1. Erakundeak: oinarrizko kontzeptuak
eta tipologia
Karmele Bujan Vidales
AURKIBIDEA:
HELBURUAK
1. Gizarteko erakunde batzuk aztertu eta bakoitzaren helburuak zein diren ikustea.
2. Erakundeen oinarrizko edukiak zein diren ulertzea.
3. Erakundeei mesede eta kalte egiten dieten faktoreak zein diren jakitea.
4. Erakunde formalak eta informalak bereizten ikastea.
5. Erakunde formal baten barruan egon daitezkeen erakunde informalak
identifikatzen ikastea.
6. Erakunde formaletako oinarrizko zatiak identifikatu eta aztertzea.
7. Erakundeen ezaugarriei eta arazoei buruzko informazioa jaso, sailkatu eta
aurkezpena egitea, gai monografikoan.
8. Gaur egungo erakundeen inguruko eztabaidetan parte hartzea, errespetuzko
jarrera kritikoarekin, baina kritika eraikitzaileak eginez.
9. Erakundeen garapena baldintzatzen duten gaur egungo gizartearen ezaugarrien
gainean hausnartzea.
10. Jendeak erakundeen helburuekin konpromisoa hartzera bultzatzea.
KONTZEPTUZKO EDUKIAK
1.1. Egungo gizartea eta erakundeak.
1.2. Erakunde kontzeptua eta erakundeen elementuak.
1.3. Erakunde-motak.
JARDUERAK
BIBLIOGRAFIA
EDUKIEN GARAPENA
1.1. EGUNGO GIZARTEA ETA ERAKUNDEAK
Egungo gizartean, ez gara bakartuta bizi; nahiz eta batzuetan ez jabetu, hainbat
saretako kide gara: familia, lagunartea, lantokia, aisialdia (gerta liteke Klub bateko
kidea izatea, edo kirol-talde bateko kidea izatea), politika (modu formalean: alderdi
bateko kidea izanik; modu informalean: boto-emailea izanik edo erakunde batekiko
hurbiltasuna azalduz), kultura (baliteke kultura-arloko erakunderen batean parte
hartzea edo hezkuntza-arloko erakunde batean), informazioa (komunikabide baten
irakurle, idazle, sustatzailea izanik)...
Egungo gizartea, gizarte antolatua da, eta pertsonak hortxe bizi dira, gaur
egungo munduan: erakundez osaturiko gizartean, alegia. Guztiok onartzen dugu
lana, aisialdia, kultura, ekonomia, politika, erlijioa... antolatzea eta, gainera, hain-
bat erakunderi lotzen gatzaizkio. Era horretan, norbanakoak eta taldeak elkarla-
nean aritzen dira, eta instituzioak eta erakundeak osatzen dituzte, gizartearen bizi-
kalitatea eta funtzionamendua hobetzearren. Gizartea gero eta konplexuagoa da eta,
ondorioz, gaur egun gero eta erakunde-mota gehiago dago.
Gairin (2003) eta Delgado (1997) autoreek egungo erakundeek izan beharko
lituzketen ezaugarriak azaldu zituzten, eta ezaugarri horietatik guk honako hauek
nabarmenduko ditugu:
­ Erakunde irekiak. Gizartearekin etengabe harremanetan daudenez,
euren merkatuak globalizatzen dituzte, baina aldi berean, erabiltzailearen
--bezeroaren-- beharrak betetzen dituzte, zerbitzu pertsonalizatuekin.
Esate baterako, zuk eskatutako pizza etxean izango duzu ordu-erdi baino
arinago, bero-beroa eta goxo-goxoa.
­ Erakundea proiektu kolektiboa. Indibidualismo profesionala gaindituz
gero, kide guztien arteko elkarrizketarekin, parte-hartzea bultzatzen duen
zuzendaritzarekin, erabaki gardenekin eta abarrekin, erakundearen balioak
eta kultura sortzen dituzte: erakundeek kudeaketa demokratikoa behar
dutela, alegia.
­ Erakunde birtualak. Telematika-sareen bitartez komunikatzen diren
errealitate berrietara eta erakundeetara irekiak. Horrela, telelana oso ga-
rrantzitsua izango da etorkizuneko ekonomian eta asko izango dira sarean
lan egingo duten langileak.
