Jean Martin
Hiribarren
Eskaldunak
Iberia, Kantabria, Eskal Herriak,
Eskal Herri Bakhotxa eta hari darraikona
(1. zatia)
Patxi Altuna,
Gurutze Aldabaldetreku eta
Amaia Bonetaren edizioa.
KLASIKOAK
JEAN MARTIN HIRIBARREN
J.M. HIRIBARREN
ESKALDUNAK
(1. zatia)
PATXI ALTUNA,
GURUTZE ALDABALDETREKU eta
AMAIA BONETAren edizioa.
Klasikoak
Bilbao
1994
KLASIKOAK
Euskal Editoreen Elkartea
Bildumaren arduradunak
Patxi Altuna
Joseba A. Lakarra
Ibon Sarasola
Blanca Urgell
Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren laguntza bereziz argitaratzen da
Klasikoak bilduma hau
© Patxi Altuna, Gurutze Aldabaldetreku, Amaia Boneta
© Edizio honetarako Udako Euskal Unibertsitatea
ISBN: 84-86967-61-9
Legezko gordailua: BI-1476-94
Fotokonposaketa: Udako Euskal Unibertsitatea
Inprimategia: BOAN S.A. (Bilbo)
AURKIBIDEA
Hitzaurrea: Jean Martin Hiribarren ......................................... VII
Bizitza eta obra ................................................................ VII
Eskaldunak (1853)............................................................ IX
Metrika ............................................................................. XI
Egitura.............................................................................. XIV
Hizkera ............................................................................. XV
Aditzaren laburdurak ....................................................... XVI
Elisioak............................................................................. XVII
Izenaren laburdurak.......................................................... XIX
Sintagma mugagabeak ..................................................... XXI
Beste zenbait laburdura.................................................... XXII
Hitz elkarketa ................................................................... XXIII
Eratorketa ......................................................................... XXV
Aditz-morfologia.............................................................. XXVII
Menderakuntza................................................................. XXVIII
Joskera.............................................................................. XXX
Lexikoa............................................................................. XXXI
Gure argitalpena............................................................... XXXII
Eskaldunak .............................................................................. 1
Eskaldunei bi hitz hastean ............................................... 3
Lehen kapitulua: Iberia .................................................... 8
Euskaldunen jatorria .............................................. 8
Arbasoak................................................................ 15
Iberia - Kantabria ................................................... 18
Hiru kanta .............................................................. 20
Lehen kanta ................................................. 20
Bigarren kanta ............................................. 23
Hirugarren kanta .......................................... 25
V
Bigarren kapitulua: Kantabria ........................................ 28
Erromatarren jaistea............................................... 32
Eszipion eta Lara .................................................. 42
Kanta...................................................................... 46
Hirugarren kapitulua: Eskal Herria ................................ 50
Eskaldunak ............................................................. 50
Barbaroen agertzea ................................................. 55
Eskaldun erregeak ................................................. 62
Rolanen kanta .............................................. 68
Errege euskaldunen segida .......................... 73
Laugarren kapitulua: Eskal herri bakhotxa .................... 85
Zazpi alde .............................................................. 85
Nafarroa Behera .................................................... 86
Nafarroa Goikoa .................................................... 89
Xuberoa ................................................................. 91
Gipuzkoa ............................................................... 94
Bizkaia ................................................................... 95
Alaba ..................................................................... 96
Laphurdi ................................................................ 97
Ibaiak ........................................................... 104
Ihuri ..................................................... 105
Laran ................................................... 106
Urhandi................................................ 106
Uhertsi ................................................. 107
Bidasoa ................................................ 108
Ur bereziak................................................... 109
Azkaine ................................................ 111
Kanbo .................................................. 119
Eraskina................................................................................... 123
Izen berezien zerrenda.................................................... 125
Hiztegia ................................................................................... 129
VI
JEAN MARTIN HIRIBARREN
Bizitza eta obra
XIX. mendea zinez emankor eta aberatsa suertatu da euskal
literaturaren historian, zeren 1830-1880 epealdiak hizkuntzalari eta
idazle garrantzitsuak aurkitzeko aukera ezin hobea eskaintzen baitigu.
Mugaz honaindik, ezin aipatu gabe utzi garaiko izpiritua definitzen
duten Mogel, Añibarro eta Astarloa. Iparraldetik datozen haizeak
berriz onak dira benetan, euskal kulturaren bultzagile sutsuak diren
d'Abbadieri eta Bonaparteri izen andana luzea lotzen baitzaie: Harriet,
Chilo, Chaho, Duvoisin... eta Hiribarren bera.
Jean Martin Hiribarren Azkainen jaio zen 1810eko maiatzaren 6an
"Etxeberria" izeneko etxean. Baztango Azpilikuetako Dutari familia
sonatu eta noblearen ondokoa dugu Hiribarren. Dutari zen haren
amona Juana, Dutari zen Kristauaren bizitzak liburua idatzi zuen
jesuita, baita Xabierko Frantziskoren ama ere. Bizitzako urterik
gehienak Bardoitzen eman zituen, zeren 1833an apeztu eta urte
berean Urruñako bikario izan eta gero, 1834ean, Bardoitzeko apez
izendatu baitzuten. Hil baino urtebete lehenago utzi zuen herri hau,
Baionara joateko. Heriotza hemen aurkitu zuen 1866ko azaroaren
26an, bertako katedraleko ohorezko kalonge zelarik.
Hiru dira bizi zen bitartean argitara emandako liburuak:
Eskaldunak (1853)
Montebideoko berriak (1853)
Eskaraz egia (1858)
VII
Euskal-Herriko historia, herrialdeen eta ohituren inguruan eraikia,
datuz eta xehetasunez beteriko poema luzea da Eskaldunak,
zalantzarik gabe bere lanik garrantzitsuen eta ezagunena. Beste biak
izakera desberdineko lanak dira: Hegoameriketara abiatzen zen euskal
emigrazioak bultzatu zuen Montebideoko berriak idaztera; Eskaraz
egia aldiz, erlijioaren gaineko hausnarketak. Erlijioen historiatzat har
daitekeen liburu honek erlijioarekin zerikusi duten zenbait alderdi
ukitzen ditu: Jainkoa, eliza, erlijio faltsuak, Calvino, fedea...
Iaz kaleratu zuen Patri Urkizuk1 geure egiteko honetan lagungarri
izan dakigukeen Chahori buruzko liburuxka bat; bada han
Hiribarrenen poemei buruzko aipamen nahikoa, Hiribarren beraren
eskuzkribuetan aurkiturikoak batzuk, aldizkari desberdinetan argitara
emandakoak besteak: Heren-Sugea eta Beltzunze (1407an
Beltzunzeko Kondeari gertatutakoaz), Jo du, jo, nizpeit orena
(Hiribarrenen paperen artean aurkitua, baina ezin ziurtatu berea
denik) eta 1845. urtean zehar, Chaho erredaktore buru zelarik, Ariel
aldizkarian Iruñeko Bestak izenpean kaleratutako zenbait poema.
Sail berri bat osatu beharrean gaude argitaratu gabe dirauten
lanekin: hala nola gramatika bat, errefrauak, Inperioaren historia,
Ama Birjinaren bizitza, sermoiak, Bizkaiko Diputazioan gorderik
dagoen "Napoleon Lehena" deritzan poema eta, batez ere, Baionako
Euskal Museoan eta Parisko Biblioteka Nazionalean aurki daitekeen
haren Euskal Hiztegia. Pierre Lhanderen esanen arabera2 hiztegi
honen bi kopia gordetzen dira, bata osorik, Hiribarrenek berak eskuz
idatzia, eta bestea, amaitu gabea, Hiribarrenek eta zenbait kopistak
egina.
Jakin badakigu 1862rako burutua zuela hiztegi hori, d'Abbadiek
inprentako gorabeherez arduraturik Estatuko Ministeritzaren laguntza
eska dezan aholkatzen dio eta. 1864ean Baionako Seminario Handiko
zuzendari zen Chilok hiztegiaren argitalpenaz gehiago ez kezkatzeko
esaten dio, bere osasunaren egoeraz baino ez arduratzeko eta Baionara
joan dadin eskaintza egiten dio, han lasai atseden hartzera. Ez dakigu
Hiribarrenek eskaintza hau onartu zuen ala ez, ez eta diru laguntza
eskuratzeko beste ahaleginik egin zuen ala ez; eskuratu ez zuela, bai.
Handik bi urtera hil zen, hiztegiak argia ikusi gabe.
VIII
1 Urkizu, P., Agosti Chahoren bizitza eta idazlanak. Euskaltzaindia, Bilbo
Bizkaia Kutxa, 1992.
2 Lhande, P., "L´Abbé Martin Hiribarren et son Dictionnaire Basque",
Gure Herria, 1925.
Gertakari txiki baten kontaerak emango dio azkena idazlanei
eskainitako atal honi. Jakina da XIX. mendeak izpiritu herrikoiaren
aldarrikapena suspertu zuela; folklorea eta jakinduri herrikoia herri
baten nortasunaren eta izatasunaren adierazletzat hartu zirela. Euskal
Herrian Antoine d'Abbadie izan genuen kultura herrikoiaren
suspertzailerik garrantzitsuena, lehiaketa, ikuskizun eta abar luze bati
eskerrak ospakizun horiek euskal kulturaren topagune bilakatu
zirelarik. Eskaldunak argitaratu zen urte berean antolatu ziren lehen
Euskal Jaiak ere Urruñako herrian. Hasieran epaimahaia Dassancek,
Harrietek, Lissardik, Goihetxek, Dukosek, Lerenburek eta d'Abbadiek
berak osatuko zutela agindu bazen ere, hiru pertsona baino ez ziren
epaimahaiko izan, zergatik ez dakigula: Larralde, Diustegi eta
Hiribarren. Ustegabeak ez ziren honenbestez amaitu, sari banaketa ere
eztabaidatsua izan baitzen: Zelhabe gaztea garaile ateratzeak
Etxahunen kaltetan honen haserrea piztu zuen, saria irabazi zuten
bertsoen aitatasuna Hiribarreni egozten ziola:
(Zelhabe) Bardozeko aphez arnegata.
