HISTORIA: ZIENTZIA
ALA LITERATURA?
Historiari buruzko gogoeta sorta
© Pruden Garzia, Iban Zaldua
© Udako Euskal Unibertsitatea
ISBN: 84-86967-66-X
Lege-gordailua: BI- 1321-95
Inprimategia: BOAN, S.A. Padre Larramendi 2. BILBO
Azaleko argazkia: Robert Delaunay
Banatzaileak: UEU. Concha Jenerala 25, 6. BILBO
Zabaltzen: Igerabide, 88 DONOSTIA
AURKIBIDEA
AURKIBIDEA ................................................................................................. 5
SARRERA ....................................................................................................... 7
ESTATUA, GIZARTEA ETA HISTORIA. Alemaniako historiografia
historizismotik historia sozialera ..................................................................... 13
Ludger Mees
HISTORIA BERRIA: BERRIKUNTZAK ETA BERRIKETAK ..................... 31
Eugenio Riaño
HISTORIA INTELEKTUALA EDO INTELEKTUALEN HISTORIA? ........ 47
Pruden Garzia
HISTORIAREN AINGERUA, EDO, EUSKAL ETNOGRAFIA
SURREALISTARI AURRE-HITZAK ............................................................. 65
Joseba Zulaika
TOPOI NAZIONAL/NAZIONALISTAK ERNAZIMENTUAN:
CAMOESen "OS LUSIADAS" ........................................................................ 89
Joxe Azurmendi
Aurkibidea ___________________________________________________________________ 5
SARRERA
Noizean behin historialariok gure ihardueraz hausnarketa bat egitea
komeni dugula erabakitzen dugu, eta hausnarketa horretan, normalean,
antzinako edota garaiko historialarien lanaz, joerez eta inguruaz hitz egiten
edo idazten dugu. Historiaren historia honi historiografia izena eman ohi
zaio, gure disziplina zatitzen den azpiarloetako bat dugularik. Nahikoa
garatu den azpiarlo bat, gainera, urtero uzta oparoa ematen duen horietakoa,
liburu eta artikuloetan alegia. Historiografiari buruzko lanek, gainera, izan
ohi dute ezaugarri amankomun bat, alegia, aspergarriak diruditela, batez ere
ikasleentzat: ikasturte hasieran, azkar eta trakets azaltzen den gaia
asignaturaren historiografiari buruzkoa izan ohi da. Agian ez dugu
asmatzen. Historiografia, ordea, oso interesgarria izan daiteke, ez bakarrik
gure ezaguera-arlo honen gora beherez jabetzeko, baizik eta Historia bera,
garai edo gizarte konkretu bat ezagutzeko; adibide on bat liburu honetan
bertan aurki dezakegu Ludger Meesen lanean: alemaniar historiografiari
buruzko artikulu hori irakurri ondoren, ia dudarik gabe, hainbat liburu lodi
zailtasunez irentsi eta gero baino gehiago jakingo dugu azken bi
mendeetako Alemaniako historiari buruz. Eta gauza bera esan dezakegu
liburu hau osatzen duten gainontzeko artikuluez: adibidea jartzeko Meesena
aukeratu badugu germaniar gizarte-historiaren gorabeherak ezagutzea
­printzipioz behintzat­ irakurle ez-adituarentzat erakargarritasun eskasa
eduki dezakeelako izan da.
Historiaren inguruan mugitzen garenok historiografia lantzean
erantzun nahi dugun oinarrizko galdera hau da: Zertarako Historia? Hauxe
da historialariok behin baino gehiagotan gure bururari egiten diogun
galdera. Eta ikasleek, beren isiltasunaren hormatik, irakaskuntzan
dihardutenei akaso galdetzen dietena. Baina bereziki profesionalek maiz
planteatzen dugun galdera da. Batez ere garai hauetan, historialari izan nahi
dutenen kopurua jeisten ari denean, historia fakultatetako gelak beste
karrera batzuk egin ezin izan dituztenek betetzen dituztenean... Nazioarteko
mailan historialarion presentzia publikoa (komunikabideetan, gizarteari
interesatzen zaizkion arazoen eztabaidetan...) murriztu egin da azken
urteotan: lehen historialariek garrantzi handiagoa zuten; kulturaren
ehundoko star-ak ez baziren ere, jendeak ­zenbait jendek behintzat­ beren
izenak eta iritziak ezagutzen eta, are gehiago, kontutan hartzen zituen:
Ranke, Mommsen, Carlyle, Toynbee, Bloch, Braudel, Sánchez Albornoz...
Nork ezagutzen du, gaurregun, bizirik eta lanean dagoen historialari baten
izena? Azken urte hauetan dinamika akademikoaren ondorioz historialarien
Sarrera ______________________________________________________________________ 7
kopurua eta proportizoa zenbat hazi den kontsideratzen badugu, noski.
Beharbada historialariok, begirada ia beti lehenaldira zuzenduta dugularik,
ez dugu etorkizun hobeago bat prestatzen lagundu. Hainbestetan errepikatu
den leloa ­iragana ezagutu behar dela etorkizunean hanka sartze berberak
ez errepikatzearren­ tontakeria hutsa dirudi, gizakiok betiko erru
historikoak eta berriak ere gauzatzeko dugun abilezia kontutan hartzen
badugu behintzat. Historia, historialaritza alegia, krisian dagoela diotenak
gero eta gehiago dira.
Historiaren krisiaz ari gara. Zein krisi? Fukuyamari buruz (eta batez
ere Fukuyamaren kontra) idatzi denari kasu egiten badiogu, annus
horribilisa 1989 litzateke: Berlingo harresiaren erorketa, sistema
komunisten amaieraren hasiera, marxismoak eta materialismo historikoak
agintzen zuen etorkizun distiratsuaren behin betiko iluntzea... Guzti honek
zientzia den ala ez denez zalantzapean dugun diziplina hau, Historia, krisian
murgilduko zukeen: Ekialdeko Iraultza Demokratikoak (sic) umezurtz ugari
utzi omen du... Baina krisia ez da oraingo gauza: historialarientzako
Historia ia beti krisian egon da. Erregimen sozialisten erorketak espero
zitekeena baino zarata intelektual handiagoa eragin du; berez, marxismo
eskolastikoa deitu izan denaren jarraitzaile ez hain kopurutsuak geratu ziren
erreferenterik gabe. Aitortu baino gehiago al zeuden? Edozein kasutan,
marxismoaren eta materialismo historikoaren ekarpenak ez daude hilda, E.
Acton eta beste batzuek argitaratutako After the End of History bilduma
bikainean ikusten denez (espainieraz argitaratua: A propósito del fin de la
historia, Valentzia, Edicions Alfons el Magnànim, 1994). Historiaren krisi
horrek, hortaz, lehendik datorren maldan beherako etsipen batean al du
oinarri? Izan ere, optimismo historikoa nagusi izan zen garai luze baten
ondoren, azken hogei-hogeita hamar urteotan munduak bizi izan duen
krisiak ­ez bakarrik ekonomikoa, gainera­ gure gizarte-zientzia honi
aztorapena ekarri dio, disziplinaren ultraespezializazioan isladatu omen den
zerbait. Historia ezberdinen jaiotza eta ugalpena testuinguru honetan kokatu
beharko genuke: pentsamoldeen historia, historia ekologikoa, historia
intelektuala, historia politiko berria, emakumeen historia, gizarte historia,
soziologia historikoa, ekonomi historia berria, etab. supermerkatu
akademikoan nahasten diren kolore biziko etiketa eta iragarki erakargarriak
dira... gizartearen beharretatik geroz eta urrunago dagoen intelektual eta
funtzionari talde onanista batentzat. Arazoari buelta eman diezaiokegu,
noski: agian gizarteari ez zaio batere interesatzen egin dezakeguna eta
hauexek dira aurrera jarraitzeko ­eta zenbaitek soldata ziurtatzeko­ aurkitu
ditugun bideak.
Baina historialaritzarako eta historialari "akademikoenganako" arreta
faltak ez du esan nahi publikoak historiari uko egin dionik. Eugenio Riañok
bere artikuluan aipatzen duen bezala, gure liburudendetako apalak (eta
8 ____________________________________________________________________________
kioskoak ere bai!) nobela historikoez beterik daude eta (are harrigarriagoa
dena, horietariko batzuen literatur kalitateari begiratzen badiogu behintzat)
jendeak erosten ditu. Gai historikoa duten erakusketak jendez betetzen dira,
urteurren eta mendeurrenik eldarniagarrirenak ponposki eta aurrekontu
lodiak xahutuz ospatzen dira, filme historikoek arrakasta izaten jarraitzen
dute (western-a ere bueltan dator), 90.etako espainiar gizartearen egoera
beherakorra hain ondo ispilatzen duten irrati-tertulietan ez da ia inoiz falta
historian aditurik ­nahiz eta hauek, kurioski, oso gutxitan izan Historian
lizentziatuak­; gure telebistan bertan (ETBz ari gara, noski) ez da falta
izaten gai historikoei buruzko programarik (zenbatek ikusten duen ez
dakigu). Jendeak, hortaz, iraganaren beharra duela erakusten digu, iragana
ezagutzeko, iragan bat bereganatzeko beharra duela, alegia. Ez da
harritzekoa, panorama honekin, J. Fontana bezalako polemistek gogor
salatzea literaturarantz gerturatzeko hainbat historialarik egin duen aukera.
Eta honek gure disziplinaren mugen arazora eramaten gaitu. Historiak, XIX.
mendetik, zientzia kontsideratua izateko ahalegin itzelak egin ditu. Popper-
ek "historizismoari" egin zizkion erasoak alde batera utzita, liburu honen
oinarrian dagoen ikastaroan Joseba Zulaikaren hitzaldiaren inguruan
(historia "irakurtzeko" aukera ezberdinak zirela eta) sortu zen eztabaida oso
adierazgarria izan zen, azken finean literatura eta historiaren arteko muga
lainotsuak askok uste genuen baino zabalagoak agertu zitzaizkigulako. Bere
artikulu polemikoa irakurtzea Historia-zientziaren sendotasunean buru-
-belarri sinisten duen orori gomendatzen diogu.
