1. Politika eta gizartea
Ane Larrinaga
Politikaren azterketa ulertzeko, gizarteak eta politikak esparru autonomo modura
izan duten sorrera historikoa hartu behar da abiaburutzat. Sorrera-prozesu horrek
erakusten digu, ongi erakutsi ere, politikaren inguruko gogoeta aro modernoaren
gizarte-baldintzetan kokatu behar dela. Bestalde, gizarte-zientzietan maiz gertatu
den bezalaxe, politikaren azterketan ikusmolde anitzetan oinarritutako interpre-
tazioak aurkitzen ditugu. Ikusmoldeen arteko banaketa eragiten duten irizpideak
era askotakoak dira: politikaren autonomiari buruzko eztabaidak, gizarte-ordena
ulertzeko moduak, gai akademikoen espezializazioak eta erakundetzeak ezarri
dituen sailkapenak eta, batik bat, jakintza-arloaren aztergaia bera zedarritzeko
erak. Funtsean, liburu honetan egiten den hautua honako hauxe da: politikaren
zientziak boterearen erabilera aztertzen du gizarte-testuinguruan.
1.1. POLITIKA ETA GIZARTEA, BEREIZKETA MODERNOA
Jakina denez, gizarte-taldeetako bizitza soziala osagai askok eratzen dute. Osagai
horien artean berebiziko garrantzia dauka atal politikoak. Ezin da bestera izan, zeren,
aurrerago ikusiko dugun moduan, gizartean dagoen boterearen erabilera eta bana-
ketarekin estuki lotuta baitaude betiere elementu politikoak. Politikaren dimentsioa
ulertzeko eta politikotasunaren hautemate modernoaz gogoeta egiteko, halere,
beharrezkoa da aldez aurretik gizarte-errealitateari buruzko zenbait oharpen egitea.
Askotan irudi aldagaitza eta fisikalista agertzen duen arren, errealitate soziala
gizakiek sortutako errealitate-mota bat da. Ez dauka antzekotasunik errealitate
fisikoarekin, zeren, gizakiek ohartu ala ez, errealitate fisikoa "hor baitago" betiere.
Errealitate soziala, aldiz, historian zehar gizakiek burutzen dituzten egintzen ondo-
rioz eratzen da, hau da, haien jarduera sozialen bitartez.
Antzeko prozesua gertatzen da gizakiek gizarteari buruz eskuratzen duten
jakintzarekin ere. Jakintza hori esperientzia sozialari itsatsita egoten da. Gizakiek
beti edukitzen dute gizarteari buruzko ezagutzaren bat, baina ez beti berbera.
Gizartea hautemateko moduak badu zerikusirik giza ulerkuntzak sozialki sortutako
errealitatearekin harremanetan jasotzen duen esperientziarekin. Garai bakoitzeko
jakintza soziala, beraz, garai horretan gizarte-errealitatea jasotzeko eta ulertzeko
dauden ereduetan oinarritzen da. Hain zuzen ere, politikotasunaren esperientzia
soziala eta hari lotuta dagoen ezagutza izango dira gure interesguneak hemendik
aurrera.
Gaur egun ohituta gaude politikotasunaren eta sozialtasunaren arteko bereiz-
keta egiten. Horrela, literatura espezializatuan zein hizkuntza arruntean eskuarki
hitz egiten da Estatuaz eta Gizarteaz, kategoria horiek zeharo naturalak izango
balira bezala. Hala ere, aipaturiko bereizketak, gaur egun daukaten esanahiarekin,
ez ziren XIX. mendera arte finkatu.
Egia da Aristotelesek zoon politikón gisara ezaugarritu zuela gizakia aspaldi.
Pentsamendu grekoan, baina, "politiko" izate horrek sozialtasuna hartzen zuen
barnean. Zehazkiago esateko, "giza abere politikoa" ez da "giza abere sozialaz"
bereizten ikusmolde horretan, mundu grekoan gizarte-elkartea eta elkarte politikoa
gauza bat besterik ez zirelako. Bizitza politikoak, polisaren barruan, bizitza kolek-
tiboa adierazten zuen, elkarbizitza; edo areago, komunitate-bizitza (Sartori, 1992).
Hartara, irudikapen grekoak ez zuen iragartzen politikotasunaren eta sozialtasu-
naren esparruek gerora osatu duten dikotomia.
Aristotelesen politika polisaren esparruari lotutako antropologia bat bazen,
polisa desagertu zenean, politikotasunaren zentzua aldatu egin zen. Gerora, alde
batetik, politikak itxura juridikoa hartu zuen erromatar pentsamenduan. Bestetik,
munduaren ikuspegi kristauari egokitu zitzaionean, politika teologizatu egin zen
Erdi Aroan zehar. Aitasantutzaren eta inperioaren arteko borroketan eta katolizis-
moaren eta protestantismoaren arteko hausturan nabarmen ikusten denez, politika-
ren kontzeptua erlijioarekin nahasten zen behin eta berriro. Azkenik, Platonengan-
dik hasitako ildoari jarraituz, politikari buruzko diskurtsoa aldi berean etikoa eta
politikoa zen diskurtso modura eratu zen Erdi Arora arte. Luzaroan, bada, osagai
juridikoak, teologikoak eta etikoak bildu dira politika kontzeptuaren menpean
nahastura trinkoan.
Noiz osatu da politika, bere berezitasunaz eta autonomiaz hornituta dagoen
gizarte-atal modura? Politika, adiera hertsian, ezin izango da eratu gizartea bera
sortzen den unera arte. Izan ere, gizarte kontzeptua berria dugu ikuspuntu histori-
kotik abiatzen bagara. Gizartea errealitate soziala eraikitzeko eta ulertzeko era
berezi bat da, aro modernoan agertu dena, ez lehenago. Gizarte kontzeptuak
adierazten du sozialtasuna errealitate autonomo gisa osatu eta hauteman daitekeela.
Tönniesek "gizartearen aroa" esamoldea erabili zuen gizarte zibilaren funtsezkota-
suna ezagutu duen garaia adierazteko. Funtsezkotasun hori ikuskera moral eta
ideia politikoetan, zuzenbide-, ekonomia- eta politika-erakundeetan eta, azkenik,
hizkuntza- eta arte-kategorietan islatu zen aro modernoaren hastapenetan. Gizar-
tearen aroak ahalbidetu du, besteak beste, jakintza-mota berezi baten sorrera,
alegia, gizarte-zientzien sorrera. Izatez, pentsamolde soziologikoak gizartearen
izate autonomoa dauka abiapuntutzat, autonomoa bai errealitate zehatz gisa, bai
pentsamendu-kategoria moduan.
12 Politika eta gizartea. Oinarrizko ikasgaiak
Sozialtasunaren eraikuntza --errealitate autonomo gisa--, sozialtasuna
politikotasunaren aurrean bereizteko eta emantzipatzeko dagoen premiak eragin
zuen bereziki. Aitzinurratsak lehenago eman baziren ere, XVII. mendetik aurrera
osatu zen Europan ezaugarri bereziak dauzkan egitura politikoa, hau da, Estatu
absolutua. Esan daiteke Estatua eta Gizartea termino korrelatiboak direla, gizartea,
hein handi batean, Estatu absolutu horren aurka --eta menpe-- eratzen delako.
Botere politikoaren kontzentrazioa lehenago ezagutzen ez zen bezala bultzatzen
zuen botere-egitura bat izan zen Estatu absolutua, arian-arian gizartetik bereizirik
eta gizartearen gainean kokatuta garatu zena.
Erdi Aroan ez zen estaturik egon eta, biak parez pare agertzen direnez, ez zen
gizarterik ere eratu. Erdi Aroko komunitate politikoaren eta estatuaren artean da-
goen desberdintasuna hitz batean laburbil daiteke: subiranotasuna. Aro Modernoan
sortu ziren funtsezko kontzeptuak, hortaz, estatua eta subiranotasuna dira, biak
loturik baitaude. Estatua subiranoa da berez. Halaber, "botere subirano" kontzep-
tuari "lurralde" eta "herri" kontzeptu korrelatiboak dagozkio. Erdi Aroan, baina,
subiranotasunaren kontzeptua arrotza zen zeharo. Izan ere, Erdi Aroko komunitate
politikoaren egitura poliarkian oinarritzen zen; horrela, luzaroan botereguneen
aniztasuna izan zen nagusi Europako lurraldeetan.
Estatu modernoak, ordea, gune bakarrean biltzen du botere politikoa; gune
hori baliabide desberdinez osaturik dago eta, horiek baliatuz, bai menpean dituen
gizakien gainean bai barnean hartzen dituen lurraldeen gainean, etengabeko egintza
burutzeko gaitasuna eskuratzen du. Horixe besterik ez da subiranotasuna. Halatan,
estatu modernoak eratzen duen ordenak ez dauka zerikusirik Erdi Aroko ordena-
rekin; aitzitik, haren kontrapuntua da. Ohiz kanpoko indarra da haren lehenbiziko
ezaugarria. Bada, Estatuak ez die uzten bere ordenapean daudenei beren kabuz
defenda daitezen. Autodefentsarako eta erresistentziarako eskubideak, Erdi Aroan
erakunde juridiko gisa indarrean zeudenak, ezabatu egin dira Estatuaren izaeraren
aurkakoak izatean. Estatuak, Weberrek esan zuen legez, indarkeriaren monopolioa
gordetzen du beretzat (Weber, 1979).
Hertsapen horren ondorioetako bat estatuaren ordenaren menpe dauden
guztien berdinketan hezurmamitzen da. Printze absolutuaren aurrean denak dira
berdinak, menpeko hutsak, estatuaren tresna eta objektu gisa hautemanak.
