1. Bidasoako Alardeak: herriaren eta
hiriaren arteko eztabaida
Gorka Moreno
(...) Gauza bera egiten dute euskalduntasuna esentziaren ildotik ulertzen duten
guztiek ere, alderdi abertzaleetako partaide asko tartean. Multzo honetakoek
--erromantikoek zabaldutako volkgeist edo herriaren espiritu hartatik abiatuta--
Euskal Herria behin eta betiko zehaztua eta egina gelditu zela uste dute, aspaldi
batean noski, Neolitikoan edo, eta xehetasun batzuk hartu zituela orduan --euskara,
esate baterako-- xehetasun aldaezinak, eta horren inguruan antolatu behar dela gure
etorkizuna, Euskal Herri eternal hori munduratu arteko etorkizun onik ez dela
egongo. Ordea ideia horiek, apur bat esoterikoak, nahastu besterik ez dute egiten.
Izan ere, esentziarik ez dago ilargiaren azpiko munduan, ez dago urtez urte eta
mendez mende berdinean irauten duen ezer. Beste modu batera esanda, den dena
historikoa da, gizarte honek edo hark sortua; (...)
Nire ustez, nahitaezkoa zaigu eredu erromantikoaren bazterketa gure anakronismoan
edo marjinazioan ez erortzearren, hots, lehen mailako balio kulturalekin bizitzeko,
eta helburu horrek, praktikan, Euskal Gizartearentzat --sektore, talde, pertsona
ezberdinez osatutako gizarte batentzat, alegia-- egokia litzatekeen leku berri bat
eskatzen du. Leku berri honi, nik, Euskal Hiria deitzen diot, hiria izan baita historian
barrena jende desberdinak elkarrekin bizi ahal izateko asmatu eta eraikitako gunea.
Bernardo Atxaga
(Schommer, A. eta Atxaga, B.: Euskal Herria, Euskadiko Kutxa, Bilbo, 1998, 50. or.)
Lan honek Bidasoako Alardeak ditu ikerketagai. Azken urteotan emakumeen
partaidetzaren inguruko eztabaida dela eta, ezagunak egin dira bai Irungo bai
Hondarribiko Alardeak. Horrela bada, gure helburu nagusia Alardeen auzian sa-
kontzea da, eta ez bakarrik sakontzea, eremu eta ezaugarri batzuen argipenean
murgiltzea ere ezinbestekoa iruditzen zaigu gatazka honetan benetan jokoan zer
dagoen jakin ahal izateko. Orain arte, gai honi buruz dezente idatzi da, baina
gehienetan komunikabideetan ateratako artikuluen bitartez izan da; mota horretako
lanek muga batzuk dituzte: tamaina, sakontzeko ezintasuna, ikuspegi motzak etab.
Horrela izanik, oso interesgarria iruditu zaigu gai honen inguruan liburu bat egitea,
eremu honetan horrelako ekarpenen falta somatzen baita. Gure ustez, Alardeen
auzia bere osotasunean landu behar da; horretarako, faktore guztiak aztertu behar
dira eta ez soilik agerian gelditzen diren aspektuak. Zentzu horretan, oso egokia
iruditu zaigu diziplina arteko gerturatzea sustatzea. Halaber, gure ikerketagaia den
Alardeen gatazka hainbat alor eta ikuspegitatik landuko da, horrela lortzen diren
aberastasun eta ñabardurak oso interesgarriak izan baitaitezke. Lehenengo artiku-
luetan gaia testuinguruan kokatzen da, gaiari nolabaiteko sarrera eginez. Horretara-
ko antropologia, historia edota azken urteotako gertakizunak aipatzen dira lehe-
nengo lau kapituluetan. Hurrengo hiru artikuluetan Bidasoako Alardeen azterketa
sektoriala egiten da, zenbait alde abiapuntu hartuta: zuzenbidea, arlo politikoa eta
komunikabideen papera.
Liburu honen lehenengo kapituluan Margaret Bullen-ek Alardeen azterketa
antropologikoa egiten du. Euskal antropologian oraindik jorratu gabeko arloan
kokatzen gaitu: tradizioak bermatutako eta emakumeen bazterketan oinarritutako
erritualen azterketan. Hori gertatzeko arrazoiak, eta bereziki sakratutzat jotako tradi-
zioaren kontzeptua, aztergai ditu artikulu honek. Horrela izanik, "euskal matriar-
katuak" eta antzeko mitoek duten pisua ere aztertzen da artikuluan. Era berean,
Alardeen auziaren eta gaur egungo erlatibismo kulturalaren inguruko gogoeta ere
egiten da artikuluaren azken zatian.
