1. Euskarazko ikus-entzunezko
itzulpenaren hastapenak
Sortu zenetik Euskal Telebistako lehen katea izan da euskarazko ikus-entzunezko
itzulpenaren bezero nagusia eta zenbait unetan ia bakarra. Egia da azken urteotan
euskaraz bikoiztu edo azpidatzitako filmak zinema-aretoetara eramateko eta
euskaraz bikoiztu edo azpidatzitako DVD edo bideo formatuko produkzioak
bultzatzeko hainbat saio eta ahalegin egon direla, baina guztiarekin ere ezbairik
gabe esan daiteke ETB-1en inguruan bildu dela eta gaur egun ere biltzen dela
euskarazko ikus-entzunezko itzulpenaren jarduera profesional eta ekonomiko
gehiena.
Arrazoi horregatik egokia iruditu zaigu lehen kapitulu honetan euskarazko
ikus-entzunezko itzulpena sortu zen testuinguruan kokatu eta euskal telebista
publikoaren hasierako urteen berri laburra ematea, betiere ikus-entzunezko
itzulpena aintzat hartuta. Horretarako urte haietako programazioaren ildo nagusiak
deskribatuko ditugu; izan ere, urte haietan hasi baitzen garatzen orain dugun
telebista-eredua.
Uste dugu emango ditugun datuak baliagarriak izan daitezkeela Euskal
Telebistak bere hastapenetan ezarri zuen ereduaren halako erradiografia orokorra
ateratzeko eta gaur egun euskarazko telebistak jarraitzen duen ereduak non dituen
sustraiak ulertzeko.
1.1. EUSKAL TELEBISTAREN SORRERA ETA PROGRAMAZIO-EREDUA
Eusko Legebiltzarrak, Gernikako Autonomia Estatutuaren 19. artikuluak xedatzen
duenari jarraiki, "Euskal Irrati-Telebista EITB" erakunde publikoa sortu zuen
maiatzaren 20ko 5/1982 Legearen bitartez (1982ko ekainaren 2ko EHAA, 71. zk.).
Legearen atarikoak berak ezartzen du Euskal Telebista hezkuntza-sistemaren eta
euskal kultura sustatu eta zabaltzeko «oinarrizko lankidetasun-tresna» dela, aldi
berean euskararen sustapena eta zabalkundea «bereziki kontuan izanik».
Geroago hainbat datu eskainiz zehaztuko dugun arren, oraingoz esan dezagun
euskarazko telebistaren hasi-masietan kanpo-produkzioa izan zela Euskal
Telebistako arduradunek euskara sustatu, zabaldu eta normalizatzeko hautatu zuten
bidea. Barne-produkzioa bultzatzeko beharrezko azpiegiturarik gabe eta euskarazko
zine-industriarik gabe, bide errazenaren --eta agian posible zen bakarraren-- alde
egin zuen Euskal Telebistak: inportatutako produktuak euskaratu eta euskaraz
bikoiztearen alde.
Hogeita hiru urtek eskaintzen diguten perspektibarekin, baten batek galde
diezaioke bere buruari ea ETB-1ek ez ote zuen azkarregi jokatu lehenbiziko
urteetan, eta ahalik eta ordu kopururik handiena emititzeko nahiak bultzaturik, ez
ote zitzaion kantitatea kalitateari gailendu. 1983. urtean, hau da, Euskal Telebista
sortu zen urtean, 700 bat ordu emititu ziren; 1984. urtean, berriz, ia 2.000 ordu,
hots, egunean bost ordu eta erdi. Gogoratu beharra dago Euskal Herrian ez
zegoela, ETB-1 sortu aurretik, euskarazko bikoizlerik, ez eta euskarazko ikus-
entzunezko itzulpenaren alorrean aritutako itzultzaile-egokitzailerik. 1984. urteko
programazio-ereduari begiratzen badiogu, berehala ohartuko gara zein izan zen
euskarazko programazioaren ezaugarri nagusia: Euskal Telebistak kanpo-
produkzioarekiko agertzen duen erabateko morrontza. 1990. urtetik aurrera barne-
produkzioa indartzen hasten den arte, eta kirolei eskainitako programek berebiziko
garrantzia hartzen duten arte, telenobelek, marrazki bizidunek, filmek, telesailek
eta dokumentalek osatuko dute euskarazko telebistaren bizkarrezurra, grafiko
honetan ikusten den bezalaxe:
14 Ikus-entzunezko itzulpena
Ikus daitekeenez, emititutako programa gehienak entretenimendurakoak dira.
