1. Zer da Gizarte Psikologia?
1.1. GIZARTE-PSIKOLOGIA ZERTAN DEN
Lehendabizi, Gizarte Psikologia zer den azaldu behar dugu, zehatzago, haren ikuspegi
berezia, haren analisi-maila edo era berezia, zertan den azalduko dugu. Horixe izango baita
liburuan zehar jorratuko dugunaren markoa. Hartara, arrunki erabiltzen diren hiru
definizio-bide ekarriko ditugu hona. Gizarte Psikologia zer den zehazteko hiru bide hauek:
Analisi enpirikoa: gizarte-psikologoek zer egiten duten (Gizarte Psikologiaren agenda,
gai-zerrenda eta ikertzeko moduak).
Analisi normatiboa: gizarte-psikologoek zer egin beharko luketen (zein den Gizarte
Psikologiaren helburua, zein, horren arabera, bere ikergai eta metodoak).
Analisi historikoa: gaur arte gizarte-psikologoek zer ikertu eta zer egin duten (nola
sortu zen zientzia hau eta zein izan diren bere ildo teoriko nagusiak, bere ekarpen teoriko
eta praktikoak...).
Lehenengo biak jorratuko ditugu segituan: azkena, berriz, aurrerago eta modu
sintetikoago batean. Ikus ditzagun, bada.
Analisi enpirikoaren bidezko definizioa
Gizarte Psikologiaren agenda: zer ikertzen dute gizarte-psikologoek? Bide horretatik
Gizarte Psikologiaren arloak eta ikertzeko esparruak erakutsi beharko genituzke: oinarrizko
prozesu psikosozialak, gizarte-eragina eta jarrerak, taldearen psikologia eta gizarte-multzo
handien psikologia (kolektiboa) eta abar. Baina egia esan, Gizarte Psikologia definitzeko
modu honek badu akatsik, azken finean deskribatzen direnak instituzionalki onartuak izan
diren ikerlan eta ikertzeko ildoak direlako; ez da kontuan hartzen edukiaren balioa. Berez
egiten dena paradigma, ildo edo teoria-multzo nagusia onartzea da.
Bestalde, eduki edo gai ezagunez gain, analisi-mailak ere kontuan hartu behar dira:
pertsonabarnekoa, pertsonartekoa, taldebarnekoa, taldeartekoa, gizartekoa eta multzo
handietakoa (kolektiboetakoa). Beraz, gaiak edo edukiak eta analisi-mailak bateratuta
"agendaren" irudi osoa izango genuke. Jimenez Burillo-k (1981) ildo horri jarraituz, defini-
zio efektiboaz eta definizio intentziozkoaz dihardu. Lehenengoaren arabera hiru dirateke
Gizarte Psikologiaren gai-multzoak:
· Jakintza-arlo honen historia, kontzeptu eta metodologiaren gaineko gaiak.
· Subjektuaren eta ingurunearen gainean: prozesuak (komunikazioa, gizarteratzea),
aldagai psikosozialak (sentimenduak, motibazioak, asmoak), aldagai makroso-
zialak (egiturak, klaseak, kulturak, ideologiak...).
· Jarrerak eta taldeei buruzko gaiak.
1.1. jarduera
Definizio teorikoa edo normatiboa edo intentziozkoa
Definizio efektiboak asetzen ez bagaitu "intentziodunetara" jo behar dugu. Asmoz eta
jakitez egindako definiziora, izatez denetik izan behar duenera, hain zuzen ere. Artez,
zertan aritu behar du Gizarte Psikologiak? Definizio normatibo gehienek hiru osagai hauek
biltzen dituzte: gizabanakoa, gizarte-portaera eta elkarrekintza. Orientazioaren arabera
garrantzi handiagoa emango diote bati edo besteri. Eta ordena horren arabera, honako
galdera hauei erantzun bat edo beste emango diete:
· Zer eta nola ikertu behar du Gizarte Psikologiak?
· Ondoko zientziekiko, Gizarte Psikologiak ba al du berariazko ikergairik?
· Galdera horrek Gizarte Psikologiaren sorrerara garamatza: zelan sortu eta garatu
zen?
Munné-k (1982) honela laburtzen ditu Gizarte Psikologia zientzia bereizia ote den
arazoarekiko jarrerak: aldez, izaera bereizia ukatzen dutenak eta ondorioz alde batera edo
bestera lerratzen direnak, alegia, psikologismoa eta soziologismoa; aldez, bi poloak uztar-
tzen saiatu direnak, ikuspegi osoago baten bila, soziopsikologismoa edo psikosoziologis-
moa.
Izaera bereizia ukatzen dutenak: psikologismoa eta soziologismoa. Ikuspuntu hauek
ez dute Gizarte Psikologia zientzia bereizitzat jotzen, beste zientzia baten mendeko atala
dela uste dute, Psikologiarena edo Soziologiarena.
Psikologismoaren ustez "pertsona" da ikergairik behinena, pertsona barneko jarduera
psikikoak ikertu behar dira, horiek emango baitute giza portaeraren kontu nahikoa. Aldagai
psikologikoek giza portaera, kognizioa, jarrerak eta abar, azaltzeko eta ulertzeko behar
beste argibide emango dute. Ikuspegi honen arabera gizartea eta gizarteko aldagaiak
"ingurunea" baino ez dira: aldaketarik edo estimulaziorik sortzen badute ere, gizabanakoa-
rengan izango da eta beste gizabanakoengandik (gizartea = gizabanakoen multzoa, gizartea
ez da gizabanakoen batuketa baino). Beraz, analisi- eta ulermen-maila edo esparru oina-
rrizkoena eta batzuetan bakarra gizabanakoa da. Bistan da, murrizte edo "erredukzionismo"
honek oso kontzepzio abstraktua duela gizakien gainean: ez ditu kontuan hartzen benetako
gizakiak, gizarte-ingurune batean bizi eta sortu direnak. Gizakiak, antza, pertsona "hutsak"
dira; gizabanako hutsak eta gizartetik sortzen diren gauzek eta gertaerek, eragina badute
ere, ez dute gizabanakoaren muina aldarazten. Beraz gizarte-gertaeren zergatia ez da
gizartearen baitan egongo, gizabanakoen muin horretan baizik; senak, grinak, ezagutzeko
egiturak, jarrerak edo asmoak eta abar izan daitezkeela muin hori. Azken finean, beraz, giza
portaeraren zergatiak psikologia pertsonalera --eta hori Biologiaren esparrura-- mugatu
edo murriztu nahi dituzte, Natura Zientziek ukan duten ospe eta konfiantza-maila lortu
nahirik edo.
