1. Irrati-ezaugarriak eta adierazpena
Lehenengo atal honetan, irrati-idazkera baldintzatzen duten ezaugarriak aztertuko
ditugu banan-banan, baita mezuan nola eragiten duten ere:
a) Noranzko bakarreko komunikazioa da irratikoa: esatariarengandik
entzulearengana. Esatariak ez du entzulearen aurpegia ikusten ezta egiten dituen
keinuak (aspertzen ari dela, interesa duela...) ere. Ez dago galdetzeko aukerarik,
eta mezuak bata bestearen atzetik garatzen dira, sekuentzia jarraitu batean.
Entzuleak aditu ahala deskodetzen du mezua. Adituek diotenaren arabera, infor-
mazioa epe laburreko memorian1 gordetzen du entzun (irakurri) ahala.
Horri lotuta, entzun eta gero, jasotzaileak ez du mezua berriz entzuteko
aukerarik (aurretik grabatu ez badu, behinik behin), eta esatariak errepikatu arte
itxaron beharko du berriz entzuteko; hori gertatuko ez balitz, aukera bakarra da
prentsan edo Interneten agertu arte itxarotea --hor agertzeko adina garrantzi
izanez gero, jakina-- eta orduan irakurtzea. Ezaugarri hori telebistarekin parteka-
tzen du irratiak; prentsan eta Interneten, berriz, jasotzaileak beti izango du infor-
mazioa berreskuratzeko (berriz irakurtzeko) aukera.
Ondorioz, irrati-idazleak oso kontuan hartu beharko du entzulearen ezintasun
hori, eta ahal duen argien azaldu entzuleari helarazi nahi dion mezua. Beraz,
ulergarritasuna oztopa dezakeen guztia baztertuko du, baita nahasiak diren egitura
gramatikalak ere (esaldi luzeak, hitz-tarteak...).
Era berean, noizean behin esandakoa errepikatu, laburbildu edo gogoratu
beharko du esatariak. Horregatik, erredundantzia zilegi da irratian, are gehiago,
beharrezkoa, entzulea esan dugun guztiaz jabe dadin.
Honako bi adibide hauetan kazetariek ez dute arazorik izan informazio batzuk
errepikatzeko orduan, betiere, zertaz hitz egiten ari diren oso argi izan dezan
entzuleak:
1. Adituen arabera, epe laburreko memorian gordetako informazioa 20"-45"-tan gordetzen da,
eta normalean 7tik 9ra osagaik osatzen dituzten esaldiak gogoratzeko gai gara, haien konplexuta-
sunaren arabera.
(...) Baina, amaitu aurretik, gogoratu nahi dizuet Frantziako parlamentuan argi
berdea eman zaiola Konstituzioaren aldaketari. Hain zuzen ere, Europako
Konstituzioari buruzko Erreferenduma egiteko, Frantziako Konstituzioari egin
behar zaizkion aldaketak aipatzen dituen eta arautzen dituen lege-proiektua onartu
berria da Frantziako Parlamentuan. Laurehun eta berrogeita hamar (450) boto
alde; hogeita hamalau (34), kontra, eta hirurogeita lau (64) abstentzio izan ditu
aldaketa horrek, Frantziako Konstituzioaren aldaketa horrek, Europako
Konstituziora egokitzeko, gaur Parisko Parlamentuan (...)
(Euskadi Irratia, 05-02-01)
(...) Izan ere, Itoizko urtegiarentzat gaur erabaki garrantzitsua etor daiteke
bertatik. Estrasburgoko giza eskubideen epaitegiak erabaki behar du azkenean
Itoizko urtegia behar bezala egiten ari diren edo ez. Itoizen aurkako Koordina-
kundeak bere garaian esan zuen ez dela zilegi Nafarroako gobernuak egin duena
egitea, alegia lege bat aldatzea epaitegi baten erabakia ez betetzeko. Hori zuzena
den ala ez, horixe erabaki behar du Estrasburgoko tribunalak. Arratsaldeko ordu
biak inguru espero dugu epaia (...)