Izan ere, fikzioko generoek kanpo-produkzioaren % 90 osatzen zuten ia, horien
artean telesailak (Dallas, Bostak eta Txikago), azken bost urteetan euskarazko pan-
tailatik erabat desagertu direnak. Egungo egunetan bezala, hasierako urte haietan
ere marrazki bizidunek tarte zabala hartzen zuten ETB-1eko programazioan.
1992ko programazioari begiratu bat botatzen badiogu, ikusiko dugu nola
kirol-programei eskainitako saioek pisu handia hartzen duten, gaur egun gertatzen
denaren antzera. Guztiarekin ere, garai hartan telesailak, marrazki bizidunak eta
filmak ziren euskarazko telebistaren eskaintza nagusia osatzen zuten programak,
hau da, kanpoan erosi behar ziren eta euskarara itzuli-egokitu eta euskaraz bikoiztu
behar ziren programak.
Euskarazko ikus-entzunezko itzulpenaren hastapenak 15
Hurrengo grafikoan erakusten denez, 1988tik aurrera gauzak aldatzen hasiko
dira. Barne-produkzioa indar handia hartuz joango da1 eta kirol-saioak astebukae-
retako errege bihurtu, kanpo-produkzioaren kaltetan eta, hortaz, ikus-entzunezko
itzulpenaren eta bikoizketaren kaltetan.
Barne- eta kanpo-produkzioen bilakaera.
Iturriak: Garitanoindia (1983), Ibañez Serna eta Marin Murillo (1988), Zabaleta (1988)
eta Informes Sectoriales de la CAV (1994).
Orain dela oso gutxi arte ETB-1ek film bakarra eman izan du astean zehar
igande gauean, azken hilabeteotan bi eman izan baditu ere, igande gauean biak ala
biak eta bata bestearen ondotik. Halaber, lehenago adierazi bezala, telesailek
euskarazko telebistaren bizkarrezurra osatzen bazuten ere, aspaldi desagertu ziren
euskarazko pantailatik. Garai batean ETB-1ek hiru eta are lau film ere ematen
zituen astean zehar eta beste horrenbeste telesail, marrazki bizidunekin eta
dokumentalekin batera. Horrek esan nahi du hasierako urteetan itzuli eta bikoiztu
beharreko lan asko zegoela eta itzultzaile-egokitzaile eta bikoizleen premia handia
egon zela. Baina gauzak asko aldatu dira eta gaur egun ia bakarrik marrazki
bizidunei esker jarraitzen du bizirik ikus-entzuneko itzulpenak.
16 Ikus-entzunezko itzulpena
1. Euskaraz sortutako lehen telesaila, Hau da A.U., 1990eko urriaren bostean estreinatu zen.
1.2. BIKOIZTUTAKO PRODUKTUEN JATORRIA
Zer pantailaratzen den bezain garrantzitsua da nongo produktuak pantailaratzen
diren, produktuak ez ezik tokian tokiko erreferente kulturalak eta mundua ikusteko
eta ulertzeko era desberdinak ere inportatzen baitira. Azken finean, produktu
gehienak herrialde jakin batetik ekartzen badira, herrialde jakin horrek irudia
erabat kolonizatzeko arrisku bizia dago.
Gaur egungo kanpo-produkzioaren jatorria aztertzen duen ikerlanik egin
bitartean, hasierako hamar urteetako kanpo-produkzioaren jatorria aztertzen duen
lan baten ondorioak (Barambones, 2005b) ekarri nahi ditugu orri hauetara. Lan
horretatik ateratzen den ondorio nagusia hau da: kanpo-produkzioaren % 59 Estatu
Batuetatik etorri zen. Datu horri beste hau eransten badiogu, hots, Erresuma Batua
sorlekutzat zuten programen kopurua, datu esanguratsu hau ateratzen dugu: kanpo-
produkzioaren % 75 ingelesdun herrialde batetik dator. Hortaz, euskarara itzuli
beharreko produktu gehienen sorburu-hizkuntza ingelesa da, eta, zehatzago, Estatu
Batuetako ingelesa.