18 Komunikazioaren Gizarte Psikologia
Soziologismoak, berriz, gizarte-egiturak berezkotzat jotzen ditu, hau da, gizakiez
gaindiko izaterik balute bezala. Gizabanakoa eta bere jarduera psikikoa egitura horietatik
eratortzen dira, egitura horiek moldatzen dituzte. Banaketa hori dela eta, egile batzuen
ustez bi gizarte-psikologia omen daude: soziologikoa (mikrosoziologia) eta psikologikoa
(Alvaro & Garrido, 2003). Eta bost tradizio omen: taldearena, gizabanakoarena,
instituzioena, lewiniarra, historiko-dialektikoa (Blanco, 1988).
Soziopsikologismoa/psikosoziologismoa: ikuspegi osoagoaren bila. Oro har, gaurko
gizarte-psikologoek "murriztea" saihestu nahi dute eta Gizarte Psikologiaren jatorrizko
izaerari eutsi. Hartara, Gizarte Psikologia beste zientzia baten mendean edo beste zientzia
baten mugetan ezarri nahi duten murrizteak ekidin behar dira eta bestelako analisi-maila
hartu: gertaera psikologikoak ez dira jo behar soziologikoen aldagai independentetzat,
alegia, lehenengoak bigarrenen ulerpide nahikotzat, ezta alderantziz ere. Horrela gertaera
psikikoak eta sozialak maila ezberdinetan ulertu behar dira baina elkarren eraginean eta
elkarren eragin hori ikertzeko esparru kontzeptual bereizia behar da. Autonomia kontzeptual
hori lortzeko bide batzuk daude. Tuner eta Oakes-en aburuz (1986) Gizarte Psikologiak oso
bestelakoak diren gertaerak bildu behar ditu: alde batetik, gertaera psikologikoak (adime-
naren ezaugarriak eta jarduerak) eta, bestetik, soziologikoak (giza artetik, elkarrekintzetatik
sortzen diren gertaerak eta jarduerak). Baina benetan al dute gertaera-mota horiek izaera
ezberdina? Edo analisi-maila ezberdinak baino ez dira? Hau da, noraino dira bi errealitate
ezberdin eta noraino guk mundua ulertzeko darabilgun sailkapen bat, kategorizazio edo
analisi-bide bat?
Lehenengo kasuan, hots, izaera ezberdina duten bi errealitate-mota izango balira
(psikologiko/norberarena versus soziologiko/gizartekoa), Gizarte Psikologia bi errealitate
ezberdin uztartzen arituko litzateke: berez bestelakoak diren bi errealitate-esparru edo bi
gertaera-mota lotzen. Alferrikako lana. Kasu honetan, gainera, Psikologia eta Soziologia-
ren arteko hutsunea estaltzeko zubia izatea izango litzateke Gizarte Psikologiaren zeregina.
Baina, bigarren kasuan, bi analisi-mota edo errealitatea ikusteko eta ulertzeko bi eginbide
baino ez badira, orduan, zilegi da oso, baita egoki ere, uztartzeko ahalegin hori, eta zubia
gabe, ulermen osoago baten egitasmoa izango litzateke.
Bidenabar esan dezagun, azken ikuspegi horren arabera, giza errealitatea bat dela
funtsean, baina tankera askoko gertakarietan sortu eta agertzen den errealitatea: gure kul-
turan gertakari batzuk "psikologikoak", pertsona barnekoak, dira, bestetzuk soziologikoak
edo "gizartekoak".
Gizarte Psikologiak gertakari horiek noiz, nola eta zergatik duten izaera hori azaldu
eta ulertzeko bideak eskaini behar dizkigu. Beste modu batez esanda, pertsonaren eta gizar-
tearen errealitateek zer-nola eragiten dioten elkarri, eta zergatik gertaera batzuk psikikoak
diren eta bestetzuk, berriz, sozialak. Doise-ren ustez, esaterako, Gizarte Psikologiaren
xedea gizabanakoa mikrosozialean integratzea eta mikrosoziala makrosozialean integratzea
izango litzateke.
Beste batzuek, ordea, berariazko objektua asmatu diote Gizarte Psikologiari. Ikuspegi
berezi eta globalagoa izatea nahikoa ez zelakoan, "errealitateren" zati edo atal bat zatikatu
eta zedarritu dute, zientzia honek ere bere berezko ikergaia izan dezan. Psikologismoa edota
soziologismoa bezalaxe, hau ere "substantibismoa" da: substantzia edo errealitate-esparru
Zer da Gizarte Psikologia? 19
batean oinarritu nahi baitute zientzia hau. Lehendabiziko kasuan pertsona barnekoaren
esparruan, bigarrenean gizartekoaren esparruan eta hirugarren honetan "gizarte-elkarre-
kintzaren esparruan".
Gizarte-elkarrekintza: gizakiek elkarrekin dihardutenean eta elkarri eragiten diote-
nean sortzen dituzte bai gizarte-egiturak, bai gizabanakotasuna, baita munduaren
ulerkuntza ere. Elkarri ekite eta eragite horri deritzo "elkarrekintza". Hala ere, eta elkarrekin-
tza errealitate sui generis jo gabe, "elkarrekintza" kontzeptua analisi-maila ezberdinak
lotzeko eta uztartzeko bide egokia da. Ikuspegi horri "interakzionista" deritzo, eta askok
uste du hori dela "benetako ikuspegi psikosoziala" (Torregrosa, 1982).
1.2. jarduera
1.2. IKUSPEGI PSIKOSOZIALA
Gizarte Psikologiaren funtsa ez da berariazko metodo bat edo berariazko ikergai bat,
oinarrizko ikuspegi berezi bat da: ikuspegi integratzailea da gertaera psikologikoak eta
soziologikoak batera ulertu nahi dituelako, ez da mugatzailea edo murriztailea, ez baitu
psikologikoa soziologikora edota alderantziz mugatzen, hortaz, gertaera-mota horiek bere
horretan aztertzearen aldekoa da eta, azkenik, ez da determinista, gizarteak pertsonak
moldatu arren horiek ere errealitate sortzaileak direla onartzen duelako.
Historikoki ikuspegi hau soziologiarena izan zen lehenago, baina psikologiaren
aurrean zientzia bezala agertu ahal izateko "gertaera soziologikoen autonomia eta
ezberdintasuna" aldarrikatu behar izan zuen. Horregatik, eman zien arreta berezia gertaera
"makroei" (gizarte-aldakuntza handiak, gizarte-sistema handiak...) eta bazterrean utzi
pertsona artean (edo talde txikietan) gertatzen ziren gauzak; hori, jakina, ez da soziologo
guztien ibilbidea: Simmel, esaterako, klasikoetako bat, gizarte-psikologotzat jo daiteke.