Krisi hau, noski, batipat mendebalde mailan gertatu den zerbait izan
da. Euskal Herrian, gainera, beste arazo batzuk ditugu. Baina baita abantaila
batzuk ere, gure ustez: historiak, gure historiak alegia, ez du
protagonismorik galdu, ez hainbeste, behintzat. Eztabaiden giroak lehenago
zuen bortizkeria galdu badu ere, Euskal Herriko historia gezi dialektiko
bezala erabiltzen jarraitzen dugu, hauteskunde kanpainero ikusten dugun
bezala. Historia, oraindik, euskal eta espainiar nazionalismoen arteko
borrokaren bataila-eremuetako bat dugu. Egia da, azken hamarkada
hauetan, euskal nazionalismoak izan duela lehentasuna historiaren
mi(s)tifikazio prozesuan, eta hainbat historialarik lan izugarria (eta
mesedegarria) egin dutela "abertzaleek" finkatutako totem asko deusezteko.
Baina ustezko antinazionalismoaz jantzitako historiografiari ere aurrekoen
antzeko erruak aurpegira diezaiokegu. Espainia mailan egin den
azkenengotako saioa (soilik euskal nazionalismoaren kontra ez badoa ere)
hainbeste arrakasta izan duen Fernando García de Cortázarren Breve
historia de España izango litzateke, Espainiaren ideia historikoa oinarri
berri eta modernoetan finkatzen saiatzen delarik; liburu osoak balio duena
gastatu nahi ez baduzue, ehun pezetatan "Alianza 100"-ek argitaratutako
beronen sarreraren irakurketa biziki gomendatzen dizuegu. Baina
historiaren erabilpen hauek ezkorrak izan baldin badaitezke ere, bere alde
Sarrera ______________________________________________________________________ 9
ona ere izan dezakete, gure lana gizartearentzako interesgarria eta
eraginkorra izateko aukera handiagoa ematen digutelako. Hauxe dugu
euskal historialarion desafioetako bat.
Hala eta guztiz ere, zorionez, nazionalismoarena ez da gure artean
kitatu beharreko eztabaida bakarra, garrantzitsua izanik ere. Frogagarri gisa,
zilegi bekigu liburu honen artikulu guztien aipamen laburra egitea.
Lehenengoak, adibidez, Ludger Meesen eskutik, Alemaniako azken mende
eta erdiko historiografiaz dihardu. Urrutiko kontuak nonbait, esan lezake
batek, gure gaurko munduan urrutiko konturik balego bezala, edo Rhin-ez
bestaldeko historiak gure eguneroko bizitzan eragin zuzenik ez baleuka
legez. Muinari atxikiz, historiografia germanikoaren sintesi kritiko eta
dokumentatua dugu, hots, ia erabat ezezaguna zaigun alorra, egileak
mingostasun apur batez hasieran aipatzen duen gisan. Izan ere, Europako
erdialdeaz dakiguna, ia beti, Paris, Londres edo New Yorken bidez dakigu
(kasurik onenean), edota sarriago, Madrilen bitartez. Lehengo eskuko
informazioa izateak akuilatuko al gaitu maisu haundi askoren lanean
erreparatzera? Alegia, Meinecke, Fischer, Hans Rosenberg, Wehler, Kocka,
Puhle... noiz arte ezezagun? Bestalde, eta gurera etorriz, Alemaniako
ispiluan begiratzea lagungarri gerta dakiguke agian uste ez dugun tamainan.
Horrelako susmoak har daitezke era honetako baieztapenak irakurriz eta
gure egoeran proiektatuz: Alemaniaren berrikuntza edo modernizazio
politikoa berandu burutzeak historiografiaren berrikuntza ere oztopatu eta
atzeratu egin zuen.
Tesi honek badu oihartzunik, zeharkakoa bada ere, Eugenio Riañoren
artikuluan, zeinean gogorki kritikatzen baita gure artean indarra hartu duten
zenbait joera berritzaile, berauen bapateko arrakasta neurri haundi batean
gure bilakaera politiko aldakor eta berezi xamarrari lotuz. Riañoren eraso
nagusia Parisetik datorkigun Historia Berria-ren aurka zuzentzen da, bere
funts teorikoa, zorrozki aztertu ondoren, kolokan jarriz. Ondorioz, bai
Espainian bai Hego Euskal Herrian izan dituen zenbait jarraitzaileren lana
aipatzen da, segitu behar ez den bidearen adibidetzat. Funtsean, arruntkeria
eta errazkeria ororen aurkako aldarrikapena dugu, berritasunaren jazkera
apainez gure artean zabaldu den txoriburukeria zenbaiten salaketa ozena.
Hirugarren artikuluan Pruden Garziak Historia Intelektualaren alorra
jorratzen du, gure artean hain gutxi landu den arlo akademiko honetan
txango bat egitea proposatuz. Hala ere, ez da artikulu deskriptiboa; aitzitik,
Garziaren kezka nagusia intelektualaren definizio bat eskeintzea da, finean
definizio irekia bada ere (galdera-ikurren artean jarria). Horretarako, bere
definizio propioa adierazi ondoren, teoriko klasiko batzuen pentsamendua-
ren azterketa kritikoa burutzen du (nagusiki Weber eta Gramsci) guztien
arteko erkaketaz irakurleak bere ondorioak atera ditzan. Intelektualen
10 ____________________________________________________________________________
engaiamendua oraindik ere gai bizia denean gure herrian (horren alde
plazaratzen dira behintzat behin eta berriro hemengo intelektual batzuk)
ondo dator era horretako aldarrikapenen oinarrian egon daitekeenaz gogoeta
egitea, eta beste horrenbeste unibertsitatearen izaeraz, helburuez eta balizko
funtzio politikoaz (edo neultraltasunaz).
Joseba Zulaikaren eskutik historialarion gremioa utzi eta
Antropologiaren alorrean barneratuko gara, artikulu probokatzaile baten
bitartez askoren oinarri ustez sakratuak astinduz eta, era berean, zenbait
disidentzia ortodoxoren aurreritzi zurrunak porrokatuz. Walter Benjamin eta
On Joxe Migel Barandiaranen arteko enkontru surrealista bat da
artikuluaren aitzakia eta, hari horretatik tiratuz, Historia eta
Antropologiaren arteko lotura gatazkatsuak ezezik, bakoitzaren oinarri
teorikoei buruzko gogoeta sakon eta jantzia ere aurki daiteke bertan. Hortaz
gain, Euskal Herriko ikerketa antropologikoen kritika kupidagabea, batez
ere Martínez Gorriarán eta Mikel Azurmendiren lanak aztertuz. Finean,
gure herriaren magalean mende honetan garatu den Antropologiaren
irakurketa parodikoa, gazi-gozoa. Parodiaren bindikazioa da, ziur aski, lan
honen ekarpenik gozagarriena, ez baita teorizazio hutsa, praxi distiratsua
baizik Zulaikak eskeini diguna, hots, argudio sakon eta serioak klabe
surrealista batean harilkatuz gure egoeraren ulermenaren alderdi ezkutuak
ikuskatzeko aukera ezinhobea. Bere Iruñeako hitzaldian sortutako
eztabaidari zor dio liburu honek izenburua.
Joxe Azurmendiren lana, aldiz, estuki atxekitzen zaio molde klasikotan
artikulu akademikotzat jotzen denari (eruditoa ere esaterik badago) nahiz
eta, liburu honetako besteak bezala, ez duen galtzen funtsezko jite
polemikoa. Gaia euskaldunen artean agortezina dirudien horietako bat da,
hots, nazionalismoaren kontzeptualizazioa eta honi lotutako ondorio
epistemologiko guztiak. Egilearen asmoa, berriz, egun indarrean dagoen
paradigma (Kuhn-en erara esateko) porrokatzea da, edota, gutxienez, bere
baliogarritasunari buruzko zalantza irmoak plazaratzea. Delako paradigma
hori, bere formulaziorik xinpleenean, horrela adieraz daiteke:
Nazionalismoa XIX. mendearen hastapenean Europan asmatutako doktrina
politiko bat da (Elie Kedourie, Nationalism, 1966). Baieztapen hori ontzat
emanez egin dute bere lana egun Euskal Herrian eztabaidaezintzat jotzen
diren zenbait teoriko (Ernest Gellner edo Eric Hobsbawn, kasu), beraiengan
oinarritzen direlarik, berriz, (anti)nazionalismoaren teoriko euskaldun
ezagunenak (Aranzadi, Recalde, Juaristi, Unzueta, etab...); zer esanik ez
azken hauen epigono ugariak. Artikulu honen bitartez Azurmendik segida
ematen dio Euskaldunak eta espainolak arrakastatsu hartan hasitako bideari,
oraingoan azterketa kasu bakar batera mugatuz eta gizarte-zientziatan
ohikoa den aparatu kritikoa erabiliz. Edonola ere, tesia orduko berbera da:
indarrean den paradigmaren baieztapen nagusia errotik ukatu gabe (hau da,
Sarrera ______________________________________________________________________ 11
garbi dago nazionalismoa doktrina politiko bat dela), hortik ondorioztatzen
den erredukzionismo eta sinplekeria salatzea, fenomeno konplexu bat
dimentsio bakar batera mugatzeak izugarri pobretzen eta desbideratzen
baitu beronen analisia eta ulerkuntza. Frogagarri gisa Portugaleko testu
historiko klasiko baten azterketa zehatzari ekiten dio (Camôes-en Os
Lusiadas), bertan aurkitzen diren topoi nazionalistak deskribatuz eta honen
bidez nazionalismoaren sustrai zaharren gaian barneratuz. Analisi luze
baten ondoren, Azurmendik ozenki salatzen du zientifismoz mozorroturiko
zenbait aurreritziren astuntasuna, konplexurik gabeko ikerketa librera deituz
historialaria.