Horiek horrela, hasierako hamar urteetan ETB-1ek pantailaratu zituen filmen
% 56 Estatu Batuetan ekoitzitako produktuak izan ziren. Fikzioko telesailak ere
Estatu Batuetatik ekarritako produktuak ziren gehienbat.
Marrazki bizidunen esparrura aldatzen garenean, eta gaur egun gertatzen den
bezalaxe, Japoniako manga produktuak gailentzen zaizkie Estatu Batuetako edo
beste herrialde batzuetako marrazki bizidunei. Hain zuzen ere, marrazki bizidunen
% 56 Japoniatik dator; Estatu Batuetatik, berriz, bakarrik % 30.
Manga marrazki bizidunen kasuan gaztelaniatik itzultzen dira gehienbat, eta
ez ingelesetik. Halaber kontuan hartu behar dugu euskarara itzultzeko erabiltzen
den bertsioa japonieratik edo zenbait kasutan ingelesetik gaztelaniara egindako
itzulpenean oinarritzen dela. Ezin ahaz dezakegu sorburu-hizkuntzak eragin
zuzena duela itzulitako bertsioan eta, beraz, emititutako produktuaren hizkuntza-
ereduan, hizkuntza batetik edo bestetik itzultzean itzultzaileek hartzen dituzten
erabakiak eta jarraitzen dituzten arauak desberdinak baitira.
1.3. ITZULPEN-EGOKITZAPENAREN ETA BIKOIZKETAREN HISTORIA
Euskarazko ikus-entzunezko itzulpena Euskal Telebistaren jaiotzarekin batera
sortu zen, edo, zehatzak izatera, Euskal Telebista sortu baino bi urte lehenago, hain
zuzen. Euskal Telebista abian jartzeko egitasmoari esker, lehenago existitzen ez
zen azpiegitura bat arian-arian osatuz joango da. ETBren egitasmoa garatuz joan
zen bitartean, ezerezetik atera behar izan ziren itzultzaile, egokitzaile eta bikoiz-
leak.
Euskarazko ikus-entzunezko itzulpenaren hastapenak 17
Data jakin bat zehaztea zaila den arren, arakatu ditugun iturrietan oinarri
harturik, 1980. urteko udazkenean koka daiteke euskarazko bikoizketaren sorrera,
ETBk lehenbiziko transmisioa egin baino bi urte lehenago2. Euskal telebistaren
egitasmoa gauzatzen ari zenarekin batera beharrezkoa zen kanpoko programak
euskaraz eman ahal izateko egitura egokia eraikitzea. Kanpoko programen beharra
justifikatzen duten arrazoiak orduan Kultura sailburua zen Ramon Labayenen
adierazpen hauetan aurkitzen ditugu: «Surge [Irrati-Telebista Eskola] por una
razón muy sencilla: evidentemente, para hacer una televisión en euskera, las
dificultades eran inmensas, porque los gustos del público estaban ya adaptados a
un mercado, un mercado que ofrecía muchas series y películas y, por tanto, el
material doblado tenía que ser una parte importante en la programación de la
televisión que queríamos hacer. Además era mucho más facil empezar así. Pero
necesitábamos dobladores» (Díez Urrestarazu, 2003: 23. Letra etzana gurea da).
Bikoizketa-lana eta, aurretik, ikus-entzunezko testuen itzulpen-egokitzapen
lana eraz egiteko ez zegoen ez azpiegiturarik ez aurretiko esperientziarik ikus-
entzunezko itzulpenaren alorrean, ezta euskara adierazpidetzat zuen zine-indus-
triarik ere. Beraz, ikus-entzunezko itzulpena eta bikoizketa alor jorratu gabeak
ziren euskararentzat.