"Herria", Erdi Aroko populusaren aldean, menpekoen batura besterik ez da orain;
eta haren berdintasunaren funtsa, estatuarekin daukan menpekotasunean datza.
Erdi Aroko estatuak egoera bakar batera, alegia, menpekoaren egoerara murriztu
zirenean, "herria" --bere adiera modernoan-- eratzeko bidea zabaldu zen. Herria,
bada, Estatuaren sorkaria da eta, halatan, estatuaren aurka eta haren menpe
eraikitzen da (Conde, 1951). Estatuaren aurka borrokatzean, batura indibidualista
eta atomizatu horrek, Gizartearen eta Estatuaren arteko lehiaren lehen ekitaldia
burutu zuen. Harrezkero, Gizartea eta Estatua dira historia modernoaren prota-
gonista nagusiak.
Politika eta gizartea 13
Esparru politikoa eta gizarte-esparruaren garapenak isla nabarmena dauka
pentsamenduaren bilakaeran ere, Soziologiaren eta --beranduago-- Politika Zien-
tziaren sorreran, hain zuzen ere. Oro har, jakintza politikoaren zeregina gizarte-
errealitatearen barruan errealitate politikoak daukan partaidetza eta zentzua zehaz-
teko ahaleginean mamitu ohi da hasiera-hasieratik. Ahalegin horrek bi norabide
nagusi hartu ditu pentsamenduan. Alde batetik, printze absolutuaren pertsonifika-
zioa eginez, estatuaren gorespenera daramana (Makiavelo, Hobbes) eta, bestetik,
"herriaren" pertsonifikazioaren bidez, gizartea egitura politikoaren aurrean lehe-
nestera daramana (Altusio, Rousseau). Izan ere, printze absolutuaren pertsonifika-
zioa Estatu absolutuaren ideian bete zen une berean eman zitzaion hasiera "herria-
ren" pertsonifikazioari ere, gizarte kontzeptu gisa (Conde, 1951).
Halatan, lehen pentsalari politiko modernoek --Estatuaren sortzaile izan
ziren politikariekin batera-- esparru politikoaren ezaugarriak zedarritzeko helburu
argia zeukaten. Modu horretan, bere espezifikotasuna zedarritzean, politikari era-
bateko estatus autonomoa ezagutu zitzaion gizarte-errealitatearen barruan. Erreali-
tate politikoa gizartearen atal bihurtu zen, besteak beste, bere funtzionamenduaren
logika erlijiotik eta printzipio moraletatik urrundu zenean (Makiavelo, esaterako,
aitzindari izan zen politika moraletik eta erlijiotik bereizten). Bide horretatik jotzen
zuten politikotasunaren eredu normatibo berriak garaturik agertu ziren dagoeneko
aro modernoaren hastapenetako pentsamenduan (pentsa dezagun Makiavelo, Bo-
dino, Hobbes, Spinoza eta beste batzuen ekarpenetan).
Hartara, unibertso politikoak nortasun propioa eskuratu zuen autonomia
irabazi zuen ginoan eta sekularizatu zen neurrian. Aipatu ditugun bi bilakabideok
adierazpen enpirikoetan --gizarte-eraldaketetan-- eta pentsamenduan islatu ziren.
Halaber, gizarteak aurre egin zion esparru indartsu berriari, bere autonomia aldarri-
katuz; hori dela eta, gizartea botere politikoari mugak jartzen saiatu zen apurka-
apurka. Estatuarekin zeuzkan harremanetan gizarte modernoak lorturiko beregain-
tasuna, hala ere, hirugarren esparru baten bereizketari loturik zegoen, hain zuzen
ere, esparru ekonomikoaren osaketari.
Sozialtasunaren eta politikotasunaren arteko banaketa, beraz, politikaren eta
ekonomiaren arteko bereizketarekin batera ulertu behar da ezinbestean. Beste hitz
batzuekin esanda, Estatu modernoaren, gizarte modernoaren eta kapitalismoaren
garapena aldibereko prozesuak izan dira Europako mendebaldean. Hiru esparruen
osaketa elkarren arteko tentsioan burutzen da. Halatan, esparru ekonomikoaren
hazkundeak mugak ezartzen dizkio egitura politikoari eta, hori egitean, interben-
tzio politikotik at geratzen diren gune sozialen garrantzia nabarmentzen du. Eko-
nomistek --Smith, Ricardo eta beste pentsalari librekanbistek-- ongi erakusten
dute, hain zuzen ere, badagoela estatuak arautu ezin duen elkarte-bizitzaren atal
bat, printzipio propioen arabera garatzen dena. Esparru ekonomikoaren eraketak
eragina dauka, hortaz, gizartearen beraren kontzientzia hartzean. Zenbat eta gehiago
murriztu estatu absolutuaren jarduera-gunea eta zenbat eta gehiago baieztatu estatu
14 Politika eta gizartea. Oinarrizko ikasgaiak
mugatua, hainbat eta espazio handiagoa uzten zaio estatuaz kanpoko bizitzari, hau
da, gizarte autonomoaren posibilitateari.
1.2. POLITIKAREN AUTONOMIARI BURUZKO EZTABAIDA TEORIKOA
XVIII. mendeaz geroztik, Gizartea eta Estatua egoki irudikatzeko baldintzak da-
goeneko garatuta zeudenez, bien arteko uztarduraren auziari buruzko gogoetak
ugaritu egin ziren pentsamenduaren barruan. Izan ere, horixe da pentsamendu
politiko modernoaren gai nagusietako bat, alegia, zein modutako lotura --eta,
alderantziz ere, zein mailatako autonomia-- egotzi behar zaien bereizita agertzen
diren bi esparruei, hots, gizarteari eta politikari. Ba al dauka esparru politikoak
funtzionamendu-logika propiorik ala gizarteko beste faktore batzuen menpe ulertu
behar da beraren jarduera? Noraino iristen da politikaren autonomia? Eztabaida-
ardatz horren inguruan, bi gogoeta-lerro klasiko nabarmentzen dira XIX. mendetik
aurrerako pentsamenduan.
1.2.1. Politika beste gizarte-faktoreen menpeko
Gizartearen eta Estatuaren arteko bereizketa hasiera batean modu desber-
dinetan adierazita aurkitzen dugu entziklopedisten eta Rousseauren lanetan,
filosofo eskoziarren idazkietan --bereziki Adam Fergusonen Essay on the History
of Civil Society liburuan-- edo zuzenbideari eta estatuari buruzko Hegelen filoso-
fian. Horien ostean, baina, politikotasunaren ulermena gaur egunera arte zeharo
baldintzatu duen tradizio indartsuari eman zion hasiera Marxek. Ikuspegi klasiko
horrek, labur esanda, politikaren autonomia ukatzen du. Marxen ustez, ez harreman
juridikoak ezta estatu-ereduak ez dira berez azaltzen. Aitzitik, bizitzaren baldintza
materialetan daukate sorburua. Horregatik, Hegelek gizarte zibila deitzen zuen
horren nolakotasuna ekonomia politikoan bilatu behar dela adierazi zuen Marxek.
Politikaren ikuskera hori, jakina, gizarte-eredu kapitalistarekin batera garatu
zen. Izan ere, kapitalismo modernoak aurreko ekoizpen-sistemak baino askoz ere
indar eta independentzia-maila handiagoak erdietsi zituen. Testuinguru horretan
ulertu behar dira, bada, modernitatearen hastapenetan "gizarte zibila" eta "gizarte
burgesaren" artean egiten den identifikazioa, ekonomia politikoari onartzen zaion
garrantzia zientzia "politiko" gisara, eta garaiko pentsamenduan arazo nagusi
modura agertzen diren harremanen auzia: produkzioaren, jabetzaren eta lanaren
esparruaren, eta botere politikoaren esparruaren arteko harremanak, alegia. Kezka
horiek dagoeneko argi adierazita agertzen dira Hegelen Zuzenbidearen Filosofia
lanean. Bertan, gizarte zibilaren sorrera mundu modernoaren lorpena dela baiezten
da, eta librekanbisten ereduaren arabera definitzen da hura. Besteak beste, gizarteko
kideen elkartzea beren premien arabera, sistema juridikoaren arabera --gizakien
eta jabetzen segurtasuna bermatzeko tresnak ematen baititu sistema juridikoak--
eta kanpoko eraketaren arabera egiten dela esaten da, gizakien interes partikular
Politika eta gizartea 15
zein komunak bete ahal izateko asmoarekin (Bottomore, 1982: 12). Hegelen ustez,
modu horretan eratuta dagoen gizarte zibilak arazo desberdinak aurkezten dizkio
Estatuari hark konpon ditzan. Batez ere, elkarrekin loturik dauden aberastasunaren
eta pobreziaren hazkundea eta prozesu horrek sortzen dituen gatazka sozialak.
Ideia horiek guztiak oso garrantzitsuak izan ziren teoria marxistaren garape-
nean. Hala ere, pentsamendu hegeliarraren eraldaketa sakona ekarri zuen marxis-
moak. Hegelek irudikaturiko estatuaren ideia, goreneko unibertsal modura, sus-
traitik astindua izan zen Marxen gogoetan. Halatan, Marxek ukatu egin zuen
estatuan gaindi daitezkeenik gizarte zibilaren kontraesanak. Are gehiago, egitura
politiko modernoa ekoizpen-sistema kapitalistarekin eta mundu ekonomikoan sor-
tzen diren aberastasunarekin eta pobreziarekin zuzenean nahastuta dagoela berretsi
zuen. Hartara, Estatuak zerikusia dauka gizartearen baitan burutzen diren klase-
gatazka larriekin. Harrez gero, Marxengandik aurrera garaturiko pentsamendu-
ildoan egitura politikoa beste prozesu sozial batzuen menpeko elementutzat jo zen,
bereziki ekoizpen-modu partikular batek eragiten dituen indarren menpeko
aldagaitzat.
