1. Psikologia Politikoaren kontzeptua
1.1. SARRERA
Esan daiteke orain dela hogeita hamar bat urtetik hona hitz egiten dela psikologia
politikoaz, eta ordutik etiketa horren izenpeko literatura zientifikoa ere agertuz joan
da. Beste diziplinekin gertatzen den moduan, etiketa berria bada ere, edukiari eta
ekarpen gehienei dagokienez, jatorri zaharragokoa da. Dena den, Psikologiaren es-
parruaren barneko etiketa berria erabiltzeak esanahi eta xede jakinak izan behar
ditu eta diziplina hau osatzen duten edukiak --orain arte, beste jakintza-alor eta
beste diziplinetan barreiaturik izan direnak-- harantzago doaz etiketa berriaren pean.
Ez da gauza berria esatea diziplina baten kontzeptuaz jabetzeko eta berori ze-
darritzeko bide bat hark ukitzen dituen gaiak berrikustea dela, baita adituek egiten
dutenari behatzea ere. Halere, bide horrek baditu hainbat arazo. Esate baterako,
psikologia politikoari buruzko eskuliburuen atalak irakurtzea litzateke bide bat.
Hala, konturatuko gara hasiera batean pentsa genezakeena baino historia konple-
xuagoa duela. Izan ere, psikologia politikoaren ardurek politikarien portaera indi-
bidualaren azterketatik identitate kultural eta etnikoen ondorio sozialetaraino jo-
rratzen dute. Nortasunaren azterketaz arduratzen da psikologia politikoa, portaera
politikoari lotuta dagoen heinean; hala ere, sozializazio-prozesuetan gertatzen den
kultura politikoaren jabetzeaz ere arduratzen da. Diziplina honen ikerketa-lerro
nagusienetariko bat boto-portaera izan da, egun, edozein partaidetza politiko
motaraino hedatuta dagoena. Partaidetza politikoaren portaeraren barnean, insti-
tuzionalizazio-maila apalagoa duten jokabideak ere badaude, mugimendu sozialak
esaterako, zenbaitetan biolentziaren erabilera darabilten partaidetza-moduak hartzen
dituztenak. Horren ondorioz, gatazkak erabakitzeko negoziazio politikorako es-
trategiak aztertzea ere beharrezkoa da. Ideologia politikoaren dimentsio psikolo-
gikoaz ere arduratzen da psikologia politikoa, mentalitate kolektiboen garapen
historikoa barne. Gainera, egungo zenbait erakunderi atxikirik dauden prozesu
psikologikoez ere arduratzen da, adibidez sistema judizialetan (herri-epaimahaiak)
edo sistema politikoetan (boterea oinarrizko motibazio gisa).
Hala ere, gaiak edo psikologo politikoen jarduerak berrikusteak ez digu
batere bermatzen psikologia politikoaren esanahi osoa eta norabide egokia hartzea.
Nolabait esateko, horrek psikologia politikoak zer izan nahi duen esaten digu,
baina ez du agerrarazten zer izan nahiko lukeen, zein den albokoekiko erlazioa edo
zergatik diren ikertzaileen arteko desadostasun teorikoak.
1.1.1. Psikologia Politikoa diziplina gisa
"Diziplina berezia den ala ez" eztabaidatzea izaten da ikerketa-bide berri baten
lehen arazoetako bat. Eztabaida-mota hau jakintza-alor berrien gaztetasunaren
ezaugarria da eta, oro har, denbora pasa ahala desagertzen da. Esate baterako, Psi-
kologiaren eta Filosofiaren arteko eztabaidak gogora ditzagun, psikologia zienti-
fikoaren sorreran. Hala ere, arazo horrek, zenbait ondorio praktiko izan arren, ez
du garrantzi handirik, psikologia politikoa diziplina den ala ez garrantzi teorikorik
gabeko kontua baita egun.
Zientzia modernoen aldetik, edo bestela esan, zientzia positiboen aldetik,
jakintza-alorrek hierarkizatuta eta elkarri lotuta egon behar dute (adib. Fisika Ki-
mikaren aurrekoa da, Kimika Biologiarena, eta abar). Horrela, jakintza zientifi-
koaren corpus antolatua eratzen da, diziplina batetik besterako jakintzaren norabi-
dea ordenatua izan dadin. Diziplina berri bat agertzeak doikuntza orokorreko lana
eskatzen du, zientziaren egoitzan desoreka eta jarduera-gatazkak ekiditeko.
Gaur egun, hala ere, jakintza zientifikoaren birplanteamenduak ez dira horren
estuak eta jakintzaren hierarkia, adarkatzea eta metatzea gutxiago baloratzen dira
zientziaren egoitza bateratuan. Berez, 70eko hamarkadatik aurrera, premia so-
zialeko arazoei buruzko ardura areagotu egin da eta zientziaren eraikuntza teori-
koari buruzkoa, aldiz, urritu egin da. Horrela, diziplina berrien sorkuntzan, gizar-
tearen arazoak konpontzeko ardurak justifikazio handiagoa ematen du eta irizpide
teoriko "zaharrak" urriagoa. Psikologian, adibidez, inolako arazorik gabe lantzen
dira osasun-psikologia, ingurune-psikologia, psikologia onkologikoa, eta, zergatik
ez, psikologia politikoa bera ere bai.