Hala bedi guretzat eta liburu honen irakurlearentzat ere: aska gaitezen
nor bere aurreritzi eta azaleko usteen zama astunetik eta ekin diezaiogun
inguratzen gaituen errealitatearen azterketari kritika kupidagabearen
kriseluaz lagundurik. Lerro hauetan murgiltzean ez dizugu besterik
gomendatzen, irakurle.
**************************
Liburu honetan agertzen diren artikuluak Udako Euskal
Unibertsitateko Historia Sailak 1994eko uztailean Iruñean egindako
ikastaro batean irakurri ziren lehenengo aldiz. Ikastaroaren izenburua
Historiaren krisia edo historialariena? izan zen eta bertan parte hartu zuten,
hizlari gisa, Ludger Mees, Eugenio Riaño, Pruden Garzia, Joseba Zulaika,
Bizente Huizi eta Manex Goienetxe. Azken bien hitzaldiak, tamalez, ez
ditugu argitaratu ahal izan. Aldiz, Joxe Azurmendik, gonbidatuta egonik
ikastaroan parte hartzerik izan ez zuen arren, bere artikulua igorri digu eta
hori dela eta ikus dezakezue. Espero dugu hurrengo urteren batetan ere
idazle eta irakurle guztiok (edo ahal dugunok behintzat) bertan elkar
ikusteko aukera izango dugula.
Pruden Garzia eta Iban Zaldua (argitaratzaileak)
UEUko Historia Saila
12 ____________________________________________________________________________
ESTATUA, GIZARTEA ETA HISTORIA
Alemaniako historiografia historizismotik historia sozialera
EUROPAKO BANAKETA ETA HISTORIOGRAFIAREN BANAKETA
Europako batasun ekonomikoa eta politikoa eraikitzen ari garen honetan,
badirudi politika eta ekonomia mailan sarritan ikusten dugun banaketa kultur
alorrean ere antzeman daitekeela. Historiografiari dagokionez, behintzat, ez da
inolako gehiegikeria baieztatzea Europako iparrean egiten denaz ­zenbait
salbuespen kenduta­ hegoaldean ez garela konturatu ere egiten eta, jakina, beste
horrenbeste gertatzen da alderantzizko norabidean. Alemanian, esate baterako,
Tuñón de Lararen libururen bat edo bestea kenduta, ez dago historiaren alorrean
Espainian argitaratutako libururen itzulpenik. Bestalde, Espainian Frantziako
Annales eskolari buruzko edozein panfleto argitaratu ohi den bitartean, antza
denez, Alemaniako historiografia Martitz planeta bezain urruti gelditzen zaigu,
Alemaniako historia eta historiografiari buruzko lanak, bai ikertzaile espainiarrek
egindakoak, nahiz alemanetik itzulitakoak, oso urriak baitira. Alemaniako
batasuna gertatu ondoren, prentsak Alemanian gertatutakoari arreta handiagoa
eskaintzen badio ere, historiografiaz, orohar, ezin da horrelakorik esan, eta defizit
honen adierazgarri ugari aurki daiteke. Horrelako adierazgarri benetan
eskandalogarria 1992ko udaran Santiago de Compostelan antolatutako nazioarte
mailako kongresu erraldoia izan zen. "Xacobeo"aren ospakizunak zirela eta,
antolatzaileek aurrekontu garrantzitsua lortu zuten eta horri esker, mundu osoko
historialari ugari deitu zuten Santiagora "La historia a debate" gaia eztabaidatzeko
asmoz. Alemaniatik etorritako ordezkari bakarra ulergaitza suertatzen zen ingeles
sajonianoz mintzatzen zen ekialdeko hiru edo laugarren mailako bizantinista bat
izan zen! Baina ez da beharrezkoa horrelako adibide xelebreak aipatzea,
azpimarratzen ari garen historia arloko banaketa, edo hobeto esanda, harresi
kulturala ikustarazi nahi izanez gero. Espainiako Gaur Egungo Historiaren
Historialarien Elkarteak argitaratzen duen Ayer izeneko aldizkariaren azken alean,
1993ko historiogafiari eskainitakoan hain zuzen ere, Alemaniako produkzio
historiografikoari buruzko erreferentziarik ez dago, bai ordea, ohi denez, Frantzia
eta Britainia Handiari buruzkoak, eta baita Estatu Batuez eta Hego Amerikaz ere1.
Beste datu bat: Santos Juliák Historia social / sociologia histórica deituriko bere
liburuaren sarrerako atalean hizkuntz arazoak direla medio, expresis verbis uko
Estatua, gizartea eta historia ______________________________________________________ 13
1 Ayer, 14, 1994 (Manuel Pérez Ledesma (arg.): La historia en el 93. Halere esan egin behar da,
aurreko aleetan badagoela Alemaniako historiografiari buruzko artikulu labur bat (Leiberich,
Michel, "Problemas actuales de la historiografia alemana" in Ayer, 2, 1991, 15.-28. or.). Gainera,
bostgarren alea Alemaniako historia eta historiografia ederki ezagutzen duen J.J. Carreras
irakasleak zuzendutako Alemaniako estatuari buruzko monografikoa da.
egiten dio Alemaniako historia sozialaren azterketari2. Ene uste apaletan, Santos
Juliá bezalako historialari bikainarengandik gutxienez esfortzu txiki bat espero
zitekeen, Alemaniako historiagrafiari buruzko eta alemana ez diren beste
hizkuntzetan argitaratutako lanak bereganatzeko. Datu hauei gehitzen badiegu
gaztelaniaz argitaratutako bibliografiaren eskasia3, Alemaniak, bere historiak eta
bere historiografiak gure artean ezezagun samarrak izaten jarraitzen dutela baiezta
daiteke.
Halere, Alemanian ohizko bideetatik urruntzen diren eta Europako
hegoaldearen historia ezagutarazten saiatzen direnak badauden bezala, hemen ere
tradizioaren mugak gainditzen ahalegintzen direnak aurki daitezke4 eta aipatutako
lan horien bidetik jarraitzea da artikulu honen helburua ere. Alemaniako historia
sozialaren sorrera eta garapena ulertu nahi izanez gero, historizismoaren papera
gizarte alemanarren barruan ezagutu behar da. Hori aztertu ondoren, bigarren atal
batean erakutsiko dugunez, historizismoaren tradizioaren barnean, edo inguruan
behintzat, betidanik planteamendu berritzaileak ere egon direla, horietako batzuk
historia sozialaren aldekoak. Jarraian, Alemaniako historia soziala zein
baldintzetan sortu zen aztertuko da, bukatzeko berari egindako kritiken aipamena
egiteko.
HISTORIZISMOAREN SORRERA ETA GARAPENA
Ondorengo lerroetan historizismo-hitza maiz erabiliko dugunez, hitz honen
esannahia azaltzea ezinbesteko eginbeharra iruditzen zaigu. Historikoki, hasiera
14 ____________________________________________________________________________
2 "De los resultados del encuentro entre historiadores y científicos sociales se ofrecen nada más
que los principales o los que, por razones lingüísticas, me lo parecen: no hay incursiones en la
pujante nueva historia social alemana o en la variedad de la historia cultural italiana." Ikus. Juliá,
Santos, Historia social / sociología histórica, Madril 1989, IX. or.
3 Adibide bat baino ez aipatzearren: Nik dakidanez, Hans-Ulrich Wehler, hau da, Jürgen Kocka-
rekin batera Alemaniako historia sozialaren aintzindariaren eta teorilariaren liburu bakar bat ere
ez da gaztelaniaratu, ezta hainbeste eztabaida sortu zuen eta hizkuntza ugaritara itzulitako
Bismarcken Inperioari buruzko "klasikoa" ere. Ikus. Wehler, Hans-Ulrich, Das Deutsche
Kaiserreich 1871-1918, Göttingen 1973 (ondorengo urteetan berrargitarapen ugari!). Kockaren
historia sozialari buruzko liburuaren itzulpenak, tamalez, ez du beti lortzen Kockak berak daukan
idazkera-estilo argia eta zehatza. Ikus. Kocka, Jürgen, Historia Social. Concepto, Desarrollo,
Problemas, Alfa, Bartzelona 1989.
4 Schulin, Ernst, "El desarrollo de la historia social en la historiografia alemana posterior a 1945",
in Castillo, Santiago (koordinatzailea), La Historia Social en España. Actualidad y perspectivas,
Siglo XXI, Madril 1991, 27.- 46. or.; Abellán, Joaquín, "Historia de los Conceptos
(Begriffsgeschichte) e historia social. A propósito del diccionario Geschichtliche Grundbegriffe",
in ibid., 47.-63. or.; Bernecker, Walter L., "La historiografía alemana reciente", in Historia
Contemporánea, 1992, 7, 31.- 49. or.; Saez Arance, Antonio, "El honor del burgués: a propósito
de la historia social del duelo en Alemania", in ibid., 6, 1991, 251.-264; Casanova, Julián, La
historia social y los historiadores, Crítica, Bartzelona, 1991, bereziki 70.-81. or.; Carreras Ares,
Juan José, "El historicismo alemán", in Estudios sobre Historia de España (Homenaje a Tuñón
de Lara), Universidad Internacional Menéndez Pelayo, Madril 1981, 2. alea, 627.-641. or.;
Leiberich, op. cit.
batean eta zentzu zabalean, XIX. mendean konzeptu hori erabiltzen denean,
historian oinarritutako kontzientzia eta pentsamoldea definitzen da. XX.
mendearen hasieratik, berriz, historizismoa hitz polemikoa bihurtzen da, giza
zientzien, eta batipat historiografiaren zentzugabetasuna azaltzeko eta salatzeko.