­ Erakundeak etengabeko prestakuntzan. Gaur egungo jakintza-gizarte
honetan, profesionalen "ezagutzaren" eta "egiten jakitearen" artean desoreka
Erakundeak: oinarrizko kontzeptuak eta tipologia 15
handia dago eta gero eta handiagoa da, gainera, aldaketak oso bizkor gerta-
tzen direlako, bai ekonomia-egoeran, bai politikan, bai balioetan. Etorkizu-
neko gizartean nahitaezko langabeziaren arriskua handia izango da, langi-
leak ez direlako egokitu teknologia berrien eskakizunetara. Ezagutzak edu-
kietan baino gehiago, "ikasten ikastean" oinarrituko dira, etengabe ikasten
eta bere burua aldatzen ari diren erakundeak garatzea eta haztea sustatuz.
Halaxe dio Gairin-ek (2003:41) Senge (1992) aipatzen duenean: «Ikasteko
gai ez izatea latza da haurrentzat, baina hil edo bizikoa erakundeentzat.
Hori dela eta, enpresa gutxik irauten du pertsona baten bizi-esperantzaren
erdia bezainbeste, eta gehienetan, berrogei urtetara iritsi aurretik hiltzen
dira».
Laburbilduz, aitortu beharra dago erakundeentzat gero eta garrantzitsuagoak
direla honako ezaugarri hauek: irekiak izatea, proiektu kolektiboa izatea, erreali-
tate birtual berrietara irekiak egotea eta erakundearen garapena sustatzea etenga-
beko ikaskuntzaren bitartez.
1.2. ERAKUNDE KONTZEPTUA ETA ERAKUNDEEN ELEMENTUAK
J. M. Peiro-ren arabera (1992:29), E. H. Shein (1978) autorearen ustez hauxe da
erakunde bat: helburu eta asmo komuna eta esplizitua lortzeko, elkarrekin jarduten
duen lagun-multzo bat koordinatzea, eginkizunak eta lana banatuta, eta agintea eta
erantzukizuna hierarkizatuta.
1. Bistan da banakoek edo taldeek osatzen dituztela erakundeak; kide horiek
partzialki inplikatuta daude eta, beraz, erakunde batean baino gehiagotan
parte har dezakete.
2. Helburu jakinak lortzeko sortzen dira erakundeak.
3. Funtzio-bereizketan edo lan-banaketan oinarritzen dira. Zentzuz koordina-
tuta eta zuzenduta egon ohi dira.
4. Maizenik, denboraldi jakina irauten dute eta leku, teknologia eta baliabide
jakinei lotzen zaizkie.
1.1. irudia. Erakundeen oinarrizko osagaiak (Peiro, 1990:29).
1
banakoak edo banako-taldeak
2
helburuak/xedeak
3
lan-banaketa eta funtzio-bereizketa, jarduera koordinatuak eta zuzenduak
4
denboraldi jakineko iraupena
16 Eskola-antolaketa
Arestian aipatu autoreek lau ezaugarri hauetaz, hots, banakoez, helbu-ruez,
jarduera koordinatuez eta denboraldiko iraupenaz zer dioten azalduko dugu:
1. Banakoak edo banako-taldeak. Pertsonak dira erakundeen muina eta haien
arteko harremanak ezarritako helburuak lortzera bideratuta daude.
«Erakunde guztiek kide-kopuru antolatua dute, zenbait helburu lortzeko
asmo agerikoarekin. Klub bat edo enpresa bat osa dezakete; sindikatu edo
alderdi politiko bat antolatu; ospitale bat sor dezakete, eta bertako kideen
arteko harremanak bideratzeko eta bakoitzaren betebeharrak finkatzeko
prozedurak ezar ditzakete. Behin erakunde baten oinarriak tinko jarrita,
erakunde horrek bere nortasuna hartu ohi du, sortu zuten kideengandik
independente bihurtzeraino» (Blau eta Scott, 1976:13).
2. Helburuak/xedeak. Erakunde batek zentzua izango du bertako kideek
jarritako helburuak lortzen direnean. Helburuak modu askotara ezar
daitezke:
­ Taldeko kide guziek ezar ditzakete (erakunde autogestionatuetan
gertatzen da).
­ Instituzio barneko talde batek jar ditzake helburuak; etorkizunean, talde
hori izango da erakundea osatzeko ernamuina.
­ Erakundearekin zerikusirik ez duen erakunde batek jar ditzake; adibidez,
eskolaren xede batzuk estatuak finkatzen ditu (Ciscar eta Uria, 1988:62).