Psikologiak, berriz, "gizabanakoaren errealitate finko eta ukaezinetik" abiatu zenez
ez zuen izan instituzionalizatzeko arazorik, eta natura-zientzien ereduei jarraituz gizaba-
nakoa "isolatu" eta psikea edo portaeraren nondik norako guztiak biologiaren kontzeptuen
arabera azaltzen saiatu ziren psikologoak (instintuak, erreflexuak...). Gizarte Psikologiak,
beraz, bi eremu zuen jaiotzeko: alde batetik, Soziologiak utzitako talde txiki eta pertsonar-
teko harremanena; bestetik, Psikologiak utzitako gizakien arteko portaera bereziak.
Eremuotan sortu zen Gizarte Psikologia.
Ildo integratzaile horretatik plazaratu berri diren proposamen teorikoen adibide
egokiak dira Giddens-en gizarte-estrukturazioaren eredua eta Stryker-en interakzionismo
sinboliko estrukturalista. Biek estrukturalismoaren eta funtzionalismoaren ekarpenek ekin-
tzaren teoriaren ekarpenekin bat egitea nahi dute: gizakien portaera moldatzen omen duten
aurretiko egituren eragina eta norberaren asmo eta gogoetak bildu ikuspegi bakar batean.
Bat-egite hori Gizarte Psikologiaren xede nagusia bide da (Alvaro, 1995).
Azken finean, Gizarte Psikologiaren xedearen azpian arazo filosofiko zahar bat ebatzi
nahia dugu: zer da "ontologikoki" aurrena eta nagusiena: gizabanakoa ala gizartea? Hau
da, zer da berez lehenago eta zer bestearen eratorkin edo mozkina: gizabanakoa ala gizar-
tea? Gizakiek sortu eta gauzatzen dute gizartea ala gizarteak sortu eta gauzatzen ditu
gizakiak eta horien "psikea"?
20 Komunikazioaren Gizarte Psikologia
Horrela planteatuta arazoak huskeria dirudi, baina Mendebaldeko pentsamenduaren
arazogune klasiko eta nagusienetako bat da, gaur ere oreka gaitzak egin beharra dago ez
erortzeko alde batera edo bestera; izan ere, gure pentsamendu-tradizioan erabat sustraituta
dagoen ikusmoldea da gizabanakoa/gizartea aurkaritza. Baina esan bezala, ikuspegi
psikosozialaren arabera gizartea eta gizabanakoa izatez sustantzia berekoak dira: gizabana-
koak gizaki-artearen mozkinak dira eta gizartea gizabanakoen elkartea baino ez da.
Jakina denez, Gizarte Psikologia bere testuinguru historiko eta intelektualaren emai-
tza da; zehazkiago: Modernitatearen emaitzetako bat. Eta Modernitatean, mendeetan zehar
garatu eta sakondu zen gizabanakoa/gizartea aurkaritza hori gaindiezin bihurtu zen eta,
horrexegatik hain zuzen ere, konpondu beharreko arazo larri, bai gizartearen, bai gizakien
nondik norakoak ulertzeko.
Ondorio gisa, Gizarte Psikologia, Europan ulertu den moduan, honela defini liteke:
"elkarrekintzaren bidez nahiz taldebarneko eta taldearteko irudikatze-prozesuen bidez,
gizartea eta gizabanakoa zelan uztartzen diren ikertu behar duen zientzia" (Paez et al.,
1992). Adibide gisa, hona hemen Ovejero-ren eskuliburutik aldatutako pasarte hau (Ove-
jero, 1998), aipatutako ikuspegietatik bortxazko krimenen arazoa zelan aztertzen den
jorratzen duena:
Soziologoek gizarte-mailako ikuspegi batetik, (bortxazko krimenen arazoaren) azalpena gi-
zarte-eragile handietan bilatuko dute, esaterako: bortxazko krimenen tasa handiak, pobrezia-
rekin, urbanizazio eskasarekin eta industrializazio azkarrekin lotuko dituzte. Ikusten denez,
aldagai makrosozial batzuei erreparatuko diete, gizabanakoak eta beren egoera hurbilak kon-
tuan hartu barik. Psikologoek, osterantzean, gizabanakoari erreparatuta, norberaren historiak
eta aldagaiak erabiliko dituzte krimenen arazoa argitzeko, esaterako: gizarte-ingurua alde
batera utzita, "gaizkilearen" izaera edota ezaugarriak. Bi ikuspegi horiek ez bezala, Gizarte
Psikologiaren berezitasunaren gakoa hau litzateke: jendeak egoera jakin batzuetan zelan joka-
tzen duen ulertzea. Esaterako: gizarteak eta prozesu makrosozial horiek zelan moldatu zituzten
pertsona bat eta bere ezaugarriak, pertsonartean zein egoeratan sortzen den frustrazioa, eta
hortik zelan sortzen den agresibitatea, baina ez hori bakarrik, zergatik kultura batzuetan
frustrazioak oldarkortasuna sortzen duen eta bestetan ez. Portaeraren azalpena gizabanakoak
inguruarekin duen harreman eta elkarrekintzan aurkituko baitugu, zehazkiago gizarte-
inguruarekiko elkarrekintzan. Barriga-k dioen legez, "psikologikoa ezin da ulertu gizarteko
eragina kontuan hartu barik, ezta gizarteko gertaerak ere, giza arte jakin hori zertzen duten
gizabanakoak kontuan hartu barik".
Psikologiak pertsonen ezaugarriek giza portaeran duten garrantzia ikertzen bide du,
Gizarte Psikologiak portaera horretan gizarte-ezaugarriek edota gertaerek zer-nolako
garrantzia duten ikertu behar du, bai norberaren portaeran, bai talde eta giza multzoen
portaeran ere (talde-dinamikak, harremanak, gizarte-nortasunak...). Baina giza portaera
edo giza ekintza, norberaren asmoz eta zioz bezala, inguru historiko eta kultural bateko
gizarte-sinboloen bidez ere eratu dela ahaztu barik (Ovejero, 1998).