Jarrraian, Xabier Kerexetak historia du mintzagai. Emakumeen partaidetza
baztertzeko emandako arrazoien artean historia inportanteenetako bat izan da. Ha-
laber, Alardearen historiaren jatorria guztiz zabalduta eta hedatuta dago Bidasoan
zein beste herri batzuetan. Zentzu horretan, historiaren interpretazio guztiz maltzu-
rra egin da, ideologia jakin batek bere nahiak islatu ditu historiaren berridazketa
eginez eta horren bidez babesa eman zaio orainari. Artikulu honetan horren ingu-
ruko argibideak ematen dira eta benetako historian sakondu egiten da.
Hirugarren eta laugarren artikuluetan, Mercedes Tranche-k Alardeen bilakaera
lantzen du. Batean, emakumeen inguruko gatazka sortu arte, Irungo Alardeak izan
duen garapena lantzen du. Era horretan, izan diren gertaera nagusien berri ematen
digu, zeinetan lotura bat topa daitekeen, alegia, politikaren eta Alardearen arteko
harreman hestua. Artikulu honetan, 1996. urtetik aurrera sortu den gatazka ulertzeko
ezinbestekoak diren klabe batzuk ematen zaizkigu. Tranche-ren bigarren artikuluan
Irun zein Hondarribiko Alardeetan azken urte hauetan jazotako gorabeherak lan-
tzen dira. Horren inguruan orain arte ez da ezer idatzita egon era sistematizatu
batean; beraz, bertan azaltzen diren elementuak --horietako batzuk guztiz ezeza-
gunak-- oso baliagarriak dira gatazka honek izan duen bilakaera ondo konpreni-
tzeko. Azken finean, bi artikulu hauek emakumearen parte-hartzearen inguruko
auziaren nondik norakoen berri ematen digute xehetasun eta doitasun handiarekin.
Hurrengo kapituluan Garikoitz Lekuonak azken urte hauetan Irungo zein
Hondarribiko Alardeen inguruan kaleratu diren epaien azterketa egiten du. Nahiz
eta jurisprudentziako doktrinak dioen emakumeek Alardean soldadu gisa parte
8 Bidasoako Alardeak: Herria versus Hiria
hartzeko eskubidea dutela eta emakumeak herriko festa nagusitik kanpo uzteak
tratu bera jasotzeko oinarrizko eskubidea urratzen duela, herri-agintariek onartu eta
sustatu dute Alardeak pertsona partikularren talde bik kudeatutako ikuskizun bi-
hurtzea, festaren pribatizazioa agituz. Horri lotuta, epaiek izugarrizko eragina izan
dute alde bakoitzak hartu duen estrategiaren baitan. Horrela, bada, artikulu honek
epaien berri ematen digu eta gatazkan izan diren zenbait mugimendu hobeto eza-
gutzeko tresna ahalbidetzen digu.
Gorka Moreno-k idatzitako artikuluan Irun zein Hondarribiko elite politiko
lokalen papera aztertzen da. Elite lokal horien jokabidea oso ezkorra izan da Alar-
dearen auziaren konponbidean eta gatazkaren "usteltze-prozesuan" oso garrantzi
handia izan dute. Bestetik, gatazkak konpontzeko teoria abiapuntutzat hartuta,
Alardeen inguruko ikerketa egiten da, bertan azaltzen diren arazo eta aukera
nagusienak azpimarratuz. Zentzu horretan, elite politikoek izandako jarrerek guztiz
baldintzatu dituzte prozesu eta dinamika guztiak.
Azkenik, Edurne Irigoienek Alardeen eta komunikabideen arteko azterketa
egiten du. Diskurtso-azterketan oinarritutako artikulu honek egunkari batzuek
auziaren aurrean izan duten jarrera lantzen du. Horrela izanik, Diario Vasco, Egin-
Gara, El País eta El Mundo egunkariak aztertuta, Alardeekiko dituzten ikuspuntuak
oso ezberdinak izan dira. Berria lantzeko mementoan diferentzia nabariak topa
daitezke batzuen eta besteen artean.
Artikuluez gain, irudi grafikoak ere sartu dira. Askotan esaten den bezala,
irudi batek mila hitzek baino gehiago azal dezake, eta Bidasoako Alardeei dago-
kienez, esaldi hau erabat betetzen da. Azken urteotan komunikabideetan ikusi ditu-
gun argazkiak oso adierazgarriak izan dira; horrela, bada, gure asmoa, aukeraketa
honetan, argazki esanguratsuak biltzea izan da, artikuluen osagarri izan daitezen.
Liburu honen xedea azterketa dibulgatibo izatea da; horregatik, aukeratu da
diziplina arteko gerturatzea, hain zuzen ere. Bidasoako biztanle batentzat liburuan
agertzen diren zehaztasun eta argipenak oso baliagarriak izan daitezke, sarritan ez-
kutaturik gelditzen diren elementu eta ezaugarriak plazaratuko baitira; era berean,
bertakoa ez den pertsonarentzat gaia eta gatazka hobeto ulertzeko tresna egokia
egin nahi izan dugu, horretarako auzia testuinguruan kokatzeko egokiak izan
daitezkeen artikulu eta aipamenak barneratu dira liburu honetan.