Gaurkotasunarekiko inolako loturarik ez daukalako eta historia historiarengatik
aztertzen delako, ez ordea, aktualitatea ulertu ahal izateko, honela diote kritikoek,
historizismoak ez du inolako baliorik. Nietzschek iadanik 1873an aurreratu zuen
kritika hau "Historiak bizitzarako duen abantaila eta desabantaila"ri buruzko bere
gogoetetan. Hemen, ordea, historizismoaz aritzen garenean, zentzu hestuagoko
definizioa ematen diogu. XIX. mendearen hasieran Alemanian jaio eta ondoren
Europa osoan zehar hedatu zen zientzia historiko berria da historizismoa,
instituzionalizatu egiten den eta bere metodologia propioa duen zientzia hain
zuzen ere5.
Zientzia horren historiari gainbegiradatxoa ematen badiogu, honako ondorio
honetara iritsiko ginateke: Alemaniaren berrikuntza edo modernizazio politikoa
berandu burutzeak historiografiaren berrikuntza ere oztopatu eta atzeratu egin
zuen. Barthold Georg Niebuhr (1776-1831) eta ondoren batez ere Leopold von
Rankeren eskutik (1795-1886) garatutako zientzia berriak garai horretako gizarte
burgesaren gorabehera latzak eta eraldakuntza sakonak isladatzen zituen.
Frantziako Iraultzak hasieran eta horren ostean Napoleonen expansionismoak
Europako ordenu osoa hankaz gora jarri zuen guztiz, eta hori zela eta, burgeseriak
historiaren ataletan gizarte berria antolatzeko eta honi identitate berria emateko
orientabideak bilatzen zituen. Hori egin ahal izateko, lehenik eta behin zenbait
tradizio apurtu behar ziren: alde batetik, erromantizismoak historiari egindako
mitifikazioa, bestetik historiak zeukan beste zientziekiko, batez ere teologia eta
filosofiarekiko menpekotasuna. Historia zientziaren metodologia ere berria zen.
Ranken ekarpen garrantzitsuenetakoa gaur egun ere bere balioa galdu ez duen
iturrien, hau da, idatzitako dokumentuen irakurketa eta azterketa zehatza eta
kritikoa da. Ikerlaria bere iharduera horretan gidatzen zuen metodologia
hermeneutika zen. Horren arabera, gertakizun historikoak bere testuinguruan
kokatu eta interpretatu behar ziren eta horrela historialaria, ­Rankek esan zuen
bezala­ "historian zehar murgildu" eta bere nortasuna guztiz ezabatu ondoren,
aztertutako gertakizunaren esanahia ulertzera iritsiko litzateke. Rankerentzat
gertaera guztiak indibidualak baldin baziren ere, ahalik eta gertaera gehien aztertuz
gero, ­horixe zen historizismoaren sortzailearen itxaropena­, historialaria agian
hurbilduko litzateke historiaren zentzu orokorra ulertzera, edo gutxienez usaintzera
edo susmatzera. Ranke eta bere jarraitzaileen ustez, historiaren norabidea
nahitanahiez estatu nazionalen eta gero estatu horien arteko orekaren sorrerarantz
zihoan, baita Alemanian ere. Estatua historiaren garapenaren emaitza ia
automatikoa baldin bazen, Rankeri ez zitzaion zilegi iruditzen Jainkoak
Estatua, gizartea eta historia ______________________________________________________ 15
5 Ikus. Scholtz, G., "Historismus", in J. Ritter (arg.), Historisches Wörterbuch der Philosophie, 3.
alea, Basel 1974, 1141-1147. or.; Jaeger, Friedrich / Rüsen, Jörn, Geschichte des Historismus,
München 1992, 4.-8. or.
erabakitako historiaren eboluzio naturala oztopatzea, Absolutismoak egiten zuen
bezala, baina ezta ere artifizialki bultzatzea, frantsesek 1789an eta 1830ean egin
zuten legez. Alemaniako kasuan batipat, historialariak ezinbesteko objetibitatea eta
inpartzialtasuna bereganatu nahi izanez gero, historia bera zen bezalakoa onartu
beharra zeukan, eta honek esan nahi zuen, azken batean, status quoa onartzea.
Filosofia hori politikoki bat zetorren Rankek Prusiako gobernuari erakutsitako
leialtasunarekin. Arrisku iraultzaileen aurrean, zegoenari eustea iruditzen zitzaion
premiazko helburua, hori bai, ideia berriei noizean behin ateak zabalduz, Prusian
mendearen hasierako erreformen bitartez gertatu zen bezalaxe. Estatuak, beren
arteko harremanak eta goi mailako politikariak historiaren protagonista bakarrak
baziren, ez da harritzekoa, modernizazio sozialak eta ekonomikoak sortutako
arazoei buruzko aipamen gehiegirik ez aurkitzea Ranke eta bere lagunen lanetan.
Rankek ezarritako oinarri hauek historizismoaren bigarren belaunaldiak
estremoetara eraman zituen. Rankek orokorki bere garaiko politikarekiko
distantzia gordetzen zuen bitartean, historizismoaren "Eskola Prusiatarra eta
Aleman txikia" bezala ezagutzen diren historialariek (Theodor Mommsen,
1817-1903; Heinrich von Treitschke, 1834-1896; Johann Gustav von Droysen
1808-1884; Heinrich von Sybel, 1808-1895) instrumentalizatu egin zuten historia
politika zehatz baten mesedetarako. 1848ko iraultzaren porrotaren ostean, eskola
honen ordezkari ezagun guztiak Prusiako erreakzioaren aldera pasa ziren, haien
ustez Alemaniako estatu nazionalaren osaketa lortzeko gauza zen indar politiko
bakarra Prusiako kontserbatzaileak zirelako, ez ordea, Alemaniako burgeseria
liberala. Historialari horiek batzen zituen amankomuneko beste ezaugarria
Alemania txikiaren aldeko beren joera argia izan zen. Prusiaren aldeko apostu
honekin batera militarismo eta autoritarismoaren aldeko apostua egin zuten,
Austria Alemaniako batasuna lortzeko oztopoa bezala baztertuz.
Bismarckek azkenean 1870/71n indar militarrari esker batasunaren ametsa egia
bihurtu zuenean, Alemaniako historialarien artean lehengo liberalismoaren edo
demokraziaren arrastorik ia ez zen gelditzen. Prusia eta kontserbatzaileen aldeko
zaletasunak ez zuen lekurik utzi planteamendu berrientzat. Niebuhr eta Rankeren
historizismoa eta Alemaniako unibertsitateetako mintegi historikoak Europako
beste herrietan ere eredutzat hartzen baldin baziren ere, estatu horietan ez zen
ematen Alemaniako historialarien artean ezarri zen paradigma monolitikoa.
Frantzian, esate baterako, 1870. hamarkadaren bukaeran errepublikanoak nagusitu
zirenetik eta hezkuntzaren sistema desklerikalizatu zenetik, historialarien artean
pentsakera politiko anitzeko gizonak aurkitzen ditugu, errepublikaren aurrean
hotzak eta indiferenteak gelditzen zirenak, baina baita errepublikazale eta
demokrata sutsuak ere. Aniztasun politiko honek historiografia mailan ere bere
ondorioak izan zituen. Rankeren adibidea jarraituz, Frantziako historialariek
hasieran ere mundu politikoa baino aztertzen ez zuten arren, 1890etik aurrera
industrializazioak eta gizartearen aldakuntzak eskatzen zuten historiografiaren
gaurkotzeaz eztabaidatzeari ekin zioten. Emile Durkheim soziologoak zegoeneko
16 ____________________________________________________________________________
1887an zorrozki kritikatu zuen Rankeren historizismoa. Durkheimen esanetan,
historizismoa ez zen zientzia, gizartea nahiz gizabanakoak neurri handi batean
eragiten zituen eta empirikoki aurki eta neur omen zitezkeen arlo sozialeko
errealitateak baztertzen zituelako. Eztabaida honen lehen fruitua Henri Berrek
1900ean argitaratutako Revue de Synthèse Historique izan zen6.
Bismarckek Alemaniako batasuna gauzatu zuenean eta Inperioa 1888an
Enperadore bihurtutako Wilhelm IIaren gidaritzapean potentzia ekonomiko,
politiko eta militarra izatera iritsi zenean, Alemaniako historialariek ez zuten bere
ohizko bideetatik urruntzeko arrazoirik ikusten. Ohi zen bezala, historia ikuspegi
nazional-estataletik aztertzen zuten, eta horrek esan nahi zuen, ezer gertatu ez
balitz bezala, estatuek, kanpo arazoetarako politikak eta pertsonai handiek
jarraitzen zutela historialari alemandarren interesgune nagusiak, ia bakarrak izaten.
Industrializazioak, langile mugimenduak, marxismoak, soziologiak edota
kolonialismoak eta inperialismoak suposatzen zuten erronka berrien aurrean itsu
gelditzen bait ziren. Status quoa defendatuz eta Rankek estatuen arteko politikari
emandako lehentasunari eutsiz, Inperio Wilhelminiko historialariek begi onez
ikusten zuten Alemaniako politika militarista eta autoritarioa, estatua indartzea
munduko potentzien arteko burrukan garaile ateratzeko ezinbesteko baldintza
omen zelako. Horrela, Rankeren parametroek interpretazio naturalista eta askotan
darwinista jasotzen zuten7. Historizismoaren sortzailearentzat historiaren azken
zentzua potentzien arteko oreka lortzea izan bazen, Inperioko zenbait
historialarirentzat nazio alemandarraren nagusitasuna ezartzean zetzan historiaren
benetazko esanahia.