Gizarte Psikologia giza elkarteko bizitza ulertzeko ikuspegi berezia da. Gizarte
Psikologia ez da, beraz, Psikologia eta Soziologiaren artean geratu den tartea bete behar
duen zientzia. Tarte hori desagerrarazteko ekinbidea baizik. Gaur egun badu ekarpen
teoriko nahikoa, bai Soziologiaren ikuspegiarentzat eta bai Psikologiarenarentzat ere;
ezinbesteko osagarri den ekarpen teorikoa. Baina ekarpen horretaz gain, ikuspegi bereizi
Zer da Gizarte Psikologia? 21
eta berezia eskaintzen du, gure pentsamendu-tradizioan sakon errotutako hainbat muga eta
aurkaritza gainditu gura dituena. Gizabanakoa/gizartea, psikikoa/soziala, norberare-
na/elkartearena, subjektiboa/objektiboa dikotomiak, eta giza errealitateak oro, giza elkarre-
kintzaren esparruan kokatu nahi dituen ikuspegia.
Ikuspegi psikosozialak giza ekintza eta portaera ulertzeko honako aldagaiok uztartu
nahi ditu: batetik, subjektuen asmoak eta arrazoiak (norberaren intentzioak), bestetik,
gizarte-egituren eragina. Uztartze- edo artikulatze-lan hori ezin da egin gertaera-multzo bat
bestearen mende ezarriz, hots, bata bestearen ondorioa izango balitz bezala. Benetako
uztardurak biak maila berean kokatuko ditu, elkarri eragiten baitiote, ez soilik batak
besteari.
Non? Zer mailatan edo giza gertaeratan ikusten dugu elkarreragin hori? Non eragiten
diote elkarri subjektuen asmoek eta gizarte-egiturek? Gizarte-elkarrekintzan, hain zuzen
ere. Bertan sortzen dira gizarte-erakundeak, bertan gizakiak berak ere. Horregatik, Gizarte
Psikologiaren analisiak biribila behar du: gizarte eta ingurune eragileetatik, erakunde eta
egituretatik, talde eta elkarteetatik, pertsonen ekintza eta intentziodun portaeretara eta
atzekoz aurrera.
1.3. jarduera
1.3. GIZARTE-PSIKOLOGIA ETA ZENTZUMENA
Gizakiok zentzudun mundu batean bizitzeko beharra dugu, bizitzak edo izateak baduela
zentzu sakon eta errotiko bat sinesteko beharra. Izan ere, gizakia "abere sinbolikoa" da,
bere ingurua sortu behar duen animalia. Mundu neutral, arrotz, material eta organikoari
sinboloen bidez eta komunikazioan, hots, pertsonarteko adostasunean, zentzua emanez
sortzen dute gizakiek beren ingurua (Becker, 1968; Schutz, 1962).
Aurreko paragrafoan dugu Gizarte Psikologiaren mamia. Zentzudun mundu batean
bizi gara eta mundu hori subjektu arteko komunikazioaren mundua da. Antza, mundu
ezagun eta gardena da gure ingurukoa. Geure burua mundu horrekin bat eginda bizi omen
gara. Neurri batean hala da. Neurri batean geure inguruko mundu hurbilean zentzu osoaz
bizi gara. Eta zentzutasun horri eusteko hainbat kontu, argudio, hitz... hainbat baliabide
dugu. Hau da, bada, Gizarte Psikologiaren mamia: gizakiok zentzudun mundua zelan eraiki
eta mundu horri zelan iraunarazten dioten, beti giartean ari direlarik.
Hala, bada, eguneroko azalpenetan jendeak erabiltzen dituen argudio eta baliabideak
aztertzerakoan funtsezko bereizketa bat egin behar dugu. Gauza eta gertaera batzuek
zentzua daukate, ez subjektuek arrazoibide, azalbide edo zergatia argi daukatelako. Ez
horixe. Zentzuzkoa edo zentzudunak dira subjektuaren mundua (subjektua bera barne)
zertzen dutelako. Agerikoaren gainean subjektuak ez du azalbide nahikorik. Teoriatik esan
dezakegu subjektua bere munduarekin bat eginda dagoela edo gauza eta gertakari horietan
dela, "munduangoa" edo mundu barrenekoa dela, baina horrek guztiak subjektuei abantzu
deus ez die esaten. Subjektuak, gertakari batzuen aurrean ez du azaltzeko baliabide
handirik. Sentitzen ditu, beraien bidez mundua eta bere burua sentitzen ditu, beraietan bizi
da, baina ez daki sentipen horien kontua ematen. Hau da zuzeneko ulermenaren mundua
edo mundu-maila. Bizi garen mundua agerikoa zaigu. Arrazoiz eta zentzuz beterikoa: ez du
azalpenik behar. Eta azaldu behar izanez gero, bizi izanetara jotzen dugu: bizipenetara.
22 Komunikazioaren Gizarte Psikologia
Subjektuek errealitate batean bizi ahal izateko ahaztu behar dute errealitate horren sorbu-
rua: gizarte-jardunetan sortu diren gertakariak berezkotzat jo behar dituzte, berez omen den
mundu bat sor dadin. Baina munduari buruzko zuzeneko ulermena apurtu egiten da
askotan. Haustura horrek munduarekiko arrotz egiten gaitu eta arrotzari zentzua eman
behar diogu. Hartara, azalpenak taxutu behar ditugu. Horrenbestez, gure ingurumena
ezagutzeko bi bide ditugu: ulermena eta azalpena.
Oinarrizkotik abiatuta, lehendabiziko ezagutza-mota ezaguera edota sena litzateke,
geurez omen dugun jakintza. Ezaguera eta sena edozein organismok bere ingurumenean
irauteko behar duen informazioa jaso, antolatu eta erabiltzeko prozesua izan daiteke.
Animaliak, esaterako, senak gidatzen dituela esan ohi dugu. Eta sen hori ez da bizitzan
zehar landu behar den ezer, jaiotzez daukate animaliek, haien organismoaren erantzun-
sistema da. Jakintza inorena bada espeziearena da eta geneetan gordetzen da.
Alderdi genetikoaz landa, gizakiok ingurumenaren ezagutza landu behar dugu.
Inolako senik baldin badugu, gurea gizarterako sena da. Gizartean bizitzeko prest jaiotzen
baikara. Ezin gara gizartetik kanpo bizi: gizartetik kanpo iraungo bagenu ere, ez genituzke
gizaki antzo garatu ahal ditugun gaitasunak garatuko. Ez genuke berbetan ikasiko, ezta
pentsamendu abstraktua geureganatuko. Vigotsky-ren tesia aipatu ahal dugu hemen, geure
gaitasun behinenak gizartean garatzen ditugu. Hau da, hitz batez, gizarteratze-prozesua. Eta
ondo esanda dago: gizarte jakin batera agertzen gara eta bertan geure burua garatu.