Azken helburu dibulgatibo hau kontutan izanik, ikerketaren xehetasunekin
jarraitu baino lehen interesgarria izan daiteke Alardearen auzian topa daitezkeen
jarrera, eta beraz, identitateak ikustea, era labur eta eskematikoan baldin bada ere.
Horren bidez, gatazkaren nondik norakoak hobeto uler daitezke eta, gainera, tes-
tuinguru aproposa izan daiteke gaia sakonean ezagutzen ez dutenentzat.
Ikuspegi hauek aldeen tipo idealak izango lirateke. Errealitatean aniztasun
handia dago jarreretan. Tipo ideal hauek continuum baten puntako aldeak izango
Bidasoako Alardeak: herriaren eta hiriaren arteko eztabaida 9
lirateke. Horrela izanik, Alardea ulertzeko bi jarrera1 daude: alde batetik tradizio-
nalistak (betikoak), emakumeak bakarrik kantinera bezala parte hartzea onartzen
dutenak; eta bestetik "berdinzaleak", emakumearen parte-hartzea kantinera zein
soldadu gisa defendatzen dutenak.
1. Jarrera tradizionalista. Talde honen iritziz Alardea aldaezina da emakumea-
ren partaidetzari dagokionez, Bidasoako biztanleriak gehiengoz bestela erabaki-
tzen ez duen bitartean behintzat. Egia eta gehiengoa bateratuta agertzen dira;
horrela, beraien diskurtsoan eztabaidarako aukerarik topatzea oso zaila suertatzen
da. Gehiengoa emakumearen parte-hartzearen kontrakoa baldin bada, ez dago zer
negoziatu.
Tradizionalisten ikuspuntuaren arabera, Alardea ezin da beste era batera egin;
aldaketarik balego edozer gauza izango litzateke, baina jada ez benetako Alardea,
benetako izaera eta esentzia galduko bailuke: Irungo eta Hondarribiko identitatea-
ren zeinua, eta belaunaldiz belaunaldi aldaketarik gabe igaro den tradizioaren uka-
pena gertatuko litzakete, eta, beraz, herri horietako identitate osoa zalantzan jarriko
litzateke aldaketarik onartzean. Horrela, bada, tradizionalistek "gu" eta "besteak"
dikotomia erabiltzen dute tradizionalisten eta berdinzaleen arteko muga ezartzeko.
"Gu", tradizionalistak dira, Alardea benetan maite dutenak, benetan Alardearekin
bat egiten dutenak, eta arrazoinamendu hau muturrera eramanda irundar edo hon-
darribiarrak direnak. Berdinzaleak, aldiz "besteak" dira. Ez dute Alardea maite,
aldatu nahi baitute; ez badute Alardea maite ez dira irundar edo hondarribiarrak, ezin
dira izan bertakoak. Alardea benetan maite izango balute, ez lukete aldaketarik nahi
izango. Beraz, eztabaidagunea "bertakoen" eta "kanpokoen" artean kokatzen da.
Bidasoa izanik jokalekua, tradizionalistek ez dute onartzen esparru judizia-
laren edota komunikabideen esku-hartzea, kanpotik etorritako eragileak baitira.
Auzia bertan konpondu behar da, kanpoko esku-hartzerik gabe. Izan ere, Irun eta
Hondarribia dira "erabakitzeko esparrua". Horri lotuta, komunikabideen kontrako
iritzia agertzen da tradizionalisten artean: komunikabideak manipulatzaileak dira,
oso era hutsal eta distorsionatu batean erakusten baitituzte Alardeetako gertakariak
mundu osora. Politizazioaren ideia ere garrantzitsua da eta oso zabalduta dago, tal-
de honentzat berdinzaleek Batasuna2 alderdiak jaia suntsitzeko estrategiaren alde
egingo lukete. Halaber, tradizionalistentzat, politizazioa soilik berdinzaleen eskutik
10 Bidasoako Alardeak: Herria versus Hiria
1. Talde hauek izendatzeko askotan zaila izaten da izen egokirik bilatzea. Alde batetik, termino-
logia zehatzik ez da existitzen, eta bestetik, sarritan iraingarriak izaten diren terminoak erabiltzen
dira. Lan honetan "tradizionalista" hitza erabiliko da emakumearen parte-hartzearen kontrakoei buruz
hitzegiteko, eta "berdinzale" emakumearen parte-hartzearen aldekoak izendatzeko.