Aphezek gure koblak zuri eman eta,
Jarri izan zira, zü, koblarien aita:
Bena janen zünian, gizenago zopa,
Hartü ükhen bazünü haiek dien plaza3.
Eta Hiribarrenek:
Hoikintzat iloba da Zelhabe gaztea,
Izpirituko lanez duena hastea:
Hark koplen prezioa eraman Urriñan,
Nahiak zerauzkala bertze asko griñan.
Jainkoari zor dio ausarki eskerra
Eginik haren gaiaz lili Bardoztarra
Eskaldunak (3401-06)
Bardoiztarra eta seminarista ohia zen Zelhabe; Bardoitzeko apez
eta ezusteko epaimahaiko Hiribarren; egia ote Etxahunek esandakoa?
Eskaldunak (1853)
Letra gizon ospetsuen garaikide izanik, harreman estuak izan
zituen Goietxerekin, d'Abbadie, Chilo eta bereziki Chahorekin. Hau
goratuz honela dio:
IX
3 Auñamendi, Literatura I, 408-410. or.
Gizon jakin, zuzena, beti ohorezko,
On galdez dabilana bihotzez herriko.
Atharraztik ilkhitzen Chaho jakinsuna,
Beira balu fedea, Eskaldun lehena.
Gutik dute fransesa nola hark ibiltzen,
Ez du ere parerik denean mintzatzen.
Balinba nahiko du holako gizonak,
Laguntzen duelarik zeruko dohainak,
Eskaldunen fedea berriz besarkatu,
Eta heiekin biziz herria altxatu!
Errotik katoliko dire Eskaldunak;
Ez ditezke bertzela hekien lagunak.
Eskaldunak (1657-68)
Fede kontuaren gainetik begirunea, estimua, laudorioa nagusitzen
da. Eztabaidarako, polemika sorrarazteko beti prest zegoen xuberotarrak
ere estimutan zuen Hiribarren, elkarri igorritako 10-12 gutunetan
darabiltzan "Poeta maitea", "Bardo ispiratua" bezalako izendapenek
erakusten duten legez. Bada karta horietan gai interesgarririk:
Salaberriren hiztegiari buruzkoak, ortografia mailako iritziak, asmo eta
proiektuen azalpena...
Garaikideen zientifikotasun, zehaztapen eta metodoetatik urrunduz,
Chahok eta Hiribarrenek irudimenari, fantasiari heltzen diotela dio
Pierre Lhandek: Bonapartek, d'Abbadiek, Harrietek metodoa islatuko
luketela, Chahok eta Hiribarrenek aitzitik arbitrarietatea, origi-
naltasuna. Haratago doa Duvoisin4 Hiribarreni buruzko iritzia emateko
orduan: irudimen handiko pertsona izanik, izugarrizko erraztasunez
paratzen omen zituen bertsoak, baina hauek onak nahiz txarrak izan
­"qu'ils fussent bien, qu'ils fussent mal"­, ez omen zituen berriro ikusi
nahi izaten eta ez omen zuen gauza on handirik egin. Lafittek5
bertsotarako erraztasunarekin eta erudizio zabalarekin batera bertsoen
leuntasun eza eta lirikotasun izkutuegia azpimarratzen ditu. Aita
Onaindiak6 ere ez du Hiribarren gorengo olerkaritzat hartzen,
irudimena eta edesti-jakina ukatzen ez badizkio ere. Urrunago doa J.
Juaristi7 "estilo bastante pedestre"tzat definitzerakoan haren idazkera.
X
4 Altuna, P., "Duvoisinen eskuizkribu argitaragabea", Fontes Linguae
Vasconum, urtarrila-ekaina, 1987, 89. or.
5 Lafitte, P., Le basque et la littérature, 51. or.
6 Onaindia, S., MEOE, 492. or.
7 Juaristi, J., Literatura vasca. Taurus, Madril, 1987, 76. or.
K. Mitxelenaren ustez8 Eskaldunak ez da konposaketa epikoa, are
gutxiago epopeia, xehetasunez eta datu interesgarriz osaturiko gauzen
eta pertsonen taxonomia entretenigarria baizik. Askok goraipatu dute
datuen ugaritasuna, zeren herrien, ohituren eta gizonen informazio
iturri aberatsa dela ukaezina baita; konposaketaren balio literarioari
dagokionez, aldiz, iritziak bestelakoak izan dira. Ziurrenik
Hiribarrenen helburua ez zen ederti lan soila sortzera mugatzen:
edukia ahalik eta ederrena bihurtzeko ahalegina onartuz ere, azalak
baino edukiak berak gehiago kezkatzen zuen. Zentzu honetan
kuriosoa da jakitea nola mintzo den poeta bere buruaz poeman, izenik
aipatu gabe noski, eta nola laburbiltzen eta deskribatzen duen zein
den bere egitekoa:
Hirugarren apeza bizi da Bardoitzen,
Piko hauk dituela nolazpeit moldatzen,
Ustez xede onetan, nahiz herriari
Geroan kausirazi orai zer den berri.
Badu arimen karga pisatzen diona;
Jainkoak bezo barkha hunelako lana,
Ankas badu egiten nihola gaizkirik,
Hula higatuz oren kurridei khendurik
Eskaldunak (2.203-10)
Geroko euskaldunak dituela gogoan eta Jainkoaren barkamena
bihotzean, Euskal Herriaren orainaz eta lehenaz arituko dela dio: apal,
xume mintzo zaigu bere egitekoaz. Inor gutxik pentsa dezake aurrean
eta ondoan doazen bertso-lerroek 5.000 baino gehiagoko konposaketa
osatzen dutela, guk eroso zurrean liburuki batean baino bitan argitaratu
hobe uste izan duguna.
Metrika
Hala esan izan da beti: 5.000 bertso-lerro edo dituela poemak.
Zenbatu gabe atera zituen autoreak, bata bestearen gainean pilatuz, eta
ez zuen inork nonbait guziak banaka kontatzen lanik hartu nahi izan,
zenbat ziren jakiteko. Edizio berri honetan, beste arrazoi gehiagoren
artean maiz hitzaurrean eta oin-oharretan lerro hau eta hura aipatu
beharko zirelako, zenbatu egin behar genituela iruditu zitzaigun. Hori
dela kausa, esateko gai gara poemak guztira 5.428 lerro dituela.
XI
8 Mitxelena, K., Historia de la Literatura vasca. Erein, Donostia, 1988,
131. or.
Poeta bertso mota bakarraz baliatu da poema osoan, hasi eta buka,
bizpahiru pasarte txikitan izan ezik. Lehen kapitulua hiru Kantak eta
bigarrena beste batek burutzen dutelarik, lau hauetatik bigarrenak eta
hirugarrenak ­laurogeita zortzi lerro dira orotara­ doinu berezia dute,
bere lekuan seinalatzen den bezala. 4001. lerroan, beraz bigarren
liburukian, bada AIREA: Azpeitiko neskatxek doinu bereziko beste
kanta bat, guztira bost bertso, hogei lerro, dituena. Gainerako lerro
guziak ­beraz 5.320 guztira­, honelakoak dira: hamahiru silabakoak,
zazpi eta sei silabako bi hemistikiotan erdibituak, eta bi-binaka lerrok
puntua edo errima dutenak, distikoak alegia; edo, nahiago bada,
hegoaldeko tradizioan "lauko txikia", hau da, zortziko txikiaren erdia,
deritzana, nahiz formaren aldetik hiru lehen kapituluetakoak launaka
lerroko bertsoetan sortatuak dauden eta gainerako guziak aldiz neurri
jakinik gabeko sorta luzeetan errezka txirikordatuak.
Ederki onduak eta ozenak izanik lerroak, nekez atzematen zaie
batere akatsik. Puntua ugaria dute, era askotako bukaerak aurki
daitezke edozein orrialdetan liburua zabaldurik. Ugariaz gain, aberatsa
ere bai, ia beti silaba osokoa eta maiz silaba eta erdikoa baitute.
Formaren aldetik orbanik ez badute eta esankizunik gabeak
badira, ezin gauza bera esan eta ezin goresmen bera egin muinaren eta
poesiaren aldetik. Honek bertsorik gehienetan gutxi distiatzen du eta
gehienez ere noizean behin aurki daitezke poesia izpiren batzuk.
Aipatu ditugun lau Kantetan isuri ditu apika beste pasarteetan baino
lirikazko bihozkada gehiago, baieta epikazko deiadar eta abarrots
batzuk ere iskilo burrunda darien Eszipionen eta Lararen arteko
borrokan (681-748) eta Rolan-en Kantan (1145-1244). Hauek zituen
gogoan Mitxelenak, seguru aski, Hiribarrenen beste zenbait neurtitzez
ari zela, honako hitz hauek idatzi zituenean: "Hemen aipatuez gainera,
1845 bertan, gehiago ere argitara omen zituen Hiribarrenek L'Ariel-en
zezenak zirela eta, Aita Donostiak dioenez. Badirudi nolazpait ere
gerokoen aitzindari direla, 1853an adar epikoa jotzen saiatu zenean,
alegia, ondu zituenena"9. Beraz Mitxelenaren ustez Hiribarren poema
honetan adar epikoa jotzen saiatu zatekeen.
Dena dela, baldin poesia goitarra aski eskas bada, esaera gisako
bertso biribilak han eta hemen aurkitzen dira; hala nola, "Adimendua
behar ametsentzat nausi" (1982), "Bertzelako behar da Eskaldun
fereka" (1994), edo "berthute maiteena" omen den bakeaz dioena:
"Izitzen badu ere ezpatak frikuna, / Ez du hark sarrarazten berthute
XII
9 Mitxelena, K., "Iruñea", MEIG, 27, 121. or.
maitena" (1881) edo euskaldunok geure artean ditugun auziabarrez
dioskuna: konpon ditzagula isilik, bestela "Paris eta Madrilek
egorriren jaunak, / Klikatzeko astiroz gizendu arrainak" (1997-8) edo
pertsona lohiari buruz dioena: omen duela "Ungi etsaia bethi,
gaixtagin laguna" (960) edo erregeren pertsonaz dioena: "Errege den
gizonak jakin behar hiltzen, / bainan zuhurtziari deus ez dio
khentzen"(1331-2).