1.2.2. Politika aldagai aske modura
Ikuspegi horrekin batera, hala ere, badago pentsamendu politikoaren barruan
gizarte zibilaren eta estatuaren arteko harremana modu desberdinean ulertzen duen
bigarren perspektiba bat. Ikuspegi alternatibo horren adierazpen goiztiarra Tocque-
villek aurkezturiko "mundu berriarentzat beharrezkoa den politikaren zientzia
berrian" aurkitzen dugu. Zientzia hori, haren ustez, demokraziaren garapenaz eta
gizarte "modernoaren" eraketaz arduratzen zen --Ancien Régime delakotik urrun-
duz--, bai Frantzian bai Estatu Batuetan. Tocquevilleren ikusmoldearen bereiz-
garritasuna berak egindako aukeran hezurmamitu zen. Izan ere, XVIII. mendetik
aurrera mundu berri bat sortzen ari ziren bi korronte iraultzaileak aztertzean
--iraultza demokratikoa eta industria-iraultza--, Marxek ez bezala, lehenengoan
jarri zuen bere arreta eta lehentasuna eman zion gizarte modernoaren osaketan.
Oso argi zeukan Tocquevillek mugimendu demokratikoaren ondorioak nola-
koak diren. Iraultza demokratikoaren ekarpen nagusia, haren esanetan, berdintasun
soziala da, oinordetzako bereizketa hierarkikoak ezabatzen dituelako eta harrez
geroztik gizarteko kide guztientzako eskuragarri geratzen direlako enpleguak,
sariak eta ohoreak. Demokraziaren aldeko joerak badauzka, dena den, alde onak
eta kaltegarriak aldi berean. Batetik, gobernu demokratikoak gehienen ongizatea
bermatzeko jarduna beteko luke seguraski, eta gizarte liberal moderatua eta
ordenatua eratu ahal izango kuke. Bestetik, baina, gizarte-berdintasunaren bilaketa
--"grina asegaitza" komunitate demokratikoetan, Tocquevilleren ustez--, gizakien
askatasunaren aurretik jar daiteke eta, orduan, bien arteko gatazka sortu ahal da
(Tocqueville, 1989).
16 Politika eta gizartea. Oinarrizko ikasgaiak
Tocquevillek, dudarik gabe, ondo ezagutzen zuen mugimendu demokrati-
koaren testuinguruan garaturiko industria-kapitalismoaren errealitatea. Hala ere,
mugimendu demokratikoari esleitu zion bizitza sozialaren baldintzak sorrarazteko
gaitasun independentea. Geografiaren, legeen eta tradizioen eraginez --hartara,
bilakabide desberdinak osatuz herrialde desberdinetan, Estatu Batuetan eta Fran-
tzian-- esparru politikoak berariazkoa duen autonomia erakusten du bere gara-
penean eta jardunean.
Harrezkero, bereziki marxismoari egindako kritika zuzenaren barruan, hainbat
autorek landu dute politikotasunaren autonomiaren ideia. Izatez, ikuspegi hori
teoria politikoaren erreferenteetako bat izan da XIX. mendetik aurrera. Hein
batean, Max Weberren soziologia politikoaren bereizgarria ere bada (Giddens,
1995; 1997). Ikuspegi hori erraz nabarmentzen da Max Weberrek administrazio-
baliabideen kontzentrazioari buruz egindako azterketan --produkzio-baliabideen
kontzentrazioa bezain garrantzitsutzat jotzen baitu prozesu hura-- eta, oro har,
Estatuaren boterearen inguruko lanetan.
Ikusmolde marxistari zuzenean aurre eginez, indar politiko independenteen
garrantzia beste modu batean berretsi zen Mosca eta Paretoren eliteen teorietan
ere. Teoria horiek, aldaera desberdinetan, bizitza sozialaren egitate unibertsal eta
aldaezin modura hartzen dute eliteen menperatzea, gizakien desberdintasun psiko-
logikoen ondorioz sortzen direla pentsatuz.
Adierazpen teoriko askoren laburpena izanik, zirrimarratu diren bi pentsa-
mendu-eredu horietako bakoitza modu eskematikoan eta muturrera eramanda
aurkeztu da hemen. Horren helburua izan da politikotasunaren autonomiaren alde
egin duten ikusmoldeekin batera politikotasuna beste indar sozial batzuen menpe
jartzen duten ildoak ere garatu direla erakustea. Hala ere, helburu didaktikoa duten
sinplifikazio horiez gain, aitortu beharra dago alde bietako ideiak zehaztapen eta
ñabardura handiekin azaldu direla, eskuarki. Hartara, esparru politikoa eta sozia-
laren arteko uztardurak modu konplexuan ezarri dira gogoeta teoriko gehienetan,
eta etengabe jaso dira ikusmoldeen arteko elkarreraginak, baita aldaketa historikoen
ondorioak ere (Bottomore, 1982).
XX. mendeaz geroztik, ohiko dikotomia adierazpen akademikoetan islatu da,
besteak beste. Izan ere, 40ko hamarralditik aurrera erakundetu dira, lehendabizi
Estatu Batuetako unibertsitateetan eta ondoren Europakoetan, gizarte modernoeta-
ko esparru politikoa aztertzen dituzten diziplina edo irakasgai akademikoak, hala
Soziologia Politikoa nola Politika-Zientzia. Bi diziplina horien arteko banaketaren
zioak interes eta lehia akademikoetan bilatu behar dira batik bat, baina egia da,
politikaren autonomiaren inguruko eztabaidaren zantzuak ere hautematen direla
bereizketa horretan. Haustura luzearen ondoren, hala ere, azterketa-eremu berbera
izanik, ahalegin ugari egin dira azken urteotan zatikapen analitikoa gainditzeko eta
diziplinarteko lanetik abiatuz aztergaiaren berreraikuntzari ekiteko (Llera, 1997).
Politika eta gizartea 17
1.2.3. Soziologiaren eta Politika-Zientziaren abiapuntuak
Modernitatearen lehen garaian sorturiko pentsamenduan politikaren autono-
miaren inguruko hausnarketa franko burutu bada ere, gaur egun ez dira gutxiago
gizarte-sistemaren eta esparru politikoaren arteko harremana azaltzeko egin diren
interpretazio-saioak. Gizartearen eta politikaren arteko harremana era askotara
ulertu eta azaldu dute gizarte-zientzien barnean garatu diren diziplina desberdinek,
Soziologiak eta Politika-Zientziak batik bat. Braungarti jarraiki, politikotasunaren
eta sozialtasunaren arteko lotura hautemateko hiru eredu nagusi sortu dira XX.
mendean (Braungart, 1981).
Badago lehen eredu bat, egitura sozialak gogoetaren abiapuntutzat hartzen
dituena. Gizarte-egiturek prozesu politikoetan dauzkaten eraginak aztertzea da
haren helburua. Termino analitikoetan adierazita, ikusmolde horrek sozialtasuna
aldagai asketzat hartzen du, haren baitan biltzen baitira, ustez, fenomeno politikoen
azalpenen oinarriak. Politikotasuna, aldiz, gizartearen menpeko faktore moduan
agertzen da. Politikaren oinarri sozialen azterketa funts gisa daukan ikusmolde hori
da, hain zuzen ere, Soziologian gehien erabili dena. Halatan, azterketa soziologi-
koaren interesgune nagusia izan ohi da ikertzea faktore sozialen eragina boteraren
banaketan, partaidetza politikoan, herritarren* portaeretan, aldaketa soziopolitikoetan
eta hainbat eta hainbat prozesu politikotan. Soziologia politikako lan askoren az-
pian sumatzen den arren, ikusmolde horrek kritika ugari jaso ditu. Aldebakarreko
interpretazioak egitea egotzi zaio gehienbat, zeren, azken finean, auzi politikoak
epifenomeno gisa aztertzen baititu.
Bigarren eredu batek boterearen jatorri politikoak hartzen ditu aintzat, hau da,
sistema politikoaren eta faktore politikoen azterketa kokatzen du bere gogoetaren
gunean. Ondorioz, politikaren eremua gizarte-egituretatik aldenduta agertzen da,
zeren egitura horien abstrakzioa egiten baita argi eta garbi. Horixe da Politika-
Zientziaren aztertzaileek gehienetan erabili ohi duten abiaburua. Hein batean,
aurreko ikuspegiak eskaintzen duen interpretazioaren akats berberak dauzka
oraingo azalpenak ere. Oraingoan, baina, faktore sozialak gertakari hutsak baino ez
dira jarduera politikoaren ondoan. Azken batean, itxuraz, jarduera politikoa berez
esplikatzen da, beste gizarte-eraginik aintzat hartu gabe.
Hirugarren aukera bat ere aurkitzen dugu gaur egun gizartearen eta politikaren
arteko lotura ulertzeko moduetan. Botere-egiturek eta, bereziki, erabaki politikoen
prozesuek gizartean daukaten eragina aztertzea dauka xedetzat azken ikuspegiak.