(Euskadi Irratia, 04-04-27)
Horretaz gainera, izenordainak edo nahastea eragin dezaketen sinonimoak
baztertzea da onena. Batzuetan, ordea, eta izen bera testuan gehiegitan ez errepi-
katzearren, beharrezkoak izaten dira halakoak; orduan, erreferentziak argiak izateaz
gain, zertaz edo nortaz ari garen ondo zehaztu behar dugu, bikoizketarik edo
zalantzarik izan ez dadin.
Euskadi Irratiko esatari batek horrela azaldu zuen pilota-txapelketa bateko
kanporaketaren irabazlea nor izan zen, izena ez errepikatzearren:
(...) Eskupilotan, buruz burukoan, Agirre eta Galartza arteko kanporaketa
bizkaitarrak irabazi du.
(Euskadi Irratia, 05-04-02)
Kirol-irratsaio berezian ez legoke gaizki (nahiz eta zalantzaren aurrean, auke-
rarik onena izena esatea den). Aipaturiko esaldia, aldiz, albistegi batetik atera dugu,
entzuleria orokorrari zuzenduta, ez kirolzale edo adituei soilik (irakurleak hona
helduta ez badaki, Agirrek irabazi zuen kanporaketa, Galartza gipuzkoarra baita).
Halaber, izenordainak beste aukerarik ez dagoenean soilik erabiliko ditu idaz-
leak; hau da, testuan zehar izen bat gehiegitan ez esateko edo testua errepikakorra
ez izateko. Bi adibide hauetan, zehaztasuna galtzen du testuak izenordainak erabilita:
(...) kamioi-gidariei ezartzen zaizkien gehiegizko orduak salatzen ari dira. Hauen
ustez, atseden ezak...
(...) Izan ere, kamioi-gidariei ezartzen zaizkien gehiegizko orduak salatu nahi
dituzte, honek dakarzkien osasun-arazoak eta istripuak direla eta.
(Ikasleen lanak, 2004ko azaroan)
14 Irratsaio bat egiteko tailer praktikoa
Zehatzago, beraz:
(...) kamioi-gidariei ezartzen zaizkien gehiegizko orduak salatzen ari dira.
Garraiolarien ustez, atseden ezak....
(...) Izan ere, kamioi-gidariei ezartzen zaizkien gehiegizko lan-orduak salatu nahi
dituzte, baita horien ondorioz sortzen diren osasun-arazoak eta istripuak (salatu)
ere.
Erakusleei dagokienez, eta erreferentzia zeri edo nori egiten dioten argi gera
dadin, oso egokia izan daiteke honako erregela honi jarraitzea --derrigorrezko
araua ez den arren--:
1. Aurretik aipaturiko norbaiti edo zerbaiti erreferentzia egiten zaionean,
komeni da hori/horiek (bigarren gradukoak) edo hura/haiek (hirugarren gradukoak)
erabiltzea. Bata edo bestea aukeratzeak erreferentearekiko hurbiltasuna/urruti-
tasuna adieraziko du.
(...) Nazabal, Larretxea, Peñagarikano, Mindegia, Azurmendi eta Barberena. Sei
aizkolari horiek jokatuko dute...
2. Ondoren aipatuko dugunari erreferentzia egiteko, berriz, hau/hauek (le-
henengo gradukoak) erabiltzea, onena:
Sei aizkolari hauek jokatuko dute: Nazabalek, Larretxeak, Peñagarikanok,
Mindegiak, Azurmendik eta Barberenak...
Azkenik, ahal den neurrian, anbiguotasuna/bikoiztasuna/zalantzagarritasuna
saihestuko dugu irratiko idazkeran. Idatzitakoa irakurtzean ulertzeko arazorik ez
dugula pentsatu arren, irratitik entzunda ez dugu oso argi gazteak gaur atxilotu
dituzten ala deklaratu duten esaldi osoa aditu arte honako adibide honetan:
Gaur goizean guardia zibilak eta ertzaintzak azken egunotan atxilotutako lau
gaztek deklaratu dute...