Eta abar. Gauza batek ematen du atentzioa haste-hastetik: erraz
da bertsoak irakurtzen ­ez diogu, konprenitzen­, ez dago trabarik ez
estrapurik bidean, ez da behin ere elisiorik, ez sinalefarik egin behar.
Bestela esan: silaba fonologiko guziak aldi berean metrikoak dira,
elkarren segidako bi hitzen haste-amaieretan bi bokalek elkar jotzen
badute eta ez badute. Elizanburuk ere egiten zuen bezalaxe. Asko
esatea da baina, uste dugu salbuespen bat bakarrik dagoela liburu
osoan: ikus 741. bertsoa eta oin-oharrean ematen den argibidea.
Ikusi batera zenbait lerrok silaba bat eskas duela dirudi, baina
irudi hutsa da. Frantsesez eta espainolez hitz batek forma bera
izanagatik, ez du beti, jakina denez, silaba kopuru bera nahitaez bi
hizkuntzetan, eta Hiribarrenek frantseseko silabatze moldeak ditu
gogoan. Hau izen berezietan gertatzen da batez ere: Luis (1261) bi
silabako hitza da, Beaumont (2092) bezalaxe; Szipion (576) aldiz,
E- gabe idatzia egonik ere, hirukoa; Garibaik (1981) laukoa;
Atapuerka (1329) bostekoa. Beste hauek hiru silabakoak dira: neurtuz
(689), fueroz (998), suebo (989). Beste hitz honen kontua desberdina
da: etsaik (1112 eta 1290), bietan partitiboa delarik, hiru silabakoa da,
nolazpait esateko etsai-ik bere baitan duena, -ai diptongoa
kontsonante balitz bezala hartua.
Ez da harritzeko poeman barrena aski mendeko perpaus gutxi
aurkitzen bada, autorearen hizkera aztertzean esango dugun legez.
Are gutxiago da harritzeko zangalatrauak, munta handixekoak eta
nabarmen xamarrak, bakanak badira. Ikus, bai, 502-3, 506-7, 855-6,
1903-4 lerroak, eta, bi exenplu txiki bakarrik aipatzeko, hona hemen
biok: "Ez izatea buru / arin baliatu (zitzaien)" (1063), non zesurak
erdibitu baitu buruarin hitz konposatua; eta adizki nagusi-
laguntzaileak bi bertsotan barreiatuak dituen hau: "Ez dire gehiago
inguru herriak / Higaten adiraziz kantaz litaniak" (1903-4).
Baina zernahi gisaz horrelakoak ez dira asko.
XIII
Egitura
Bost atal nagusitan bana daiteke Hiribarrenen poema, azpitituluan
bertan ageri zaigun bezala: "Iberia, Kantabria, Eskal Herriak, Eskal
Herri bakhotxa eta hari darraikona". Hauetaz gain hitzaurre moduko
bat ere badugu: "Eskaldunei bi hitz hastean".
Hona hemen laburki emana atal bakoitzaren edukia:
1. "Eskaldunei bi hitz hastean". Sarrera honetan bere asmoaren
edo helburuaren berri emango digu poetak: "Dugun kanta herria, lana,
berthutea / Goratik nik eginen egundik hastea" (71-2).
2. Lehen kapitulua: Iberia. Euskaldunon jatorriaz, eta orokorrean
gizakiarenaz, mintzo da; gure arbasoak nolakoak ziren ere adieraziko
digu, azkenik Iberiatik Kantabria nola sortu zen azaltzeko. Ondoren
hiru kanta ditugu: Iberia zaharra eta herriarekiko maitasuna ditu
hauetan kantagai.
3. Bigarren kapitulua: Kantabria. Kantabria inguruan izandako
gerlateak kontatzen eta kantatzen ditu kapitulu honetan: erromatarren
eta kartagotarren, erromatarren eta kantabroen (hauek poetaren ustez
euskaldunak ziren), eta azken hauen eta mairuen artekoa. Aurreko
atalean bezala kanta batez bukatzen du, zein bere lerro honetaz labur
baitezakegu: "Jaio lekhua baino hoberik guti da" (752).
4. Hirugarren kapitulua: Eskal Herria. Euskaldunen sinesteei
buruz ari da hemen: beti Jainko bakarra adoratu omen dute. Kanta-
briara iritsi ziren barbaroez eta bisigotoez mintzatu ondoren, euskal-
dun erregeen kronika ematen digu; Orreagako gudua tartekatzen du
atal honetan, azalpena "Rolanen kanta"-ren bidez emanik.
5. Laugarren kapitulua: Eskal Herri bakotxa. Aurreko ataleko
azken bertsoaren bidez ematen digu poetak beste honen gaiaren berri:
Nahi nuke altxatu herri bakhotxari
Zor zaion aldarea haren denborari;
Erran herri bakhotxa nola den agertzen,
Zer jaun edo nausiek duten ohoratzen (1477-80)
Beraz Probintzia bakoitza deskribatzen du, nola dagoen kokatua,
zein den haren historia laburra, gero bere herritarren berezitasunak,
ohiturak kontatzeko eta bertako pertsonaia ospetsuak zein diren
esateko. Kantatzen duen azken lurraldea poeta berarena da, Lapurdi,
eta honi buruz luze eta zabal mintzatuko da. Lehenik hango ibaiak
zein eta nolakoak diren: Ihuri, Laran, Urhandi, Uhertsi eta Bidasoa;
gero "ur bereziak" zer diren: itsasoko bainoak eta bi herritako ur
sendagarriak, Azkainekoak eta Kanbokoak.
XIV
Lapurdi hogeita hamabost herrik osatzen dutela lehen esana zuen
eta hauetako bakoitzari buruz hitzegingo digu segidan. Aitortzen du
poetak Lapurdirekin besteekin baino eskuzabalago izan dela
­"Laphurdin hedatu naiz, bainan ez bertzetan"­ eta ordainetan,
hutsunea betetzeko, beste Probintzien "Izen handiak" deituriko atala
dugu, non berariaz Zumalakarregiri buruz mintzatuko baitzaigu luzaz,
legeei buruzko gerrateari argi eman ziona izendatuz:
Ager dezagun, ager Zumalakarregi,
Legetiar gerlari emailea argi (3609-10)
6. Hari darraikona. Aurrekoarekin batera atalik luzeena dugu hau;
orain arte esandakoa osatzera dator; "herria, lana, berthutea" ditu
berriro kantagai: lanbideak, batak eta besteak dituzten alderdi onak
eta txarrak azalduz; jende mailak (mutiko, neskatxa, agotak...),
ohitura onak goratuz eta txarrak gaitzetsiz; jolasak, pilota nagusi
dela... Hitz batean, euskaldunen bizimoduari eta azturei buruz esan
gabe utzitako guzia sartzen du hemen, beti ere bere iritzia emanez,
herritarrek Jainkoaren legeari jarraituz nola jokatu behar duten jakin
dezaten.
Hizkera
Poeta Azkaineko semea izanik, bidezko zen poema honetako
hizkera lapurtera izan zedin. Ez zeuzkan saltzeko Lapurdi eta hango
hizkera! Laugarren kapituluan zazpi probintziez ari delarik, bertsorik
askozaz gehienak Lapurdirentzat dira. Lapurdi izenaren etimoak
kezkatzen du, ez beste probintzien izenenak, eta "zenbeiten arabera"
horren etimo omen diren hiru aldatzen ditu eta txarresten, horietan
lehena Sarako Etxeberrirena, nahiz honen izena aipatzen ez duen
(1913-20); eta kurioski, inork pentsa lezakeenaren kontra, jakinaren
gainean edo ohartzeke, Oihenart zuberotarrak proposatu zuen berbera,
Sarako medikuari hain gaitzi zitzaiona, beretzen du; alegia, lapur
hitzetik zetorrela:
Nola baita sagardi sagar dia deitzen,
Eskaldunek izena eman Baionari
Laphurdi, nola ohoin toki segurari (854-6).
(Horra beste zangalatrau garbia). Bere garaiko herrikideak haserre
ez dakizkion, ordea, batetik Lapurdiko herriaz aipu eta goresmen
handiak egingo ditu, nahiz eginkizun zaila den hori ­"Azkenik
behar bada Laphurdi kantatu / Gutik lan gaitzagorik dute besarkatu"
XV
(1755-6)­; bestetik hango jendeez ehun eta berrogei bertsotan barrena
(1785-1920) mintzatuko da eta ohoin haiek euskaldunak ez zirela
esatera benturatuko: "Laphurdiko ohoina etzen Eskaldunez" (1782),
hortik ondorio gisa aterarik lapurtarrek ez dutela zer lotsa: "Geroztik
han sorthua ahalka ez bedi" (860).
Lapurtera bada ere, esan bezala, poema honetako hizkera, ez da
haatik edozein lapurtera, ez eta ere edozein bertsozko lapurtera, ez eta
ere garai bereko zenbait Lapurdiko poeten lapurtera. Arrasto eta
zantzo nabarmenak ditu: hizkuntzaren betidaniko molde batzuk
hausten ditu, edozein gramatikarik txartzat eman eta ematen dituen
sintagmak erabiltzen ditu. Lapurtera da halaz ere poema honetako
euskalkia, bai, baina lapurtera berezia, are euskara berezia zenbait
puntutan.
Zantzo horien artean seinalatuena hitzak eta sintagmak mozteko,
laburtzeko, txikitzeko duen neurrigabeko joera da, Mitxelenak askoz
geroago Olabideri eta Orixeri batez ere egotzi zienaren antzekoa
­Orixeren Aitorkizunak itzulpenaz ari dela, "Laburtasunak merezi ote
du horrenbeste opari?" galde egiterainokoa10­. Eta hitzak edo
sintagmak moztea, laburtzea, txikitzea aski ez bailitz, osorik iresten
eta isiltzen ditu maiz, adizki laguntzaileak batikpat. Orain bada, bistan
da euskal morfologiaren eredu ohikoa itxuraldatzen duela jokabide
horrek eta irakurle arruntari irakurketa ezin zailagoa bihurtzen diola.