Horrenbestez, politika --erabaki politikoetan adierazita-- aldagai aske bihurtzen
18 Politika eta gizartea. Oinarrizko ikasgaiak
* Arazoa izan dugu testuan zehar "herritar/hiritar" hitzaren erabilerarekin. Bai Soziologian eta
bai Politika-Zientziatan, "ciudadano/a (g) / citoyen (f) / citizen (i)" hitzaren euskarazko ordaina
emateko orduan, zalantza agertu zaigu termino egokia aukeratzean. Bi aukerak egokiak izan
daitezkeen arren, badirudi nagusitzen ari dela "herritar" hitza, hain zuzen ere euskarazko "hiritar"
hitzak konnotazio markatua duelako eta neurri batean gehiegi adierazten duelako hiriko izaera.
da, eta gizartea, berriz, menpeko. Ikuspegirik arruntena izan ohi da politika pu-
blikoen azterketan, hots, policy analysis gisara ezagutzen den ikerketa-esparruan.
Boterearen erabilera errealak gizarte-sisteman, alegia, gizarte-taldeen kokapenean
dauzkan ondorioak neurtu gura dira ikerketa-mota horretan. Aipaturiko ikuspegiak,
baina, erabaki politikoen gainean eragiten duten baldintzapen sozialen bazterketa
dauka abiaburu.
1.3. IKUSMOLDEEN ANIZTASUNA POLITIKAREN AZTERKETAN
Diziplina baten barruan dauden korronteek edo eskolek jakintza-arlo batean egon
daitezkeen desberdintasunak adierazten dituzte; desberdintasun horiek guztiak
azterketaren objektua ulertzeko eran, errealitate sozialetik datuak lortzeko moduan
eta ondoren burutu behar den teorizazio-prozesua bideratzeko moldean hezurma-
mitzen dira. Politikaren azterketaren arloari dagokionez, politikaren izaera eta
funtzionamenduari buruzko oinarrizko premisa desberdinak hartzen dituzte abia-
burutzat korronte teorikoek. Era askotako ikuspegi horien berrikusketa egitean,
politikaren azterketaren inguruan dauden diziplinen --hots, Soziologia Politikoaren
eta Politika-Zientziaren-- bilakaeraren irudi bat osatzen dugu. Izan ere, gaur egun
eredu guztien ekarpenak jasotzen diren arren, ikuspegi bakoitza nagusi izan da
garai jakin batean.
1.3.1. Diziplinen barne-korronteak
Perspektiba historikotik abiatuta, azterketa politiko garaikideetan aipatu behar
den lehendabiziko ikuspegia teoria normatiboa da, tradizio handiko eredua izan
dena joan den mendeko 60ko hamarraldira arte. Teoria politiko normatiboaren
interesgunea kontzeptu moralen azterketa da, baita haien aplikazioa ere harreman
eta praktika politikoetan. Azken batean, "egin beharrekoa" azaltzen du teoria
normatiboak, egintza politikorako arauak proposatuz. Pentsalari batzuek, haatik,
zalantzan jarri dute horrelako proposamenen balioa, eta ariketa antzutzat jo dute
definizioetan egiak diren proposizio tautologikoak ematea, nahiz eta gero errealita-
tean betetzen ez diren.
Teoria normatiboekin batera, azterketa instituzionalistak dira analisi politi-
koen hastapenetan aurkitzen ditugun eredu nagusienetakoak. Erakunde politikoen
ikuspegiak sistema politikoaren arau, erabide eta organizazio formalen azterketan
jartzen du arreta, elementu horiek praktika politikoan daukaten eragina ikusi ahal
izateko. Azterketa instituzionalista tradizionalek jaso dituzten kritikak haien meto-
doen ahulezian eta emaitzen ezaugarri antiteoriko eta deskribatzaileetan oinarritu
dira. Alabaina, instituzionalismoari bereziki aurpegiratu zaion akatsa demokrazia
liberalaren bertuteen ikusmolde idealizatutik abiatuz proposamen preskriktiboak
egitea izan da.
Politika eta gizartea 19
Arestian aipaturikoak baino berriagoa dugu ikuspegi konduktista. Europan
eredu askoren artean bat gehiago bada ere, Estatu Batuetan gaur egun ikuspegi na-
gusia dugu diziplinaren barruan (Stoker, 1997). Konduktismoak jokabide politikoa
aztertu nahi du, hala maila indibidualean nola maila kolektiboan. Beraren sorrera
eredu normatibo eta instituzionalisten kritikan oinarritzen da. Hain zuzen ere, az-
terketa deskribatzaileak eta zehaztasunik gabekoak egitea egotzi zion instituziona-
lismoari. Konduktismoaren arabera, instituzioak ez dira jokabide erreala bezain
garantzitsuak. Izan ere, erakundeen araudiek gizakiek egin beharrekoa adierazten
dute; baina, eredu konduktistaren arabera, zientzialariek instituzioa ez ezik
benetako praktika behatu behar dute. Era berean, ikuspegi normatibotik bereiziz,
konduktismoaren barruan garrantzi handia eman zaio egitateen eta balioen arteko
banaketari. Hartara, hasierako konduktistek egitateetan oinarrituriko teoriak sor-
tzeko asmoa zeukaten, balioak alde batera utziz. Legeak bilatuz, orokortze-ariketak
eginez, ikuspegi "zientifikoagoa" eman gura izan zioten politikaren azterketari
XX. mendeko 50 eta 60ko hamarraldietan.
Dena den, gehiegizko asmo hori saihestuta geratu da denborarekin. Kon-
duktismoak jaso dituen kritiken artean, nabarmentzekoa da egitateak ulertzeko
erabili duen moldea sinpleegia dela dioena. Gaur egun konduktistek onartzen dute
egitate hutsek ez dutela berez ezer adierazten, eta ez dutela esanahirik eskuratzen
marko teoriko baten barruan ez bada. Are gehiago, garrantzitsua denaren inguruko
ideiek baldintzatu egiten dute zeharo behaketaren prozesua eta aukeratzen diren
tresnak. Beraz, teoria eta egitateak ezin dira independente modura hartu. Horrekin
batera, lege "zientifikoak" erdiesteko ahalmena zalantzan jarri ondoren, konduktis-
moak asmo apalagoak agertzen ditu oraingo azterketetan.
Hirurogeiko hamarralditik aurrera hautaketa arrazionalaren ereduak ere
oihartzun handia izan du politikaren azterketan. Zenbait azterketa ekonomikotan
erabilitako jarraibideari ekiten dio teoria horrek. Haren abiapuntu esplizitua da
esatea ezen portaera politikoa interesen arabera jokatzen duten gizabanakoen
erabakien emaitza dela, eta hortaz, arrazionaltasunak zuzendutako jokamoldea
dela. Alta, ikuspegi arrazionalari zuzendutako kritikek dioten moduan, hautaketa
arrazionalaren ereduak ez du aintzat hartzen gizakiaren izaera bere konplexutasun
psikologiko eta osagarri irrazionalekin. Horrela, iritzi kritikoen arabera, ikuspegi
osoagoa eskaintzeko, zabaldu egin beharko luke bere aztergaia, askotan jokabide
politikoa bultzatzen duten motibazio altruistak eta moralak kontuan hartuz.
Feminismoak politikaren azterketan izan duen eragina ere handia izan da
azken urteetan, aldez aurretik finkatutako elementuen berrikusketa ekarri baitu
diziplina barrura. Hartara, zalantzan jarri dira teoria normatiboaren ikuspegi orto-
doxoak eta korronte instituzionalisten eta konduktisten azterketa enpirikoak, gene-
roaren aldagaia gogoan hartu ez duten heinean. Feminismoaren ekarpenak erabaki-
garriak izan dira zientzia politikoaren mugarriak zabaltzerakoan, nahiz eta ikus-
molde gisa bazter-kokapena daukan beste korronteen aldean.
20 Politika eta gizartea. Oinarrizko ikasgaiak
Diskurtsoaren analisiak, berriz, feminismoak baino eragin txikiagoa izan du.
Postmodernismoaren eta zientzia politikoaren arteko loturak ezarri nahi izan ditu
eredu horrek. Izan ere, diskurtsoaren analisiaren arabera uste da ezen sozialtasuna-
ren esanahia egituratzea dela egitate politikorik garrantzitsuena. Halatan, esanahi-
sistemek edo "diskurtsoek" jarduera politikoa ulertzeko moduetan daukaten eragin
eratzailea aztertzen du ikuspegi horrek. Oro har, inork gutxik ukatzen du hiz-
kuntzak, sinboloek eta eztabaida politikoen egituraketak gizarte konplexuetako
politikagintzaren nondik-norakoak eskuratzeko daukaten garrantzia. Nolanahi,
diskurtsoaren analisiak sarriegi orokortze- eta abstrakzio-maila handiak erabiltzen
ditu ondorio baliagarriak sortzeko.
Aipatu diren sei ikusmoldeekin batera, marxismoaren ekarpena nabarmendu
behar da politikaren azterketan. Besteak beste, pentsamendu marxistaren eragina
politikaren adieraren zabalkuntzan hezurmamitu da politikari buruzko gogoeta
teorikoan. Izatez, indar sozialek eta ekonomikoek esparru politikoarekin daukaten
harremana landu dute autore marxistek gai nagusi moduan. Haatik, diziplinaren
barruan dauden zenbait iritzi ortodoxoren arabera, marxismoa ez litzateke ikuspegi
berezitu bat gehiago izango, ezpada politikagintzaren azterketa-esparrua gainditzen
duen pentsamendu-moldea (Almond, 2001). Bada, materialismo historiko marxis-
tak zalantzan jartzen du, argi jarri ere, politikaren eta egintza politikoen izaera
autonomoa, baita politikagintza gizarteko beste prozesuetatik bereizita ulertzeko
ahalbidea ere.