Ez da erraza erabakitzea, psikologia berri horiek diziplina berriak diren
--ahalmen teoriko, prozedurazko eta edukizkoa izanik-- ala gizartean agerikoak
diren gai psikologiko soilak. Positibismoaren irizpideak edo eraikuntza
sozialarenak aukeratu beharko ditugu diziplina zer den ulertzeko.
Hala ere, eta zenbaiten lasaitasunerako, psikologia politikoa, funtsean, psiko-
logia sozialetik sortzen dela esan daiteke, nahiz eta beste alor batzuekin erlaziona-
turik egon, hala nola, nortasunarekin eta zientzia politikoekin. Beraz, psikologia
politikoa psikologia sozialaren alor orokorraren barnean kokatzen da eta bertan
ditu bere ikasketak, bibliografia eta eskuliburuak.
1.1.2. Psikologia Politikoaren jatorriak
Nahiz eta diziplina honen oinarri historikoak hurrengo kapituluan landuko di-
tugun, kontzeptua zedarritzeko, zenbait orientabide teoriko eta gertakizun sozial
14 Psikologia Politikorako sarrera
aipatzea beharrezkoa zaigu. Izan ere, gertaera horiek psikologia politikoaren
oinarrian daude, ez iturri intelektual edo teoriko gisa, baizik eta diziplina honen
agerpena errazten duen plataforma sozial gisa.
Alde batetik, psikologia politikoa izenez berria bada ere, Psikologiaren garai
klasikoetan aurrekari nominalak badituela gogoratu behar dugu. Esate baterako,
jadanik 1924an, Psikologia Sozial eta Politikoa zen F. Allport-ek Syracuse-ko
Unibertsitatean izan zuen katedraren izena; edo 1934an Psikologia Politikoa eta
Sexu Ekonomiaren Aldizkaria zen W. Reich-ek sorraraziriko aldizkaria; edo The
psychology of politics zen Eysenck-ek 1954an argitaraturiko liburuaren izena.
Adibide gehiago ere badago, hurrengo atalean ikusiko dugunez.
Beste aldetik, Psikologia, bere osotasunean, gai politikoez egoki arduratu ez
delako iritzi ezaguna argitu beharra dago. Baieztapen hori Greenstein-en (1973)
"Political psychology. A pluralistic universe" izeneko artikuluan agertzen da.
Autore honen ustez, psikologoak jokabidea azaltzeaz arduratzen dira, testuinguru
soziopolitiko jakinetatik kanpo. Littman (1961) aipatuz, Psikologia sozialki indife-
rentea dela ondorioztatzen du Greenstein-ek. Aurrekoa egia bada ere, onartu beha-
rra dago psikologo asko garaiko arazo politikoez arduratu izan direla, eta arazo
horietan euren teoria eta ikerketak aplikatu dituztela. Horren adibide lirateke, Tol-
man-en (1924) gudari buruzko irakurketa psikologikoaren liburua --Drives toward
war--, Skinner-en zenbait publikazio --Walden Dos-- eta ikerketa, edo Osgood-en
(1962) arma-lehiaketa geldotzeko estrategia politikoei buruzko lana --An alterna-
tive to war or surrender--. Oro har, garrantzi handiko psikologo gehienek izaera
politikoko ekarpenak egin dituztela esan daiteke; nahiz eta historialari gehienak
psikologiaren eta politikaren arteko loturak ezkutatzen oso arretatsuak izan. Horren
zergatia ondoko tesiaren alde egitean datza: zientzia-lana gauza bat da eta bestea,
oso bestelakoa, zientzialarien garaiko politikarekiko inplikazioak. Billig-ek (1982)
ildo horretatik idatzi zuen ideologiaren jatorri liberalen liburua.
Diziplinaren aurrekari nominalak eta Psikologiaren inplikazio sozialaren
arazoa alde batera utzirik, 70eko hamarkadako psikologia politikoa jarraian azal-
tzen diren lau ikasketa-gairen inguruan sortzen da. Lehenengoa, Lasswell-en ildotik
(1934) doan Motibazio Pertsonalen ikasketa da, zeinak dinamika politikoetan
prozesu psikologikoen eragina aztertu baitzuen. Bigarrena, jarrera sozialen ingu-
ruko ikerketa da, zenbait hamarkadaren tradizioa izateaz gain, arazo politikoen ikus-
pegi psikologikotik eginiko azterketa dena. Hemen aipa daitezke Thurstone-ren
(1934) kontserbadorismo- eta nazioartekotasun-lanak, edo Newcomb-en (1943)
jarrera politikoen azterketa. Hirugarrena nazismo eta genozidio fenomenoa
aztertzeko II. Mundu Gerra inguruan egin ziren ikerketak dira. Hemen, Adorno eta
kolaboratzaileen (1950) Nortasun Autoritarioaren ekarpena kokatzen da adieraz-
pide. Laugarrena, boto-portaeraren dimentsio psikologikoei buruzko ikerketa da,
Mendebaldeko sistema demokratikoen oinarrietariko bat dena (Campbell et al.,
1960).