Geurezko ezaguera eta jaiotzatiko senak izango ditugu, Freud-ek eta bestek pentsatu bezala
geure bizitza neurri handian bideratuko dutenak, baina bada bestelako ezaguera bat eta
gizarte-senean eta oinarrizko komunikazioan oinarrituta dago: ulermena.
Ulermena ez da ingurumena edota besteak kanpotik eta azaletik ezagutzea. Ez hori-
xe. Gizarteratzean, geure burua eratzean, mundu oso bat egiten dugu geure. Gu geu gara
mundu hori. Mundu horren kodea eta geure buruaren kodea kode bera dira. Kontuan hartu,
geure buruaren eraikitze-prozesua, azken finean, gizarte-antolakuntzaren arabera orga-
nismo bat moldatzea dela. Beraz, geure burua izanarazten duena gizarte-antolakuntza hori
da. Guk zuzen eta artekorik gabe ezagutu eta ulertu egiten dugu mundu hori.
Ulermena jakin barik jakitea omen da. Konturatu egiten gara zuzenean (gogoeta egin
barik esan nahi baita) zerbaiten edo norbaiten zentzua geureganatu egin dugula eta gainera
besteen antzera egin dugula; horri Schutz-ek "ezagutzaren egiturazko gizarteratzea" zeri-
tzon. Ulermen hori, beraz, berehalakoa eta zuzenekoa da, geure ingurumeneko gauzekin
bat eginda dago. Gauzak ez dira ezer berez, guk ezagutzen ditugulako gauzak direla esan
ahal dugu; ezagutza gauzak eratzea edo eraikitzea da eta eraikitze horri dario berehalako
ulermena. Horrela da behintzat nire gizarte-ingurumen hurbileko ezagutzaren kasuan.
Schutz-en terminologian: gizarteratze genetikoari esker (Schutz, 1962).
Hala izanik ere, usain ona edo zapore gozoa, alaitasuna edo larridura, besteren
asmoak edo nahiak ulertu ahal ditugu. Baina azaldu? Bizikletaz ibiltzen jakin bai, baina
azaldu? Koloreak ezagutu bai, baina itsu bati nola azaldu? Eta are gehiago, geure begi-
bistako errealitatea nola azaldu? Kasu horretan ura uretan bezala gaude. Baina, horrela ez
gaudenean? Ingurumena arrotz bihurtzen denean, gauzak begi-bistakoak ez direnean,
orduan, zer egin?
Zer da Gizarte Psikologia? 23
Azalpena, hain zuzen ere, bestelako bidea, ulermena galdu orduko ulermena berres-
kuratzeko erabiliko dugun bidea da. Ba al dakigu maitasuna edo gorrotoa azaltzen? Ba al
dakigu, oro har, zuzenean ulertzen duguna azaltzen? Oso latza da. Baina gauza, gertaera
edo portaera arrotz, bereizi, apartekoen aurrean azalpen bila hasi beharko dugu ezinbestez.
Eguneroko bizitzan bezala zientzian ezagutzen ez duguna eta ulertzen ez duguna azaltzeko
ahalegin mordoa egiten dugu. Helburua berbera da: bigarren mailako ulermena lortzea.
Bigarren ulermen-maila hori ez da zuzenekoa (ez da intuitiboa), hitzez eta arrazoiz
hornitutako lana da. Dedukzio logikoa eta pentsamendu arrazionala alde honetan topatuko
ditugu. Hala ere, bigarren maila horretan jatorrizko ulermena lortzea da xedea. Etnometo-
dologoen ustez, gizarte-ingurumen jakin batean bizitzeko ditugun jakintza horiek, "etno-
metodologiak", apurtu edo arroztu ahal dira eta subjektua bere buruarekiko arroztu, horrela
bere "begi-bistako" mundua zalantzan jartzen omen da (Garfinkel, 1967). Gizarte Zientziek
lehendabiziko ulermen-maila azpikoz gora jarri nahi izan dute: ulertzen ez duguna hobeto
ulertzeko eta, azkenik, ahozko eta arrazoizko azalpenaren bitartez iragazteko zuzenean bizi
dugun ulermena.
Egia da gizarte modernoetan oso gaitza dela berehalako ezagutza lortzea, gero eta lan
handiagoa eta luzeagoa egin behar dela gizarteratzeko eta ingurumen batean nor izateko.
Egia da, garai honetako gizarteek ahalegin berezia eskatzen dietela subjektuei: gizarte
modernoak aldakuntzak jasaten eta ondo bereganatzen dakiten subjektuak behar ditu. Eta
ikusiko dugunez subjektu aldakorra izatea ez da lan erraza. Egia da, azken buruan, jakin-
tzan eta ezagutzan adituak behar ditugula mundua ulertzeko. Mota askotako adituak ditugu:
buruzagi politikoak, auzokideak, intelektualak, telebistako esatariak, apaizak... Guztiek
badute zer esan mundua nolakoa den azaldu orduko. Guztiek eskainiko digute errealitateari
buruzko azalpenik. Gizarte Psikologia ere ahalegin horretan lankide dugu: bigarren mailako
ulermena eskainiko digu.
Labur esanda, ararte gabeko ulermena, zuzeneko ulermena, norberaren munduaren
naturaltasunarekin dugun lotura baino ez da. Txiste bat kontatzen badigute, ulertuz gero,
barre eragingo digu, horixe da ararterik gabe ulertzea, zuzenik ulertzea. Baina ez badugu
txistea ulertu, azaltzen badigute gauzak arrunt aldatuko dira. Badakigu azaltzen baina,
jakina, ez da gauza bera. Eta bizitzaren gainerako gauzekin berdin gertatzen zaigu. Bizi,
zuzenean bizi egiten ditugu (azalpenik ez dute behar), inoiz azaldu behar izanez gero,
nondik aterako dugu azalpena? Ideologia, mitoak, zientziak, erlijioak, "kontu" handi asko
ditugu, azalpen osoak eman nahi dizkigutenak.