(Bilbo Hiria Irratia, 03-09-28)
Zalantzagarritasuna gainditzeko proposatzen dugu:
Gaur goizean deklaratu dute azken egunotan guardia zibilak eta ertzaintzak
atxilotutako lau gazteek (...)
Guardia zibilak eta ertzaintzak azken egunotan atxilotutako lau gazteek gaur
goizean deklaratu dute (...)
b) Era berean, irrati-mezua entzumenari zuzenduta dago. Zentzumen bakar
bati zuzentzeak argitasuna eskatzen du. "Hitzak haizeak daramatzala" dio esaldi
ezagunak; gainera, beste zerbait egiten ari garen bitartean aditu ohi dugu irratia
(autoan, autobusean gaudela, ikasten ari garela, irakurtzen...). Hori dela eta, uste
baino gehiagotan haizeak eraman ez ezik, galdu egiten dira berbak gure eginkizu-
Irrati-ezaugarriak eta adierazpena 15
netan murgilduta. Beraz, igorleak honako ezaugarri hau hartu behar du kontuan:
nahi dugun mezua entzulearengana hel dadin, oso argi bereizi behar dugu zer den
funtsezkoa eta zer ez, jasotzaileak ere jakin dezan. Horrek diskurtsoaren barruan
informazioa ondo antolatzera behartuko gaitu.
Honako adibide honetan, entzuleak arreta handiz entzun behar du testua,
esaten dioten guztiaz jabetzeko:
(...) Oraintxe entzun dugun abesti famatu honetan, Portugalera trenez zihoan
emakume baten istorioa kontatzen zaigu. Baina ez da hara iristeko dugun garraio
bakarra. Trena Irundik irteten da egunero Lisboara bidean; bai eta hegazkin bat
Loiutik astelehenetik ostiralera bitartean. Autobus-loturak kontuan hartu gabe eta
noski, ohiko garraioa duguna, autoa. Izan ere, 9 bat ordutan bertan egon zintezke,
joan nahi duzun lekuaren arabera noski...
(Ikasleen lanak, 2004ko otsailean)
Zuzendutako testu honetan gauza bera diogu, baina argiago:
(...) Oraintxe entzun dugun abesti famatu horrek azaltzen digu Portugalera trenez
zihoan emakume baten istorioa. Baina, trena ez da hara iristeko dugun garraio
bakarra. Lisboara doan trena Irundik irteten da egunero. Horrez gain, hegazkina
abiatzen da Loiutik astelehenetik ostiralera bitartean. Autobus-loturak ere ugari
dira, eta, noski, beti dugu gure autoan joateko aukera. Izan ere, bederatzi bat
ordutan Portugalen egon zintezke, aukeratutako helbidearen arabera, behintzat.
c) Kontuan hartu behar dugun beste ezaugarri bat entzuleriaren heteroge-
neotasuna da. Izan ere, oso entzule-mota ezberdinak daude irratsaio bat aditzen ari
direnen artean: ikasketarik burutu ez dutenak, unibertsitarioak, euskaraz alfabetatu
gabeak, euskaldun berriak, euskaldun zaharrak... Mezua guztioi zuzendu nahi
badiegu, erabiliko dugun euskarak gramatikalki zuzena ez ezik, guztiok ulertzeko
modukoa izan beharko du. Hau da, teknizismorik edo hitz ezezagunik gabe, la-
gunartekoa batzuetan, baina ez arrunta; eta jasoa, beste batzuetan, landuegia edo
pedantea izatera heldu barik.
Honako adibide honetan, izapidetu aditza hizkuntza administratiboari dago-
kio, ez hizkera arruntari; berdin-berdin --argiago, agian-- ulertuko luke entzuleak
tramitatu edo igorri hitz arruntagoak erabilita.
Getxoko Udalak 978 errolda-ziurtagiri izapidetu2 ditu (...)