2. Zentzu honetan oso esanguratsua da hain ohikoak diren eta tradizionalistek hainbeste
erabiltzen dituzten konstituzionalista edota espainolista irainak. Batasuna alderdikoak dira Alarde
berdinzalearen alde egiten dutenak, baina era berean konstituzionalistak eta espainolistak. Adibide
honek oso garbi erakusten du Alardearen inguruko eztabaidaren parametroak non kokatu diren. Dena
den, politizazioaren inguruko auzi hau artikuluetan zehar landuko da.
gertatu da eta bertan hauteskundeen emaitzek garrantzi handia dute. Horrela, bada,
auzitegiek, komunikabideek eta politizazioak benetako eztabaida gezurtatu dute,
"Alardearen egia" bere testuingurutik ateraz. Benetako arazoa desitxuratu egin da,
eta horregatik hain zuzen ere, sortu da gatazka hau, inoiz sortu behar ez zena,
alegia.
Tradizionalisten ustez, Alardea gauza guztien gainetik dago, sentipen bat da,
definiezina den sentipen bat: "Alardea ezin da esplikatu" oso esaldi erabilia da
tradizionalisten aldetik. Hitzek ezin dute azaldu sentipen hori, eta soilik bertakoek
uler dezakete; tradizionalisten ustetan kanpoko batek ezin du sentimen hori ulertu.
Izan ere, kanpokoa denak gerturatze arrazionala egiten du eta horrela ezinezkoa da
Alardeen benetako esanahia konprenitzea. Alardearen definizioa egiten denean
"irrazionala" eta "esplikaezina" adjetiboak sarritan azaltzen dira.
Alardea festa kolektiboa da, Irungo edo Hondarribiko Herriarena, eta gauza
guztien gainetik bateratzailea. Ideologia eta klase sozialak gainditzen ditu irundar
eta hondarribiar identitatearen mesederako. Horregatik da barkaezina berdinzaleek
sortutako zatiketa tradizionalistentzat, orain arte jaietan izan den harmonia eta bake-
giroa zalantzan jartzen baita.
Hala ere, emakumeen partaidetza eragozteko erabiltzen den argudio nagusia
historia da. Alardea gertaera historiko baten gogorapena da, eta horrek, zilegi egiten
du soldaduak soilik gizonezkoak izatea. Alardearen baitan aldaketak gertatu direla
onartzen dute, baina aldaketa horiek benetako espiritua mantendu dute; hortaz,
izandako aldaketak bigarren mailakoak izan dira, Alardearen funtsa ukitu ez
dutenak.
Alardeak iraganeko ezaugarriak mantentzen ditu eta era berean parte-hartze
masiboa ahalbidetzen du. Tradizionalisten ustetan parte-hartzea ez da soilik desfi-
latzen lortzen, ikuslea ere parte-hartzailea da. "Espaloietatik" parte hartzen da,
emakume zein gizonezkoak egonik; beraz, emakumeek ere parte hartzen dute.
Gainera emakumeak desfile barruan ere parte hartzen du, oso nabarmen parte hartu
ere, kantineraren papera jokatuz, alegia3.
Hauek dira argudio nagusiak emakumeen partaidetza soldadu bezala era-
gozteko, baina argudio hauei guztiei nolabaiteko "blindajea" ematen dien ideia ge-
hiengoarena da. Aldaketa zilegia izango litzateke baldin eta biztanleriaren gehien-
goak hala eskatuko balu. Horrela, onartezina da gutxiengo batek bere ideiak ge-
hiengoari inposatzen saiatzea, gaur egun gertatzen ari den bezala, hain zuzen ere.
Zentzu horretan, giza eskubideetan edota emakumeen eskubideetan oinarritzen
Bidasoako Alardeak: herriaren eta hiriaren arteko eztabaida 11
3. Kantineraren paperak izugarrizko garrantzia du Alardeetan. Alardeen garapenaren baitan
eboluzioa gertatu da bere pertzepzioan. Historikoki eta Alardearen hastapenetan kantinera tabernaria
antzeko emakumea zen eta nahiko balorazio ezkorra zuen, baina urteak pasa ahala prestigio handiko
eta ohorezko postua izatera ailegatu da.
diren argudioak ez dira bidezkoak. Tradizionalisten aburuz, giza eskubide eta ema-
kumearen eskubideen argudioak aitzakiak baino ez dira jaia suntsitu eta politiza-
tzeko. Donostiako Salbe edota Iruñeko Riau Riau ezagunak ere estrategia horren
adibideak izango lirateke.
2. Jarrera berdinzalea. Talde honen diskurtsoaren gunea giza eskubideak eta
emakumeen eskubideak dira. Alardea, gauza guztien gainetik jai bat da, eta horre-
gatik hain zuzen ere, parte-hartzailea behar du izan. Gaur egun jaia ez da guztiz
parte-hartzailea, emakumea ikusle izatera mugatuta baitago. Ikuspegi honen arabe-
ra ezinezkoa da biztanleriaren erdia behartuta izatea jaia espaloian ikustera. Era be-
rean, gertakari historikoa ez da ukatzen, ezta gogorapen militarra izatea, baina
hauen ustez, eboluzioa ezaugarri horien gainetik dago eta behar-beharrezkoa da
egokitze-prozesua martxan jartzea. Alardea gaur egun ospakizun herritarra da. Are
gehiago, identitate-zeinu garrantzitsuena bada, definizioz ezin da baztertzailea
izan.