Orixe eta olerkari zeriztenak ahotan hartzea ez da gure oldezkoa
eta lekuz kanpokoa. Ez bekigu ahantz Orixek ere Euskaldunak izeneko
poema famatua ondu zuela. Bestetik Ibon Sarasolak kontatzen du, nola
aita Lafittek behinola esan zion, Orixek eta honen segizioko ziren
olerkari izenekoek Hiribarrengan ikasi zutela bere ustez Lizardiren
"Kanta ditzagun ango gau luze / Ango illun-nabar su gorriz bete" eta
antzeko perpaus mugagabeak esaten. Egia dateke edo ez, Etxeparek
ere bai baitu "odolezko izerdi" (I,313), Hiribarrenen "lehoinezko hazi"
(1044) bezalakoxea; gauza da orain eskuetan dugun poemak askotxo
dituela gramatikak ontzat ematen ez dituen molde eta formak.
Aditzaren laburdurak
Ikus ditzagun zenbait molde. Aditzaren morfologian bi laburdura
mota aurkitzen ditugu sarriena: bat, partizipio burutuari noiznahi
kentzen dio -i, -tu azken marka eta honelakoak esaten ditu:
XVI
10 Mitxelena, K., "Euskara eta euskararekiko ikerlanak", MEIG, VI, 6. or.
heda ditu (2266) garbi behar zituzten (223)
beira zuen (1262) altxa duen besoa (742)
suntsi zituen (82) ddasta duenak (967)
suntsi dire (393)
Baina hauen ondoan suntsitu diren (96), beiratu du (76) hedatu
zen (1484) eta abar ere esaten badaki, noski, bertsoak behar duenean.
Partizipioari bere marka horrela kentzen dionak aise esango ditu
trenkako (1372), beztiko (2074) eta antzekoak.
Halaber gramatikaren legeen arabera zuzen diren sinhets dezake
(843), ikus diteke (467), ez liteke utz (1846), ez ginezake ikus (1847),
barkha bezo (2208) eta abarren ondoan, honako beste hauek
irakurtzen ditugu, bi ahalerak ­adibide guziak iragankorrak dira­
parekatzen dituelarik, bietan maiz aditz erroa erabiliz:
etzuken jautsaraz (2216) irabaz dukete (1822)
ez duke sinhets (1871) kraska zuken (695)
dukeiena ager (2174) ikus duke (2200)
ezin zeba zuzketen (542),
baina horien ondoan zuken dantzarazi (572) ere bai.
Elisioak
Laburdura egitean zerbait galtzen da; gehiago galtzen, haatik, hitz
osoa jaten denean. Elisio direlako hauek oso maite ditu, eta batez ere
horietako bat, adizki laguntzailea osoro isiltzea, txitian-pitian egiten
du; hain sarri, non inor "indioak bezala" mintzo dela dioguna
infinitiboez eta partizipioez soilik baliatzen denean, ezin aproposago
baitagokio gure autoreari. Hona bi exenplu hauek:
Ez aski Italia munduko urrekin;
Hedatu urrunago gose handirekin;
Ehortzi populuak, herriak suntsitu;
Berekin bertzen krimak batean purgatu (985-8)
Gain behera ordutik harri abiatzen;
Gizonek ez balio, odola ixurtzen.
Zenbat hezur lehertu! Iholdez odola!
Tutua du Rolandok jotzen berehala (1177-80)
Bigarren honek azken bertsoan bederen ageri du adizki
laguntzailea. Ez ditugu kontuak atera, baina oker aritzeko beldurrik
gabe esan daitekeela uste dugu poeman barrena hiru bertsotatik batek
baino gehiagok dutela adizki jokatua nahiz laguntzailea eliditurik.
XVII
Lerro bakanak ez ezik elkarren segidan bi lerro ere agertzen dira
zenbaitetan batere adizki jokaturik gabe. Norbaitek pentsa lezake hori
egiteko nahitaezko baldintza beharko duela izan bi lerroei zor zaien
adizkia berbera izateak, eta askotan hala da; esate baterako,
"Mandorik larrienak handik atheratzen, / Eta Espaniarat untza truk
hedatzen" (1947-8).
Hor badirudi bi lerroetan eskas den adizkia dira dela. Gauza bera
esan liteke beste bi lerro hauetaz: "Biltzarretan emaztek lanak
erakusten, / Urthe guziz hortako bilkhuiak egiten" (239-240).
Ez da nahitaez hala, baina bidezko da pentsatzea bi horietan
dituzte dela eskas den adizkia. Hori ez da ordea beti horrela gertatzen;
izan daiteke desberdina falta den adizkia eta halere lasai-lasai irentsi.
Ikus adibide batzuk: "Erromak, nausitzean, Kartago hondatu, /
Eskalduna hargatik lehengo gelditu" (553-4).
Garbi da lehen lerroari "nor-nork" adizkia ezabatu zaiola eta
bigarrenari aldiz "nor". Bestea: "Bekhoz bekho heiekin bakeaz
mintzatu, / Ezpata utzi gabe bahiak galdetu" (563-4).
Hemen berriz zen eta zizkien edo izango lirateke isilik utziak. Bi ez
ezik hiru lerro ere ager daitezke adizki laguntzailerik gabe, falta den
hau hiruretan berdina izan edo ez izan:
Geroztik deskansuan bakea kantatu;
Gerla luzen tenploa lorian zerratu:
Harmetako indarrak galdu Kantabriak,
Zerutik agertzean Jesusen graziak (665-8)
Ikus honako hau ere:
Balio berak ehun; hura den tokian
Etsaia harritua, hortzak errabian;
Herioak iduri botherez galdua,
Bere bazka baituke gizon izitua (705-8)
Hor ere azken lerroak bakarrik du adizkia forma jokatuan eta
eskas diren adizkiak du, da, dira, du edo izan daitezke, auskalo! Ez
gehiegi luzatzearren, hona bertso bateko lau lerro, batere adizki
jokaturik gabe agertzen direnak, lauek aditz izena soila daramatela
lehen hemistikioaren bukaeran:
Asko ungi egiten gure herrietan,
Beharra solegitzen gehien etxetan,
Eriek garraiatzen ixilik min tzarra,
Ontasuna hedatzen izan arabera (61-64)
XVIII
Da, da, dute, da: horra lau perpaus horietan poetak ixilik utzi
dituen adizkiak. Eta horren guziz antzeko hau ­lehoinaren
deskribapen ederra, zinez!­, aditz izenak lehen hemistikioaren
bukaeran gabe erriman dituena:
Sor lekhuko oihana lehoinak ez uzten,
Bere gerlen ondoan han loa egiten,
Mendez mende nihori khoroa ematen,
Mehe ala aisian errege egoten (793-6)
Eskas dituen adizkiak du, du, du (dio?), da izango lirateke agian.
Bai eta beste lau hauek ere, bigarren lerroko ikusi nahi beste aditz
zipitzik agertzen ez dutenak:
Gizonentzat ahalke tripa handiegi,
Gorphutzak ez ikusi nahi pisuegi,
Burdinazko gatheak emaztek lephotan,
Motho gora batzuek kaikuen moldetan (245-8)
Adizki arrastorik ez da ageri. Beharrik ez dira guziak horrelakoak.
Han-hemenka topatzen ditu batek zenbait bertso, asko ez baina,
osatzen duten perpaus guziek zeinek bere adizkia dutela. Hala nola:
Denbora gaixtorik ez dut egundaino ikusi,
Errexki ditut gaztean hedoi beltzak ihesi,
Grina batek ez daut bihotza behinere nahasi (331-3)
Hona beste bat:
Herrifrankari ere baliatzen zaio,
Belharrezko gaindia hark ematen dio.
Aberastuz herri hoik, dohala ohetan,
Sar diteke Baionan trionfa handitan (1953-6)
Zertako luza! Esanak aski erakusten ditu bi gauza. Bat, zein den
gure poetaren lerroak ontzeko estiloa. Bi, zenbatetarainokoa den
horrek irakurlearentzat berekin duen ulertzeko zailtasuna, asmatuz
joan behar baitu ia lerro guzietan zein den ixilik gelditu den adizkia.
Zailtasun horren apurrak dastatu ahal izan ditu agian honaino
aldaturiko lerro gutxi horiek irakurri dituenak.
Izenaren laburdurak
Aditzaren laburdurak utzirik izenaren morfologiakoetara abiatzen
bagara, ikusiko dugu hauetan ere sarrasta minak egiten dizkiela
poetak hitzei inongo kupida gabe. Aski bedi bakanka baizik egiten ez
dituen hauek bidenabar bezala aipatzea: solasen (= solasean) (1550),
XIX
mila urthen (= urtheren) (183), zortzi menden (= menderen) (1304),
gehien etxetan (= gehienen etxeetan? etxerik gehienetan?) (62).
Horien ondoan bada beste laburdura bat behin eta berriz egiten
duena: -i, -o, -u letraz amaitzen diren hitzen leku-kasu pluralak,
mugagabeak balira bezala, -e- gabe -tan marka soilaz bururatzen ditu,
bertsoak hala eskatzen dionoro. Irakurleari exenplu batzuk
mugagabeak irudituko zaizkio, baina ez; formaz izan litezke, ez da
dudarik, baina ez dira, pluralak baizik, agertzen diren lerroek
erakusten dutenez. Exenpluak asko dira: Eskola handitan (10), liburu
saindutan (91), abarkak zangotan (219), emaztek lephotan (247),
tenore handitan (672), muga ingurutan (1991), bere mahastitan
(1520), urrungo hiritan (2225), hango untzitan dabil (1931).
Ohar zaitez azken hiru egiturok eta goraxeago aipatu dugun
Lizardiren bitxi delako hark inguru bertsuan dutela mugagabea. Ikus
lerro bikote hau, non errimako bi hitzei, pluralak izanagatik, hemen
elatiboak, -e- kendu baitie: "Ikusiz Eskaldunak jausten menditarik, /
Ezin khenduak lehen parrapiotarik" (1113-4).