Psikologia Politikoaren kontzeptua 15
Dena den, lau ikerlerro hauek ez dira, berez, psikologia politikoaren edukirik
funtsezkoena eta berezkoena; aldiz, nahiko indar soziala dute diziplina berri honen
sorrera justifikatzeko, nahiz eta haren esparrua zabalagoa den.
Azkenik, psikologia politikoak duen beste arazo bat, sorreran agertzen ez zena,
`politikoa' hitzaren adierazpena eta esanahia da. Esanahi hertsia emanez gero,
psikologia politikoa politikari profesional, hauteskunde, ekonomi edo adminis-
trazio-portaerez baino ez litzateke arduratuko, beste fenomeno politiko asko alde
batera utzirik.
1.2. PSIKOLOGIA POLITIKOAREN INSTITUZIONALIZATZEA
Ikasketa ofizialak estatu politiko jakin baten agiri bihurtzea da diziplinen ezaugarri
soziologikoetariko bat. Horrekin batera, ikasketa-plangintzei buruzko eztabaidak,
eskuliburuak, liburuak, elkarte profesionalak, aldizkari zientifikoak eta abar ari
dira diziplinen inguruan. Horren guztiaren bitartez, diziplinaren instituzionaliza-
zioa gertatzen da, hain zuzen ere.
Zer esan daiteke, bada, psikologia politikoaz? Lehenik, esan, instituziona-
lizazio-prozesuak ezin direla orokortu; alegia, herrialde guztietan ez dira berdin
gauzatzen. Diziplina honi dagokionez, instituzionalizazioa psikologia angloameri-
karrari oso lotuta dago.
Bigarrenik, kontuan izan behar ditugu diziplina honen eta besteen arteko lo-
turak, zientzia-mugatzearen arazoarengatik ez ezik, arazo sozialei heltzeko ikuspe-
giarengatik ere. Horrela, psikologia politikoak psikologia sozialarekin, batik bat,
ditu erlazioak (Ibañez, 1983), baina Psikologia, Soziologia, Zientzia Politiko, Eko-
nomia eta Antropologiarekin (Ward, 2002) ere bai. Gainera, erlazio hauek ulertze-
ko erak esanahi desberdina emango dio diziplinari.
Atal honetan arazo hauei helduko diegu. Lehenengo psikologia politikoaren
instituzionalizazioarekiko harremanez arduratuko gara eta, ondoren, funtsezko
irakurgai eta eskuliburuei helduko diegu.
Hasteko, pentsa daiteke psikologia politikoak oso erlazio estuak dituela
Zientzia Politikoekin. Halere, esan beharra dago praktikan ez dela egia. Fenomeno
hau, hein batean behintzat, alboko diziplinek --psikologia, psikologia soziala edo
soziologia-- bitartekotza-rola betetzen dutelako gertatzen da. Ikus dezagun, bada,
Greenstein-ek (1973) nola adierazten duen arazo hau.
Greenstein-ek dioen bezala, Zientzia Politikoen departamentuak Zuzenbide
eta Historia fakultateetan sortu ziren eta Filosofian eta antzeko jakintza-alorretan
ere bultzatuak izan ziren. Psikologia, aldiz, Natur Zientzietan sortzen da, bizitzaren
zientzietan alegia. Hain zuzen ere, Filosofia Psikologiaren oinarrian bazegoen ere,
Biologiak eragin handiagoa izan zuen. Psikologia sozialaren rolari dagokionez,
16 Psikologia Politikorako sarrera
antzekoa esan daiteke, zeren psikologia sozial psikologikoak gizabanako biologi-
koen dimentsio sozialak aztertzen baititu eta psikologia sozial soziologikoak
psikologia alboratu egiten baitu.
Ikuspegi honek ondorioak ditu psikologia politikoan. Psikologia sozial so-
ziologikoan kokatzen bada diziplina hau, Zientzia Politikoen inguruan ari izango
da, eta iritzi publikoaren fenomeno politikoei dagokienez, mekanismo psikologi-
koak aztertuko ditu. Psikologia sozial psikologikoan kokatzen bada, ordea, Zientzia
Politikoekin harreman urria izango du eta gizabanakoaren jarduera politikoaren
inguruan ari izango da, jarduera hori behar biologikoak xede publikoetara zuzen-
duz.
Dena den, arestian esandakoa egia bada ere, azken urteetan aldatzen ari da
joera hau, nolabait, ahazturik zeuden europar soziologia marxistaren ekarpenez
ohartzen ari delarik (Giddens, 1984, 1991; Bourdieu, 1980). Edonola ere, psiko-
logia politikoaren instituzionalizazioaren garaitzat 70eko hamarraldia hartzen da.