Gaur egun, emakumeak gizartearen arlo guztietan daude, polizia edota militar
estamentuetan ere (armak erabiltzen diren lanbideetan); emakumearen parte-
hartzea Alardean eboluzio normaltzat jotzen da, eta tradizionalisten jarrera, aldiz,
anakronikotzat. Berdinzaleek diotenez giza eskubideak ez dira bozkatzen eta, beraz,
gehiengoaren tesiak ez du inongo aplikaziorik auzi honi dagokionez. Erreferen-
dumaren soluzioa baztertzen da, eta aldarrikapenaren defendatzaileen kopuruari ez
zaio garrantzirik ematen, emakume batek aldarrikapen hau egitea nahikoa izango
litzateke eskubide honen egikaritzea martxan jartzeko. Zentzu horretan, auzite-
gietara jotzea guztiz koherentea da, horren bidez, eskubideen egikaritzea berma
baitaiteke.
Diskurtso berdinzalearen baitan aurrerakoitasuna da nagusi. Emakumeeen
parte-hartzearen defentsa ageri da, baina horrez gain beste aldarrikapen batzuk ere
agertzen dira: Alardearen demokratizazioa, errotazioa eliteko postuetan eta abar.
Izan ere, ikuspegi honen arabera, Alardean irundar eta hondarribiar gizartearen
ezberdintasunak agertzen dira. Horrela, festa benetan herritarra eta parte-hartzailea
izan dadin aldaketa horiek beharrezkoak dira. Zentzu horretan, berdinzaleen abu-
ruz emakumea ez onartzearen aitzakiaren azpian pribilegioak mantentzearen al-
deko apostua ere ezkutatuko litzateke. Tradizionalistek defendatzen duten harmonia
eta berdintasuna ez dute batere garbi ikusten jarrera honen defendatzaileek.
Berdinzaleen esanetan, Alardea maite dute, eta horregatik hain zuzen ere ego-
kitu nahi dute errealitate sozial berrietara. Horrela bada, ez dute onartzen tradizio-
nalistek egozten dieten "kanpotar" adjektiboa. Irungoak eta Hondarribikoak dira,
baina Alardea ulertzeko beste era bat dute. Are gehiago, Alardearen etorkizuna
bermatzeko behar-beharrezkoa ikusten dute honelako aldaketak egitea.
Politizazioari dagokionez, EAJk bultzatutakoa da azpimarratzen dutena, hau-
teskunde-interesei estuki lotuta. Euren taldearen pluraltasuna azpimarratzen dute,
12 Bidasoako Alardeak: Herria versus Hiria
elementu baikortzat hartuz. Taldearen aniztasuna garrantzitsua da, bertan militan-
tzia ezberdinak dituzten pertsonak biltzen dira eta ideia baten alde jarrera eta
ikuspegi ideologiko ezberdinak batu egiten dira.
Bidasotar batek, eskualdetik at dagoenean eta nongoa den galdetzen zaionean,
gehienetan badaki zein izango den bestearen erantzuna Irun edo Hondarribikoa
dela esan ostean. Izan ere, azken urte hauetan bi herri horiek ezagunak egin badira
--zoritxarrez-- Alardeen auziaren ondorioz izan da. Adibide honek garbi erakus-
ten du, kanpora begira, Alardea nolabaiteko nortasun-agiri bilakatu dela. Baina,
barrura begira ere, barne-taldeak zehazten ditu erabat: Alardearen inguruko gataz-
karen araberako jarrerak definitzen baitu bakoitzaren identitatea eta talde jakin ba-
teko partaide izatea. Oso zabalduta dago ikuspegi tradizionalaren aldekoa herrikoa
eta emakumearen parte-hartzearen aldekoa kanpotarra delako topikoa. Liburu
honetan zehar garrantzi handia emango zaio aspektu identitario honi, izenburuak
garbi uzten duen bezala. Horrela, bada, herria eta hiria hitzekin "jolastea" erabaki
dugu. Kasu honetan kontzeptu hauek ez dute zentzu geografikoa hartzen (landa-
tar/kaletar), baizik eta politiko eta soziologikoa: Herria, komunitate itxia eta Hiria
eskubide demokratikoen eremu soziala. Konptzeptuon dualitate hau aspaldiko
kontua da eta faktore etniko-kultural (gemeinschaft) eta politiko-juridikoak
(gesselchaft) bereizteko (Tonnies, 1947) erabili izan da soziologian zein politolo-
gian4. Gaur egun ere, sarritan erabiltzen diren analisi-kategoriak dira hauek.
Herria hitza gizarte osoaren zatitzat hartzen da eta ez bere osotasunean.