Egiatan pluralak direnak bakarrik ipintzen saiatu gara, ez
mugagabeak, erraz baita batzuetan biak nahasten, zeren lapurterak,
ordukoak batez ere, askoz hedatuagoa baitzuen mugagabea erabiltzeko
ohitura ­Haranederren arropa xuritan, esate baterako­, gaurko
hegoaldeko euskalkiek duten baino. Bazuen, haatik, orduko lapurterak,
orobat iparraldeko beste euskalkiek, beste usario bat ere: bi -ee-
elkarren ondoan gertatzen zirenean, bakarra idaztea eta, zer esanik ez,
silaba bakartzat kontatzea. Etxepare bezain usario zaharra. Beraz esan
gabe doa etxetan plurala nahiz mugagabea izan daitekeela gure
poetagan. Ikus bina exenplu: berrogoi urthetan (85), zenbeit artetarik
(728), mugagabeak; eta "nolako aitak gintuen (=genituen) mendetan"
(194), "Araben ostetan" (1048), pluralak.
Zer esanik ez, beste horrenbeste edo gehiago direla behar bezala,
-e- eta guzti, idatziak: gure herrietan (61), etsai guzietan (504), behar
orduetan (671), gudu handietan (1056), zeru garbietan (1974) eta abar.
Ez ordea bat ere bi -ee- duenik. Hauei r bat txertatzen die erdian eta
-ere- bilakarazten, lerroak agindurik bi silaba behar dituenean.
Adibidez, "trabarik xumerena nihon ez ikhusi" (1130), xumena
laburregi zetorkiolako.
XX
Sintagma mugagabeak
Izen sintagma mugagabeak poeman barrena ezin konta ahala dira.
Batzuk gramatikaren legeen arabera halakoak izan daitezkeenak;
arruntak, egunorokoak direnak. Horiek ez ditugu aipatuko. Beste
batzuk gramatikaren arautasun-legeen muga-mugan daudenak, edo,
okerrago dena, nabarmenki muga guziak ixitzen dituztenak eta
bertsotan esanak izateak nekez justifikatzen dituenak. Ikus ditzagun
mota batzuk:
1. Lehena da izen sintagma atributu gisa azaltzen deneko saila,
izan nahiz *edun aditzarekin azaltzen dela: "emazten (= emazteenak)
baitire" (1524), "etzen ohore handi" (657) (hau predikatua izen gehi
izenondoa duena); "hats handi zuela" (498), "manatzaile on zuen"
(618) (biak izen-izenondoz osaturiko multzoa dutenak); "etzuten
bertze galde" (1172) (nahiz ezezko perpausa den); "balu behar den
iphurdi" (1919), "su hain gori du-" (1520) (biak aurrean deter-
minatzailea dutenak eta hainbestez mugagabea nekezago onar
dezaketenak).
Izan-en subjektua ere maiz ageri da forma mugagabean, adizkia
mutu delarik ordea: "Gurutzean herio bertzen ahalkea" (647);
"Egiaren etsaia izaten holako" (957). Beste bertso honetan bi
subjektuak mugagabe dira, bi predikatuak aldiz mugatuak: "Ungi
etsaia bethi, gaixtagin laguna" (960). Hau gramatikari batentzat
hainbat da arraroago, zenbat eta bietatik bat mugagabe izatekotan
atributua izan ohi baita eskuarki.
Predikatua ez ezik subjektua ere mugagabetua ageri da bertso
honetan eta gainera adizkia isildua: "Ahalke gizonentzat tripa
handiegi" (245). Beste honetan ere bai, baina adizkia aipatua: "Etzen
ohore handi populu xahutze" (657), nahiz aposizio gisa darraikion
hurrengo lerroan subjektu mugagabe horren parekoa mugatua ageri
den: "altxatzea menditan milaka gurutze" (658).
2. Beste aditzen subjektuak ere mugagabeturik ageri dira aski
maiz. Hala "Iberiar izate dohala gorasko" (164), "iaka gorri etzohak"
(1216). Hurrengo biok adizki laguntzailerik gabeak dira: "nihoiz bere
tokitik eskaldun higitu" (889) (hots, euskalduna ez da inoiz mugitu)
eta "soldadu jautsi Erromatik" (490) (soldaduak jautsi ziren, alegia).
Horko nor aditz horien subjektuarekin soilik ez da hori gertatzen,
baita berez nork direnak pasiboan erabiltzen direnean ere. Esate
baterako, "kondatzen bazen buru" (1039) (buruak edo soldaduak
banaka kontatuz gero), "Iberiar zela lehen sorthu" (145) (Iberiarra,
XXI
alegia). Beste hauetan ez dugu adizki jokaturik: "hemen hezur zuri
agertuko metaka" (1235) (hezur zuriak, noski), "odol zainetan doblez
erakusten" (1040) (odola, jakina!), "soldadu sortzen Afrikatik" (521)
(soldadua edo soldaduak, ez jakin).
3. Bakanak dira orain aipatuko ditugun mugagabe moldeak, hain
bakanak non molde bakoitzaren exenplu bat baizik ez baitugu aurkitu
uste. Lehenbiziko bi hauek, subjektua ergatiboa izanik, mugatzailea
dute eskas: "herri xurik dituzte haranak bethetzen" (1911); "bertzena
ebastailek juie ez nahiko" (958). Bigarrenaren subjektua ere izan
liteke berez pluralekoa, bi -ee- batuak dituena, baina ahapaldi osoa
aztertuz singularraren aldeko gara. Beste honetan ergatiboa behar
zukeena kasu absolutiboan eman digu, "metri causa" dudarik gabe:
"gorthetako jaunak / eraman aldarerat lili eskaldunak" (1053-4).
4. Maizenik agertzen direnak, ordea, eta bitxienak grama-
tikarientzat, oker ez bagaude, aditz iragankorren objektu mugagabe,
aurrean predeterminante nahiz zenbatzaile gabeak dira. Hona batzuk:
"garbitu zuen ethorki" (1781), "dasta duenak urre" (967), "aitzea izen
aski baita" (1288). Exenplurik gehienak, egia esan, adizkia eliditua
dutenak dira: "harmadak arrasto ez utzi" (1030), "Jainkoak mendi
eman" (1175), "onek eramaten hauzi" (1546), "beso altxarazi" (1081),
"elkharri sorraraziz etsai" (504), "Garzisek khoro hartu" (1086),
"Moroei khendu etxe" (1090).
Aurrean izenlaguna duten hauek guztiz ezin onartuzkoak lirateke
gramatikari askorentzat: "bere haur ikusteko" (184), "bere erresumako
mugarri hedatzen" (1050), "nongo herri hustu du?" (192), "bururaino
zituzten soineko" (172).
Objektua izen-izenondoz osatua bada ere lasai-lasai gabetzen du
mugatzaileaz: "deskansu handi zuen eman" (1347), "seinale hobeago
etzezaken eman" (1436), "lan dorphe egiteko" (1830), "bide on
segitzeko" (1810), "Aragonako Konde jarri Aznar handi" (1104).
Beste zenbait laburdura
Bi aditz, faktitiboen -ra- bere baitan dutenak biak, artizki hori
gabe agertzen dira, eta hala eman dio behin testuak eraman eskatzen
duen pasartean, adlatiboa agirian baitago: "Vaderat eman zuten
lagunek hiltzeko" (2122); eta inork dudarik izan ez dezan, oin-ohar
batek diosku "Vade zen komentu azpiko leze bat, non hil arte behin
ematen baitzen jaterat". Maizago agertzen da ibili nor-nork gisa
jokatua, erabili-ren ordez: "gutik dute fransesa nola hark ibiltzen"
XXII
(1661). Bi forma laburtu hauek Hegoaldeko euskalkietan ahozko
hizkeran beti horrela ahoskatzen direla mundu guziak daki; ez
hainbestek Iparraldean ere, eta testu idatzietan, hori horrela zenik.
Beste hau Hegoaldeko euskalkietan arrunt ezezaguna da eta
Iparraldekoetan ere ez dugu sekula beste autorerengan irakurri izan,
nahiz frantsesaren kutsu nabarmena duen. Honetan datza: baldin
perpausean ezezko hitzen bat bada, aski da hura perpausa ezezko
egiteko eta ez du poetak ez espresuki esan beharrik. Exenpluak
dozenaka dira liburuan. Hona batzuk: "munduan nihork jakin fransesik
bazela" (126), "nihongo erregerik nausi ezagutu" (592), "nihor izan
grazia galdetu zuenik" (643), "hats hartzeko grazia nihori egiten" (716),
"aldeko mihitarik batere iduri" (187), eta abar. Adibide guziak
zehazkiago aztertzeko astirik gabe, benturatuko ginateke behin-
behinean esatera, laburdura horretarako nahitaezko baldintza dela, aditz
nagusia bakarrik agertzea, esan nahi baita laguntzailerik gabe.
Hitz elkarketa
Edozein idazle bezala, zein gehiago zein gutxiago, Hiribarren ere
hitzen elkarketaz baliatzen da ezinbestean. Bertso lerroaren muga
hertsiek hartara beharturik, are beste asko baino gehiago hartaz
baliatzen dela esango genuke. Idazle baten sormenaren ekoizpena da
konposaketa franko eta nabarra erabiltzeko gaitasuna.
Hiribarrengan molde bateko baino gehiagotako hitz konposatuak
ditugu: euskarak aspaldidanik dituenak, oso ezagunak, eta horien
ondoan gutxi ezagutuak ere bai, berak asmatuak, berak bakarrik
erabiliak, gramatikaren legeak urratzen eta puskatzen omen
dituztenak. Has gaitezen lehenbizikoetatik.
1. Bi izenen arteko harremana genitiboaz adieraz daitekeelako,
elkarri menderaturik bezala sentitzen diren bi izenez osatuak dira
ezagunenak: mendi zulo, esate baterako. Horrelakoak askotxo ditu:
haur odolean (984), hedoi erraiean (420), kharra jari (1046), nigar
ithurria (1022), gerla izurrian (264), harrasi ondarrak (1905),
deskansu etxetarat (1227), buraso gastutan (9), errege tokiak (1069),
harma seinale (1421), eta abar.
2. Beste sail handia osatzen dute izenlagun gehi izenez taxuturiko
moldeak; hala nola, eskaldun adina (73), eskaldun hazia (113),
eskaldun gustua (201), eskaldun semea (614), eskaldun lekhuak
(994), eskaldun lan guzia (1139), menditar haurrekin (575), menditar
semea (1120), Iberiar izate (164) (vs. iduri iberiarra, 170), frantses
XXIII
ohatzea (1140), barbaro hedoiak (1001), Kaskoin begia (1936) eta
gehiago ere bai. Funtsean lehengoak bezalakoak dira hauek; beste
multzo batean jarri ditugu, halere, lehen osagaia berez izenlaguna
baita, nahiz hemen izen kategoria hartzen duen.