Psikologia politikoaren lehen eskuliburua 1973an argitaratu zen, J. N.
Knutson-ek zuzendua. Bertan, 15 ikertzailek hartu zuten parte eta psikologia politi-
koaren alor nagusiak laburtzen eta adierazten saiatu ziren. Eskuliburu hau 5 kapitu-
lutan egituratuta zegoen. Lehenengoan, Oinarrizko kontzeptu psikologikoak lantzen
ziren, nortasuna, jarrera politikoak eta uste politikoak hain zuzen. Bigarrenean,
Orientabide iraunkorren heziketa eta eustea lantzen zen, sozializazio politikoa,
nortasun autoritarioa eta anomia nahiz alienazioa barne. Hirugarrenean, Gizabana-
koaren eta politikaren arteko loturak lantzen ziren: lidergoa, agresioa, biolentzia,
iraultza, guda eta nazioarteko politika. Laugarrenean, Ikerkuntza-metodoak azter-
tzen ziren, psikobiografiak, inkesta politikoak, ikerkuntza esperimentala, simula-
zioa eta teknika proiektiboak, hain zuzen ere. Azkenik, Egungo ikuspegiak lantzen
ziren, zeinetan psikologia politikoaren etorkizunerako iradokizunak ere ematen
ziren. Idazlan hau funtsezkoa izan zen psikologia politikoaren alorrerako.
Urtebete beranduago, W. Stone-k (1974) lehen testuliburua argitaratu zuen,
osoa berak egina. Aurreko liburutik bereiziz, idazlan honen helburua ez zen
diziplina honen alorrak eguneratzea. Autore honek, aldiz, psikologia politikoaren
ikuspegi bakarra eman zuen, Psikologian hezi nahi zutenek portaera politikoa uler
zezaten.
1979an International Society of Political Psychology izeneko lehen elkarte
zientifikoa eratu zen, Knutson-en lanari lotuta. Elkarte honek Political Psychology
aldizkaria ere argitaratu zuen. Gerora areagotu ziren gainerako testu, aldizkari eta
eskuliburuen argitaldiak.
Halere, badaude beste bi idazlan aipagarri. Lehenengoa S. L. Long-ena (1981)
da, jadanik 1979an Micropolitics aldizkaria eratu zuena. Long-en idazlanak 5
liburu ditu eta hurbilago dago soziologia politikotik Psikologiatik baino.
Psikologia Politikoaren kontzeptua 17
Bigarren lan aipagarria M. Hermann-en (1986) eskuliburua da, hogei adituk
idatzia eta lau atalekoa. Lehenengo atala Gizakiak animalia politiko gisa gaiaren
ingurukoa zen; bertan, portaera politikoaren oinarri biologikoak, ideologia politi-
koa, iritzi publikoa, usteak eta psikohistoria lantzen ziren. Bigarrena Erabaki
Politikoari buruzkoa zen, lidergoa, presidenteen ikasketak, gatazka eta nazioarteko
harremanak landuz. Hirugarrenean Ingurune Politikoa lantzen zen, sozializazio
politikoa, uste-sistemak, protesta-mugimenduak eta terrorismo-gaiak agertuz. Az-
kenik, Alorraren inguruko mundu-ikuspegia lantzen zen, Latinoamerikan, Europan
eta Asian psikologia politikoaren egoera aztertzen zela. Gainera, Hermann-ek bost
printzipioren arabera definitu zuen alorra: 1) fenomeno psikologikoen eta prozesu
politikoen arteko elkarrekintza; 2) arazo sozialei erantzunez eginiko ikerkuntza; 3)
testuinguruaren garrantzia; 4) bai prozesuen bai ondorioen garrantzia; eta 5)
askotariko metodologiarekiko tolerantzia.
Berriki, Deutsch eta Kinnvall-ek (2002) 8 alorretan banatu dute psikologia
politikoaren eremua zeina gizabanakoa aktore politiko gisako ikerkuntzatik giza
garapena eta ekonomia politikoaren azterketaraino hedatzen baita.
Bi ondorio atera daitezke hemendik. Lehenengoa, psikologia politikoa dizi-
plina gisa 70eko hamarkadan sortu zela. Hala ere, psikologia politikoaren ekar-
penak aldi hartan egin zirela pentsatzea akatsa da, zeren aldez aurretik alor hauek
landuak izan baitziren (Grezia zaharrean, Ilustrazioko pentsalariek, filosofia so-
zialean, eta abar.). Bigarren ondorioa da, oinarrizko bibliografia badagoela, nahiz
eta hazten ari den jarduera izan.
1.3. PSIKOLOGIA POLITIKOAREN DEFINIZIO-ARAZOAK
Hemen psikologia politikoaren alorra definitzeko hainbat etiketa landuko dugu.