Marxismoak politikaren ohiko azterketan planteatzen dituen aldaketen ildoan,
esan beharra dago ezen, gizartea eta politika kontzeptu gisa bereizten diren une be-
retik, bi banaketa-gune sortzen direla hausnarketa teorikoan. Lehenengoa, aurreko
atalean aipatu den moduan, politikotasunaren autonomiaren inguruan eratzen da.
Horrela, esparru politikoak faktore sozial, ekonomiko eta ideologikoei buruz daukan
independentzia-maila bihurtzen da ohiko korronte desberdinen kokapenaren irizpi-
de nagusi. Bestetik, politikaren autonomia aldarrikatzen duten ikusmoldeak daude,
hain zuzen ere, gaur egun diziplina autonomoaren muina osatzen dutenak. Produk-
zio-harremanek bizitza politikoaren gainean ezartzen duten eragina azpimarra-
tzean, teoria marxista --bere formulaziorik ortodoxoenetan bederen-- ikuspegi
horri kontrajartzen zaion iritzi-ildoan kokatzen da.
1.3.2. Adostasuna versus gatazka
Politikaren azterketari dagokionez, lehen sailkapen-irizpidea autonomiari bu-
ruzko auziak baldintzatzen badu, bigarren eztabaidagune nagusia ordena/aldaketa
dikotomia ardatz hartuta osatzen da. Izan ere, pentsamendu soziologikoaren eta
politikoaren hausturagune klasikoa dugu hori. Beraz, gaur egungo pentsamendu
politikoan marxismoak eta 60ko hamarralditik aurrera sortu diren gatazkaren teoriek
aldaketaren eta gatazkaren ideiak nabarmentzen dituzten bitartean, beste ikusmolde
batzuek sistema politikoen egonkortasuna eta balioen inguruko gizarte-adostasuna
Politika eta gizartea 21
hartzen dute abiaburutzat. Halatan, sistema politikoen iraunkortasunaren bermeak
argitzea daukate helburutzat azken horiek. Soziologiaren barruan, ikuspegi fun-
tzionalistaren koordenatuetan landu diren azterketek ongi aski ordezkatzen dute
ikuspegi kontserbadore hori.
Politikaren ikuspegi integratzailea eta ikuspegi gatazkatsua ahalbidetzen dituz-
ten gizarte-ordenari buruzko abiaburu horiek gogoeta politikoaren historian sustrai
sakonak dauzkaten filosofia-ildoetatik datoz. Hartara, gaur egungo politikaren
ikusmolde batzuk oinarri aristotelikoa dute, hots, adostasunaren eta lankidetzaren
ideiak azpimarratzen dituzte nabarmen. Beste batzuk, berriz, oinarri makiavelikoa
erakusten dute, gatazkaren ideian oinarrituta daude eta (del Aguila, 1997). Lehenen-
go ikuskeraren arabera, banakoak gizaki bihurtzen dituen jarduera da politika,
zeren denen ardura diren gauzei buruzko deliberazio komunean hitza eta limurta-
suna erabiltzera behartzen baititu gizakiak. Ildo horretan, politikak oso toki garran-
tzitsua betetzen du gizarte-bizitzan, giza elkarteak partekatzen duen etikaren sor-
tzailea baita, azken finean politika lankidetzaren sortzailetzat jotzen delako. Nabari
denez, politikaren ikuspegi atsegina dugu hori: elkarte politikoaren izaera hezitzailea
eta etikoa nabarmentzen du, gizakiak eginkizun komun batean biltzen dituen elkar-
lana agerian utziz.
Politikaren definizio makiavelikoek, aldiz, politikagintza funtsean jarduera
gatazkatsua eta urratzailea dela erakusten dute, ezmorala ere maiz. Makiaveloren
hitzetan, politika egin gura duenak "gaizkiaren bidean" barneratzeko prest egon
behar du, alegia, bere etika lortu beharreko helburu politikoaren menpean jartzeko
gertu. Izatez, bigarren adiera horretan, politika ez da inolaz ere lankidetza-jardun
modura hautematen, gizakien, taldeen, interesen eta mundu-ikusmoldeen arteko
lehia gisara baizik. Hartara, politikaren zientzia boterearen zientziatzat jotzen da
ikuspegi horretan.
Jakina, ikuskera biak aldiberekoak izan ohi dira errealitate enpirikoan. Bada,
boterea eta legitimitatea, gatazka eta adostasuna, elkarrekin agertzen dira edozein
sistema soziopolitikotan. Gogoeta teorikoan, baina, osagai normatiboek toki garran-
tzitsua izaten dutenez eta abiapuntu antropologikoak eta ideologikoak eraginkorrak
direnez, integrazioaren aldera edo gatazkaren eremura makurtzen dira behaketak.
Horiek horrela, gaur egungo pentsamendu politikoaren ikusmolde nagusiek
ere hautua egina dute. Batzuek bortxaren eta indar hertsatzaileen erabilera nabar-
mentzen dute gizarte-bizitzaren eta elkarte politikoaren sorburu modura. Eraketa
politiko modernoari dagokionez, eredu horretako ordezkariek argi erakusten
dituzte Estatuak menperatze-erakunde gisa darabiltzan zapalkuntza-baliabideak.
Oro har, pentsamendu-ildo horrek elkarte politikoaren barnean kontrajarritako
interesak borrokatzen direla eta adostasun politiko eta integrazio-egoera ororen
atzean indarkeriazko eta hertsapenezko historia luze bat egon ohi dela gogoraraz-
ten du. Hobbes eta Marx moduko autoreen ikuspegi antropologikoan oinarritzen
22 Politika eta gizartea. Oinarrizko ikasgaiak
den tradizio horretatik elikatzen dira gaur egungo korronte marxista eta gatazkaren
bestelako teoriak.
Integrazioaren aldeko teorien artean, era askotako argudioak aurkitzen dira.
Bi bereiziko ditugu hemen. Lehenengoaren arabera, elkarte politikoaren oinarria
gizakien interes pribatuetan datza. Beste modu batean adierazita, gizakiek beren
interesak burutzeko duten premiak butzatuta eratzen dute elkarte politikoa. Har-
tara, gizakiak nahasturik daude ordena politikoaren sorreran eta iraupenean, beren
interesen alde jarduteko segurtasuneko testuingurua eta onura eskaintzen diz-
kielako. Filosofia liberalaren ohiko argudio-ildo hori hartzen du abiapuntutzat gaur
egungo liberalismo politikoak ere.
Badago hirugarren ikusmolde bat, ordena sozial eta politikoaren funtsa giza
elkartearen balio komunen onespenean oinarritzen duena. Oraingo honetan ez dira
interes pertsonalak elkarketa-prozesua bultzatzen dutenak, ezta hertsapena ere
taldea biltzeko erabilitako tresna. Gizarte-ordena bat ezartzeko, garrantzitsuagoa
da arauen eta balioen inguruko adostasuna erdiestea, zeren, azken batean, elementu
horiek bermatzen baitute gutxieneko egonkortasuna eta elkarte-bizitza baketsua.
Durkheim eta funtzionalismo amerikarraren zantzuak dauzkan tradizio horretatik
edaten dute gaur egungo politikaren ikuspegi errepublikarrak eta ikuspegi komuni-
taristak.
Aipatu diren gatazkaren eta ordenaren inguruko ikusmoldeok, jakina, erreali-
tate politikoaren alde bat jartzen dute agerian, besteak ezkutatuz. Halatan, lehen
tradizioak ez du arretarik ipintzen legitimazio- eta adostasun-prozesuek bizitza
politikoan daukaten garrantzian. Bigarrenak ez ditu aintzat hartzen interesen lehiak
elkarte politikoan sorrarazten dituen gizarte-asimetriak eta gatazkak. Hirugarrenak
baztertu egiten du ordena politikoaren atzean dagoen indarkeria-osagaia, baita
ezkutatu ere adostasun sistemikoak lortzeko bete behar diren menperatze sin-
bolikoko prozesuak. Hartara, errealitatearen alderdi bat irudikatzen duten heinean,
tipo ideal modura onartu behar dira, batez ere beren ekarpenei dagokienez.
1.4. POLITIKAREN AZTERGAIA GAUR EGUN
Ikuspegi teoriko eta analitikoen aniztasunak erakusten digunez, esparru politikoaren
gogoeta teorikoari erreparatzen diogunean, mugarri zehaztugabeak eta aldakorrak
dituen alor baten aurrean gaude. Egiaztapen hori, hala ere, beste gizarte-zientzia
batzuetara ere zabal daiteke. Egiazki, gai eta eztabaida zenbaiten inguruan eratzen
diren ikusmolde analitiko zeharo ezberdinez osaturik agertzen zaigu politikaren
azterketa-eremua.
Desberdintasunak desberdintasun, badago politikaren azterketari hasiera
ematen zaionetik ezinbestean zehaztu beharreko funtsezko elementu bat. Hain
zuzen ere, ikusmolde desberdinek eskuarki burutu behar izaten duten lehenengo
Politika eta gizartea 23
betekizuna politika kontzeptuari eransten zaion adiera eta edukia erabakitzea izan
ohi da. Izan ere, diziplina akademiko guztiak abiatzen dira beren objektua edo
aztergaia zedarrituz, zehaztapen horrek definitzen baititu, hein handi batean, ondo-
ren azter daitezkeen gai-multzoak eta sor daitezkeen arazo teoriko eta metodolo-
gikoak. Haatik, politikaren definizioa bera eztabaidagai izan ohi da eskuliburuetan
eta oinarrizko testuetan ere. Zaila da, hortaz, definizio adostua eta bateratua
eskaintzea gaur egun.