(Getxo Irratia, 05-03-31)
16 Irratsaio bat egiteko tailer praktikoa
2. Izapide(tu): izapideren ekintza adierazten duen aditza. Izapide (Harluxet hiztegian): «Negozio
juridiko batean, hura hasi eta amaitu bitartean jarraitu beharreko urratsen multzoa; horietako urrats
bakoitza».
Oso ohitura ona da hitz ezezagun edo tekniko bat sartzen dugunean, sinonimo
ezagun batekin edo esanahiarekin batera esatea, Euskadi Irratiko Norteko
Ferrokarrila irratsaioan entzundako adibide honetan bezala:
Ba al zenekien belarriko ezkoa, hau da, belarriko argizaria ez dela (...).
Fisiologikoki antzekoak dira argizaria edo ezkoa jariatzen duten guruinak eta
guruin apokrinoa, hau da, esnea jariatzen duena (...)
(Euskadi Irratia, 05-01-23)
Lagunartekoa, baina zuzena; naturala eta aldi berean jasoa. Beste eztabaida
bat izaten da euskal irratigintzan: euskara batua ala euskalkia? Guk hemen iritzia
ematen dugu, gurekin ados dagoen ala ez, irakurleak erabaki beharko duela jakinda.
Euskarazko irratigintzan, eta euskalkien erabilerari dagokionez, zentzuzkoa
da Euskadi Irratia bezalako kate nazional batean euskara batua erabiltzea. Horrek
ez du esan nahi, hala ere, euskalkiak baztertu behar direnik; baina, hori bai, une eta
egoera egokietan. Adibidez, ez dugu batuaz egitera behartuko inoiz batua erabiltzen
ez duen gonbidatu bat, eta, berriz, albistegietako esatariak batua erabiliko du, lagu-
nen artean erabiltzen duen euskalkiaren ordez. Era berean, ez zaio otuko hitanoz
edo hikaz egitea oso irratsaio espezifikoetan ez bada (dramatikoetan, esaterako).
Hau da, egoeraren arabera aukeratuko du esatariak zein hizkuntza-erregistro era-
bili, Euskaltzaindiak aholkatzen duen moduan. «Hizkuntza-erregistroa hauta-
tzerakoan, kazetariek-eta erabakiko dute zein ataletan, non eta noiz erabili euskara
landua (batua nahiz euskalkia) eta zeinetan, non eta noiz lagunartekoa»3.
Koldo Zuazorekin bat gatoz dioenean eskualdeko edo herriko irratietan ego-
kiena inguruko euskalkia erabiltzea izan daitekeela, betiere era jasoan, ez lagunar-
tekoan. «Ahozko hedabideetan "euskalki jasoa" edo "eskualdeko batua" erabiltzea
da zentzuzkoa. Inguruko egoerak erabakiko du, beti bezala, bide bata edo bestea
aukeratu. (...) Herri hedabideak, dena dela, beti dira "eremu lasaiagoak", eta ume
eta gazte jendeari zuzendutako saio eta orrialdeetan herriko hizkera, eta baita
lagunartekoa ere, landu eta zabaldu daiteke» (Zuazo, 2001:176).
Euskaltzaindiak azken erabakia kazetarien esku --esatarien edo komuni-
katzaileen esku esango genuke guk-- uzten du: «Eskualde edota herri mailako
komunikabideek euskara batua eta euskalkia erabil ditzakete: biak batera; baina ez
elkarrekin nahasiz, baizik atalez atal bereiziz. Hedaduraren eta hedabidearen
arabera erabakiko dute kazetariek-eta zein ataletan, non eta noiz erabili euskara
batua edota zeinetan, non eta noiz euskalkia»4.
Irrati-ezaugarriak eta adierazpena 17
3. Euskaltzaindia: Arauak. "137. Adierazpena. Euskalkien erabileraz Irakaskuntzan, Komunika-
bideetan eta Administrazioan". www.euskaltzaindia.com/arauak/
4. Ibidem.

Irratsaio bat egiteko tailer praktikoa