Tradiziorik ezari beste eragozpen bat gaineratu behar zitzaion: garai hartan
oso gutxi ziren euskaraz egokiro lan egiteko gai ziren hedabideetako
profesionalak. Arrazoi horiek guztiak direla eta, hutsetik hasi behar izan zen, dena
ex novo sortu, eta euskaraz emitituko zuen telebista bat gauzatzeko egitasmoa
aurrera aterako bazen, premiazkoa zen profesionalak prestatzea, hala itzulpen eta
bikoizketa arloan nola alderdi teknikoetan.
Horiek horrela, 1980ko udazkenean Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Irrati-
Telebista Eskola abiarazi zuen Donostiako Prim kalean. Xabier Mendiguren,
Martuteneko Itzultzaile Eskolako zuzendaria izan zena, hizkuntz aholkulari eta
itzulpen-eskoletako arduraduna izan zen. Telebistan arituko ziren eta telebistarako
lan egingo zuten gainerako profesionalak prestatzeko Espainiako hedabide
batzuetako profesionalengana ere jo zuten Kultura Saileko arduradunek, Díez
Urrestarazuk aipatzen duen bezala (2003: 24):
Vinieron profesionales de varios estudios de doblaje de Barcelona y profesores de la
universidad catalana para impartir un buen número de clases, porque allí se daban
asignaturas no sólo de traducción y redacción, sino de dramatización, pronunciación
y locución, para lo que la presencia de profesionales del doblaje y los medios como
María Jesús Lleonard de los estudios de doblaje «La voz de España» o Emili Prado,
resultaba imprescindible [...].
18 Ikus-entzunezko itzulpena
2. Euskal Telebistak bere lehenbiziko programa 1982ko abenduaren 31n eman zuen. Orduko
lehendakariaren urteberriko mezuaren ostean, Rutas de Euskadi dokumentalak, Espaziozainak
marrazki bizidunek eta Poxpoloak saltzen zituen neskatoa telefilmak osatu zuten estreinako emisioa.
Díez Urrestarazuk esaten digunez (2003: 25), bi kurtso mota zeuden: bata, lo-
kuzioa eta jendaurreko aurkezpenak lantzera zuzendua, eta bikoizketa prestatzera
bestea. Irrati-Telebista Eskolako egoitzan bertan bikoizketa-estudio batzuk atondu
omen ziren. Estudio horietan, hain zuzen ere, egin ziren euskarara bikoiztu ziren
lehen filmak.
Larrinagak (2000a), ETBko Euskara Saileko egungo arduradunak, honela
ikusten ditu hasiera-une haiek:
En 1981 dio comienzo en la calle Prim de San Sebastián un curso enfocado en los
aspectos lingüísticos y artísticos del trabajo en radio y televisión. Los futuros
locutores de radio y televisión, presentadores y dobladores fueron instruidos durante
año y medio por un amplio equipo que Iñaki Beobide había reunido. Xabier
Mendiguren, director de la escuela de traductores de Martutene, se encargó de la
instrucción lingüística. Xabier Elorriaga, actor y profesor universitario, dio clases de
expresión corporal y dramatización. Xabier Lete, Iñaki Zubizarreta y otros
profesionales de Radio Loyola y Radio Popular de San Sebastián, únicas emisoras en
euskara de la época, se ocuparon de la formación en locución y dicción. Para la
preparación y el adiestramiento en las técnicas del doblaje, se contó con dobladores
madrileños y barcelones de prestigio, como Felipe Peña.
Irrati-Telebista Eskola sortu eta handik urtebetera, hau da, 1981ean, Kultura
Sailaren barruko txosten baten arabera, lehenengo bikoizleak3 prest zeuden, eta
hori dela eta, urte bereko azarotik aurrera hasi ziren Euskal Telebistako progra-
mazioa aurrera ateratzeko beharrezkoak ziren lehenbiziko materialak prestatzen eta
gordetzen.
Hasiera batean Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila arduratu zen ETB abian jar-
tzeko nahitaezkoak ziren ikus-entzunezko produktuak nazioarteko merkatuetan
erosteaz. Estreinako erosketa haiek ez ziren errazak izan eta traba eta eragozpen
asko gainditu behar izan omen zituzten, ikus-entzunezko merkatua telebista-kate
nazionalek --horien artean Espainiako telebistak-- kontrolatzen zutelako. J. J.