Bigarren
mailako
ulermena
Ikerketa
Azalpena
Zuzeneko
ulermena
24 Komunikazioaren Gizarte Psikologia
Etnometodologek uste bezala, nork bere inguruko gauzei buruz "kontua" emateko
jakintza arrunt bat izan ohi du. Baina gizarte aldakor eta konplexuetan aparteko eta arrotz
diren gauza asko agertzen zaizkigu bizitzan zehar. Interpretatzeko lan askotxo egin beha-
rrean gaude. Eta horretarako, "ikerketa" berezia egin behar dugu. Gogoan izan "ikertzea"
xerkatzea edo bilatzea dela. Eta zer da bilatzen duguna? Kausak, arrazoiak. Baina bilaketa
edo ikerketa sakontzen den neurrian gero eta orokorragoa, gero eta zabalagoa eta "azaltze-
ko indar handiagoa" duten kausa eta arrazoiak... azken buruan, "azken kausak" bilatzen
omen dira. Dakigunez, hau erlijioaren, ideologiaren eta zientziaren lana izan da, dena azal-
tzeko balio duten sistema edo "kontu" handien zeregina. Azter dezagun gaingiroki, zien-
tziaren zeregina.
1.4. jarduera
1.3.1. Zientzia eta pentsamendu "naturala"
Schutz-en ideiei jarraituz, ezagutza gizartean banaturik dago (Schutz, 1946). Zientzia,
esaterako, ez dago ulertzerik "lan kognitiboaren gizarte-banaketatik" kanpo. Gizartean,
beraz, eraikuntza sinbolikoa hainbat mailatan eta arlotan antolaturik dago, eta guztiek ez
dute indar bera, ez botere bera (Putnam, 1984).
Hau izan da Antropologia, Soziologia eta Gizarte Psikologiaren ikerketa gai nagu-
sietako bat. Kontuan hartu diskurtso- edo pentsamendu-maila horiek, ezagutza-maila horiek
askotan gizarte-mailak bereizteko euskarria izan direla (Bourdieu, 1979; Elias, 1987). Eta,
bide horretatik, batzuen boterea legitimatzeko edo egia diskurtso batean kokatzeko.
Zientzia ere nolabaiteko "diskurtso-komunitatea" da (Wuthnow, 1989). Esan nahi baita,
bertan "egia" eraikitzeko metodo adostuak daudela, eta hizkuntza bera erabili beharra, hitz
batez, diskurtso bat: anbiguotasuna onartzen ez duen hizkuntza, adiera-bakartasuna
lehenesten duena, operazio edo datu zehatzekin berdin daitezkeen kontzeptuak, urrats jakin
eta argietan ibiltzen den metodoa...
Hala omen da, "pentsamendu naturala" edo orokorra ez dago erakunde berezietan
bereizirik. Gizarteratzearekin edo heztearekin batera edonork bereganatzen duena da; egu-
neroko bizitza arruntean aritzeko behar duguna. Eta guk ez dugu, normalean ez, horretan
sartzeko eskatu. Jakintza edo ezagutza berezietan, ostera, eguneroko bizimodutik hara ber-
taratu egin behar dugu: sarrera erritualak daude, prozesu luzeak bertaratzeko, ikaste forma-
lizatuak, eta abar. Pentsatu, adibidez, "artearen" esparruan sartzeko behar den prozesu
luzeaz, edo "medikuntzan" onartua izateko behar denaz... Hainbat eta hainbat arlo dugu
bereizi: jakintza bat, komunitate bat, diskurtso bat, egitura batzuk, erritualak eta abar
dituzten jakintza-arlo bereziak. Zientzia horrelako bat delarik, non geratzen da eguneroko
"ezagutza"? Antza denez, guztietatik kanpo. Baina guztietatik edaten eta elikatzen.
Gure unibertso kulturaleko eguneroko ezagutzak edo zentzumenak honako ezauga-
rriok omen ditu (Paez, 1985): substantziak badirela sinesten duen errealismo xaloa da,
kausak zertarakoan edota zergatian bilatzen ditu, kontzeptu abstraktuak baino usuago iru-
diak erabiltzen ditu, arrazoitzeko bide transduktibo eta analogikoaz aritzen da, dogmatikoa
eta ego edo soziozentrikoa da... Zientzia kontrakoa omen: pentsamendua formalizatua,
induktiboa edo hipotetiko deduktiboa, arautegi ezagun eta zehatza, metodologia jakina eta
esplizitua duena.
Zer da Gizarte Psikologia? 25
Hala ere, gaur egun ez da hori guztiz onartzen, batetik, zerikusi gutxi duelako zien-
tziagileen benetako jardunarekin, eta bestetik, horrela jardutean "errealitatea" eskas,
partzialki edo itsu-mustuan aztertzen delako (Kuhn, 1962; Feyerabend, 1975, 1984;
Lyotard, 1986). Gaur ez da erraza jakitea zientziaren eta pentsamendu naturalaren arteko
muga zein den edo non dagoen.
Ezagutzari buruzko gizarte-irudikapen postmodernoa (Ibáñez, 1991)
Gizarte modernoetan, pentsamendu formalizatu eta operazionalizatutik pentsamendu
ez-formalizatura zelan igarotzen den ikusiko dugu aurrerago, baina honaino ekarri gaituen
gaia zehazteko ulertu egin behar da arlo guztien artean trukeak daudela, harremanak eta
kutsapenak. Azken finean, gizarte-arlo ezberdinak izaki, bertan diharduten pertsonak arlo
askotatik ibiltzen dira. Eta batean duten jakintza beste batean erabiltzen dute (maiz, esan
dugun bezala, jendearekiko boterea eskuratzearren). Adibidez, gaixotasun berri bat
agertzen denean, nori galdetu behar diogu mehatxu hori ulertzekotan? Medikuari, horren
galde eginez, haren ezagutza berezia aitortzeaz gain, gure gaineko botere bat ematen diogu.
Bidenabar esan dezagun, jakintza hori denok ulertzeko hizkuntzan eman behar dutela,
hots, itzuli egin behar dutela "pentsamendu naturalaren arauen neurrira" (hau da, hain
zuzen ere, Moscovici-ren "gizarte-irudikapenen teoriak" dioena, baina hau guztiau lauga-
rren kapitulurako utziko dugu). Hitz gutxitan, xerka edo ikerketa zientifikoaren emaitzak
zabaltzeko eta hedatzeko "jakintza narratibo" bihurtu behar dira: "kontu" itxura/tankera
izan behar dute (Lyotard, 1986).
Bereizketa hori funtsezkoa da; zientziak mundu erreifikatu bat eraikitzen duen bitar-
tean, jendeak bere eguneroko jardunetan unibertso adostu bat eraikitzen omen du (Mosco-
vici, 1981). Adostutako unibertsoetan parte-hartzea zabala eta zuzenekoa da, nolabaiteko
berdintasuna dago (lagun artean, nik diodanak zuk diozunak beste balio du...). Interes
komuneko gaiak jorratzen dira parekotasun batean. "Elkarrizketa" da unibertso horren
paradigma: berriketan, kontu kontari ari garenean, denon iritziak baliokideak izan ohi dira.