Horrela, bada, komunitate jakin batek esklusiboki gizartearen definizioa hartzen du
bere burua definitzeko eta gainerakoak herritik at gelditzen dira; taldeko ezauga-
rriak kritikatzen dituena ez da herrikoa, nahiz eta herrian jaio eta bizi. Hauxe da
hain zuzen ere, Bidasoan gertatzen ari dena: tradizionalistek egindako definizioaren
arabera, soilik beraiek dira bertakoak; emakumearen parte-hartzearen aldekoak,
aldiz, kanpokoak dira, ez baitute irundar edo hondarribiarren sentipenik ondo uler-
tzen. Horren arabera, bakarrik Alarde tradizionalaren aldekoak dira Bidasoako
herria osatzen dutenak. Zentzu horretan, adibide oso esanguratsuak topa daitezke:
tradizionalisten Alardearen izena Irungo Herriko Alardea da; Alarde tradizionalaren
jeneralak 2000. urteko Alardea ospatu ostean esandako hitzak ere nahiko adierazga-
rriak dira: «Hauxe da Irungo Herriak nahi duen Alardea» (El Mundo, 2000/07/01,
"Vivir Guipúzcoa", 3. or.). Tradizionalisten aldeko web orrialde batek ere garbi
erakusten du jarrera hau: «El único Alarde discriminatorio y restringido sería aquél
que, a expensas del Pueblo y poniéndonos a las mujeres como pretexto, estaría
constituido por un grupo minoritario unido en torno a una determinada ideología y
constituido por una mayoría foránea en busca de sus propias reivindicaciones
Bidasoako Alardeak: herriaren eta hiriaren arteko eztabaida 13
4. Euskaraz, ciudadanía/citoyenetté/citizenship hitzaren ordaina herritartasuna izaten da. Gure
testuan, eta nahasketarik sor ez dadin, hiritartasuna erabiliko dugu, horren bidez eskubide
demokratikoetan oinarritzen den gizarte-hitzarmena azpimarratu nahi baitugu. Gainera, horren bidez
ondo bereizten dira herria eta hiria kontzeptuen esanahia.
políticas» (www.club2.telepolis.com/alardeirun). Azken esaldi horrek argi
erakusten du aurreko lerroetan esandakoa: alde batetik, Herria soilik tradizionalis-
tek osatuko lukete; eta bestetik, Alarde berdinzalearen alde egiten dutenen gehien-
goa kanpokoa izango litzateke. Horrela izanik, berdinzaleak ez dira herrikoak eta
beraz "besteak" dira; eta tradizionalistek definitutako komunitatetik at gelditzen
dira, alegia. Tradizionalisten arabera, berdinzaleak hiritarrak izan daitezke, baina
ez herritarrak.
Gai honi dagokionez, ezin da ahaztu gizarte demokratikoetan hiritarra dela
bizitza politiko eta sozialaren subjektua. Horrela izanik, banakoa da eskubide eta
askatasun demokratikoen jabe; banakoari dagozkio eskubide hauek, ez datozkio
komunitate jakin bateko partaide izateagatik. Hiritartasunaren printzipioak aska-
tasuna eta berdintasuna dira eta horien bidez ezartzen da modernitatearen gizarte-
hitzarmena. Edozein talde-pertenentziaren gainetik kokatzen dira banakoaren
hiritartasun-eskubideak. Beraz, eta aurreko pasartean ikusi den bezala, Bidasoan
printzipio horiek zalantzan jartzen ari dira: berdintasunaren eta banakoaren aurrean
tradizioa eta komunitatea (herria) nagusitzen ari dira.
Dinamika horren ondorioz komunitateak bere imaginarioa herrian irudikatzen
du. Era horretan, identitate kolektibo jakin bat naturalizatu egiten da eta bere
eraikuntza soziala ezkutatzen da (Iacono, 2000:108). Horrela izanik, komunitatea
(herria) ente naturaltzat hartzen da. Ondorioz, bere existentzia eta izaera ez dira za-
lantzan jartzen, ez da inongo argudiorik behar. Izan ere, berez eta beti existitu egin
den entetzat jotzen da. Horren arabera, komunitate barruan ezin da ezer eztabaida-
tu, gauzak ez dira era arrazionalean planteatzen, azken hori ezinezkoa baita. Sines-
men eta pasioen mundua da nagusitzen dena. Komunitatearen identitateari kritika
eginez gero, guztion kontra eginiko erasotzat ulertzen du taldeak. Memento horre-
tan pasioan oinarritutako autodefentsa-dinamika sortzea ez da harritzekoa izaten
gehienetan. Eraso horren kontra, talde barruan, buruzagitza hartzen duenak onespen
sozial handia izango du. Zentzu horretan, eta Capella-k ondo adierazten duen
bezala, pasiotik fanatismora urrats txikia dago (Capella, 2000:76).