Azurza Eusko Jaurlaritzako Gizarte Hedabideetako zuzendari ohiaren esanetan,
ETBri produktuak salduz gero estatuetako telebista-kate handiek produktu
gehiagorik erosiko ez zieten beldur ziren saltzaileak. Oztopo gehienak Erresuma
Batuko eta Estatu Batuetako enpresa banatzaileetatik zetozen, Espainiako ikus-
entzunezko merkatuaren hornitzaile nagusiak baitziren. Horregatik, hasiera batean,
ETBko Programa Zuzendariordetzako arduradunek Europako ekialde eta erdial-
deko merkatuetara jo behar izan zuten, hor ez zegoelako telebista-kate berri bati
programak saltzeko halako erreparorik edo errezelorik; gainera, salneurriak askoz
Euskarazko ikus-entzunezko itzulpenaren hastapenak 19
3. Gehienetan "bikoizketa" eta "bikoizleak" aipatu ohi dira, "itzultzaile-egokitzaileak" alde
batera utzita. Kontuan hartu behar dugu, halere, eta bakoitzari dagokiona kendu gabe, itzultzaile-
egokitzaileen lana bikoiztaileena bezain garrantzitsua dela. Horregatik, itzultzaile-egokitzaileen lana
ere aipatu ez ezik aldarrikatu ere egin behar dela uste dut.
ere merkeagoak ziren. Ramon Labayenek honela ematen digu egoera horren berri
(Díez Urrestarazu, 2003: 27):
Desde el principio tuvimos dificultades para comprar películas. No se nos vendía
nada. Intentamos adquirir películas inglesas. Supongo que TVE presionaba sin duda
en este sentido. Alguién logró comprar por fin en Milán unos dibujos animados
búlgaros. Pienso que la gente de aquella época se acordará. No eran especialmente
buenos, pero tenían la virtud de que nos los vendieron.
Euskal Telebistari ikus-entzunezko produktuak saltzeko zeuden erreparoek
oso ongi argitzen dute ETBk 1982an atzerrian erosi zituen 500 programazio-
orduetatik erdiak baino gehiagok, besteak beste, Bulgaria, Errumania eta Jugosla-
vian jatorria izatea. Geroago, Kataluniako TV3 telebistarekin egindako hitzarmenari
esker, Dallas bezalako telesailak erosi ahal izan zituzten eta BBC edo "Thames"
bezalako produkzio-etxeekin kontratuak egin.
Ibáñez Sernak bere doktore-tesian jasotzen duenari jarraiki (1992: 131), Do-
nostiako bikoizketa-eskola izan zen Eusko Jaurlaritzak telebistan egiten zuen
estreinako inbertsioa. Egile horrek ematen dituen datuen arabera, eskola horrek
arlo guztietako hirurogeita hamarren bat ikasle prestatu zituen, eta horien artean,
itzultzaileak, testu-egokitzaileak eta bikoizleak.
Donostiako Irrati-Telebista Eskola hartatik hiru promozio atera bide ziren. Es-
kola barruan Filme Bikoiztuen Zerbitzua edo, beste iturri batzuen arabera, Filmen
Bikoizketarako Zentroa (FIBIZE) sortu zen. Zerbitzu edo zentro horrek jatorrizko
gidoien lehen itzulpen-egokitzapenak egin eta lehen filmak bikoiztu zituen. Nolanahi
ere, hala eskolaren nola bikoizketa-zerbitzuaren bizitza ez zen oso luzea izan, bi-
biak desagertuko baitziren euskal telebista publikoa jaio aitzin.
