzat" jotzea ez ote ideologia zehatz bati lotuta dagoela
markatzeko eta horregatik hura gutxiesteko bidea? Izan ere, Hernandez Abaituak
dioen bezala, «badakizue engaiamenduak ez duela ia inoiz fama onik izan letren
munduan». Baina ba ote ideologiarik gabeko idazle eta testurik? «Poesia ideologia
da» erantzuten du Jon Benitok XX. mendeko poesiaz egindako irakurketan,
Gabriel Arestiz ari dela. Aitzitik, literaturak ideologiaren babespetik ihes egiteko
dukeen beharra aldarrikatuko dute bilduma honetako hainbat egilek. Jokin
Muñozek ideologiak omen dakarren "sinplismoa" saihestu beharra azpimarratuko
du eta Itxaro Bordak artea ezein ideologiak eta botere-egiturak menpean hartu ezin
duen askatasun esparrua dela. Sarrionandiaren obraz egindako irakurketa
murrizgarrien aurrean, iurretarrarena planteamendu ideologiko hertsien arabera
interpreta ez daitekeen obra dela egingo du postura halaber Azkorbebeitiak.
SEIGARREN SAGARRA: TABUA
Idazle engaiatuaren helburu behar luke, ziurrenik, tabuaren aurka jarduteak,
debekuaren mugak murrizteak, esanezinaren esparrua txikiagotzeak. Baina izan, ba
ote taburik euskal gatazkaz aritzen den literaturan? Nork eta zerk ezarrita?
Epaltzak diosku botere guneak diren esparru orotan badirela, izan, tabuak; badira
egoki eta onargarritzat joak diren ideologiak, eta haietarik landakoa ez da tabuaren
esparru ospela baino. Sistema bat sistema den heinean baditu botere guneak,
erdigunean kokatutako partaide eta balio multzoak, eta euskal literatura ez da
horretan salbuespen, testuek eta pertsonek jositako sare edo sistema ere baden
neurrian. Baina zein dira literatur eta kultur erdiguneak ideologiaren gainean,
gatazkaren gainean ezarri izan dituen eta ezarri dituen tabuak, halakorik egiten
badu? Horretan idazle adina iritzi aurkituko du bilduma honen irakurleak.
Muñozen arabera, gatazka politikoaren eta nortasunaren esparrukoak dira
euskaldunon tabuak: «Non daude, hitz batez esanda, gure tabuak? Euskaldunen
terreno debekatua? Identitatean, noski. Politikan. "La cosa"n». Kastejondarraren
iritzian euskal gatazkarena antonomasiaz tabuaren esparrua litzateke literaturagi-
learentzat eta agian hortik idazleak bildu beharreko sagarrak hain malda pikoan
egotea. Zehatzago, tabua borroka armatuaren aurrean hartu beharreko jarrera moral
eta etikoan egon izan dela irakurriko diegu Epaltza, Borda edo Hernandez
Abaituari, eta horri aurre egin beharra hartuko dute idazlearen zeregintzat.
10 Maldetan sagarrak. Euskal gatazka euskal literaturan
ZAZPIGARREN SAGARRA: ETIKA, MORALA
«Literaturak gatazka behar du. Gatazka morala» irakurriko dugu Benitoren
artikuluan, literaturak ideien eta balio-kodeen arteko tentsioak eta dialektikak
beharrezkoak dituela aditzera emanez. Are nabarmenagoa da balio moralen eta
juzgu etikoen pisua idazlea eta literatura "euskal gatazka" delako horrekin aurrez
aurre jartzean. Zein pisu du hiritar bezala idazleak dituen kode moral eta juzgu
etikoek obra literarioa sortzerakoan? Eta zein pisu irakurlearen kodeek testua
interpretatzerakoan? Ez da falta liburu honetan zehar planteamendu etikoek
eragindako galderarik: zilegi ote da besteren mina fikziorako eta artifiziorako
lehengai bihurtzea? galdetzen du Canok, etikaren eta estetikaren arteko tentsioa
mahaigaineratuz. Balorazio etikoek on eta gaizkiaren arteko auzira daramate,
bestalde, Muñoz, eta militantearen ontasunak ekar lezakeen gaitza kontsideratzera;
Epaltzak, berriz, literatur sistemaren balorazio etikoak inoiz literatur obrei bidea
oztopatzeko bide izan direla iradokiko du. Hernandez Abaituak bere ibilbide
literarioa azaltzerakoan, azkenik, indarkeria mota anitzen aurrean hartutako jarrera
etikoak hartuko ditu gidari.