Zernahi gisaz, erabateko adostasunik erdietsi ez den arren, gai horri dagokio-
nez hauteman daiteke aspaldion norabide berean zuzentzen den joera gero eta
nabarmenagoa politikaren azterketan: oro har, ikusmoldeak ikusmolde, politikota-
sunaren mugak arian-arian zabaldu egin direla egiaztatzen da azken urteetan.
Hartara, gero eta atal eta interesgune gehiago bildu ditu politikaren analisi-esparruak.
Ibilbide luzea egin da, beraz, joan den mendeko 50eko hamarralditik gaur
egunera arte. Orduan, Politika-Zientzia eta Soziologia Politikoa Estatu Batuetako
akademian erakundetu ziren garaian, azterketa politikorik gehienek --Politika-
Zientziakoek bereziki-- ikuspegi guztiz instituzionalistak hartzen zituzten abia-
burutzat. Horrenbestez, parlamentuak, gobernuak eta administrazio publikoetako
erakundeak zeuzkaten batik bat aztergai modura. Geroago, konduktismoaren
eraginez, arreta-esparrua beste gai batzuetara hedatu zen, hauteskundeetara, alderdi
politikoetara eta presio-taldeeetara, besteak beste, haietan burutzen baitzen, ohiko
erakundeetatik kanpo, gizakien portaera politiko ikusgarria (Stoker, 1997).
Zabalkuntza-bide horretan burututako bilakaeraren indarra areagotu egin da
azken hogei urteotan; akademian nagusitu den diziplinarteko lankidetzaren
eraginez, besteak beste, gero eta handiagoak izan dira politikotasunaren definizioa
zabaltzearen aldeko presioak. Beste era batera adierazita, gero eta indartsuago
agertu da politika bere testuinguru sozialean kokatzearen aldeko joera. Halatan,
hein batean, lehenengo gizarte-zientzialariek jorratu zituzten planteamenduetara
itzuli da gaurko azterketa politikoa.
Lehenengo gizarte-zientzialariak oso eklektikoak ziren bai beren interesei
zegokienez baita gizarte-jokamoldearen analisi-metodoetan ere. Haien kezka ez
zen Politika-Zientzia edo Soziologia; seguraski ez zuketen gaur egungo bereizketa
hori ulertu ere egingo. Haien ustez, gizartea osotasunean aztertu beharreko entita-
tea zen; hartara, ikuspegi holistiko batetik abiatzen ziren betiere. Tocqueville, Marx,
Weber, Pareto eta Mosca bezalako pentsalariak lehen garai horretako erreferen-
tziazko izen handiak dira Politika-Zientzian eta Soziologian. Baina, gizarte-zien-
tzien garai klasikotik aurrera, ikuspegi orohartzaile hori errotik aldatu duten
prozesuak burutu dira. Alde batetik, gizarte aurreratuetako garapen akademikoak
jarduera akademikoaren profesionalizazioa bultzatu du. Bestetik, ikerkuntza
eta azterketa-jardueren bereizketa instituzionalizatua areagotu da. Dagoeneko
ezinezkoa da ikertzaileek eta adituek heziketa klasiko berbera jasotzea. Aitzitik,
24 Politika eta gizartea. Oinarrizko ikasgaiak
espezializazioa gero eta handiagoa da, eta indar handiz islatzen da goi-mailako
heziketaren erakundeek agertzen duten antolaketan. Halatan, politikaren azterke-
tari dagokionez, diziplina independenteen garapena ekarri du gizarte-zientzien
konpartimentalizazioak lehen une batean.
Baina, arestian aipatu den bezala, azken urteetako Politika-Zientziak urrats
handiak egin ditu bere hasierako politikaren adiera murriztailea irekitzeko eta
kideko diziplinen ekarpenak bereganatzeko (Dogan, 2001). Soziologiaren egoera,
aldiz, pixka bat desberdina da, hastapenetatik gizarte-bizitzaren zientzia unibertsal
modura aldarrikatu duelako bere burua. Horrenbestez, era guztietako gizarte-
harremanak hartzen ditu bere barnean haren jardunak, eta era guztietako gizarte-
fenomenoak jasotzen ditu bere eskuduntzapean.
Horiek horrela, politika kontzeptuari erantsi zaizkion adiera hertsiak eta
zabalak diziplinen bilakabide historikoari lotuta egon dira, hein handi batean.
Politika-Zientziaren lehen aroan, Estatuaren eta bere erakundeen zedarriei uztar-
turik agertzen zen politikaren azterketa. Hartara, Politika-Zientziaren eginkizuna
Estatuaren erakundeen deskribapenera eta horretara soilik mugatzen zen hasiera
batean. Soziologia Politikoari dagokionez, M. Duverger-ek aspaldi ezagutarazi
zuen aukera bikoitza. "Soziologia politikoa, Estatuaren zientzia ala boterearen
zientzia?" galdetzen zuen soziologo frantsesak (Duverger, 1983: 24, 30). Antzeko
alternatibak aipatzen zituzten beste autore batzuek ere Soziologia politikoaren
lehen eskuliburuetan (Horowitz, 1977; Cot eta Mounier, 1983; Dowse eta Hughes,
1986). Aukera horien aurrean, denek egiten dute politika gizartearekin lotzearen
aldeko hautua. Ikuspegi murriztailearekin batera bazegoen, beraz, poliki-poliki
gailendu den bestelako abiapuntua. Azken horren arabera, gizarte-harreman
guztietan nabarmentzen da politikaren presentzia. Izan ere, politika boterearen
erabileraz eta garapenaz arduratzen dela azpimarratzen du ikuspegi horrek. Ondo-
rioz, boterea gizarte-talde eta erakunde orotan sortzen denez, politika kontzep-
tuaren norainokoa lehen gainbegiratuan dirudiena baino askoz ere zabalagoa
izango litzateke. Halatan, "dena --edo ia dena-- da alde batean politika, eta deus
--edo ia deus-- ez da guztiz politika"(Duverger, 1983: 2).
Politika ulertzeko modu hori Weber-en adiera klasikoan oinarritzen da:
Bada, politika izango litzateke gure ustez: boterean parte-hartzeko nahia, bai
Estatuen artean, bai Estatuaren barruan, edo hark barnean hartzen dituen giza taldeen
artean (...) Auzi bat auzi politikoa dela esaten denean (...) horrek esan gura du
ematen zaion erantzunean tartekoak direla boterearen erabilera-, kontserbazio- eta
aldaketa-interesak (Weber, 1979: 1056).
Testuinguru horretan, boterea gizaki batek edo giza talde batek bere boron-
datea eta nahia besteei ezartzeko duen gaitasun modura ulertu beharko litzateke.
Menpekotasuna eta obedientzia gizartean, horrenbestez, boterearen erabileraren
ondorioak izan ohi dira. Botereak, jakina, sorburu desberdinak izaten ditu, fisikoak,
Politika eta gizartea 25
materialak eta sinbolikoak, besteak beste. Botere fisikoa, hitzak adierazten duen
bezala, indar hertsatzailean oinarritzen da. Oro har, zigor fisikoaren erabileran edo
mehatxuan dauka bere funtsa. Botere materialak, berriz, baliabide ekonomikoen
kontrola --ekoizpena, metaketa, banaketa etab.-- hartzen du abiapuntutzat. Botere
sinbolikoa edo arauemailea, azkenik, sozialki baliotsuak eta urriak diren sarien
banaketa-ahalmenean finkatzen da. Horiek horrela, boterearen erabilerak aipaturi-
ko osagaien konbinazioaren forma hartzen du gizartearen barnean, eta esparru
politikoan botere-adierazpen guztiak biltzen dira.
Boterearen ikuspegiak abantaila nabarmenak dauzka politikaren azterketan.
Egiazki, analisi-esparruaren hedadura zabalagoa izatean, beste modu batera baz-
tertuta geratuko liratekeen era askotako harremanak, jokamoldeak eta erakundeak
azter daitezke politikaren markoan. Horren adibiderik argiena estaturik gabeko
gizarteen botere-egiturak dira; baina ez horiek soilik. Ikuspegi mugatuan, zokoratu
egin beharko genituzke, adibidez, familia-guneetan burututako sozializazio
politikoko prozesuak, gizartean egiten diren eta esanahi politikoa daukaten egintza
kolektiboak, ekimen neokorporatibistek erdiesten dituzten erabaki politikoak edo
komunikazio mediatikoaren garrantzi politikoa. Ordea, prozesu horiek guztiak
daude harreman estuan gizarteko botere-auziekin. Politikaren ikuspegi murriztuari
dagokionez, gune horietatik guztietatik at geratzen da politikotasuna; ondorioz,
harreman politikoak --botere-harremanak-- ulertzeko egokiak diren gizarte-
interesguneak alde batera uzten dira. Aldiz, estatuari eta gobernuari zuzenean
loturik ez dauden gizarte-bizitzaren garrantzi politiko potentziala azpimarratzean,
bigarren ikuspegiak aberastu egiten du analisia bete-betean.
1.4.1. Aztergaiaren gunea: boterearen azterketa
Honaino iritsita, lan honetan abiapuntutzat hartuko den ikusmoldea zehaztea
dagokigu orain. Gure ustez, politika kontzeptuak adierazten du boterearen erabi-
lera gizarte-egoeretan. Hori dela eta, politikaren azterketak botereari lotutako arazo
guztiak hartu behar ditu beretzat, hala testuinguru sozialetan botereaz egiten diren
erabilerak edo gertatzen diren botere-banaketak, nola gizarte-taldeetan burutzen
diren boterearen legitimazioak eta deslegitimazioak, eta baita boterearen inguruan
sortzen diren definizio-lehiak eta borrokak ere. Ez dago arrazoi analitikorik azter-
keta hau gobernu- edo estatu-erakundeetara mugatzeko.