1918ko porrotak, Inperioaren hondamenak eta Weimarko Errepublikaren
ezarpenak ez zuten gauza handirik aldatu Alemaniako historialarien artean. Are
gehiago: munduko gudaren errudunaren inguruko eztabaidek Alemaniako
historialariak defentsiban jartzera behartu zituzten, lehengo politizazioa areagotuz.
Rankeren indibidualismoari buruzko legean oinarriturik, historialari gehientsuenek
defendatzen zuten Alemaniako bide berezia, alegia, ekonomia modernoa alde
batetik, eta politika atzerakoia eta anti-demokratikoa bestetik, batzen zituen bidea,
aldi berean Frantziak, Britainia Handiak eta Estatu Batuek hartutako
modernizazioarantzeko bide demokratikoa Alemaniako historiaren aurkakoa zela
Estatua, gizartea eta historia ______________________________________________________ 17
6 Frantziarekiko konparaketa honi buruzko xehetasun gehiago eskaintzen ditu Iggersek. Ikus.
Iggers, Georg G., "Geschichtswissenschaft in Deutschland und Frankreich 1830-1918 und die
Rolle der Sozialgeschichte. Ein Vergleich zwischen zwei Traditionen bürgerlicher
Geschichtsschreibung" in Kocka, Jürgen (arg.), Bürgertum im 19. Jahrhundert, 3. alea, München
1988, 175.-199. or.; Burke, Peter, La Revolución Historiográfica Francesa. La Escuela de los
Annales: 1929-1989, Gedisa, Bartzelona 1993 (bereziki 15.-28. or.).
7 "So ist nun der Krieg für jedes Volk ein Kampf um Sein oder Nichtsein geworden: Ausrottung
oder Umschmelzung der Nationalitäten wurde die Losung" ("Horrela, guda edozein herrirentzat
izan ala ez izanaren galdera erabakiko duen burruka bilakatu da: nazionalitateen exterminazioa
edota birfundazioa bihurtu zen lema"), idatzi zuen Max Lenz historialariak. Aipamena: Jaeger /
Rüsen, 923. or.
salatuz. Beraz, historialari alemanek ez zuten aprobetxatu 1918ak eskaini zien
aukera. Historiografiaren berrikuntzari ekin beharrean, Alemaniako ustezko
berezitasunaren defendatzaile eta mitifikatzaile tinkoak bihurtu ziren, edo, garaiko
historialari baten hitzetan "iraganaren aldareetan piztutatako su sainduaren
babesleak"8. "Alemantasuna" eta kultur europearraren arteko bereizketa hori
frogatu gabeko tesi ahistorikotzat jotzen zuten historialariek (Ernst Troeltsch, Otto
Hintze, Veit Valentin), ordea, ezin zuten ohiartzun handirik lortu politizatutako
beren lankideen artean.
Historizismoaren tradizioa ikusita, ez da harritzekoa historialari alemanen
artean Hitlerren aurkako Marc Bloch bezalako antifaxista zintzo eta ausartarik ez
aurkitzea, amankomuneko ikuspuntu dexente baitzituzten historizismo ortodoxoak
eta nazionalsozialismoak, hala nola ideia arrazistei ("völkisch") bidea urratu zien
kontsentu nazional-kontserbatzailea; antiliberalismoa; eta Munduko Bigarren
Gerratearen hasieran: garaipen militarren lilura. Ondorioz, judu, ezkertiar eta
disidente katoliko batzuk beren lanpostuetatik kendu ondoren, historialarien
aldetik Hitlerrek ez zuen arazo handirik topatu. Halere, zenbait jarraitzaile sutsu
kenduta, distantzia gordetzen zuen sinpatia hotza zen historialari gehienen joera
nagusia erregimen berriaren aurrean. Izan ere, erregimenak aldarrikatzen zuen
historiaren baldintzarik gabeko erabateko menpekotasuna eta instrumentalizazioa
ez baitzetorren bat objektibitatearen inperatiboarekin. Bestalde, "Blut und Boden"
("odola eta lurra") goraipatzen zituen nazionalsozialismoaren ideologia
naturalistak eta darwinistak ez zion lekurik utzi historizismoaren idealismoari.
Beraz, erresistentziarik ez, baina erabateko menpekotasunarik ere ez. Oraindik
1937an ospatutako Alemaniako Historialarien Batzar Nazionalean erregimenaren
zenbait ordezkarik salatu zuten historiaren alorrean nazionalsozialismoaren ideiak
ez zirela behar bezalako neurrian finkatu eta gauzatu. Helburu hori lortu asmoz,
1935ean Walter Franken zuzendaritzapean "Reichsinstitut für Geschichte des
neuen Deutschlands" (Alemania Berriararen Historiarako Institutua) sortu zuten
agintari faxistek. Dirulaguntza ofizial ugari jaso arren, institutu honek eta bereziki
1945eko maiatzan bere buruaz beste egin zuen zuzendariak historialarien
mesprezua jasan behar izan zuten9. Garai horretako historialarien burua ere, urte
askotan prestigio handiko eta 1856an sortutako Historische Zeitschrift izeneko
aldizkariaren editorea, Friedrich Meinecke hain zuzen ere, ez zen
nazionalsozialisten gustokoa. 1935ean bere postutik dimititzera behartu zuten.
Halere, eta honek berriro erakusten digu historialarien joera ambibalentea, 1940an
tropa alemanek Frantzia hartu zutenean, Meinecke ere inpresionaturik eta
liluraturik gelditu zen, sarritan aipatu den gutun ezagun batean bere lankide bati
18 ____________________________________________________________________________
8 J.Hashagenen aipamena, in ibid., 95. or. (originala: "Hüter des heiligen Feuers auf den Altären
der Vergangenheit").
9 Heiber, H., Walter Frank und sein Reichsinstitut für Geschichte des Neuen Deutschlands,
Stuttgart 1966; Schulze, H. "Walter Frank" in Wehler, H.-U. (arg.), Deutsche Historiker, VII.
alea, Göttingen 1980. 59.-81. or.; Lundgreen, P.(arg.), Wissenschaft im Dritten Reich, Frankfurt
1985 (historiari dagokionez ikus. batez ere Ch. Klemann eta K. Schreineren artikuluak).
adierazi zion bezala10. Dena den, 1933an Hitlerren "Machtergreifung"a gertatuz
geroztik, historialarien pasibitateak, oportunismoak edota faxismoarekiko
zaletasunak, baina baita ere agintari berrien presioek, erabat baldintzatu zutela
historialarien lana, edo, emigratutako Arthur Rosenbergek 1938an idatzi zuen
bezala, "ikerketa historikoa bizia eta kritikoa ez dago eta ezin zen egon. Hori dela
eta, 1933z geroztik historia aleman kritikoak soilik emigrazioan jarraitu zuen
bizirik"11.
1918an gertatu ez zen bezala, 1945ean bazirudien historialariek begi bistan
zuten katastrofeak emandako astindua aprobetxatuko zutela, beren buruetan aire
berriak sartzeko. Izan ere, erantzun beharreko galderak eta kezkak ugariak bait
ziren: Nola izan zen posible Hitler? Zergatik Alemanian, eta ez beste estatuetan?
Historialariek: zergatik ez zuten aurrikusi gertatuko zena? Eta, somatu zitekenean,
zergatik ez zioten aurre egin? Zer ondorio atera behar dira etorkizunean
horrelakorik berriz gerta ez dadin, eta horretarako, nola eta zertan egokitu eta
gaurkotu behar da zientzia historikoa?
Guda amaitu eta urtebete beranduago bi liburu garrantzitsu agitaratu ziren.
Bata, Friedrich Meineckek idatzitako Die Deutsche Katastrophe12 izenenburu
esanguratsupean, eta bestea Gerhard Ritterrek, Alemaniako historialarien izar
berriak aurkeztutakoa (Geschichte als Bildungsmacht13). 84 urteko eta, begietako
gaitzak jota, gutxi irakur zezakeen Meinecke ospetsuak ez ohizko zenbait ideia
aurkeztu zuen "Katastrofe Alemana"ri egindako bere saiakeran. Alde batetik,
historizista batengandik espero ez zitekeen ikuspegi analitiko soziala azaldu zuen
bere liburuan. Meineckerentzat nazismoaren arrazoietako bat Europa osoan zehar
emandako "mendearen bi olatuak", hau da mugimendu sozialista alde batetik, eta
nazionalista bestetik, eta bien arteko konponezina zen. Bere ustez konponezin
horren arrazoiak sozialak ziren, eta hori zela eta, irakurleari barkamena eskatzera
behartu zuen bere burua, tesi hori ohizko metodologia idealistarekin bat ez
zetorrelako. Bestetik, liburuaren orrialdeetan Meinecke bezalako pertsonai
batengan pentsa ezinezko Alemaniako historiarekiko gogoeta kritikak aurki
daitezke, hala nola Alemania 1848an Europako liberalismotik aldendu zela esaten
duenean, Prusiako militarismoa salatzen duenean edota Bismarcken agintekeria
Estatua, gizartea eta historia ______________________________________________________ 19
10 "Das Gewaltige, das wir erlebt haben, stellt sich ja mit jedem Tage als noch gewaltiger heraus.
Gewi, man mu in Vielem umlernen, aber nicht in Allem". F.Meineckek A.Kaehleri bidalitako
gutuna (1940/7/4). Aipamena: ikus. Jaeger / Rüsen, 96.or.
11 Aipamena: ikus. Schulze, Winfried, Deutsche Geschichtswissenschaft nach 1945, München2
1993, 44. or. (Esaldi osoa: "Eine spätere Zeit wird feststellen müssen, da seit 1938 eine
lebendige und kritische Geschichtsforschung überhaupt nicht mehr existierte und gar nicht
existieren konnte, und da daher die kritische deutsche Geschichtswissenschaft seit 1933 nur
noch in der Emigration weiterlebte").