Euskal Telebista sortu aurreko itzulpen-egokitzapen eta bikoizketa-prozesua
honela laburbil dezakegu: Kultura Saileko arduradunek nazioarteko merkatuan
erosten zituzten ikus-entzunezko produktuak; behin erosiz gero, Filme Bikoiztuen
Zerbitzura bidaltzen zituzten eta zerbitzu horrek Irrati-Telebista Eskolako itzultzai-
leen artean banatzen zituen. Jatorrizko gidoia itzultzen bukatzen zutenean, itzul-
tzaileek egokitzapenaz arduratzen ziren pertsonen eskuetan uzten zuten itzulitako
gidoia, itzulpena pantailaren beharretara egokitzearren. Gidoia egokitutakoan,
FIBIZEko egoitzan bertan zegoen bikoizketa-estudiora bidaltzen zen eta han
dramatizazio-lana egiten zen. Inon jasorik ez badago ere, pentsatzekoa da itzulpen-
egokitzapen lanek zein bikoizketak Filmen Bikoizketarako Zentroak ezarritako
kalitate-iragazkiren batetik igaro beharko zutela.
Hastapenetan Donostiako bikoizketa-eskola eta ikasleak Eusko Jaurlaritzari
lotuta egon ziren, baina Jaurlaritzako arduradunek enpresa pribatuen ardurapean
utzi nahi zuten telebistarako bikoizketa. Nahi edo asmo horren ondorioz, 1982ko
uztailaren 2an Eresoinka sozietatea eratu zen. Egoitza Andoainen zuen eta hasieran
20 Ikus-entzunezko itzulpena
300.000 mila pezetako kapitalarekin osatu zen. Sozietatea sortu zutenen artean
honako hauek zeuden: Iñaki Anasagasti, haren anaia Joseba Anasagasti, Gorka
Joseba Agirre, Juan Antonio Arcelay eta Iñaki Goiri Barron.
Larrinagak (2000a) aipatzen duenez, sorreran Eresoinka sozietatea bakarrik
bikoizketaz arduratzen zen eta FIBIZEk gidoiak itzultzen zituen Xabier Mendigu-
renen ardurapean. Halere, Eresoinka sortu eta berehala, FIBIZEren eskuetan
zegoen material guztia enpresa berri horretara pasatu zen.
Kontuan hartu behar da 1982. urtean ETB sortu gabe zegoela artean ere, eta,
beraz, prestatzen ari ziren material guztia erreserban gordetzeko zen. Era horretan,
ETB emititzen hasten zenerako, emisioak bermatzeko behar beste material
gorderik izango zuten Euskal Telebistako programazio-arduradunek. Behin eta pro-
grama-erreserba nahikoa sorturik zegoenean, bikoizketa-beharrak programazioaren
egiturari egokituko zitzaizkion.
Lehenbiziko fase horretan itzulpen- eta egokitzapen-lanak pertsona desberdinek
egiten zituzten. Itzultzaileek sorburu-hizkuntzatik euskarara aldatzen zituzten
gidoiak eta soil-soilik edukiaren transferentzia egokiaz arduratzen ziren. Testua
itzuli ondoren egokitzaileen eskuetan uzten zen. Egokitzaileak sinkronia-arauak
errespetatu eta testu ikus-entzunezkoak ahozko hizkeratik ahalik eta hurbilen
egoten eta albait komunikatiboen izaten saiatzen ziren.
Jardunbide horrek ez zuen denbora asko iraun, luze gabe lehen bi lagunek
egiten zuten lana pertsona bakar batek egitera pasatu baitzen. Horrela, itzultzaile-
egokitzailearen figura gailendu zitzaien itzultzailearenari eta egokitzailearenari eta
azkenean guztiz finkaturik geratu zen Euskadiko bikoizketa-estudioetan. Gaur
egun, eta esaterako Valentzia edo Galizia autonomia-erkidegoetan gertatzen denaz
bestera, hemengo bikoizketa-etxeetan pertsona beraren eskuetan dago ikus-
entzunezko testuen itzulpen eta egokitzapena.
ETBko kanpo-produkzioaren eskaerari, hau da, filmen, telesailen, marrazki
bizidunen eta dokumentalen eskaerari, erantzun nahirik, beste bikoizketa-enpresa
bat sortuko da 1982ko maiatzean: Galdakao Estudios. Bikoizketa-estudio berri hau
Xoxoa disketxetik sortu zen. Xoxoa enpresak diskogintzan lan egiten zuen eta
harrez gero ikus-entzunezko produktuen bikoizketa kudeatzeaz ere arduratuko zen.