Dena den, ez zaigu interesatzen definizio hobea ala okerragoa egitea, baizik eta ez-
tabaida honen azpian dauden elementuak agerraraztea. Garbi dago 1970. urteaz
geroztik diziplinaren kontzeptua garatu zela, baina aldaketa hau garaiko funtsezko
arazoetan eta garaiko dimentsio kontzeptualetan gauzatu zen.
Diziplina baten definizioarekin jokoan jartzen dena ez da bere jakintza-alorra
zedarritzea, edo nahiago bada, bere ikasketa-objektua zehaztea, baizik eta ikasketa-
alorreko etorkizuneko garapena eta iraganeko ekarpenen berrirakurtzea. Jakintza-
alorraren inguruan dauden ageriko hitz biak Psikologia eta Politika dira eta, berez,
nahiko konplexuak dira anbiguotasunik gabe erabiltzeko. Lehenengoa bigarrena
baino ardura gutxiagokoa da, psikologoen artean ari baikara. Halere, psikologia
politikoak esanahi zeharo desberdina du Psikologia gogamenaren azterketatzat ala
portaeraren azterketatzat harturik, edo ikusmira psikoanalitikotik ala ikuspegi
eraikitzailetik harturik, Psikologiaren ikuspegi kognitibistatik ala konduktistatik
azterturik.
18 Psikologia Politikorako sarrera
Hala ere, garbi dago Psikologia gizabanakoen inguruan ari dela, bere motiba-
zio, oroimen, ezagutza edo interakzioekin; hau da, Psikologiak indibidualismoaren
alde egiten du. Psikologoek askotan banakoaren ikuspuntua hartu izan dute inolako
hausnartzerik gabe, batetik, ikuspegi biologizista eta, bestetik, metodologia
introspektiboa Psikologiaren jatorrian baitaude.
Erabaki hori hartzean beste tradizio psikologikoak alboratzen dira. Esate
baterako, Wundt-i jarraituz, gizabanakoaren egitura psikologikoa jendearen elka-
rren arteko ekintzaz sorturiko aldaketa ebolutibo eta historikoen emaitza da, alegia,
esperientzia kolektiboaren emaitza da; gizabanakoaren azterketatik, ordea, ezin
diogu heldu analisi-mota honi (Danziger, 1983). Beraz, psikologia indibidualak
edo kolektiboak orientabide desberdinak dituzte psikologia politikoan, ikuspegi
desberdinak ematen dituztelako. Hala ere, ikusiko dugunez, politika hitzak
zalantzagarritasun konplexuagoak adieraz ditzake psikologia politikoaren alorrean.
Hasierako laborategiko psikologiari egotzi zitzaion, ezen gizaki heldu eta normalen
fenomeno kontziente gisa soilik aztertzen zuela. Era berean, psikologia politikoari
leporatu izan zaio, egungo Mendebaldeko demokrazien jardueraz baino ez aritzea,
alegia, nolabaiteko normaltasuneko garaietan Mendebaldeko erakunde, legegile eta
administratzaileez arduratzea (Davies, 1973).
Nolabait esateko, psikologia politikoa prozesu psikologikoen eta dinamika
politikoen arteko loturaz arduratzen den diziplina da. Psikologia ekintza sozialaren
azterketa litzateke (hau da, motibazioa, egozpena, oroimena, esanahia ematea,
elkarrekintza, eta abar), baina, jakintza honen barnean zenbait sentsibilitate dago,
besteak beste, indibidualtasuna vs kolektibotasuna, historizismoa vs aktualismoa
eta barne-tentsioak vs kanpo-tentsioak. Politika, bestalde, gizarte, estatu edo de-
mokraziaren barnean egiten diren jardueren azterketa litzateke: politikariena, herri-
tarrena, instituzioena, eta abar. Hemen ere, hainbat sentsibilitate daude eta, nolabait
esateko, 3 ikuspegi aurkitu izan dira: 1) politikarien jarduerak (Lasswell, 1930); 2)
egunerokotasuneko botere-desorekak (Tilly, 1996; Philips, 1991); 3) edo
Estatuaren barnean egiten diren jarduerak vs egunerokotasuneko botere-desber-
dintasunak vs ondorio soziala duten jarduerak aztertzea (Martin Baro, 1991).
1.3.1. Definizio garrantzitsuak
Arestian aipaturiko arazo batzuk psikologia politikoaren definizioetan zehar
islatzen direla ikusiko dugu. Bestalde, definizio nagusiak berrikusteak diziplinaren
egungo egoerara hobeto eta errealtasun-maila handiagoaz hurbiltzen ahalbidetuko
gaitu.
Autore batzuek ez dute nahi izan, definizioa ematerakoan, psikologia poli-
tikoaren jakintza-alorra mugatu, nahiz eta euren kontzepzioa zeharka agertu duten.
Knutson-ek (1973) dioenez, psikologia politikoa diziplinarteko ahalegina da, eta
portaera-zientziek emaniko jakintza giza behar kritikoetara zuzentzean datza.