12 Meinecke, Friedrich, "Die deutsche Katastrophe. Betrachtungen und Erinnerungen" in ibid.
Autobiographische Schriften, Stuttgart 1969, 323. - 445. or.
13 Ritter, Gerhard, Geschichte als Bildungsmacht. Ein Beitrag zur historisch-politischen
Neubesinnung, Stuttgart, 1946.
kritikatzen duenean. Liburuaren azken atalean Alemaniako historiari buruzko
ohizko irudia "sakonki errebisatu" beharra dagoela aldarrikatzen du, "gure
historiaren balioak eta ez-baloreak ("Unwerte") argi eta garbi elkarrengandik
bereizteko".
Gerhard Ritter III. Reich-en C. F. Goerdelerrek zuzendutako erresistentzia-
zirkulu kontserbatzailearen partaidea izan zen eta horren ondorioz Gestapok
1944ean atxilotu egin zuen. 1948tik 1953ra Alemaniako Historialarien Elkartearen
lehendakaria izango zena ez zen Meinecke bezain urruti joan aipatutako bere
liburuan eta ondoren argitaratutako hainbat artikulutan. Ritterek 1945ez geroztik
ere ez zion uko egin bere pentsamolde kontserbatzaile, prusiazale eta
nazionalistari, nahiz eta honek polemika bat baino gehiago sorterazi. Ritterek bere
liburuan "gure pentsakera historiko alemanaren erabateko birkokatzea" ("totale
Umstellung unseres deutschen Geschichtsdenkens") aldarrikatzen bazuen ere, bere
liburuaren, artikulu eta hitzaldien amankomuneko tesia bestelakoa zen: Alemanok
gure historia errebisatu behar badugu ere, ez ditzagun ahantz gure historiaren alde
onak! Ritterrek ez zuen onartzen intelektualen artean modan zegoen "Alemaniaren
bide okerra"ri ("Deutscher Irrweg") buruzko tesia, eta Hitlerren arrakasta, azken
finean, mendebalde osoan XX. mendean antzeman zitekeen "masifikazio"
prozesuan oinarriturik ikusten zuen. Masifikazioa aurrera joaten zen neurrian,
horixe zen tesia, gatazka sozialen eta lilura edo sedukzio politikoaren oinarriak
jarri ziren, eta Hitlerrek egoera hori inork baino hobeto aprobetxatu omen zuen
bere mesedetarako.
Honela, Ritterrek berak zuzenduko zuen Alemaniako historialariek burututako
errestaurazio-prozesuaren hasiera eman zen. Han-hemenka azaldutako kritikak
desagertzen joaten ziren eta Meinecke berak ere 1949an bi urte lehenago egindako
analisiaren kontrako tesiei heldu zien. Prusiako militarismoa salatu ordez,
Munduko Bigarren Gerratea "tragedia" bat izan zela zioen eta testuinguru horretan
alemanen burruka nazio baten "autoafirmazio" ("Selbstbehauptung") legitimoa
bezala interpretatu beharra zegoela14. Beraz, Alemaniako Errepublika Federala
sortu berrian ere ez zegoen ez historiaren edukiaren berrazterketarik, ezta
berrikuntza metodologikorik ere. Bestalde, gerra hotzak laster itxi zituen beste
estatu alemaneko historialari marxisteeikiko komunikazio-iturriak15. 1950az
geroztik beren postuetatik kendutako nazionalsozialismoarekin konprometitutako
historilari askok berreskuratu zituzten beren lanpostuak, gerra amaitu eta
ondorengo bi urtetan emigratutako 134 historialarietatik soilik 21 Alemaniara
20 ____________________________________________________________________________
14 "Irrwege in unserer Geschichte" izenburupeko artikuluaren azterketa egiten du Schulzek
(Deutsche Geschichtswissenschaft, 58. eta 303. or.).
15 Sobietarren menpeko ekialdeko historialari alemanek, alderdi komunistak bultzaturik, 1958an
beren elkarte propioa ("Deutsche Historiker-Gesellschaft") sortu zuten. Urte horretan ere
alderdiak aukeratutako zenbait ordezkarik hartu zuten parte Triergo historialarien Batzar
Nagusian. Batzar istilutsu hori mendebaldeko eta ekialdeko historialari biltzen zituen azkena
izango zen bi estatuek 31 urte beranduago batu arte.
itzuli ziren bitartean16. Anekdota txiki batek ederki asko erakusten digu gerra
osteko historialari aleman ortodoxoen egoera nolakoa izan zen: 1950ean
Historische Zeitschrift aldizkari ospetsuan argitaratu zen laudorio laburra, hain
zuzen ere Gestapok 1944ean erahildako Marc Bloch historialari frantsesen
homenez egindakoa. Nori enkargatu zioten laudatorioa Alemaniako Historialarien
Elkartearen organo ofiziala zen aldizkari honen arduradunek? Erantzuna: Walther
Kienasti, nazien jarraitzailea izandako eta horregatik 1945ean 15 urtetarako bere
katedratik suspenditua izan zen historialariari!17
DISIDENTEAK
Ikusi dugun bezala, historiaren zientziak tradizio luzea du Alemanian. Halere,
1960. hamarkadaren aurreko epealdi historiko guztietan historizismo ortodoxoa
guztiz hegemonikoa izan baldin bada ere, tradizio luze horretan beti izan ohi da
lekurik zenbait disidente berritzailerentzat ere.
Hemen ezin ditugu denak aipatu eta aztertu. Historizismoaren paradigma
gainditzera eta historia sozial modernoari bidea urratzera lagundu ziotenak
aurkeztuko ditugu soilik. Kronologikoki hasita eta aurreko garaiko Schlosser,
Rotteck edo Gervinus bezalako berritzaileak baztertzen baditugu, lehenik eta behin
Jacob Burckhardt (1818-1897) historialari suitzoa aipatu behar dugu. Historizismo
ortodoxoak historiaren eboluzioaren aurrean joera apologetiko bat erakusten zuen
bitartean, ikerlari suitzoak mendebaldeko gizartea krisi sakon batean sarturik
aurkitzen zuen, eta krisi hau aztertzerakoan, Burckhardtek ideiak, pertsonai
ezagunak eta estatuak aztergai izaten zituen ohizko ikuspegi historizista baztertuz,
kulturaren historiari arreta berezia eskaintzen zion. Kulturaren eta mendebaldeko
zibilizazioaren krisia aztertzean, Burckhardtek kritikatzen zuen historizistek
ilustraziotik jasotako eboluzionismo akritikoa, modernizazioak bere alde
kaltegarrriak ere badituela baieztatzen zuenean. Horrela, nahiz eta bere analisiak
gizartearen arlo garrantzitsuak (lan mundua, sistema politikoa) ez ikutu,
Burckhardtek historizismoaren ikuspegia zabaltzen eta aberasten saiatu zen.
Modernizazio-prozesuaren arriskuen aurrean historialari suitzoak erakutsitako
sentsibilitatea, bestalde, aurreratu zuen "modernitatearen dialektika"ri buruzko tesi
famatua, Horkheimer, Adorno edo Foucault bezalako pentsalariek askoz
beranduago kaleratuko zutena, hain zuzen18.
Aparteko aipamena ere merezi du Lorenz von Steinek (1815-1890), zenbait
autorek Alemaniako "gizarte zientziaren" aintzindaritzat jotzen duten
Estatua, gizartea eta historia ______________________________________________________ 21
16 Ikus. ibid., 135. or.
17 Ikus. ibid., 171. eta 322. or.
18 Ikus. Rüsen, Jörn," Jacob Burckhardt" in Wehler, Hans-Ulrich (arg.), Deutsche Historiker, 3.
alea, Göttingen 1972, 5.-28. or.
historialariak19. 1848ko Iraultza gertatu eta bi urte beranduago, von Steinek
argitaratu zuen Frantziako mugimendu sozial, hots, langile mugimenduari buruzko
bere ikerketa ospetsua20. Lan hau historizismoaren tradiziotik zetorren ikerlari
aleman batek langile mugimenduari egindako lehen azterketa da. Von Steinek,
Marxek bezala, klase kontzientzia eta klase burruka historia mugitzen duten
indarrak bezala hartzen ditu, baina ez dator bat Marxek egindako analisi
materialistarekin, ezta honek ateratako ondorio politiko iraultzaileekin. Von
Steinen "historizismo soziala"ren helburua langileak erreforma sozialen bitartez
sisteman integratzea zen. Horrela, azken finean, "historizismo soziala" "gizarte
burgesaren zientzia estabilizatzailea"21 bihurtzen zen.
Ondorengo urteetan, Gustav Schmollerrek (1838-1917) zuzendutako
ekonomista talde batek jarraipena eman zion Lorenz von Steinek hasitako lanari.
Schmollerrek eta bere lankideek 1872an sortutako "Verein für Socialpolitik"
(Politika Sozialaren Aldeko Elkartea) zela medio, arazo sozialei egindako ikerketa
historikoetatik ondorio politiko zehatzak ateratzen saiatu ziren ekonomista horiek,
beti ere, jakina, areagotzen joaten ziren klase gatazkak politika sozialaren bitartez
kanalizatzeko eta indargabetzeko asmoz.