3. Bada beste konposatu multzo bat, izen arruntaz eta aditz izenez
osatua, gari jotea eredu izan lezakeena. Horko lehen osagaia izen
sintagma mugagabetzat daukate zenbait hizkuntzalarik; guk ez aldiz,
guretzat hori izen soila da eta biek osatzen dutena hitz konposatua.
Halakoak dira othe pikatzeko (3697), harri biratzea (1139), populu
nahastek (878), populu salbatzeko (1257), harri abiatzen (1177),
bazter erretzerat (1256), herio eragiten (1376), argi erakusten
(1832), gehiagoren artean.
4. Hitz konposatutzat jo ditugun egitura horiei, gari jotea
bezalakoei, erants dakieke beste izen bat, hitz birkonposatua sortuz,
gari jote garaia esango bagenu bezala. Horren antzekoa litzateke jende
arintze ordu (da); ez da, ordea, hau xuxen-xuxen liburuan ageri dena,
ezpada hori baino are bakanagoa, jende izena bere aldetik izenondo bat
lagun duela ageri baita: "Jende xehe arintze ordu litekela" (3840;
damurik azken 3149 lerroak hartuko dituen bigarren liburukian
agertzen da lerro hori). Gari jote garaia bezalakoxea da bestalde hats
hartze tokia (1042). Baita izen-izenondoek osaturiko izen-multzoari
beste izen bat erantsiriko egitura ere: hiri handi usaina (308).
5. Aurreko laurek ez bezala, beste sail honek lehen osagaia aditza
du eta bigarrena izena. Oso ezagunak dira euskaraz: adibide,
hilbehar, esangura eta beste asko. Hiribarrengan hauetako ­seinale,
denbora, ordu, arte­ bat da ia beti bigarren osagaia. Horietatik hiru
lehenek aditz-oina izan ohi dute lehen osagaiaren forma, ez
partizipioa, eta hala dute gure poetagan ere: sor seinaleak (328), ethor
seinaleak (441), eskas (?) seinale (709), sor denbora (120) abia ordu
(52), arthik ordu (69). Ez ahantz halere arestiko arintze ordu. Aldiz
izena ez baina posposizio den arte-rekin sortuak ez dira gehiago
konposatuak eta posposizio horrek aurrean komunzki partizipio
burutua hartu ohi du, ez aditz-oina; hala nola etorri arte, ezkondu
arte, ikusi arte. Hiribarrenek halere besteen pare egiten du eta aditz-
erroa ipintzen dio aitzinean: sor arte (995), ethor arte (327, 576),
ehortz arte (516), hitzak konposatuak balira eta arte posposizioa ez
baina izena balitz bezala.
6. Bereiz aipatzea merezi dute honako bi hauek: ixur nahi- eta
goibel nahi-. Ikusi batera berdinak dira, baina ez. Hona:
XXIV
Ez iduri bazela nihoren zainetan
Odol ixur nahirik haren guduetan (608)
Lehoinduren da berritz, sarri ikustean
Moro goibel nahia haren sinhestean (670)
Lehenaren testu-inguruak parafrasi hau egitera garamatza: "Ez
zirudien inoren zainetan odolik zenik, ixuri nahi zuenik", bizigabea
den odola hemen poetak bizidun eta zerbaiten gogodun ­hobeto
esan, gogogabe­ bihurtu duelarik. Alegia, egungo egunean
euskaldunik gehienok "odolak nahi du ixuri" esango genukeena,
baina euskara zaharrean odola nahi (da) ixuri ("Txomin nahi da
etorri" bezala) zena, ­ez gero (norbaitek) odola ixuri nahi du, are
gutxiago odolak (zerbait) ixuri nahi (du)­, eta ixurnahia berriz
"ixurbera"-ren errankidea dateke. Aitzitik bestea, "sarri ikustean
Moro goibel nahia" delakoa, itxura guzien arabera honela
parafraseatu behar da: "Moroak nahi du goibeldu (kristaua,
sinestuna)", non goibeldu iragankorrak nahi baitu esan "penatu,
laidotu", beste pasarte (30) hartan bezala, eta hainbestez goibelzale-
-ren errankide dateke "goibel nahia", eta ez bestea bezala
"goibelbera"-rena edo antzekoarena.
Eratorketa
Aipatzea merezi lukeen gauza berri gutxi aurkitu dugu eratorketa
arloan. Hona bat bakarra. Gutxi ezaguna den -din atzizkiaren bi
aldaera ageri dira: -din / -kidin, eta, bana exenplu baizik agertzen ez
delarik, ezin jakin zein den alomorfo horien banaketa. Aditz-oinari
ahal izate zentzua ezartzen diotela, bai, garbi dago. Bigarren
pasartean hori garbi-garbi ageri da: "Bi aldetarik aho ezpata zabalak,
/ Burdin pikadin nola bizarra nabalak" (221).
Alegia, "ezpata aho-zabalak (zituzten), burdin pikadin nola bizarra
nabalak". Alegia, labanak bizarra bezala burdina pika zezaketen
ezpatak. (Ohar bide batez, funtzioz burdin mugagabearen pare-pareko
den bizarra mugatua dagoela). Ikus bestea:
Han arte mintzo bera guziek segitu,
Egia horrek froga segurenak ditu,
Nornahik ikuskidin liburu saindutan
...
Nornahik ikus ditzakeen frogak, alegia.
Hona azkenik izigarri (1236) eta ebastaile (958) hitz eratorriek
batetik eta erdi elkartzailetzat, erdi eratorletzat jo ohi den -gai
XXV
osagaiaz moldaturiko ikusgai-k (1476) bestetik taxutu dituzten
honako lerro hauek.
Lehenak honela dio: "Mende luzen ondoan hemen hezur zuri /
Agertuko metaka jende izigarri" (1236). Horko izigarri horrek jende-
rekin batera hitz konposatua osatzen du, jende-izigarri, non jende
objetua baita. Esan nahi baita, ez dela "jende"-a "izigarri" dena,
"hezur zuri"-ak dira "jende-izigarri", haiek izutzen dute jendea. Hori
bezalakoxe beste konposatua ere ageri da liburuan: bihotz altxagarri
(1879), bihotza altxatzen duen zerbait, alegia. Egunoroko kale
garbitzaile-ren sortakoak dirateke biak eta hainbestez hitz elkartuen
artean aipa genezakeen gorago. Formaz eta itxuraz berdinak
diruditen arren, esanahiaz Etxepareren beste hartaz guztiz
bestelakoak dira: "Gendec yrrigarri guerta ezquiten" (X,6).
Honek, izan ere, "jendeek irritu gaituzte" edo suposatzen du, non
ezinbestean gendec subjektua baita. Hemen ez luzatzearren, ikus
esaldi hori eta horren antzekoak beste artikulu batean aztertuak11.
Bigarrena honako lerro honetan agertzen da: "Bertzena ebastailek
juie ez nahiko" (958). Aditz-oinak berekin duen ekintza-esanahiaren
egile direla esan ohi da -taile atzizkia, eta honen gainerako kideak,
hartzen dituzten izenak. Beraz egile, eta zerbaiten egile. Hau esan
nahi dugu: horrelako izenaren erregimena genitiboa dela eta hitz
elkartu gisa erabili nahi izanez gero, lehen elementua mugagabe:
alegia, "zeruaren egile" edo "zeru egile". Lerro honetan ez, ordea;
lerro honetan mugatua dugu lehen osagaia, "zerua egile" esango
bagenu bezala. Eta ezin esan "metri causa" denik, aski baitzuen
bertze(re)na erabili beharrean, idaztea osorik, baina mugagabeturik,
bertzeren.
Hona azkenik hirugarrena: "Nahi ditut hedatu bere andanetan,
/ Eskaldunek ikusgai zein bere tokitan" (1476). Ergatiboa (-ek)
espresuki esana baitu, eta ez genitiboa eskaldunen, aditz-oinaren
iragankortasuna nagusitu da eta zentzu aktiboa ez ezik, ergatiboa ere
gorde du, aditz sintagman bezalaxe. Hainbestez honela parafraseatu
behar dela esan behar: "eskaldunek ikusteko", edota "ikus ditzaten",
edota "ikusgai izan ditzaten".
XXVI
11 Altuna, P., "Ziburuko Etxeberriren aditza dela eta", Iker I, 325. or.
Aditz-morfologia
Izenarenaz zenbait zertzelada kontatu dugunez gero, aditzarenaz ere
zerbait esatea on dateke eta, hain zuzen, dateke horrekin zerikusia
duena. Adizki hori eta horren paradigmako gainerakorik, hots
iragangaitzekorik, apenas agertzen den alerik; aldiz iragankorreko
duke, zuken ausarki. Eta bere jatorrizko esanahiarekin, gainera, ­ orain
hain usu agian sartuz adierazi nahi izaten dugunarekin­, bertso
honetakoak poliki erakusten duen legez: "Izen handiagorik nihork
garraiatu, / Erromanoek xoilki dukete ixitu" (1314).
Hori sinesteko aski da gainerako guzian berdinak direla diruditen
bi bertso hauen arteko aldea zertan datzan jabetzea:
"Hamabortz ehun urthe doiean duela" (125)
"Orai dukela mende hoita hama-hiru" (165)
"Mila eta bostehun urte du exkax" dio segurantza osoaz lehenak;
"bi mila eta hirurehun urte-edo izango dira" zehaztasun handirik gabe
kontuak eginez besteak.
Sintetikoetan ekarri-ren formek ematen dute atentzioa. Indikatibo
soileko adizkirik edo ez dela agertzen edo oso gutxi agertzen dela
esango genuke. Guziak dira -ke-dunak, oker ez bagaude, eta artizki
horri sintetikoetan egotzi ohi zaion jatorrizko esanahia galduak,
dirudienez. Hona exenplu bat, non ezkondu baitira halako adizki bat
eta aspaldi: "Baldar aphez Askainen Hirigoien handi, / Zuhurki
dakharkena kargua aspaldi" (2168). Beste honetan, aldiz, adizki bera
dago eta-ren bidez orratzen aditz izenari lotua: "Guziek dakharkete
zintzurrari ona, / Eta orratzen ere janik gogorrena" (2008).