Alardeei dagokienez, faktore hauek oso era gordinean azaldu dira aspaldi
honetan, denon buruetan baitaude azken urteetako gertakariak. Alardea eraikuntza
sozialik gabeko ente natural balitz bezala ulertzen da. Horren arabera, eztabaidara-
ko gunerik ez dago. Horrela izanik, komunitatean harremanak era naturalean
gertatzen dira; izan ere, harreman horiek era autokontzientean gertatzen direnean,
komunitatea bera jartzen da zalantzan (Bauman, 2003). Horri lotuta, Alardea errito
irrazionaltzat jotzen dute tradizionalistek, esplikaezina, sentipenen eremuan koka-
tzen dena. Beraz, gerturatze arrazionala egitea ezinezkoa da; eta noski, Alardea
haiek bezala bizi --sentitzen-- ez duenak ez du inoiz sentipen hori ulertuko. Ideia
hau islatzen duten adierazpenak oso ohikoak izaten dira Bidasoan. Irungo Alarde
tradizionalaren jeneralak esandako hitz hauek oso esanguratsuak dira zentzu horre-
tan: «Alardea maitasuna bezalakoa da, ezin da esplikatu, hitz egokirik ezin da
14 Bidasoako Alardeak: Herria versus Hiria
topatu» (El Mundo, 2002/05/27, Gipuzkoa, 20. or.). Edota Hondarribiko alkateak
esandako beste hauek: «Bidasoatik at auzi hau ulertzea oso zaila da» (El Diario
Vasco, 2000/09/09, 7. or.). Adibideok garbi erakusten dute naturalizazio honek
eztabaida errotik moztea duela helburutzat. Era berean, Alardea modernizazio-pro-
zesutik at egongo balitz bezala kontsideratzen da baina hori ezinezkoa da gaur egun.
Are gehiago, gezurra da, Alardea, edozein errito folkloriko eta identitario bezala,
eraikuntza soziala da. Beraz, eman nahi zaion blindaje diskurtsiboa onartezina da.
Komunitatea identitate kolektibo jakin batean oinarritzen da. Komunitatearen
definizioa era negatiboan eraikitzen da, gu-a bestearen ezinikusian oinarritzen da.
Horrela, komunitatearekiko pertenentzia bazterkeriari lotuta doa (Hobsbawn, 2000;
Iacono, 2000; Doménech, 2002). Prozesu honen bidez bestea ezezagun ere
bihurtzen da. Talde propioan daudenak dira bakarrik berezko ezaugarriak defen-
datzen dituztenak (Capella, 2000). Besteaz dakigun gauza bakarra da arerioa dela.
Gutarren eta besteen artean ez dago tarteko aukerarik. Tarteko aukeran kokatzen
dena automatikoki arerio bilakatzen da. Zentzu horretan, komunitatearen barruan,
etengabeko zaintza da nagusi; kanpoko arerioei aurre egiteko, baina sor daitekeen
barne-disidentzia ere kontrolpean izateko (Bauman, 2003:24). Erabateko leialta-
suna eskatzen da talde barruan, norbait ezaugarriren bat zalantzan jartzen ausartzen
bada traidoretzat joko da, harreman sozialetan gerta daitekeen fenomenorik minga-
rrienetariko baten biktima izango da, alegia. Gainera prozesu honek ez du talde
barruko definiziorik behar, kanpora begira ezartzen den muga da definizioa. Ikus-
pegi honek inkomunikazioa ahalbidetzen du eta talde ezberdinen artean ezar
daitezkeen zubiak suntsitu egiten ditu erabat. Horren bidez, taldearen garbitasuna
eta bertan diren botere-harremanen egonkortzea nahi da. Azken helburua taldearen
fosilizazioa ahalbidetzea izango litzateke.
Dinamika hauek, azken urteetan, asko gertatu dira Bidasoan. Horrela, bada,
tradizionalisten barruan ez da tarteko jarrerarik inoiz onartu, garbitasuna da soilik
zilegi. Horren bidez, tradizionalistek herria "bahitu" dute, eta irundarra edo hon-
darribiarra izateko aldez aurretik markatutako eta ezarritako baldintzak onartu
behar dira. Horiek onartzen ez dituena, hots, berdinzalea, kanpokoa da, nahiz eta
Bidasoan jaio eta bizi. Era horretan, Alardeen araberako pertenentzia eta identitatea
nagusitu da Irun zein Hondarribian. Zentzu horretan, oso esanguratsua izan daiteke
neuri gertatutako anekdota bat. Bilbon, Irunen bizi den kargu politiko batekin --ez
da maila lokalean aritzen-- topo egin nuen. Berak, nigana hurbilduta, ea irundarra
nintzen galdetu zidan. Nik baietz erantzun nion. Eta hurrengo galdera izan zen ea
zer konpainiatan ateratzen nintzen Alardean. Alarde berdinzalean ateratzen nintzela
jakitean elkarrizketa bukatu egin zen. Bitxia da nola hasi zen elkarrizketa. Izan ere,
pertsona horrek ez zidan galdetu zer auzo edota kaletan bizi nintzen, ni herrian
kokatzeko nire Alardeko konpainiaren berri jakin nahi zuen. Bere ondorioa argia
izango zen: ni Irunen bizi nintzen, baina ez nintzen irundarra, ez gutxienez Irun
Herrikoa. Guretzat, liburu honen egileontzat, aldiz, Alardearen inguruko jarrerak
Bidasoako Alardeak: herriaren eta hiriaren arteko eztabaida 15
ez digu informazio interesgarri askorik ematen, pertsona bat irundarra edo honda-
rribiarra denean, Irungoa edo Hondarribikoa da eta kitto.