Ekonomi historia alde batetik, eta soziologia bestetik, hauexek izan ziren
historizismo tradizionalari ikuspegi berriak zabaldu zizkioten zientzia alorrak, eta
soziologiari dagokionez, beste inork baino eragin handiagoa izan zuena Max
Weber (1864-1920) zen, eragin hori oso berandu gauzatzen hasi bazen ere. Berak
bere ikerkerlan historikoetan erabilitako metodologiak hautsi egiten zuen
historizismoak defendatzen zuen indibidualismoaren printzipioa. Weberrek
burututako mendebaldeko gizartearen garapenaren analisiak politikaren mundua ez
ezik, gizartearen beste hesparruak ere kontuan hartzen zituen. Arrazionalizazioa,
burokratizazioa eta kapitalismoaren hedapena, hauexek ziren Weberren arabera
mendebaldeko historia modernoa markatzen zuten prozesuak eta prozesu hauek
aztertzean, historizismo tradizionalaren zirkuloetan pentsa ezinezko metodologia
konparatiboaz eta teoretizazioaz baliatzen zen Weber. Berak landutako "tipo
idealak" errealitate historiko konplexua ordenatzeko eta aztertzeko balio zuten lan
tresnak bezala erabiltzen zituen. Halere, Weberrek ez zuen eragin gehiegirik lortu
garaiko historizistengan, Otto Hintze (1861-1940) historialaria kenduta22.
22 ____________________________________________________________________________
19 Ritter, Gerhard A., "Die neuere Sozialgeschichte in der Bundesrepublik Deutschland" in Kocka,
Jürgen (arg.), Sozialgeschichte im internationalen Überblick. Ergebnisse und Tendenzen der
Forschung, Darmstadt 1989, 19.-88. or., bereziki 21. eta 22. or.; Blasius, Dirk "Lorenz von
Stein" in Wehler, Hans-Ulrich (arg.), Deutsche Historiker, 1. alea, Göttingen 1971, 25.-38. or.
20 Stein, Lorenz von, Geschichte der sozialen Bewegung in Frankreich von 1789 bis auf unsere
Tage, 3 ale, München 1921.
21 Jaeger / Rüsen, 133. or.
22 Hintzeren lanaren balorapen laburra J. Kockaren artikuluan irakur daiteke. Ikus. Kocka, Jürgen,
"Otto Hintze" in Wehler, op.cit., III, 41-64. Weberri buruzko argibedeak ondoko liburu hauetan:
Kocka, Jürgen (arg.), Max Weber, der Historiker, Göttingen 1986; Mommsen, Wolfgang J., Max
Weber. Gesellschaft, Politik und Geschichte, Frankfurt a.M. 1974.
Hala eta guztiz ere, historizismoaren barneko eta inguruko disidente horiek
ezin izan zuten paradigma ortodoxoa ahuldu, are gutxiago, 1890. hamarkadan
"Lamprechten burruka" ("Lamprecht-Streit") bezala ezagutzen den polemikaren
ondorioz historia sozialaren aldeko planteiamendu guztiak erabat mespreziaturik
gelditu ondoren. Karl Lamprechtek (1856-1915) Schmollerrengandik jaso zuen
ekonomia eta egitura sozialekiko interesa. Bestetik, XIX. mendearen bukaeran
modan zeuden materialismoak eta positibismoak ere eragin handia izan zuten
Leipzigeko katedratiko honengan. Rankeren metodologia indibidualista zorrozki
kritikatuz, bere ideia berritzaileak Alemaniako historiari buruzko liburu batean
gauzatzen hasi zen. Horrela, 1891ean bere Deutsche Geschichte izenburuko
lanaren lehen alea argitaratu zenean, egundoko zalaparta sortu zen historialari eta
giza zientzietako beste zenbait intelektualen artean. Laburbilduz, hauexek lirateke
lan honen ekarpen berriak: isolatutako gertakizun historikoak kontatu ordez eta
gertakizun horien atzean zeuden pertsonai handiei lehentasuna eskaini beharrean,
Lamprechtek "fenomeno kolektibo sozialen" azterketari ekin zion. Positibismoak
eraginda, Leipzigeko historialari honek historia zientzia zehatza bihurtu nahi zuen,
alegia, historia mugitzen omen duten legeak bilatzen eta aurkitzen dituen zientzia,
edo, Lamprechten hitzak erabiliz, zientzia "kausalgenetikoa". Horrela, berritutako
historia hau etorkizuna aurrikusteko gauza ere izango omen zen. Halere,
Lamprechtek ez zuen inoiz bere burua marxistatzat jo, nahiz eta Franz Mehring,
garai horretako historialari sozialista ia bakarrak, bere liburua goraipatu.
Kritikoek ez zuten esfortzu gehiegirik egin behar Lamprecht eta ondo saltzen
ziren bere liburuak desakreditatzeko. Alde batetik, Lamprechten idazkera guztiz
nahasia zen eta bere argumentazioa kontraesankorra, iluna eta batzutan ia
metafisikoa. Horrela, hasiera batean historiaren legeak ekonomia arloan
suposatzen baldin bazituen ere, bere lanaren azken aleetan materialismoa utzi egin
zuen, orain legeak esparru soziopsikologikoetan kokatzen baitzituen. Bestetik, bere
oinarri empirikoak ere akatsez josita zeuden. Azkenik, marxista ez bazen ere23, be-
rak defendatutako materialismoak bere etsaien aurrean itxura horixe ematen zion,
eta hori Alemania Wilhelminiko elite akademikoaren edozein partaiderentzat
guztiz kaltegarria izaten zen. Azkenean, hamarkadaren bukaeran, Lamprecht
burruka honetatik, jipoi galantak jasan ondoren, galtzaile atera zen. Historizismoa-
ren paradigma historia sozialaren mesedetarako ahuldu ordez, kontrakoa lortu
zuen, Max Weberrek argi eta garbi ikusi zuen bezala. Lamprecht bezala historizis-
moaren berrikuntzan interesatutako soziologo honek, Lamprechten lanaren akatsak
eta kontraesanak zorrozki kritikatu ondoren, Leipzigeko katedratikoari leporatu
zion hurrengo hamarkadetarako historiaren berrikuntza konprometitzea24. Izan ere,
historizismoa inoiz baino indartsuago atera zen burruka honetatik eta gainera,
Estatua, gizartea eta historia ______________________________________________________ 23
23 Schmoller bezala, Lamprecht ere kontserbatzaile erreformista zen, langileak politika sozialaren
bidez monarkian integratu nahi zituena.
24 Ikus. Iggers, Georg W., Geschichtswissenschaft im 20 Jahrhundert, Göttingen 1993, 27. or.;
Schorn-Schütte, Luise, Karl Lamprecht. Kulturgeschichtsschreibung zwischen Wissenschaft und
Politik, Göttingen 1984.
filosofiaren aldetik, laguntza ederra ere jaso zuen. Lamprechten polemika pil-
pilean zegoenean, Wilhelm Windelband (1848-1915), eta ondoren Heinrich
Rickert (1863-1936), bere ikasleak, zientzia nomotetikoa eta idiografikoaren
arteko dualismoa defendatzen hasi ziren, eta jakina, ortodoxiaren defendatzaileen-
tzat ez zegoen zalantzarik historia behin bakarrik emandako gertakizunak aztertzen
zituen zientzia idiografikoa zela, ez ordea, betirako balio duten legeak aurkitzen
dituen zientzia nomotetikoa.
Beraz, garai horretako Alemaniako zientzia historikoaren barruan ez zegoen
lekurik disidententzat. Ez II. Inperio autoritarioan, ez Weimarreko "Errepublika-
norik gabeko Errepublikan", eta are gutxiago, noski, Hitlerren III. Inperioan ezin
zuten jaio Henri Berr25, Lucien Febvre, Marc Bloch edo James Harvey Robinson
bezalako historialari berritzaileek.
HISTORIA SOZIALA ETA GIZARTEAREN HISTORIA
Ikusi dugun bezala, Alemaniako historialarientzat 1945 ere ez zen izan
abiapuntu berritzailerik. Halere, Alemaniako Errepublika Federalean inoiz baino
aukera gehiago zegoen historian ez ohizko ikuspegiak lantzeko. Alde batetik,
1919an gertatu ez zen bezala, historialarien artean demokraziaren aldeko
kontsentsu tinkoa ematen zen eta denek bazekiten oraingo honetan Alemaniak
potentzia handia izateari behin betirako utzi ziola. Horrela, historialarien
estatuarekiko atxikimendua ere bigundu egin zen. Bestetik, aliatuen presentziak
Alemaniako gizartearen arlo guztietan alde batetik, eta Europa Batuaren aldeko
zaletasun berriak Alemaniaren aislamendua pausuz pausu gainditzera lagundu
zuten, Europan eta Estatu Batuetan burututako berrikuntza historiografikoei ateak
zabalduz. Azkenik, nazismoak eragindako katastrofea benetan ulertu eta esplikatu
nahi izanez gero, ohizko zientzia historikoa berritu beharra zegoela pentsatzen
zuen batek baino gehiagok, eta hori zela eta, zenbait historialari mainstream
ortodoxoaren itzalean bide berrietatik abiatzen hasi zen, kanpoko esperientziak
bereganatuz eta historizismoaren tradizioko disidenteak berrirakurriz.
Sentsibilitate berri honen lehen arrastoak 1951ko guda osteko historialari
alemanek ospatutako II. Batzar Orokorrean nabari zitezkeen, batzar horretako sail
batek "Historia eta Soziologia" aztergai zuen eta. Bertan Max Weberren jarraitzaile
zen Hans Freyer soziologoak hitzegin zuen, eta historialarien aldetik gero
Koloniako Unibertsitateko katedratikoa izango zen Theodor Schiederrek. Bere
hitzaldian, Schiederrek Otto Hintzeren lanak goraipatu zituen, soziologia eta
historiaren arteko elkarlanaren froga ezin hobea zirelakoan. Marburgeko
batzarreko eztabaida horiei jarraipena emanez eta 1950ean Parisen antolatutako
24 ____________________________________________________________________________
25 Anekdota gisa, esan, Henri Berren Revue de Synthèse Historique-n lehen alean Lamprechten
artikulu bat argitaratu zela.
guda osteko nazioarteko lehen historialarien batzarrean jasotako informazioaz
baliatuz, 1952an Werner Conze katedratikoa asko irakurritako artikulu batean
"Historia sozialaren lekua ikerkuntzan eta ikaskuntzan" ("Stellung der
Sozialgeschichte in Forschung und Unterricht") gaiaz aritu zen. Bertan, Conzek
Annales eskolaren eta batez ere Braudelen lana eredutzat jo zuen, Alemaniako
historialarien buruak, Gerhard Ritterrek hain zuzen, Pariseko batzarrean Annales
gogorki kritikatu bazuen ere.