Horrenbestez, bat gatoz Dowse eta Hughesekin, politika erakunde- eta
antolaketa-multzoen arabera definitzeko bidea baztertzen dutenean (Dowse eta
Hughes, 1986). Politika ezin da antolaketa-molde jakin batekin identifikatu, alegia,
estatuarekin, nahiz eta estatuaren azterketa ere aintzat hartu behar den. Aitzitik,
botereari loturik dauden egintzak antolaketa-testuinguru desberdinetan burutzen
dira. Testuinguru horiek sozialak dira betiere. Halatan, politikotasunaren eta sozial-
tasunaren arteko harremanak azaldu beharko ditugu, erakunde politikoak gizarte-
egituran txertatuz eta harreman politikoak --boterearekin lotura daukatenak--
gizarte-harremanen bilbean kokatuz.
26 Politika eta gizartea. Oinarrizko ikasgaiak
Abiapuntutzat hartzen badugu boterearen erabilera-moldeen azterketa gizarte
egitura eta esparruetan, orduan ikuspegi horrek analisi-eremu zabal baten mugak
zedarritzen ditu. Bertan, kontuan hartu behar dira ez soilik soziologiaren eta politi-
ka-zientziaren ekarpenak, ezpada beste diziplina batzuenak ere. Izan ere, beste
inon baino nabarmenago agertzen da politikaren analisian gaur egungo gizarte-
zientzietan hain ohikoa den diziplinarteko lanaren premia (Morán eta Benedicto,
1995). Muga akademikoak mantentzea baino garrantzitsuagoa da, gure ustez, anbi-
guotasunak gorabehera, ikuspegi zabal batek ematen dituen aukerei muzin ez egitea.
1.4.2. Eraldaketa historikoen eragina politikaren aztergaian
Politikaren azterketan gaur egun nagusi diren joerek ideia horri eusten diote-
lakoan gaude. Gizarte industrialen bilakaerak eta horiek bizi izan dituzten eralda-
ketek itzelezko eragina sortu dute gizartearen eta politikaren arteko uztardura
ulertzeko moduetan. Ildo horretan, politikaren azterketa akademikoa funtsatzen
zuten oinarrizko postulatuak astindu dituzte azken hamarraldietako gertakari histo-
rikoek.
Lehendabizi, egungo joerek atzera bota dituzte paradigma teorikoen monopo-
lio-asmoak fenomeno soziopolitikoen analisian. Are gehiago, esparru publikoari
itsatsirik egon den politikaren kontzeptua, oraintsu arte nagusi izan dena, murriz-
tailetzat jotzen da dagoeneko. Ondorioz, ikerketa tradizionalen oinarrian zeuden
ohiko dikotomia batzuen birdefinizioari ekin zaio analisi politikoetan, horrela so-
zialtasuna/politikotasuna eta publikotasuna/pribatutasuna birdefinituz, zeren horien
arteko mugarriak ez baitira zurrunak eta egonkorrak, aldakorrak baizik. Oraintsu
arte eredu modura hartzen ziren azterketa tradizionalei buruzko adostasunik eza
nabarmendu da, bestalde. Ohiko ikusmoldeek sortutako deskontentua lehentasunen
eta interesguneen aldaketan islatu da, batik bat esparru politikoa esparru sozialare-
kin, esparru ekonomikoarekin eta esparru kulturalarekin harremanetan jartzeko
premian. Halatan, analisi historikoa ezinbestean agertzen da aldaketa politikoak
ulertzeko unean, gizarte-mugimendu berrien egintza kolektiboa gero eta lotuago
dago errealitate kulturalarekin eta botere politikoaren bilakaera nekez ulertu ahal
da aldaketa ekonomikoen berririk izan gabe. Gaur egungo gizarte konplexuetan
gizarte-atal autonomoak badaude ere, horietako bakoitzean burutzen den aldaketak
halabeharrez eragiten ditu ondorioak beste esparruetan. Horrenbestez, politikaren
mugak aldatu egin dira poliki-poliki: gai berriak eta praktika politiko berriak sor-
tzean, haiei egokituriko analisi-marko eta metodologia berriak ere erne dira jakin-
tzaren arloan.
Era askotakoak dira azken hogei urteotan fenomeno soziopolitikoen ulerkun-
tzari eragin dioten aldaketa esanguratsuak. Lehenengo multzo batean, azkenaldi
honetan gizarte garatuen baitan sortutako prozesuak hartu behar dira kontuan
(Benedicto eta Morán, 1995). Zalantzarik gabe, sistema politiko demokratikoak
garapen ekonomiko kapitalistarekin eta, azken batean, gizarte-ongizatearekin
Politika eta gizartea 27
edukitako loturaren desagerpena izan da horietako bat. Haustura hori garrantzitsua
da aintzat hartzen bada ongizate-sistemaren utopiak gidatu zuela Europaren be-
rreraikuntza politikoa Bigarren Mundu Gerratearen ostean. Krisi horren karietara,
bi gogoetagune zabaldu dira fenomeno politikoen azterketan. Alde batetik,
Ongizateko Estatuaren ereduaren porrotean jartzen da arreta; porrotaren arrazoien
inguruko eztabaidan Ongizateko Estatuaren eraispena eta haren egituraketa berria
aldarrikatzen dutenen arteko lehia adierazten da, hain zuzen ere. Bestalde,
desberdintasun ekonomiko eta sozialek sistema politikoetan sorrarazten dituzten
ondorioen ebaluazioan oinarritzen da bigarren azterketa-lerro bat; bazterketa
soziopolitikoaren molde berriak ikuskatzen dira horren barruan, menperatze
ekonomikoan oinarritutako marjinazioarekin batera, desjabetze kulturalean eta
sinbolikoan eratutako beste batzuk plazaratzen baitira indarrez.
Gogoeta-gai berriok, jakina, gizarte industrial garatuetako sistema politikoen
mugak eta zokoraketak definitzeko interesa pizten dute. Halatan, arrazoibide
horien arabera, toki berezia hartzen du parte-hartze politikorako molde berrien
sorrerak --egintza kolektiboko eredu berriak, besteak beste-- sistema politikoen
itxikeriaren ondorioz. Egintza kolektiboaren fenomeno berriak ohiko esparru
politikotik at burutzen dira. Beraz, gizarte zibilaren esparruak eskuratzen du
berebiziko protagonismo politikoa. Orobat, sistema politikoen mugak aztertzen
dituen ikerketa-ildo berberak ematen die bidea gaur egungo sistema politikoen
egonkortasunean eragiten duten legitimazio-arazoen azterketei ere.
Baina, zalantzarik gabe, gainditutzat jotzen ziren zenbait arazo politikoren
berpizkundeak eragin du astindurik handiena azterketa politikoan. Hartara, ahalegin
berriak egin dira azkenaldian estaturik gabeko nazionalismoen inguruko analisian
eta, ildo berean, nazio-estatuen* garapen historikoaren interpretazioan ere. Halaber,
argi ikusi da nortasun kolektiboen eta haien politizazio-prozesuen eraikuntzaren
inguruan lan egin beharra, politikaren eta kulturaren arteko zubiak eratuz.
Berlingo harresiaren eraispenak eta Europako ekialdeko erregimen komunis-
ten desagerpenak, nola ez, beste norabide-aldaketa bat sorrarazi dute politikaren
azterketa-esparruan. Izan ere, amaiera eman zaio egun batetik bestera munduaren
bi muturreko ikusmoldeari. Bada, kapitalismoaren eta sozialismoaren arteko oposi-
zioa ez da soilik bi produkzio-ereduren arteko alderaketa hutsa izan, bizitza politi-
koa eratzeko bi formularen aurkaritza baztertzailea baizik. Oposizio horren itzalak
ia mende batean egindako azterketa politikoak zeharkatu ditu. Hori dela eta, sozia-
lismo "errealaren" deuseztapenak ez ditu eragin makalak izan analisi soziopoliti-
koetan. Batetik, jakina, eztabaida zabaldu du orientazio marxista daukan teoria
28 Politika eta gizartea. Oinarrizko ikasgaiak
* Zalantza izan dugu "estado-nación (g) / état-nation (f) / nation-state (i)" hitzaren euskarazko
ordaina aukeratzeko orduan. Izan ere, bi eratan erabili eta proposatu da, hots: "estatu-nazioa"
(besteren artean Euskalterm-en horrela dator) eta "nazio-estatua" (Elhuyar hiztegian horrelaxe
proposatzen da). Guk, hainbat kontsulta egin ondoren, nazio-estatua aukeratu dugu, eta horrelaxe
erabili dugu testu osoan zehar.
politikoaren barnean, zeren marxismoaren estatutu teorikoa jarri baita zalantzan
ikusmolde teoriko gisa eta gizarte-errealitatearen azterketarako tresna modura.
Bestetik, aldaketa politikoaren nolakotasuna bihurtu da azterketa askoren arretagune.
Azkenik, globalizazio ekonomikoaren bultzada ere ez da oharkabean geratu
botere-harremanei dagokienez. Merkatu-politikek estatuen mugarriak gainditu
dituzte eta, era berean, estatuek beren eskumenetako batzuk galdu dituzte zenbait
estatugaineko instantziaren mesedetan. Estatu hegemoniko baten inperialismo- eta
militarismo-molde berrien eragina ere nabarmen azaleratzen da nazioarteko ager-
toki politikoan. Tartean, globalizazio-prozesuak munduko gizarte zibil globalaren
eraketan ere badu adierazpen berri bat, haren bilakaera zein izango den oraindino
oso argi ez badago, ere.