Etika diskurtso literarioaren erdigunean jartzen duen literatura mota gatazkari
begiratzeko fikzioak eskaintzen dituen bide anitzetarik bat da, baina azken urteetan
badirudi gaiaren gainean egindako narratibaren parte garrantzitsu bat interesgunea
konflikto etiko-moraletan duen hura izan dela; hala defendatzen du Aritz
Gorrotxategik, bederen. Nonbait, gatazkaren erroetara eta zergatietara begiratzen
zuen literatura moduak lekua utzi dio gatazkaren ondorioei eta haien balorazio
etiko-moralei behatzen dien fikzioari.
ZORTZIGARREN SAGARRA: PERTSONA(IA)
Fikzioa egin nahi duenak derrigorra du pertsonaiak sortzea, eta pertsonaia oro da
ezaugarriz, tasunez, ideologiaz edo generoz zamatua, eta lanetik lanera
diferentziak handiak diren arren, pertsonaiei eransten zaizkien tasunetan bada
konstanterik, halako moldez non estereotipoak sortzen eta lan batetik bestera
irazten diren. Hala, ez da falta genero ikuspegitik egindako kritikarik Itxaro
Bordaren mintzaldian, non defendatzen baita borroka armatuaren izaera epikoak
eragiten duela gatazkaren inguruko mundua "matxista" izatea, eta gudari rola
mutil, anaia, semeen ia esklusibitate izatea, emazteentzat ez delarik lekurik, "are
gutxiago gay eta lesbianentzat". Halaber, Bordak militantearen arketipoan gertatu
bide den aldaketa oso era grafikoan deskribatzen du, gudari izatetik terrorista
izatera iragan baita bere iritzian euskarazko fikzioan, karga positibodun pertsonaia
izatetik negatiboki markatua izatera.
Luma eta kizkia. Sarrera gisa 11
Fikzioa egiteko perfilatzen diren pertsonaiak tasunez, ideologiaz, generoz
zamatuak dira, baita asmo eta ametsez ere. Markos Zapiain kritikariak euskal
nobelagintzan etakide rola betetzen duten pertsonaiek egindako ametsak aztertu
ditu luze eta zabal, eta horren lagin bat, Harkaitz Canoren Pasaia blueseko
ametsen azterketa bildu du orri hauetara. Euskal eleberrietako etakideen ametsik
gordinenak omen Canoren eleberrikoak, eskizofrenikoak, eta arras erabakigarriak
pertsonaiak taxutzerakoan ez ezik haien garapen eta bilakaeran. Espazio itxietan
kokatzen diren ametsek unibertsoko zulo beltzen eitea bide dute, unibertsoaren
joera hedapeneranzkoa ala barnebiltzekoa ote den zalantza eginaraziz.