Berbeta horretan eratzen da mundu zentzudun eta ezaguna, adostua.
· Cartesianismoaren aurkakoa: batetik, ez gara bizi duda-mudatan; bestetik, subjektua eta
objektua berezko izakiak baino diskurtsoaren uneak eta eginkizunak dira.
· Esentzialismoaren aurkakoa: egia ez da egokitasuna, ezagutza ez da errealitatearen ispilua,
ontologia guztiak (hots, izateari eta izanei buruzko diskurtsoak) errealitatea sortzeko eta
zehazteko jendeak erabiltzen dituen kode sinbolikoak dira.
· Ez da arrazoi bakarrik, ezta errealitate bakarrik ere. Ezagutza espazioan eta historian kokatuta
dagoen gizarte-jarduera kontingente eta aldakorra da.
· Ezagutzaren lekua ez da entitate edo subjektu banako baten gaitasuna, ezagutza gizarte-
harremanetan da, are gehiago, gizarte-eremua pentsamendu-sistema da.
· Ezagutzaren eragileak elkarrekintzan ari diren pertsonak dira; pentsatzea, beraz, gizarte-joko
batzuetan aritzea da, joko horien bidez pertsonek ingurumena eta beren burua egikaritzen dute.
· Gizarte-harremanek euskarri dituzten konbentzioak ezagutza- edo jakintza-mota bat dira,
"gizartean bizitzen jakitea".
26 Komunikazioaren Gizarte Psikologia
Erreifikatuetan, berriz, gauzak ez dira berbetako gaiak, irizteko edo ebaluatzeko
gaiak, gauzak arrotz eta urrunak dira (esate baterako, denok hitz egin dugu "behi zoroen
gaixotasunaz", iritzirik eman edo zerbait uste izan dugu, baina atzean dagoena zientziaren
objektu arrotz eta urruna da, ulergaitza eta konplexua...). Unibertso erreifikatuetan gainera,
pertsonak hierarkizatuta daude; ekoizpen sinbolikoa eremu berezietan antolaturik dago,
eremu bakoitzean hierarkia eta autoritateak daude. Hauxe da, adituen mundua: ekonomia-
rena, politikarena, zuzenbidearena... "zientzia ororena".
Guztiok bizi omen gara unibertso adostu batean, denontzat zabalik dagoen mundu bat
delako eta ezinbestez gizarte batean bizi garelako. Baina adostasun hori zalantzan jarri
behar dugu. Eta hartara, itzulinguru bat egingo dugu ekintzaren zentzuaren inguruan.
1.3.2. Gizarte-ekintzaren zentzua
Ekintzaren zentzua gizarte-zientzietako interesgune berezia izan dela ezin da ukatu.
Hasiera-hasieratik izan ere. Hemen, dena den, azken urteotan segida handia izan duen
gogoeta-ildo bat aurkeztearekin konformatuko gara: Weber-en ekarpenaz Habermas-ek egin
duen irakurketaz ari gara (horretarako, funtsean, A. Cortina filosofoaren esposizioa erabili-
ko dugu; Cortina, 1995). Dakusagun.
Aipatutako Weber-en ekarpen hura Ekonomia eta Gizartea liburuan eskaini zuen.
Bertan gizarte-ekintzaren zentzua ekintzaren arrazionaltasunarekin berdindu zuen. Arrazio-
naltasuna, ikusiko dugunez, eragilearen begiradan topatzen saiatu zen alemaniar sozio-
logoa. Ekintza ez baita portaera hutsa: gizakiok zentzu subjektiboz jantzitako portaerak
dituzte eta elkarrekikoan aritzen dira.
Habermas-ek (Habermas, 1981, 1987) Weber-en eredua bi modutara ulertu du: batetik,
eredu teleologiko bezala; bestetik, gizarte-elkarrekintzaren eredu bezala. Aurrenean,
arrazionaltasuna helburuak lortzearekin berdinduko zuen, hau da, ekintza arrazionala
bitarteko/helburu lotura egokia, eraginkorra, duena bide da. Bigarrenean, berriz, ekintza
arrazionalak bestelako jitea izan dezakeela agertuko zuen. Baina ikus dezagun Weber-ek
zelan sailkatu zituen ekintzak helburuen arabera:
· Arrazional teleologikoa; eraginkortasuna xede duen ekintza.
· Arrazional axiologikoa; balioengatiko ekintza.
· Afektiboa; emozio eta sentimenduengatiko ekintza.
· Tradizionala; ohiturari atxiki zaion ekintza.
Hasiera batean, sailkapen horretako ekintzak "monologikoak" ziren, ez dialogikoak,
ez elkarrekintzak. Horrexegatik, arrazionaltasunaren irizpide nagusia bitartekoen eta
helburuen arteko egokitasuna zen. Aurrerago, ostera, Weber-ek sailkapen bera erabili zuen
gizarte-elkarrekintzaren kasuan. Honelaxe:
· Arrazional teleologikoa: besteek egin dezaketena geure helburuak lortzeko
erabiliko dugu, besteak eta besteen ekintzak geure helburuei heltzeko bitartekoak
izango dira.
· Arrazional axiologikoa: ekintza berez balio duenagatik gauzatuko da, balio hori
etiko, estetiko edo erlijiosoa izan daiteke. Ekintzaren balioa, beraz, ez dago
Zer da Gizarte Psikologia? 27
ekintzatik kanpo, ez hona ez harago, ekintzan bertan dago. Ekintzak bere balio
horretan du legitimazioa.
· Afektiboa: unean uneko emozio eta sentimenduek eragindakoa.
· Tradizionala: erroturik dauden ohiturak, azturak eta ekanduak.
Arrazionaltasuna lehenengotik azkenekora gutxitzen doa. Arrazionaltasun handiena
ekintza teleologikoak duen bitartean, txikiena ekintza tradizionalak du. Aurreneko horrek
ekintza bati zentzua ematen dioten lau osagaiak biltzen baititu: bitartekoak, helburuak,
balioak eta ondorioak.
Ekintzaren zentzu subjektiboa eta arrazionaltasun-maila:
Mendebaldeko gizarteak jasan duen arrazionalizazio-prozesua, antza, lehendabizikoa
nagusitzea izan da. Weber-en ustez, ekintza guztien neurgailu bihurtzen ari zen arrazoi
teleologiko edo "instrumentala". Balioen araberako ekintza, berriz, gero eta ahulago. Izan
ere, balioen arloan subjektibazioa nagusitzen ari zen: nork bere balioak omen zituen eta
inoiz izandako balio-sistema orohartzaileak gainbehera zihoazen. Mundua balio orokorrik
gabe geratzen ari zen; arrazoi teleologikoak eta politeismo axiologikoak munduari lilurarik
kenduko zioten, liluragabetuko zuten beldur zen Weber.