Beraz gure dakar forma soiletik berezten ez dela esan behar. Beste
adizki sintetiko batek lan handiak eman dizkigu; horren aztarnarik
ezin bilatu izan dugu, egin ditugun ahaleginak gatik. Bitan ageri da
liburu osoan. Formari bakarrik begiratzen bazaio, oso ezaguna da,
baina ezin izan daiteke inola ere ezaguna delako forma horrek
iradokitzen duena: datza, alegia. Ez da inondik ere etzan aditzaren
orainaldia, bi bertso hauetan aditz iragankorra baita. Eratzan-en
forma laburtua ote da? Besteren batena ote da? Ez jakin! Hona bi
bertsoak:
Botatzen dio kolpe pisu eta latza;
Harrabotsak airean haize ona datza (738)
Getharia, Bidarten, aire onak datza (2883)
XXVII
Ez da hau parada txarra testuaren zailtasunaz eta pasarte batzuen
adigaiztasunaz bi hitz esateko. Ez legoke gaizki adizki hori eta bertso
horiek balira guk ulertzen ez ditugun bakarrak. Gehixeago dira, beste
dozena bat edo, ezezagunak ditugun hitzak hiztegietan aurkitzen ez
ditugulako, edota hitzak ulertu bai baina, esaldiak zer dioen asmatu
ezin dugulako. Daitekeena da halako batzuk inprimategiko
hutsegiteak izatea; baditu bakar batzuk liburuak, ez asko; ez dirudi,
halere, horregatik zaizkigunik ulertezinak. Hona batzu: menditze-
(250), urezdena (2037). Halaber hona bertso osoren bat:
Lagun aitoren seme eta infanzunak,
Hautatzeko nausi on urthe zitezkenak (1742)
Ganelonek erraten: "Kondea bidetan
Morgak dabilka handiz nausi itxuretan (1196)
Zer esan nahi du hor urthe-k: zubererazko "kide, kideko,
garaikide"? Zer dio Ganelonek? Zer da morga? Frantsesezko
mailegua? Ikusten denez, ez zaigu edizioa guk nahi bezain biribila
atera, baina ez gogo eta gatazka faltaz.
Horiek eta horiek bezalako beste hutsarte asko bete ditzake liburu
honetaz tesia egin dezanak. Baduke zer azter! Gure xedea xumeagoa
izan da: Hiribarrenen hizkera bereziaren ñabardura larrienak argitan
ipini, gutxi ezaguna den eta izpiritu bortitzen jakia bakarrik izango
dela uste dugun liburuaren irakurketa erraztu, geure buruari egin
genion erronka ­euskal literaturako libururik zailenetako bat orratzeko
gai ote zarete?­ irabazten saiatu, arrakasta handiaz edo txikiaz.
Menderakuntza
Bertsogintza landua da dudarik gabe poema honetakoa, ez ordea
landuegia. Darabilen metroa alde batera utziz gero, bertsolaritzaren
zantzu gutxi ageri dira, eta asko samar poesia ikasiarenak edo halakoa
izan nahi duenarenak, Oihenarten "gehiegietara" iritsi gabe. Esan digu
Duvoisinek nolako erraztasunaz ontzen zituen bertsoak, eta nola ez
zituen gero gehiago ukitzen ez orrazten. Hizkera du batipat poema
honek landua, bortxatua; gure herria ez da horrela mintzo, bertsolaria
ere ez; horko elipsi eta laburdurak ezin egin ditzake inola ere bertsoak
hitzetik hortzera asmatzen ari denak.
Mendeko perpausak aski gutxi dira, erlatiboki gutxi. Horiek,
bertso batek ezin osorik bere altzoan hartu eta, bitara hedatzen dira,
perpaus nagusiak ia beti bertso bat eta mendekoak hurrengoa
besarkatzen duela. Gutxi, baina batzuk badira ezinbestean, eta ez
XXVIII
guziak hitz lauzko solasean aurkitu ohi direnak. Hona zenbait balio
sintaktiko dituzten perpaus sorta bat:
- helburuzkoa:
Jakin dezaten arren gure ondokoek
Nolako gaiak zuzten hekin arbasoek (60)
- denborazko bi egitura desberdin, bigarrenak konparazio kutsu
nabarmena ere bai baitu:
Oren etsaia! Larak, noiz eta ere baitu
Altxa duen besoa nahi behititu,
Szipionen ezpatak dio eramaten (743)
Arraina lehenago mendiz ikusiren,
Ezen baitut nik Larrun nihoiz ahantziren (318)
- konparaziozkoa, aurrekoaren egitura bertsukoa:
Nahiago bakea pagatu dirutan
Ezen ez gehiago izartu gerletan (600)
- erlatibozko bi egitura desberdin:
Bitoria guti zen, non haren besoak
Ez baitzituen biltzen berthuten khoroak (540)
Ethorri zen denbora zeinetan Erroma
Jarri baitzen iduri munduko arima (592)
- baldintzazko bi egitura desberdin:
Hiltzen badire ankas, ezkilak ez joren (756)
Mureto mintzatu da.................,
Santxok egin botuaz Nabas ez uzteko,
Non etzuen lehenik etsaia trenkako (1372)
- kontzesiboa, subjuntiboko -n soilaz adierazia:
Edozein oihanetan ditezen sorthuak,
Gizonek maiteago herri inguruak (768)
Edozein ifrentzutan nahi den agertu,
Haren mihi kolpeak jasan behar ditu (1570)
Irakurleak aise atzemango zukeen perpaus horien balio sintaktikoa
guk esan gabe ere. Ilunago izango zaio agian beste hauena:
Hobe dute izanik denboraz egarri (56)
Erromak ez ahanzten izanik Dezio (785)
Han seinale Eskaldun lehen egotea (106)
Biek nahi ohore emana khoroak (1068)
Ohar bedi izenkien formetan: izanik bitan eta aditz izena beste
bitan. Argi da konpletiboak direla lauak. Are ilunagoa da beste hau:
XXIX
Aski pirpira bada muga ingurutan,
Beldurrez behaztapa gardak ilhunbetan,
Eman gabe hauzoak elkharri harrika (1993)
Ulertzeko jakin behar da beldurrez eta ustez aditzondoak izanik
ere izenki gisa jardun daitezkeela eta perpaus konpletibo bati abiada
eman, gazteleraz "por miedo a que..." bezala. Beraz gardak behaztapa
(=behaztopa) adizki laguntzaile gabe dago, daitezen edo ditzan
jendeak izan litekeena. Hau dio: "gardak behaztopatzeko beldurrez
bada aski pirpira, elkarri harrika ematen hasi gabe". Konpletiboa da,
hortaz. Beste hura dakar gogora: "beldurrez gauza ez ledin moldez
burutan ilkhi", Leizarragarena.
Joskera
Hona oraindik beste hiru puntutxo, non sartu jakin ezean
azkenerako gorde ditugunak.
1. Lehena zangalatrauari dagokio; egia esan, ez dugu gauza berri
askorik esateko, hitzaurre honetan bestetarako aipatu ditugun zenbait
bertsotan argiro azaltzen baitziren zangalatrau exenplu batzuk. Hona
halere beste zenbait:
Bi hiri jeloskorren harmadak non nahi /
Ibili itsasotan, nola oihanetan (503)
Bi aldetarik zuten Kantiberiarra /
Harmetarat berotzen, eginez ohointzak (507)
Ez dire gehiago inguru herriak /
Higaten adiraziz kantaz litaniak (1904)
Hiruretan aditz nagusia bigarren bertsoan ageri da, laguntzailea
lehenean dagoela edota batere ez dagoela.
2. Hitzen hurrenkerari, hiperbaton delakoari, buruz ere bizpahiru
hitz aski izango da. Egunoroko aho-hizkera arruntean doi-doi erdibi
daitezkeen hitz-andanak noizean behin zatituak ageri dira,
Oihenartengan baino gutxiagotan, egia esan. Hala eskaldun gustua
­eta ez "eskaldun koplak"­ bezalako izenlagun gehi izen delako
egitura honela dakusagu bertso batean: "Eskaldun kopletako aiphatu
gustua" (201).
Poliki erdibitua, egia esan, inon ipintzekotan hor ipini behar
baitziren tarteko bi hitzak. Beraz exenplu hau ez da ongi hautatua.
Hobeki datorkio gaiari beste hau: aho zabal hitz elkartuaren bi
osagaiak elkarrengandik bakandurik ematen zaizkigu hemen: "Bi
aldetarik aho ezpata zabalak" (221).
XXX
Ahapaldirik bihurriena beharbada, Oihenarten beste ­"baninz
bezain / zenbait betzain / edo ilhagin zarpazu"­ haren parekoa,
honako hau da:
Huna oren handia; biribil sabelak,
Ostez gainerat joan, othoiztuz konsulak,
Soldadu harmatuak, alde orotarik;
Szipionek jotzeko zenbeit artetarik (728)
Hemen, halere, hitz-andanak oso-osorik ageri dira, puskatu gabe;
gurutzatuak egotea, horixe txarra! Berriz ematen ibili gabe, ikus bere
lekuan gure ustezko interpretazioa, norbaitek hobetuko duelakoan
emana.
3. Azkenik zenbait aposizio bitxi jarri nahi ditugu agerian. Gra-
matikek erakusten dute ­belarriak eta euskal senak ere bai, guk uste­
perpaus bateko izenak eta hari aposizio gisa alboratzen zaion partizi-
pioak kasu marka bera eramaten dutela komunzki. Hau esan nahi dugu:
"Ni ez naiz mintzo zure seme-alabez, atzo ikusiez". Ikus ordea hauek:
Mintzo naiz liburuez, eginak kanpoko (37)
Mintzo da liburuez, eginak pikotan (197)
Hunek dote eraman Philip ederrari,
Franziako tronuan behar zena jarri (1448)
Salinan gaindi sartzen arrai Bitorian,
Mila herri duena bixtak agerian (1730)
Azkeneko hau hitz-lauz idatzia balego, honela zatekeen: "Salinan
gaindi sartzen da arrai Bitorian, bixtak agerian mila herri duenean
(= duen hirian)". Zenbait autorek halere irakatsi izan du kasu-marka
errepikatzea ez dela beharrezko, absolutiboko aposizioak ere zaharrak
direla, baina hitz lauzko testuetan horrelako pasarte gutxi aurki
daitekeela uste dugu.