Psikologia Politikoaren kontzeptua 19
Horrela hobeto ulertzen da ondoko esaera zaharra, "politika, bizitza hobea lortzeko
bidea da". Definizio honek diziplinaren jakintza-alorra oso argi mugatzen ez badu
ere, bi alderdi nabarmentzen ditu. Batetik diziplinartekotasunaren ezaugarria dugu,
diziplina berezia baino, zenbait diziplinaren xede komun gisa agertzen baita. Bes-
tetik, psikologia politikoaren ezaugarri terapeutikoa dago, giza bizitzaren hobe-
kuntza nahi baitu.
Greenstein-en (1973) arabera, bestalde, psikologia politikoak bi erreferentzia-
gune ditu: batetik, giza portaera politikoaren oinarri psikologikoak eta, bestetik,
politikaren azalpenari ekiteko jakintza psikologikoaren jarduera akademikoa. Be-
raz, Greenstein-en ustez, jarduera politikoak alderdi psikologikoak ditu, psikolo-
giari dagozkionak. Hau da, psikologia politikoa izango litzateke aztergai bati (poli-
tikari) jadanik ezarria dagoen jakintza-corpusa (Psikologia) aplikatzea.
Aurrekoak baino landuagoa da Stone-ren definizioa. 1974ko idazlanean indi-
bidualistatzat hartzen zuen bere kontzepzioa eta maizago erabiltzen zuen politi-
karien edo politikaren psikologia adierazpena, zuzenagoa den psikologia politikoa
adierazpena baino. 1981eko idazlanean joera hori aldatu eta ondokoa adierazi zuen:
«Politikaren psikologia gizabanakoaren interesei dagokie, bere kontzepzio, erreak-
zio eta esperientzia eta jokabide politikoaren aurrean ematen diren erantzunei»
(15. or.).
Jadanik Lasswell-ek (1930) gizabanakoaren ezarpen psikologikoak azpima-
rratuak zituen bere definizioan: «Gizaki politikoa motibo pribatuen ekoizpena da,
motibo horiek, interes publikoaren aitzakiaz, objektu publiko batera zuzendu eta
arrazionalizatzen direlarik» (75-76. or.).
1980an zertxobait aldatu zuen bere definizioa. Bere indibidualismoak bertan
badirau, baina ahulago. Bertan, aktore politikoa ikasteaz gain, sistema politiko eta
gertakizun politikoen ondorioak ere --nahiz eta gizabanakoarenganako efektutzat
hartu-- ikas daitezkeela aldarrikatu zuen. Hona hemen bada, psikologia politi-
koak, era sakon batean ulertua izateko, kontuan izan beharko lukeena: 1) jokabide
politikoan prozesu psikologikoek egiten duten ekarpena eta 2) sistema eta jazoera
politikoen ondorio psikologikoak.
Beraz, hemen jadanik agertzen da Psikologiaren eta Politikaren arteko no-
ranzko biko erlazioa. Noranzko bietan gizabanakoaren izate indibiduala azpimarra-
tzen da, gizabanakoa baita analisi-unitatea.
Hermann-ek (1986c) ere kontzeptu bien arteko noranzko biko erlazioa azpi-
marratzen zuen, elkarren arteko ezkontzaren metafora erabilirik. Hain zuzen ere,
psikologia politikoa fenomeno psikologikoen eta politikoen elkarrekintzaren
azterketa dela zioen. Interakzio horren arabera, batzuetan interes-alorra prozesu
psikologikoetan dago, fenomeno politikoak azterketaren ingurua izanik. Besteetan,
20 Psikologia Politikorako sarrera
aldiz, interes-alorra fenomeno politikoetan kokatzen da, maila psikologikoan
azterturik. Gainerakoan, interakzioan dago gakoa.
Billig-ek 1986an nolabaiteko bereizketa egin zuen Psikologia Politikoaren eta
Politikaren Psikologiaren artean. Lehenengoaren arabera, Psikologiari datxekion
zerbait da Politika, Adorno, Lewin, Mead edo Moscovici-ren azalpenetan bezala.
Bigarrenaren arabera, aldiz, Politikatik zerbait banandua eta berezitua da Psiko-
logia, prozesu psikologikoak testuinguru politikoetan lantzen dituztenen antzera.
1.3.2. Fenomeno psikologikoen eta fenomeno politikoen arteko loturak
Arestian esan dugunez, psikologia politikoan dagoen kontzepzio psikolo-
gikoa anizkoitza da eta egile bakoitzaren heziketan oinarritzen da. Halere, egia da
zenbait orientabidek diziplinaren sorrerarekin zerikusi handiagoa izan dutela.
Stone-k (1974) oinarri psikologikoa ondoko bi funtsezko guneren inguruan garatu
zuen: Teoria Psikoanalitikoan batetik eta jarreren kontzepzio funtzionalean beste-
tik. Autore honen arabera, psikoanalisia portaera politikoaren efektu psikologikoen
ekarpenen gune azalgarrian kokatzen zen. Bestalde, jarreren ikuspegi funtzionala
sistema eta jazoera politikoen ondorio psikologikoen azterketan kokatzen zen.