3. Jarduera koordinatuak. Erakundeko kideen jarduera, funtzio eta lanpostuek
koordinatuta egon behar dute ezarritako helburuak lortuko badira. «Erakun-
de batek elementuak etengabe egokitzea eskatzen du ezarritako asmoarekin
bat etor daitezen» (Teixido, 1999:38-39).
4. Denboraldi jakineko iraupena. Denbora batez iraun duen erakundeak
egitura sendoa lortu ohi du. «Egituraz hitz egitea, nolabait, laneko markoaz
hitz egitea da, non pertsonek, funtzioek eta erremintek, helburu jakin
batzuk erdiesteko, eskema jakin bati, eskema logiko eta interaktibo bati,
erantzuten dioten» (Saenz, 1985:14).
Erakundeak: oinarrizko kontzeptuak eta tipologia 17
1. adibidea.
1.2. irudia. Hezkuntza-erakunde baten oinarrizko osagaiak: ludoteka.
1.3. ERAKUNDE-MOTAK
Erakunde-mota asko aurki ditzakegu baina guztien sailkapenerako hauek dira
kontuan hartuko ditugun osagaiak: helburuak, formaltasun-maila, onuradunaren
irizpidea eta egitura-motak.
1.3.1. Helburuen arabera
Helburuen baitan honela sailka daitezke erakundeak:
a. Erakunde-mota honetan parte hartzen dutenak taldeko kide izatera eta
horrek eskatzen duen elkarlanera mugatzen dira. Klubak, aisialdiko
Erakundea: Ludoteka
PERTSONAK
BETEBEHARRAK
HELBURUAK
EGITURA
Ludotekako langileak. Ludotekako animatzaileak. Ludotekaren sortzailea.
"Jabea" den erakundea. Ludotekako bazkide diren gurasoak.
Ludotekako arduradunak lanaldi osoarekin, koordinazio-lanak egin,
erakundeari batasuna eman eta jarduerak eta ardurak banatuko ditu.
- Jostailuak hartu.
- Jostailuaren atseginezko
erabilera bultzatu.
- Utzitako gauzei eman
behar zaien balioa
azpimarratu.
- Haurra taldeko kide
bihurtu.
- Ludoterapia, ezintasu-
nak dituzten haurrentzat.
- Haurraren garapena
lagundu (psikomotrizitate-
arloko garapena, garapen
mentala eta garapen
soziala)
- Jostailuak
konpontzeko eta
egiteko lantegia.
- Jostailuak ordenatu.
- Jostailuak erosi,
sailkatu, utzi, jaso eta
zaindu.
- Utzitako jostailuen eta
hartzaileen zerrenda.
1
2 3
4
18 Eskola-antolaketa
elkarteak eta dibertimenduaz arduratzen diren era guztietako elkarteak
sartzen dira mota honetako erakundeetan.
b. Erakunde-mota honen helburua bertan parte hartzea aukeratu duten edota
behartu dituzten kideen gainean modu jakinean eragitea da. Eskolak,
ospitaleak, elizak, presondegiak dira hauetako batzuk.
c. Emaitza jakin bat lortzeko helburua duten erakundeak edo kanpora begi-
rako asmoa dutenak. Adibidez: sindikatuak, gobernuz kanpoko erakundeak
(GKE), eta abar.
1.3.2. Formaltasun-mailaren arabera
Erakundeen formaltasun-mailari begiratuta, formalak edo informalak izan
daitezke.
a. Erakunde formalak.
Erakunde formaletan eginbeharren betetze-maila eta kideen postuen maila-
keta garrantzitsuak dira.
Eginbeharrak idatziz zehaztuta formalizatzen dira; hartara, erakundeko kideek
badakite zein eragiketa --betebehar-- egin behar duten. Adibidez, ikastetxe bateko
Lehen Hezkuntzako koordinatzaileak egin behar dituen betebeharrak zentroko
barne-araudian idatziz zehaztuta daude.
Erakundeetako postuetan aritzeko postu bakoitzerako behar den espezializa-
zioa eta agintea izan behar dira. Etapako koordinatzaile "posturako" eskakizunak
aipatuko ditugu, esate baterako: irakaskuntza-lanetan urteetako eskarmentua, etapa-
ko irakasle-taldea zuzentzea, etab.
b. Erakunde informalak
Erakunde formalen barruan, berez, talde informalak sortzen eta garatzen dira.