Dramatizazio-lana, hots, bikoizketa, Xoxoa produkzio-etxeko estudioetan
egiten zen eta itzulpen-egokitzapen lana beren kasa ziharduten itzultzaileek
burutzen zuten.
Bigarren bikoizketa-etxea sortu eta itzultzaile-egokitzaile eta bikoizle talde
profesional zabala eratzearren, Bilbon ere bikoizketa-ikastaroak eman zituzten.
Ibáñez Sernak (1992: 146) ematen dituen datuen arabera, Bilbon hogeita bi
lagunek bukatu zuten ikastaroa. Bilboko taldeari Donostiakoa gehitzen badiogu,
Euskarazko ikus-entzunezko itzulpenaren hastapenak 21
guztira berrogeita hamar bat laguneko taldea osatuko zuten hastapenean ikus-
entzunezko itzulpengintza eta bikoizketan ziharduten profesionalek. Guztiarekin
ere, talde hori ez zen nahikoa Euskal Telebistak bikoizketa arloan zituen beharrak
asetzeko, guztien artean beharren % 50 baino ez baitzuten betetzen. Geroago pro-
fesional horiek lanean hasiko ziren Andoaingo eta Galdakaoko bikoizketa-estu-
dioetan.
EITBko Administrazio Kontseiluak ematen dituen datuetan oinarriturik,
1983ko martxoan, hau da, Euskal Telebista jaio zenetik hiru hilabetera, 100 bat
profesionalek ziharduen lanean kanpoko programak euskarara aldatzen eta
bikoizten, ETB-1eko programa-beharrei erantzuteko.
Galdakao Estudios enpresak izena aldatu zuen eta hortik K2000 SA bikoiz-
keta-enpresa sortu zen. Gaur egun K2000k Galdakaon du produkzio-egoitza eta
bikoizketan zein ikus-entzunezko produkzioan aritzen da.
1985. urtean zatiketa bat gertatu zen K2000 enpresaren barruan eta enpresa-
rekin loturik egon ziren zenbait langilek beste bikoizketa-enpresa bat sortu zuten:
Edertrack, gaur egun Bilboko Sabino Arana kalean egoitza duena.
1986. urtean Eresoinka sozietatea bere jardueraren zati bat enpresa-talde
bereko beste enpresa bati ematen hasi zen eta era horretan Irusoin bikoizketa-etxea
eratu zen.
Orain dela gutxi, 2004. urteko udan, Edertrack eta Irusoin bikoizketa-etxeek
bat egin zuten eta sozietate berria eratu zuten: Mixer Producciones Audiovisuales
SL.
Zabalondok aipatzen duen bezala, «egun lanbidea gain behera etorrita dago»
(2005: 304). ETB-1eko programazio-ereduak ez dio batere laguntzen lanbideari eta
hasierako urteetako boomari dagoeneko urte batzuk dirauen beheranzko joera
etengabeak jarraitu dio. Bikoizketa-etxeek emandako datuen arabera, gaur egun
hogeita bost bat itzultzaile-egokitzaile aritzen dira lanean arlo honetan, ia guztiak
autonomo gisa lan egiten dutenak.
1.4. IKERKETA-BIDEAK IKUS-ENTZUNEZKO ITZULPENGINTZAREN
ALORREAN
Espainian eta mundu osoan zehar azken hamar urteetan ikus-entzunezko itzul-
penari buruz egon den ikerketa-uholdea kontuan hartzen badugu, euskarazko ikus-
entzunezko itzulpenari buruzko ikerlanak urriak baino urriagoak dira. Euskarazko
ikus-entzunezko itzulpena, gure mendean duen garrantziaren eta eraginaren zabala
gorabehera, esparru akademikoetatik eta ikertzaileen ikusmiratik at egon da, litera-
turako itzulpenaren aldera bigarren mailako itzulpen-jardueratzat hartu izan dela-
ko; halaber, arlo honetan diharduten profesionalek ere ez dute hartu egiten duten
22 Ikus-entzunezko itzulpena
lanari buruz gogoeta egiteko denborarik edo patxada nahikorik, ziur aski lan mota
honek ezartzen duen erritmo frenetikoak eragotzita.