Beraz, autorearen ustetan, psikoanalisia aktore politiko indibidualarentzat zen
baliagarria eta jarrerak gizabanako-multzoarentzat, masarentzat, alegia. Hemendik,
ondorio arriskutsua erator daiteke, alegia, lider politikoak xede politikoen bila bul-
tzatzen duten mekanismo psikodinamikoak ditu, eta populazioak, jarrera eta iritsi
hutsak.
Hermann-ek (1986), beste ikuspuntu bat erabilirik, psikologo politikoari inte-
resatzen zaizkion fenomeno psikologikoen edukiei buruzko kontzepzio deskripti-
boagoa zuen. Autorearen arabera, fenomeno horiek gizabanakoak inguruneari
erantzuten, sentitzen, interpretatzen eta hautematen duen moduarekin lotzen dira.
Horiexek lirateke portaera politikoaren prozesu psikologikoak. Era berean,
prozesuoi faktore biologiko eta fisiologikoek, motiboek, usteek, estilo kognitiboak,
balioek, emozioek eta oinarrizko esperientzia psikologikoek eragiten diete.
Stone-k Hermann-ek baino jarrera konprometituagoa hartzen du politikaren
esanahiaz. Autore honen ustez, honelakoa da politikaren adierazpena: «Jokabide
politikoak barne hartzen du egunerokotasunaren arazoen soluzio kooperatiboaren
bila ari den pertsonaren jarduera guztia» (1974:16). Beraz, Stone-ren arabera, gi-
zabanakoen beharretan oinarritzen da antolakuntza politikoa. Horregatik, jokabide
politikoa ezin da mugatu instituzioen azterketara.
Harantzago doa Deutsch eta Kinnvall-en adierazpena (2002). Autoreek dio-
tenez, psikologia politikoak Psikologiaren eta Politikaren arteko loturak aztertzea
ez ezik, haren ikuspuntuaren azterketa ere kontuan izan behar du.
Psikologia Politikoaren kontzeptua 21
1.3.3. Ondorioak
Aurrekotik, oro har, psikologia politikoaren lau definizio-multzo erator
daitezke.
Lehenengoan, diziplinaren izaera aplikatua azpimarratzen duten definizioak
daude, aplikazioa egungo arazo politikoei aplikaturiko jakintza psikologiko gisa
ulerturik. Horrela, psikologia politikoa premia sozialeko diziplina litzateke,
berezko ezaugarri teorikoen jakintza-alorra baino.
Bigarren multzoaren arabera, diziplinaren izaera kolektiboa azpimarratuz,
jazoera eta sistema politikoek eguneroko prozesu psikologikoetan duten eragina
aztertzen du psikologia politikoak.
Hirugarren multzoa terapia soziala baino harago ari diren definizioek osatzen
dute. Psikologia politikoa fenomeno psikologikoen eta fenomeno politikoen arteko
interakzioaren azterketa da.
Laugarren multzoan, psikologia politikoaren ikasketa-objektu propioa adie-
razten dutenak kokatzen dira. Hauen arabera psikologia politikoa hau da: «Fenome-
no historikoen eta kolektiboen azterketa, gizabanako ala komunitateetan itsatsita
egonik, identitate propioaz jabetzeko eta sozialki antolatzeko herriaren motibazioa
direnak».
1.4. PSIKOLOGIA POLITIKOAREN DIMENTSIO TEORIKOAK
Kapitulu honen hasieran esan dugunez, nahikoa zaila da diziplinaren kontzeptuari
heltzea ukitzen dituen gaien arabera. Dena den, beti da interesgarria diziplinak egi-
ten dituen jarduerak zenbait dimentsiotara mugatzea, bere ikerketa-alorreko ardura
nagusietara, hain zuzen. Ondoren, hiru koordenatu iradokitzen ditugu, psikologia
politikoaren alorraren barnean egun aurkezten diren arazoak integratzeko baliaga-
rriak direnak. Lehenengoa diziplinaren arazo metodologikoei dagokie, hau da,
dimentsio metodologikoaz ari izango da; bigarrena diziplinaren ondorio sozialeko
ardurei dagokie, hau da, sentsibilitate sozialeko dimentsioaz ari izango da; hiru-
garrena, diziplinaren gai nagusiei dagokie, hau da, gaitegi-dimentsioaz ari izango
da.
1.4.1. Dimentsio metodologikoa
Nahiz eta eztabaida metodologikoek zientzia sozial guztiak zeharkatu, psiko-
logia politikoa Psikologiatik berezi izan da. Beraz, psikologia politikoaren ezauga-
rria teknika-erabileran aniztasuna da, bai datuak jasotzeko bai hipotesiak
frogatzeko. Hau da, psikologia politikoak teknika psikoanalitikoak, proiektiboak,
teknika psikobiografikoak eta psikohistorikoak, jarreren neurketa handiak eta espe-
rimentua erabili izan ditu. Esate baterako, Adorno eta bere kideen lorpenetariko
22 Psikologia Politikorako sarrera
bat, hipotesi eta teoria psikoanalitikoaren inguruan, teknika psikometrikoen bitar-
tez jarrera-eskalak eratzea izan zen. Beraz, metodologia desberdinekiko errespetua
da psikologia politikoaren ezaugarria.