Lanaren inguruko kontuek edo arlo sozial eta pertsonaleko alderdiek jendea
harremanetan jar dezakete. S. Gerra (1997:122-123) autoreak azaltzen digunez,
«harreman informalen alderdi batek lanarekin zerikusia du. Inolako komunikazio
informalik gabeko jarduerak aurkitzea ez da erraza. Zalantzarik gabe, irakaskuntza
ere hor barnean dago». Gainera, «pertsonen arteko harremanek horixe eskatzen
dute, lanean ere. (...) Komunikazio soziala mesedegarria da garapen pertsonale-
rako, baina baita lana hobetzeko ere. Irakasleen artean kafetegian sortzen den ha-
rremanak banakoen komunikazioa hobe dezake, baina euren lanaren koordinazioa
ere bai».
Erakundeak: oinarrizko kontzeptuak eta tipologia 19
1.3.3. Onuradunaren arabera
Onuradunaren irizpidea erabilita, erakundeak lau taldetan sailka daitezke:
­ Erakundea eta kideak, biak mesedetzen dituena. Onuradun nagusiak kideak
dira: sindikatuak, alderdi politikoak, eta abar.
­ Enpresa komertzialak, zeinetan onuradun nagusia enpresaburua baita:
bankuak, handizkako saltokiak, industriak eta abar.
­ Gizarte-zerbitzukoak, bezeroen mesedetan jarduten dute batez ere:
ospitaleak, eskolak, laguntza-zerbitzuak eta abar.
Gairin-ek (1996:97) aipatzen duenez, Blau eta Scott (1960) autoreen arabera
erakundeek pertsonen baitan funtzionatzen dute eta pertsona horien mesederako
lau pertsona-talde hartzen dituzte aintzat: oinarrizko kideak, jabeak edo zuzendari-
tzako kideak, bezeroak edo erakundetik kanpoko pertsonak (betiere, erakundea-
rekin zerikusia dutenak: erosleak, presoak, ikasleak) eta gainerako jendea, oro har
(giza taldea osatzen duten gainerako kideak).
1.3.4. Egituraren arabera
Antolamendu-egituraren arabera ere sailka daitezke erakundeak:
­ Egitura sinplea dutenak: erakunde txikiak izaten dira eta zeregina zuzenean
ikuskatzen da (automobil-banatzaileak, gobernuko departamentuak...).
­ Burokrazia-zeregina dutenak, lan estandarizatu bat eginez. Erakunde
handiak dira, lan-inguru egonkorrekoak edota kanpotik kontrolatuak
(posta-zerbitzua, airelineak, kartzelak...). Bertan kanpoko kontrolik ez dago
eta gaitasun eta ezagutza profesionalak garrantzizkoak dira (unibertsitatea,
gizarte-ongizateko agentziak, osasun-etxeak...).
­ Zatikako egitura dutenak: zati bakoitzak ere egitura du, eta honako formak
har ditzake: korporazio handiak, egoitza bat baino gehiago dituen uniber-
tsitatea...).
­ Addokrazia: lan-ingurua oso aldakorra eta ezezaguna da, eta egitura azkar
alda daiteke eskariaren arabera (ikerketa-zentroak, erakunde artistikoak...)
(Mintzberg, 1979, Gairin-ek aipatua, 1996:99).
Laburbilduz, erakunde-motak honako lau irizpide hauen arabera sailkatu
ditugu:
1. Erakundearen helburuen arabera, honako erakundeak bereizi ditugu: talde-
kideen dibertimenduaz arduratzen direnak; pertsonengan eragitea bilatzen
dutenak; erakundeko kideen interes edo onurei begira ari direnak.
20 Eskola-antolaketa
2. Formaltasun-mailaren arabera, erakunde formalak eta informalak.
3. Onuradunen arabera, kideak eta erakundea, biak mesedetzen dituen erakun-
dea; erakunde komertzialak, kasu honetan jabea da onuradun nagusia;
sozialak, bezeroen mesedetan dihardutenak; eta gizarte osoaren mese-
derako ari direnak.
4. Egitura-motaren arabera, egitura sinplekoak, burokratikoak, zatika eratuak
eta addokratikoak.
Gaur egun, erakundeak sailkatzeko modu bat baino gehiago dagoenez,
irizpide-aniztasun horrek zalantzan jarri ditu sailkapenak berak.
2. adibidea. Aipatu ludoteka lau irizpide hauen arabera sailka dezakegu:
1. Ludotekan bertan parte hartzen duten kideen helburua ondo pasatzea da,
beraz, taldekideen dibertimendua helburu duen erakundea da.