BEDERATZIGARREN SAGARRA: UNIBERTSALTASUNA
Literatura txiki eta ingurukoekiko hein batean menpekoa izateak eraginda ziurre-
nik, unibertsaltasunarekiko kezka azaleratzen da inoiz euskarazko letretan, alegia,
euskal literaturak atzerrian zer duen eskaintzekorik, nola egin dezakeen lekutxoa
munduko letren basoan. Eta hor sartzen da jokoan euskal gatazkaz diharduen
literatura. Izan ere, zenbaitek, Jokin Muñozek kasurako, defendituko du atzerriko
genero eta literatur moldeen mimetismorik egin gabe, biolentzia politikodun giroan
bizitzeak euskal gizartean eragindako mundu ikuskera islatzen duen heinean
izango duela partikulartasunik euskal literaturak, eta hori papereratzen duen
neurrian sortuko duela gure letrekiko interesa atzerrian. Bordak ere Gizona bere
bakardadean lanak atzerrian, batik bat Espainian, izan zuen oihartzuna hizpide
hartuta egiten du gogoeta atzerrian "salgarria" denaren gainean. Norberaren txiki-
tasunetik "unibertsaltasuna" lortzeak dituen zailtasunak hartzen ditu hizpide,
bestalde, Canok, ezen unibertsaltasun hori lortzeko, idazlearen iritzian funtsezkoak
baitira koordenatu erreferentzial konpartituak, eta zeregin horretan hankamotz
dakusa euskarazko literatura, luzerako ibilbidea egiteko duela.
HAMARGARREN SAGARRA: ZALANTZA
Iragarri dugu hasieran: sagarrondoaren pera sagar bila abiatzen denak, liburu honen
irakurketan erantzun erabatekoen bila abiatzen denak, ziurrenik saskia hutsik ez
baina galdera gehiagoz beterik etxeratuko du, izan ere, literatura, ideologia, poli-
tika, indarkeria eta antzeko kontzeptuak hizpide hartzean labainkorra den eremua
ari gara zapaltzen, maldan dauden sagarrondoen pera ari gara erantzun bila
abiatzen. Literaturaren eremuan gabiltza, eta literaturak berekin dakar zalantzarako
joera: «Idazleok zalantza eduki behar dugu akuilu eta gidari» dio Muñozek, «ote
eta omen» idazleari lagungarri zaizkiola Canok, Sarrionandiarenean diskurtsoa
«modu zalantzatian» plazaratzen dela Azkorbebeitiak, edo «literaturak gurean
zalantzaren hazia ereiten», lagundu duela Epaltzak. Eta egin ote dezake beste ezer
literaturak? Gutxi ote da?
12 Maldetan sagarrak. Euskal gatazka euskal literaturan
Hamar aipatu ditugu, baina hamaika dira bilduma honetan parte hartu
dutenek, kizkia eskuan, luma hatz artean, jaso dituzten sagarrak, ukitu dituzten gai
eta aferak. Aterako ahal diezu, irakurle, zukurik.
Ez genuke sarrera hau amaitu nahi ohar parea egin eta eskerrak eman gabe.
Hemen biltzen diren artikuluak Udako Euskal Unibertsitatean, Miarritzen 2005eko
uztailaren 4tik 8ra egindako ikastaroan emandako hitzaldien moldapenak dira,
Jokin Muñozena salbu. Muñozen testuak Iruñeko Hizkuntza Eskolan urte bereko
martxoan emandako hitzaldian du sorburua, baina hona bildu dugu ikastaroan
landutako hainbat gairen akuilu izan baitzen, eta ugari baitira liburu honetan zehar
idazle edo kritikariek artikuluari egindako erreferentziak. Bestalde, bilduma
honetatik kanpo geratu dira ikastaroan hizlari jardun zuten hainbat lagunen lanak,
egileek hala erabakita kasu batzuetan, saioaren izaera praktikoaren ondorioz
besteak.
Mila esker eta bat gehiago, azkenik, ikastaroaren antolaketan parte hartu
zuten guztiei (UEUko literatura saileko lagunei nahiz idazkaritzako langileei),
bertan hitzaldi eta tailerretan hizlari aritu ziren guztiei, eta baita ikasle gisa parte
hartuz saioak aberastu zituztenei ere. Eskerrik beroenak halaber argitalpen hau
posible egin dutenei; euren testuak eskuzabal eskaini dituzten egileei, eta UEUko
argitalpen zerbitzuari.
Ibon Egaña
Luma eta kizkia. Sarrera gisa 13
Idazleak
beren
lanetanMaldetan sagarrak. Euskal gatazka euskal literaturan