Horrela, pixkanaka pixkanaka, Lamprecht baino hobeto prestaturiko historia
sozialaren aldeko historialariek beren planteiamenduentzako lekua lortzen zuten,
minoritario samarra izan arren.
Hurrengo urrats garrantzitsua planteamendu horien instituzionalizazioa zen.
Conzek bultzaturik, 1957an interes bereko zenbait historialarik ideia berriak
eztabaidatzeko eta ikerprojektu zehatzak martxan jartzeko lan-taldea osatu zuten,
"Historia Sozial Modernuaren aldeko Lan-Taldea" ("Arbeitskreis für moderne
Sozialgeschichte") izeneko taldea hain zuzen. Conze bera Braudelen "historia
estruktural"ari buruzko kontzeptuaren aldekoa izan arren, bere lankideen artean ez
zegoen kontsentzurik horren inguruan, bai ordea, lan-taldearen interes nagusia
finkatzerakoan: XVIII. mendetik XX. mendera bitartean emandako eraldakuntza
sozialaren azterketa. Conzek bere lantaldearentzako diru laguntza publiko ugari
lortu zuenean, Alemaniako historiografian "Emser Kreis" bezala ezagutzen den
zirkulu hori historia sozialaren katalizatzailea bihurtu zen, Conzek berak
Heidelbergeko Unibertsitatean sortutako "Historia Sozialaren Institutua" eta
Theodor Schiederrek Kolonian zuzendutako historia sozialari buruzko mintegia
bezelaxe.
Ikusten denez, Alemaniako zientzia historikoaren berrikuntzaren aldeko lehen
urratsak aspaldi emanda zeuden, Fritz Fischer Hamburgoko katedratikoak 1961ean
Munduko Lehen Gerrateari buruzko bere liburu polemiko eta ospetsua argitaratu
zuenean26. Lamprechtekin gertatu zen bezala, Fischerren liburuak ere sekulako
astindua eman zien historialari ortodoxoei, dogma sakratu bat baino gehiago
ikutzen zuelako: Fischer ez zetorren bat Hitlerri buruzko tesi ofizialistekin, alegia,
Hitler Alemaniako historiaren istripua izan zela zioten tesiekin. Hitlerren zergatiak
aurkitu nahian, Fischer Alemaniako historian atzeraka joan zen Wilhelm II.engana
iritsi arte. Fischerren arabera, enperadoreak eta bere gobernuek burututako politika
militarista, autoritarioa eta espansionista izan ziren Munduko Lehen Gerratearen
benetako arrazoiak. Honen ondorioz, Alemania izan zen errudun bakarra eta gudak
sortutako euforia nazionalistan oinarriturik, Hitlerren gorakada iritsiko zen.
Liburuaren metodologiari dagokionez, berriz, ez zen batere berritzailea,
empirikoki ongi landutako historia politikoa eta diplomatikoaren bidetik zihoalako.
Beraz, eta beharbada liburuaren inguruan sortutako polemika zorrotzak eraginda,
Estatua, gizartea eta historia ______________________________________________________ 25
26 Fischer, Fritz, Der Griff nach der Weltmacht, Düsseldorf 1961.
Fischerren garrantzia Alemaniako historiografian orokorki zalantzarik gabe handia
izan bazen ere, historia sozialaren esparruan bere garrantzia mugatua izan da. Izan
ere, beranduago garatuko zen "giza zientzia historikoa" ("Historische
Sozialwissenschaft") landuko zutenen artean, ez baita aurkitzen Fischerren ikasle
bakar bat ere.
Historia sozialaren aintzindaria ez zen Fischer. Paper hori bete zuen, aipatutako
Conze eta Schiederrekin batera, Estatu Batuetara emigratu eta 1949ez geroztik
katedratiko bisitariak bezala Berlingo Unibertsitate Librean mintegiak ematen
zituen Hans Rosenbergek. Bere produkzio bibliografiko oparoaren barruan
Bismarcken Inperio eta garai horretako erdiko Europari buruzko bere lana
azpimarratu behar da, hemen, ohiko historia politikoa alde batera utziz eta batez
ere ekonomi historiaren zenbait teoria erabiliz, Rosenberg ekonomia, gizarte,
politika eta ideologien arteko elkarlotura erakusten saiatu zen27. Liburu honek
eragin handia izan zuen historia sozialeko beste ikerlari askorengan (Wehler,
Kocka, Winkler, besteak beste).
Rosenbergen liburua argitaratu zenean, Errepublika Federaleko gizartea eta
politika krisi sakon batean aurkitzen zen. 1968ko maiatzaren istiluek krisia
areagotu zuten eta honen ondorioz, 1969ko hauteskundeen ostean eta liberalen bira
politikoari esker, alderdi sozialdemokratak eskuratu zuen agintea, horrela gerra
ondoko demokristauen erabateko nagusitasuna apurturik gelditu zelarik. Willi
Brandten politikak horizonte berriak zabaldu zizkion gizarte alemanari, baita
kultur munduari ere. Orain proposamen berritzaile askok eskura zezaketeen
aurreko gehiengo politikoaren agintariek ukatu zuten babes publikoa. Honen
ondorioz, 1971ean Bielefeldeko Unibertsitatea sortu zen, hain zuzen ere arlo
akademiko askotako proiektu berritzaileei azpiegitura instituzionala egokia
emateko asmoz. "Unibertsitate Erreformatzaile" ("Reformuniversität") honetako
Historia eta Filosofia Fakultatea historia sozialaren erdigune bihurtuko zen.
Ondorengo urteetan "Bielefeldeko Eskola"28 bezala ezagutzen zen historialari
talde honen oinarri teoriko eta metodologikoak bost puntu hauetan laburbil
daitezke:
a. Werner Sombartek 1916 asmatutako konzeptua29 erabiliz, zientzia historikoa
"Giza Zientzia Historikoa" ("Historische Sozialwissenschaft") bezala definitzen
26 ____________________________________________________________________________
27 Rosenberg, Hans, Groe Depression und Bismarckzeit. Wirtschaftsablauf, Gesellschaft und
Politik in Mitteleuropa, Berlin 1967.
28 Flechter, Roger, "Recent Developments in West German Historiography: The Bielefeld School
and its critics" in German Studies Review 7, 1984, 451.-480. or. Halere aipatu behar da Kocka,
Wehler, Puhle eta neurri batean Koselleck kenduta, eskola horren kide gehienak (H.Berding; H.
Mommsen, W.J.Mommsen, H.A.Winkler, R.Rürup, W.Schieder) beste Unibertsitateetan zeudela.
29 Ikus. 1917an bere lehen edizioan argitaratutako liburu hau: Sombart, Werner, Der moderne
Kapitalismus, 1. alea, Berlin 1969, 21. or.
da, soziologia, polititologia eta ekonomiarekiko mugak gaindituz30.
b. Horrela definitutako zientziaren helburua historiaren egiturak eta prozesuak,
idazkera zientifiko analitiko propioaz baliatuz, aztertzea da, azterketa honi esker
aurkitutako informazioarekin gizartearen ilustrazioaren prozesuan aurrerapausuak
ahalbideratzeko. Zentzu honetan, eta Horkheimer eta Habermasen Teoria Kritikoan
oinarriturik, historialarien lanari erantzunkizun politikoa ematen zaio31.
c. Ilustrazioa modernizazio prozesuaren ondorioa da. Alemaniako historian
modernizazio prozesu hau arlo politikoan denbora luzez blokeaturik egon zelako
­mendebaldeko gizarte modernoetan gertatu ez zen bezala­, II. Inperioko
autoritarismoa III. Inperioko faxismoa bihurtu zen32. Hauxe da asko kritikatu izan
den "Alemaniako bide berezia"ri ("Deutscher Sonderweg") buruzko tesia.
d. Giza zientzia guztiek bezalaxe, historiak ere ez du zentzurik teorien
erabilpenarik gabe. Bielefeldgo Eskolako historialariek teoriak modu eklektiko
batez erabiltzen dituzte, aukeratutako objektu historikoaren arabera. Dena den, bi
teorilari aukeratzekotan, Karl Marx eta ­batez ere­ Max Weber aipatu beharko
genituzke. Iggersen hitzetan esan genezake Bielefeldgoek "Marx Weberren
begiekin" irakurtzen dutela33. Sintesi honen ezaugarriak Kockak aurreratu
ondoren34, Wehlerrek berak maisutasun handiz "Gizarte historia alemana" izeneko
lan bikainan aplikatu zituen35. Wehlerren arabera, mendebaldeko gizarte guztiak
hiru ardatz nagusi dituzte eta hauexek dira historialariak aztertu beharrekoak:
boterea, ekonomia eta kultura. Laugarren bat aurreneko hiruk determinatzen duten
desberdintasun soziala litzateke. Marxek ekonomiari lehentasunari ematen bazion,
Wehlerrek ­Weberri jarraituz­ ez du onartzen a prioriko lehentasunik, hiru
ardatzek elkarren arteko eragina dutelako eta egoera historikoa bezala ardatz hauen
arteko oreka eta sailkapena alda dait

Historia: zientzia ala literatura?