2. Ludoteka erakunde formala da.
3. Ludoteka gizarte-zerbitzua izanik, bezeroen mesedetan dihardu.
4. Ludoteka erakunde txikia denez, egitura sinplea du.
ARIKETAK
1. Kontzeptuzko edukien errepasoa.
Adieraz ezazu esaldi hauek zuzenak (Z) ala okerrak (O) diren:
­ Egungo gizartean, banakoek hainbat erakundetan parte hartzen dute Z O
­ Erakundeen asmoa ez da helburuak lortzea Z O
­ Erakundeek funtzioak eta betebeharrak banatzen dituzte Z O
­ Erakundeen oinarrizko osagaiak bost dira Z O
­ Eskola-erakundeen helburua giza talde zehatz baten gainean (ikasleengan,
hain justu) modu jakinean eragitea da Z O
­ Aisialdiko erakundeen helburua taldekideek taldekide izaten jarraitzea
da Z O
­ Irabazi-asmorik gabeko erakundeetako kideek ez dute euren buruarentzako
onurarik nahi Z O
­ Erakunde formalen barruan sekula ez dira agertzen talde informalak Z O
Erakundeak: oinarrizko kontzeptuak eta tipologia 21
­ Enpresen onuradun nagusia enpresaburua da Z O
­ Addokraziek duten egituragatik, erakundea eskariaren baitan alda
daiteke Z O
2. Azpian ageri den erakundeen zerrendatik bi hautatu behar dituzu eta ezarri
dugun taulaz baliatuta, esan ezazu dituzten antolaketa-osagaiez dakizun guztia.
Erakundeen zerrenda:
1. GKE (Gobernuz Kanpoko Erakundeak) 12. Gazte-ostatua
2. Mugimendu feministak 13. Alderdi politikoak
3. Telefono-konpainia 14. Ikasleen sindikatua
4. Langile-batzordea 15. Kiroldegia
5. Haurtzaindegia 16. Euskaltegia
6. Internet 17. Ingeles-akademia
7. Hirugarren adinekoen egoitza 18. Beste bat:..............................
8. Gazte-lekua
9. Kultur etxea
10. Udal-biblioteka
11. Bibliobusa
22 Eskola-antolaketa
Erakunde baten oinarrizko osagaiak: adibidez, gazte-leku batenak
1.3. irudia.
Erakundea:
PERTSONAK
H B
E E
L T
B E
U B
R E
A H
K A
R
R
A
K
EGITURA
1
2 3
4
Erakundeak: oinarrizko kontzeptuak eta tipologia 23
3. 2. ariketa egiteko sailka itzazu hautatu dituzun erakundeak helburuen,
formaltasun-mailaren, onuradunaren eta egitura-motaren arabera.
4. Zuk ezagutzen duzun erakunderen baten helburuak, egitura eta betebeharrak
zeintzuk diren jasotzen duen idazki bat bilatu.
5. Egin ezazu gaur egungo gizartean dauden erakundeek izan beharko lituzketen
ezaugarrien mapa kontzeptuala.
6. Ikusi informazioaren gizarteak enpresetan eta instituzioetan duen eraginari
buruzko bideoa (ETB2tik kopiatua) eta egin debate bat.
7. Lehen galderaren erantzunak:
1. Z 6. Z
2. O 7. Z
3. Z 8. O
4. Z 9. Z
5. Z 10. Z
BIBLIOGRAFIA
Gairin, J. (1996): La organización escolar: contexto y texto de actuación, La
Muralla, Madril.
Gairin, J. eta Armengol, C. (arg.) (2003): Estrategias de formación para el cambio
organizacional, Praxis, Bartzelona.
Gomez Dacal, G. (1996): Curso de organización escolar y general, Escuela
Española, Madril.
Lorenzo Delgado, L. M. (1997): Perfil Organizativo del nuevo centro educativo, in
A. Medina eta S. Gento: Organización pedagógica del nuevo centro
educativo, Cuadernos de la UNED, Madril.
Peiro, (1990): Organizaciones nuevas perspectivas, PPU, Bartzelona.
Saenz, O. (1985): Organización escolar, 1. kapitulua, Anaya, Madril.
Santos, M. A. (1997): La luz del prisma. Para comprender las organizaciones
educativas, Alfibe ediciones, Malaga.
Teixido, J. (1999): Dirección de centros educativos desde una perspectiva de
cambio, Cooperativa Universitària Sant Jordi, Departamento de Pedagogía,
Universidad de Girona.
24 Eskola-antolaketa

Eskola Antolaketa