Analisi-unitateari dagokionez, kolektibitatea baino gehiagotan gizabanakoa
izan da. Hala ere, akats hau psikologia politikoaren barnean onartu egin da. Adibi-
de gisa Herman-en (1986b) adierazpenak har genitzake: «Nahiz eta ekintza politi-
ko jakina giza aktore indibidualek gauzatzen duten, unitate adierazgarrienak taldeak
dira, elkarteak, erakundeak, komunitateak, estatuak, eta abar» (209. or.). Beraz,
analisi-unitateari dagokionez, psikologia politikoaren ezaugarria, gizabanakoa eta
komunitatea, biak erabiltzea da.
Oro har, psikologia politikoaren ezaugarri metodologikoa teknika eta meto-
doen aniztasuna dela esan daiteke.
1.4.2. Sentsibilitate sozialeko dimentsioa
Akats larria litzateke pentsatzea psikologia politikoa praktikan jartzen duten
psikologoen ardura sozial hutsa dela eta urgentzia politiko hutsetan oinarritzen
dela. Alderantzizkoa pentsatzea ere akatsa litzateke. Hau da, sentsibilitate sozia-
leko faktoreek diziplinaren garapen eta eratzean inolako eraginik ez dutela pentsa-
tzea. Arestian esan dugun bezala, psikologo klasiko askok (Reich, Fromm, Adorno,
eta abar) psikologia politikoarekin harreman gehiago izan dute historialariek
aipatzea gustuko dutena baino.
1.4.3. Gaitegi-dimentsioa
Psikologo politikoek lantzen dituzten gai zehatzak laburbiltzea ez da gauza
erraza. Hala ere, Hermann-ek (1986c) ondoko 4 gaitegi-dimentsiotan laburtzen du
egungo egoera:
1. Pertsonengan nola garatu eta eutsi egiten diren politikari buruzko haute-
mate, interpretazio eta sentimenduak.
2. Pertsonen hautemate, interpretazio eta sentimenduen efektuak euren joka-
bide politikoetan.
3. Erabaki politikoak nola hartzen diren.
4. Erabaki politikoak hartzeko non dagoen autoritatea.
Berriki, Deutsch et Kinvall-ek (2002) 8 ardatzetan zehar identifikatu dute
psikologiaren eta politikaren arteko lotura:
1. Gizabanakoa aktore politiko gisa: sozializazioa, partaidetza politikoa,
hauteskunde-portaera, mass-media, eta abar.
Psikologia Politikoaren kontzeptua 23
2. Mugimendu politikoak: sistema soziala edo kulturala aldatzeko edo eusteko
elkarteak: ekologia, bakea, feminismoa, etnizismoa.
3. Politikaria edo liderra: liderra eta lidergo politikoa, nortasun politikoa, psi-
kobiografia eta historia.
4. Koalizioak eta egitura politikoa: taldeen eraketa, liderra eta jarraitzaileak,
alderdiak eta herritarrak.
5. Talde politikoen arteko harremanak: gatazka eta gatazka gainditzea, Os-
good, Deutsch, Kelman.
6. Prozesu politikoak: hautematea, kognizioa, erabakiak hartzea, pertsuasioa,
ikaskuntza.
7. Kasu-ikasketak: zenbait komunitateren boto-portaera, gatazka politiko
bereziak, gertaera historiko garrantzitsuak, eta abar.
8. Giza garapena eta ekonomia politikoa: nolako ondorioak dituen gizabana-
koengan (autoestima, garapen pertsonal edo kognitiboan, eta abar) zenbait
ezaugarri ekonomiko dituen gizartean bizitzeak.
Bestalde, Seoane-ren arabera (1988), edozein sailkapenek ekoizpen politiko
kolektiboen eta gizabanako zehatzaren arteko dinamikak izan beharko lituzkete
kontuan. Beraz:
1. Batetik, talde, kolektibo edo komunitate batetik ondorioztatzen diren ekoiz-
pen politikoak kontzientzia eta portaera indibidualetan nola sartzen diren.
2. Bestetik, jarduera politiko indibidualak nola egiten dituen ekarpenak eta
eraldatzeak ekoizpen politiko kolektiboetan.
3. Azkenik, eremu politiko zehatzak aztertu beharko lirateke. Bertan, gizartean
jasotzen diren gertaerak ulertu ahal izateko, gizabanako indibidualen por-
taeraren eta "askoren ekintzaz" sorturiko fenomeno politikoen arteko
interakziotik agertzen direla aztertuko litzateke.
24 Psikologia Politikorako sarreraPsikologia politikorako sarrera