Bestalde, ohiko azterketa politikoetan saihestu egin da, behin baino gehiago-
tan, dependentzia ekonomikoak sortutako arazoak herrialde ez garatuen bilakaera
politikoan izan duen eragina. Haatik, XX. mendean egindako aurreikuspen guztien
aurrean, argi ikusi da ezen gaur egun azpigarapena auzi endemiko bilakatu dela
munduaren zati handi batean. Eta azpigarapen ekonomikoarekin batera eredu poli-
tiko demokratikoen porrota ere errealitate gordina dugu munduaren alde horretan.
Horiek horrela, garapen politikoaren eta modernizazio politikoaren gaiak ikuspegi
desberdinetik ikertzen dira gaur egun. Besteak beste, politikaren oinarri ekonomi-
koak eta kulturalak aintzat hartzeko premia azpimarratzen da, Mendebaldeko eredu
soziopolitikoen esportazioak oso ondorio kaltegarriak izan dituelako. Bestalde,
eredu kultural arrotzen ezarpenak zenbaitetan bizitza politikoan mestizajea sortu
badu ere, beste hainbatetan erantzun bortzitzak eragin ditu mundu ez-garatuan.
Hartara, ezinbestekoa da esanahi politikoa daukaten erantzun horien osagai kultu-
ralak, erlijiosoak, ekonomikoak eta politikoak aintzat hartzea. Ideia horri jarraiki,
gero eta gehiago dira politikaren azterketan kulturaren eta erlijioaren dimentsioak
abiaburutzat hartzen dituzten ikuspegiak, zeren ezaugarri horiek nortasun kolek-
tiboen eraketa-prozesuak ulertzen laguntzen baitute.
1.5. LIBURUAREN ESKEMA
Politikaren eremuaren zabalkuntzak, lehenago aipatu den moduan, gizartearen eta
politikaren arteko harremanak ikuspegi dimentsioanitz eta diziplinartekoa abiaburu
hartuz aztertzea ekarri du berarekin. Zer esangura dauka, hartara, gizartearen eta
politikaren arteko harremanek dimentsio anitzeko izaera daukatela baiezteak? La-
bur adierazita, faktore bakar batek --dela ekonomikoa, soziala, politikoa, ideolo-
gikoa edo kulturala-- fenomeno politikoen azalpenean ustez izan dezakeen eragin-
nagusitasuna baztertu egiten dela esan nahi du. Izan ere, interpretazio-aldagai soila
zeukaten azterketa-ereduak saihestu egin dira arian-arian politikaren analisitik, ze-
ren errealitate soziopolitikoaren konplexutasunaren egiaztapenak gezurtatu egin
baitu holako ikusmoldeen azalpen-ahalmena.
Politika eta gizartea 29
Dimentsio anitzeko ikusmoldeak, bestalde, gogoetagunean jartzen du dimen-
tsio politikoa, aldi berean politikotasunaren autonomiaren inguruko behinolako
eztabaida alde batera utziz. Bada, ikusmolde horretan, politika faktore bat gehiago
da izan, aintzat hartutako abiapuntuaren arabera autonomia-, eragin- zein depen-
dentzia-harremanak izango dituena gizarte-bizitzako beste faktoreekin.
Hain zuzen ere, era horretako ikusmoldea, zabala eta integratzailea, politikota-
suna gizarte-testuinguruaren barnean ulertzen duena eta diziplinarteko ekarpenak
kontuan hartzen dituena hezurmamitu gura dugu jarraian azaltzen diren gaietan.
Halatan, bigarren atalean botere politikoaren egituren azterketari ekingo diogu,
betiere testuinguru soziala gogoan izanik. Hartara, gizarte aurremodernoetan gara-
tzen diren botere-egiturak eta gizarte industrialetan sortzen den eraketa politiko
nagusia --nazio-estatua-- bereiziko ditugu lehendabizi. Estatu-egituren eraketa
historikoa aztertzean, estatu modernoaren espezifikotasuna nabarmenduko dugu,
poliki-poliki eskuratzen eta metatzen dituen baliabide desberdinak arakatuz.
Ondoren, hirugarren atalean, sistema politiko modernoaren eta kapitalismo
industrialaren arteko harremanen berrikusketa ardatz hartuta, egitura politiko eta
ekonomikoen egokitzapenaren eta birdefinizioaren berri emango da; bi egiturek
bat egin dute XX. mendeko Ongizateko Estatuaren ereduan. Beranduko modernita-
tean, ordea, estatu-eredu hori krisiak jota agertzen da. Merkatu ekonomikoak
globalizatu egin dira eta estatuek beren eduki soziala galdu dute neurri handi
batean. Estatuaren eta merkatuaren aurrean gizarte zibilari lehentasun politikoa
eman nahi dioten proposamenak agertzen dira abadagune horretan. Politika sozialen
porrotak, halaber, herritartasunari buruzko eztabaida berriak zabaltzen ditu.
Laugarren eta bostgarren ataletan lantzen den ikuspegian, politikagintza
gizarte-esparruan txertatuta agertzen da bete-betean. Halatan, gizartekideek egintza
politikoak garatzeko dauzkaten aukeren analisiari heltzen zaio. Alde batetik, par-
te-hartze politikoaren inguruko gogoeta egiten da, eta hauteskunde-portaeran era-
giten duten gizarte-faktoreak ikuskatzen dira. Bestetik, gizarteak politikoki antola-
tzeko eta sitema politikoan eragiteko baliatzen dituen antolaketa-tresnak aztertzen
dira; horietako batzuk sistema politikoan erakundetuta eta integratuta daude,
alderdi politikoak kasu. Beste batzuk, aldiz, eraketa eta egintzabide informalagoak
agertzen dituzte, gizarte-mugimendu eta presio-taldeekin gertatzen den bezala.
Gizarte-ordenaren eta ordena politikoaren integrazioa eta legitimazioa ezin
dira ulertu kulturaren gizarte-atala bazterturik utzita. Hartara, seigarren atalean bi-
zitza politikoaren kultura-alderdiak aztertzen dira. Besteak beste, kultura politikoa-
ren kontzeptua lantzen da eta, bereziki, kultura horren transmisio-prozesuetan
jartzen da arreta, alegia, gizarteratze politikoaren prozesuetan. Horrekin batera,
komunikazio politikoak masa-hedabideen garaian eskuratu duen garrantzia ere
hartzen da gogoan. Hori dela eta, iritzi publikoaren mekanismoak aztertzen dira,
baita portaera politikoan duten eragina ere.
30 Politika eta gizartea. Oinarrizko ikasgaiak
Politikaren esparrua integrazio-esparrua ez ezik gatazka-gune pribilegiatua ere
bada, bertan adierazten baitira botere-asimetriarik bortitzenak eta interes-borroka-
rik agerikoenak. Hala ere, gatazka politikoak iturri eta adierazpen zeharo desberdi-
nak izan ohi ditu. Hain zuzen ere, zazpigarren atalean esanahi politikoa duten ga-
tazka-mota garrantzitsuenak aipatzen dira, besteak beste, oinarri materiala daukaten
klase-gatazkak eta nortasun-auziak tarteko dituzten nazio-gatazkak. Azkenik, in-
darkeria politikoaren gaia aztertzen da. Izan ere, bortxa egintza politikorako tresna
gisa erabiltzen da behin baino gehiagotan, batetik, Estatuaren jardueraren ohiko
baliabidea delako eta, bestetik, gizarte-talde batzuek ere bitarteko politikotzat
jotzen dutelako.
Zortzigarren atalean, beranduko modernitateko gizarteetan politikagintzak
jaso izan dituen eraldaketak planteatzen dira. Hain justu, XX. mendearen amaieran
merkatu kapitalistek behinolako lurralde-mugarriak gainditu dituzte, globalizazio-
aroari hasiera emanez. Globalizazioa prozesu ekonomikoa izan da batik bat; dena
den, ondorio politiko garrantzitsuak izan ditu. Globalizazio-prozesuarekin batera
estatuen eskumenak eta ohiko funtzioak aldatu egin dira apurka-apurka. Egintza
politikoa dagoeneko ez da Estatuaren markoan soilik garatzen, ezpada beste
esparru batzuetan, Estatua baino esparru zabalagoetan zenbaitetan eta, aldi berean,
Estatua baino eremu murritzagoetan beste zenbaitetan. Politikotasunaren mugak,
bada, birdefinitu egin dira. Hartara, lehenago ez-politikotzat hartzen ziren gaiak eta
bizitza-atalak --hala nola gorputza, sexualitatea, nortasun indibiduala eta gizarte-
bizitzako esparru pribatua-- eragin politikoen menpe geratu dira. Gauza bera ger-
tatu da beste gizarte-eremu batzuekin ere, batik bat gizarte-garapenaren baliabide
funtsezkotzat jotzen diren informazioarekin, ezagutza zientifikoarekin eta, oro har,
ekoizpen sinbolikoarekin. Horiek denak hartu ditu bere barnean politikak gaur
egungo gizarteetan. Hortaz, egintza politikoaren ereduak aldatu egin dira, baita
gatazka politikoak sorrarazten dituzten auziak ere. Politikagintza-molde zaharrak
eta berriak aurrez aurre dihardute gaur egungo esparru politikoa behin eta berriro
definitzen.
Politika eta gizartea 31

Politika eta gizartea