Azken bizpahiru urteetan hainbat ikerlan bideratu dira unibertsitatearen
talaiatik eta beste batzuk ere abian dira dagoeneko. Nolanahi ere, euskarazko itzul-
penaren esparruan dena eginkizun dago. Egoera honek ikerketa-bide guztiak
zabalik uzten dizkie arlo honetan murgildu nahi duten ikertzaile guztiei.
Orain arte egin diren ikerketek erakutsi dutenez, Itzulpen Ikasketa Deskrip-
tiboek4 arlo honi ekiteko beharrezkoa den oinarri zientifiko eta metodologikoa
eskaintzen dute. Itzulpen Ikasketen diziplina guztiz enpirikoa da eta eta Toury-ren
arabera (1995:1) xede hauek izan behar ditu:
[...] no empirical science can make a claim for completeness and (relative) autonomy
unless it has a proper descriptive branch. Describing, explaining and predicting
phenomena pertaining to its object level is thus the main goal of such a discipline.
Hortaz, gure ikerketaren lehenengo urratsak zuzendu beharko ditugu orain
arte egin dena deskribatzera. Itzulpen Ikasketen adar deskriptiboak egin diren edo
egiten diren itzulpenen berri emango digu. Hartzen dugun ikuspuntua hartzen
dugula ere, gure ikerketa egiazko jarduera profesionalean oinarritu behar da. Gure
teoriek oinarri enpirikoa izan behar dute eta tokian tokiko errealitatearekin
uztarturik egon beharko lukete. Hipotesi hutsetan zimendatzen diren teoriek balio
gutxi dute eta gai honen irakaskuntzari ez diote inolako mesederik ekartzen
Itzulpen Ikasketen diziplinartekotasuna aintzat harturik, egingo diren ikerla-
nek hizkuntzaren ikuspuntutik ez ezik alderdi edo saihets kulturaletik eta sozio-
logikotik ere heldu beharko diote ikus-entzunezko itzulpenari. Ikus-entzunezko
produktuak itzuli eta egokitzeko jarraitu diren itzulpen-estrategiak eta itzulpen-
estrategia horietatik ondorioztatzen diren arauak ikertu beharko dira; era berean az-
tertu beharko dugu zer-nolako eragina duten ikus-entzunezko produktuek produktu
horiek kontsumitzen dituen gizartean eta nola hartzen dituen produktu horiek
gizarteak. Euskararen kasuan sakon aztertzea mereziko lukeen gaia da nolako
eragina izan duen edo duen ikus-entzunezko itzulpenak euskararen normalizazioan
eta noraino laguntzen duen hainbat hizkuntza-erabilera, hitz, esapide eta abar nor-
malizatu eta zabaltzen.
Halaber, ikerlanek ikus-entzunezko genero guztiak aztertu beharko lituzkete,
eta ez bakarrik filmak. Besteak beste, dokumentalak eta marrazki bizidunak ere
azterkizun izan beharko lituzkete ikertzaileek.
Euskarazko ikus-entzunezko itzulpenaren hastapenak 23
4. Itzulpen Ikasketa Deskriptiboak zer diren ulertzeko baitezpadakoa da, besteak beste, egile
hauen lanak irakurtzea: James S. Holmes-en The name and nature of Translation Studies (1988),
Gideon Toury-ren Descriptive Translation Studies and beyond (1995) eta Theo Hermans-en Trans-
lation in systems. Descriptive and Systemic Approaches Explained (1999).
Hemen bakarrik azter daitezkeen hainbat gai azaldu baino ez dugu egin. Ikus-
entzunezko itzulpena oso alor erakargarria da, ikerketa-bideak era askotarikoak
dira eta euskarazko ikus-entzunezko itzulpenaren kasuan ikerketa arlo berria
zabaltzen zaie esparru honetan murgildu nahi duten guztiei.
24 Ikus-entzunezko itzulpena

Ikus-entzunezko itzulpena