Ikus bestea: Nornahik ikuskidin liburu saindutan, / Ithurri
garbienak mende guzietan" (91). Berez ithurri garbienetan beharko
luke izan, aurreko bertsoaren azken bi hitzen aposizioa baita, eta hitz
lauz hori adierazi nahi lukeenak "mende guzietan izan diren iturri
garbienetan" edo esango luke, eiki.
Lexikoa
Liburuaren hondarrean mundu guziak ezagutzen ez dituen eta
egunoro erabiltzen ez ditugun hitzen zerrenda ipini dugu eta ia ezer
besterik esateko ez dugu. Hauxe bakarrik: hitz askotxo atera
zaizkigula eta beste zenbait idazle lapurtarretan aurkitzen ez diren
XXXI
hitzak ere badirela hor tarteka-marteka; areago dena, Hiribarrenek
berak ondu zuen eta argitaratu gabe dagoen hiztegian berean ­eta,
zer esanik ez, gerokoetan­ agertzen ez diren bakan batzuk ere bai.
Hitz berriak edo asmatuak direla eta, Hiribarrenek halakorik erabili
zuen ala ez, ez zuen beti modu berean pentsatu Mitxelenak. Lapurdiko
beste zenbait idazle bezala gure poeta ere Larramendiz kutsatu zela
uste izan zuen lehenik eta hala idatzi; aurrerago, ordea, iritzia aldatu
zuen eta hutsa aitortu: "Inolako kulparik erakusten ez duena, nik
besterik esan arren, Hiribarren-en Eskaldunak poema da"12. Beste
behin ere bai: "Nolanahi ere, diodan bidenabar, Hiribarren,
Eskaldunak poeman eta beste zenbait bertso-lanetan, ez zen segiziokoa
izan"13. Poeman ez, beraz, baina Hiztegian bai, aita Lhanderi14 sinetsi
behar badiogu: Larramendiren hiztegiaren ezaupidea nabari omen du
berean Hiribarrenek, eta handik edoski omen ditu zenbait hitz eta are
haietarik berak sorrerazi zenbait eratorri berri.
Azken urteetako Mitxelenaren, hasierako iritzia aldatu ondo-
koaren aldeko gara gu ere. Ez dugu inon Larramendiren arrastorik
aurkitu, eta inon aurkitu ez ditugun eta zer esan nahi duten zehazki ez
dakigun hitzak ere ez dugu uste Larramendik argi ditzakeenik.
Gure argitalpena
Baionako Foré et Lassarren inprimategiak kaleratu zuen 1853an
Eskaldunak poemaren lehen edizioa. Gero geure egunotan
Auñamendi bildumak (ikus Literatura II) eta urte batzuek geroago
1979an Hordago-Lur argitaletxeak, lehen edizio haren faksimila
plazaratu ziguten; beraz ez zaigu zaila izan jatorrizko testua
eskuratzea. Ez dugu halere zegoen zegoenean kaleratu; alde batetik,
poemaren luzera eta oin-oharren mukurua kontuan hartuz,
osorik batean atera beharrean bi liburukitan banaturik egiteari
egokiago iritzi diogu, lehen esan bezala, (oraingoz lehena bakarrik
dakargu argitara), eta bestetik grafiaren gaurkotzeak, inprimatze-
-hutsegiteek eta abarrek zenbait aldaketa egitera behartu gaituzte.
Testuarekiko leialtasuna gordez, guztiz beharrezkoak iruditu
zaizkigun aldaketak baino ez ditugu egin: ustez inprimatze-
-hutsegiteak zirenak zuzendurik eman ditugu; horrelakoetan ohar bat
XXXII
12 Mitxelena, K., "Euskara eta euskararekiko ikerlanak", MEIG, VI, 60. or.
13 Mitxelena, K., "Hauta-lanerako Euskal Hiztegia-ren Aurkezpena",
MEIG VII, 33. or.
14 Lhande, P., Dictionnaire basque-francais, "Introduction", xx.
gehitu dugu, jatorrizko forma eta ustezko hutsegitea han azalduz.
Edolarik grafia mailako aldaketei honako beste azalpen zehatzago
hau zor zaie.
XIX. mendearen erdialderantz Iparraldeko idazleek eta
euskaltzaleek ortografia-batasunera iristeko nahia erakusten dute,
garai honetan zehar argitaratzen diren artikuluek eta txosten ugariek
frogatzen dutenez. Bi joera nabarmentzen dira: batzuek frantsesaren
ereduei gertutik jarraitzea proposatzen zuten bitartean, besteek
euskararen fonetika zuzenkiago islatuko zuen moldea hobesten zuten.
Hiribarrenek parte zuzena hartu zuen eztabaida honetan, euskaltzale
guziei ortografiako korapiloei konponbide bat aurkitzeko dei eginez.
Baionako Le Messager aldizkarian argitaratutako zenbait artikulutan,
z eta k erabiltzearen aldeko agertzen da, nahiz eta bigarrenaren ordez
e, i-en aurrean (cer, baicic) eta hitz amaieran dagoenean c
(Eskaldunac, horrela eman baitzuen poemaren titulua) idazten
jarraitzeari amore eman; /c/ adierazteko ts, eta ez x, proposatzen du
(itsaso).
Gaurko erabilerara egokitzeko jatorrizkoari egindako grafia
aldaketak azalduko ditugu ondoren. Tch eta ch guziak, ohi denez, tx
eta x idatzi ditugu, tc alde batetik, eta tç (adibide urriak badira ere) tz
bihurtu, azken grafia hau delarik autoreak normalki erabiltzen duena;
beste aldetik n egin dugu b eta p aurreko m eta agertzen diren gue, gui
guziak ge, gi bilakatu; hitz hasierako y j eta bokal artekoak eta
bukaerakoak i bilakatu ditugu; goian aipaturiko c horiek z edo k.
Azkenik h guziak bere hartan utzi ditugu, baita kontsonante ondokoak
ere, euskara batuan ez bezala; sorthu, ilkhitzen, aiphamena. Bokalei
dagokienez aldaketa bakarra: noizbehinkako ï, ü dieresia kendu eta i,
u eman ditugu (neürthuz > neurthuz, hedoïac > hedoiak).
Gaurko ohiturei jarraituz aurreko hitzari loturik ziren aditz
laguntzaileak bereizi ditugu (ezda > ez da, heldudiren > heldu diren)
eta bereizirik ziren hitz elkartuak, aldiz, batu (behar orduetan >
beharorduetan, ez deuskerien > ezdeuskerien).
Irakurlea izan dugu gogoan aldaketak egiteko unean; esan bezala,
poema luzea da, gaiak ugariak eta zabalak. Poetaren jatorrizko
Aurkibidea (Non diren erranak izendatua) ukitu gabe gorde badugu
ere, liburuaren azkenean bestea, geurea, ezarri dugu: izan ere, bertso
andana luze batzuk autoreak egin baino maizago moztu eta azpititulu
berriaz hornitu beharra ikusi dugu, zenbait pasarteren aurretik izenbu-
ruren bat eransteak irakurketa erraztuko zuelakoan. Horra zergatik
ezarri diogun azkenean geure aurkibidea, poetarena osatuz egina.
XXXIII
Bukatzeko diogun berriz gure liburu honek Eskaldunak poema
osoaren erdia baizik ez duela hartzen eta bigarren zatiaren zorretan
gelditzen garela. Baduke honek bere alderdi ona: lehen honetan egin
dituzkegun okerrak eta makurrak, irakurle zoli eta zuhurrek
atzemango eta adieraziko dizkigutenak, zuzendu ahal izango ditugu
bigarrenean, poemaren azken 130 orrialde hartuko dituen zatian. Izan
ere, poetak dioen bezala: "Bainan lan guzietan behar da orroitu /
Arrosa arantzekin bethi dela kaustu" (3823).
Galdera pare bat eginez bururatu nahi dugu geure lana: poema
honetan arrosak dira gehiago ala arantzak? Lehen ikusi bezala,
zenbait kritikarik poema honen kontra emaniko iritzi kaxkar batzuek
nahi luketen bezain txarra al da poema hau? Guk ezetz uste dugu,
baina irakurleak du hitza.
Patxi Altuna
Gurutze Aldabaldetreku
Amaia Boneta
XXXIV
ESKALDUNAK
IBERIA, KANTABRIA, ESKAL HERRIAK,
ESKAL HERRI BAKHOTXA
ETA HARI DARRAIKONA.
Adhaereat lingua mea faucibus
meis, si non meminero tui!
Ahanztean herria,
Ihar bekit mihia!
J.M. HIRIBARREN.
Tout exemplaire non revêtu
de la signature de l´auteur
sera réputé contrefait.
Lan hunen egile eta jabea
Décembre 1853
ESKALDUNEI BI HITZ HASTEAN
1 Eskribatzerat noha gauza zahar asko;
Herritar gehienek dute prezatuko1;
Ez da lan errexena, gehienek jakin2
Denbora gana3 dela hedoi handiekin.
5 Hanbat denbora huntan nausi tokiaren;
Gutik jakin4 herrian nondik heldu diren,
Zer egin duten aitek5 hemen egoteko,
Bere sor lekhu maiten harmez beiratzeko6.
9 Haur osteak7 ikusi8, buraso gastutan9,
Urthe multzu egoten eskola handitan;
Mihi arrotz zenbeitez ikhasi10 mintzatzen,
Eskaraz jakin gabe kasik irakurtzen.
13 Izan direla franses errege handiak
Badakike kondatzen hekien11 mihiak;
Hori baizik zenbeitek ez ikhastekotan,
Sekulakotz12 etxeak eman erreketan13.
1 Aprezatuko, estimatuko. 2 Dakite jakin bezate. 3 Joana; hots,
denbora joanak hodei handiak ditu. 4 Dakite. Esanahia: batzuk orain bere
l

Eskaldunak (1. zatia)