Gure herriek aldaketei ateak ireki behar dizkiete, beldurrik gabe. Izan ere,
Alardearen fosilizazioak ez du batere onurarik ekarriko. Garai berrietara egokitu
behar da Alardea; eta horregatik hain zuzen ere, berdintasunean oinarritu behar da.
Azken finean, guk amesten dugun Alardea hiritartasunean oinarritzen da, pertsona
guztien duintasunean; eta ez tradizio eta menpeko harreman desorekatuetan. Gaur
egun, edozein tradiziok hiritartasunaren unibertsaltasuna izan behar du aurre-
baldintza; beraz, Alardeak guztiontzako jai ireki bat izan behar du, salbuespenik
gabe. Liburu honen helburua egitasmo horren baitan kokatzen da.
Zentzu horretan, argi utzi nahi dugu hasieratik, liburu hau ez dela aseptikoa,
neutrala edota objektiboa. Horrelakorik ez baita existitzen; gizakiak garen heinean,
denok dugu ideologia zehatz eta subjektibo bat, objektibotasuna objektuei dagokie
eta ez subjektuei. Eta horixe da, hain zuzen ere, honen bidez salatu nahi duguna:
sarritan neutraltasun baten atzean manipulazioa eta errealitatea ikusteko jarrera ze-
hatza ezkutatzen da. Alardea lantzeko mementoan, askotan gerturatze maltzur eta
oker hori erabili da; eta askotan ere, inkontzienteki izan daitekeen arren, interpre-
tazio horiek onartu dira "gauza natural eta sakratuak" izango balira bezala. Gure
lana subjektiboa da, denak bezala. Baina zintzotasunez jokatu nahi dugu. Horrela,
bada, jarrera militantea onartu eta aldarrikatu egiten dugu, geure burua kritikoki
ikusten dugularik. Lan honen bidez, irakurlea suspertu nahi dugu; ikuspegi ezber-
dinen arteko elkarrizketa bultzatu nahi da, gai honen inguruan dauden jarrerak
lehian jar daitezen.
Aipatutako jarrera militanteak eragina du zenbait artikuluren estiloan. Horrela
izanik, artikulu batzuetan estilo zientifikoa erabiltzen den bitartean, beste batzue-
tan estilo ez-akademikoa azaltzen da. Autoreen izaera eta ikuspuntua errespeta-
tzeko estilo horiek onartu eta hobetsi egin dira liburuaren baitan.
Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiegu liburu honetan lan eta parte hartu
duten pertsonei. Argazkiak eskaini dizkiguten lagun guztiei eta, bereziki, Anjel
Lertxundiri, liburuaren epilogoan egiten duen begirada eta ekarpenagatik.
16 Bidasoako Alardeak: Herria versus Hiria
BIBLIOGRAFIA
Bauman, Z. (2001): En busca de la política, FCE, Buenos Aires.
, (2003): Comunidad, Siglo Veintiuno, Madril.
Capella, J. R. (2000): "Las raíces culturales comunitarias", in H. Silveira (arg.),
Identidades comunitarias y democracia, Trotta, Madril.
Doménech, A. (2002): "Individuo, comunidad, ciudadanía", in J. Rubio; J. M. Rosa-
les eta M. Toscano ( arg.), Retos pendientes en ética y política, Trotta, Madril.
Hobsbawan, E. (2000): "Identidad", in H. Silveira ( arg.), Identidades comunita-
rias y democracia, Trotta, Madril.
Iacono, A. M. (2000): "Raza, nación, pueblo: Caras ocultas del universalismo", in
H. Silveira (arg.), Identidades comunitarias y democracia, Trotta, Madril.
Rubio, J. (2000): "¿Derechos liberales o derechos humanos?", in J. Rubio; J. M.
Rosales, M. Toscano, Ciudadanía, nacionalismo y derechos humanos, Trotta,
Madril.
Tonnies, F. (1947): Comunidad y Sociedad, Losada, Buenos Aires.
Bidasoako Alardeak: herriaren eta hiriaren arteko eztabaida 17Bidasoako alardeak: Herria versus hiria