Esan bezala, Weber-en elkarrekintzari buruzko sailkapen horri bere ukitua egin dio
Habermas-ek. Pentsalari horren ustez Weber-en sailkapenean bestelako ekintzak ere sar
litezke. Hitz gutxitan, eginaren zentzu edo balioaren gainetik, egin beharrekoaren zentzua
eta balioa kontuan hartu zuen sailkapen berriak. Weber-en (balizko) bestelako sailkapena
(Habermas, 1981), elkarrekintzan edo jendea "elkarlanean" eginikoen arrazionaltasun-
mailaren arabera:
Sailkapen horretan bi ekintza-mota nagusi ditugu: interesak lortzeko egiten diren
ekintzak eta arauen gaineko ituna sorburu duten ekintzak. Hau da, jarduera edo ekintza
batzuen "zentzua" (eta ikusten denez, honetan, zentzua eta jatorria parekatzen ditu
Ekintzaren
Arrazionaltasun-maila
Apala Jasoa
Interesen bidez koordinatutako
"egintza"
Egindakoei jarraituz, ohiko
ekintza (ohitura)
Ekintza estrategikoa
(interesak lortzeko ekintza)
Adostutako arauen bidez
koordinatutako "egintza"
Ohikoari jarraituz,
adostutako ekintza (erkidego-
ekintza)
Ohikoaz gaindi, adostutako
ekintza (gizarte-ekintza)
Bitartekoak Helburuak Balioak Ondorioak
Zentzu arrazional
teleologikoa
bai bai bai bai
Zentzu arrazional
axiologikoa
bai bai bai ez
Zentzu afektiboa bai bai ez ez
Zentzu tradizionala bai ez ez ez
28 Komunikazioaren Gizarte Psikologia
Habermas-ek) helburua bera den bitartean, beste batzuena araua da, jendartean adostutako
eginbidea nonbait. Baina Weber-ek ez omen zuen asmatu adostutako ekintza-mota biak
bereizten. Ez omen zuen ikusi oso bestelakoak direla ohikoari jarraituz adostu diren
ekinbideak eta ohikoa gaindituz edo alboratuz egin ohi diren ekintza-arauak. Horiek dira,
Habermas-en irudikoz, arrazionaltasun jasoeneko ekintzak. Weber-en lanaz egindako
gogoeta horretatik Habermas-ek ekintzen gaineko sailkapen hau atera zuen:
Lehengo ekintza arrazionalteleologikoa orain lorpenak eskuratze aldera egindakoa
dugu. Egileak helburua zehaztuz, bitartekoak aukeratuz eta ondorioak aurreikusiz aurrera
ekingo dio ekintza-mota honi. Honelako ekintzak instrumentalak edo estrategiakoak izan
daitezke.
Instrumentalak arau teknikoei buruzko jakintza enpirikoan oinarritzen dira, hau da,
izandako eskarmentutik lortutako jakintza teknikoak gidatzen ditu ekintza instrumentalak.
Ekintza hauek ez dira, berez, gizartekoak.
Estrategikoak, berriz, hautaketa arrazionalaren arauei jarraituz egiten direnak dira,
hauetan kontuan hartu behar dira arrazoidun "lehiakidearen" erantzunak. Beraz, gizarteko
ekintzak dira, elkarrekintzak alegia.
Azkenik, ekintza komunikatiboa dugu, sinboloen bidez atondutako ekintza. Ekintza
komunikatiboak ez dira oinarritzen helburuen lorpenean, akordioan baizik. Egileek ez dute
ekintza bideratzen nork bereari eusteko asmoz, ekintzaren hastapena elkarren arteko lana
da. Hartara, egoeraren definizio berbera landu behar dute, eta ondoren, elkarri eraginez
ekintzari ekin. Maiz esan da, ekintza arrazional teleologikoan pertsonak trebatu egiten
direla eta ekintza komunikatiboan, ordea, garatu egiten direla; bati teknika-jakintzako
trebetasunak dagozkion moduan, besteari gizarte-jakintzako gaitasunak baitagozkio.
Pertsonak, antza, horrelako jakintza eta jarduerak bereganatuz garatzen dira. Baina
urrunago doa ekintza komunikatiboaren itzala. Ekintza komunikatiboa etika baten eta uto-
pia baten sorburua izan da: etika, subjektu artekotasunaren etika, eta utopia "komunika-
zioaren utopia" deritzona, hain zuzen ere (ikusi hamaikagarren eta hamabigarren kapi-
tuluan).
Ados egon gaitezke ekintzaren sailkapen horrekin, batik bat, ekintza komunikatiboa
edo pertsonarteko ulermena elkarrekintzaren muina delakoarekin. Baina Habermas-i asko
kritikatu zaio "elkarrizketaren egoera ideala", partaide guztiek parte eta erabakiak hartzeko
berdintasunezko egoera, ez dela batere unibertsala (Bourdieu, 1982, 1997) eta adostasuna
bera ere ez dela horren desiragarria (Lyotard, 1986). Horrela ere, eguneroko bizitza ez da
kontzentzu hutsean egindako ezer. Botere-harremanak eta desberdintasunak ezin dira
ahaztu, ezta zentzua sortzean ere. Habermas-ek etika bat fundatu nahian, eguneroko
elkarrizketan izaten diren baldintzak jarri nahi izan ditu oinarri, baina ahaztuz, neurri
Lorpenak bideratutako ekintza Hitzarmenak bideratutako ekintza
Jende artetik kanpo Ekintza instrumentala
Jende artean Ekintza estrategikoa Ekintza komunikatiboa
Zer da Gizarte Psikologia? 29
batean behinik behin, ekintzaren zentzua erabakitzekotan ere botereak bereak ezartzen
dituela. Lyotard-ek esan bezala, elkarrizketa edo dialogoaren helburua ez da kontzentzua,
hori dialogoaren egoera bat baino ez da, defendatu eta segurtatu behar den egoera. Gizarte-
bizitzan egoera horren aldeko lana etengabe egiten ari da; nork bere zentzua nagusitzea
nahi omen du (Bourdieu, 1997).
GIZARTE-PSIKOLOGIAREN BILAKAERA HISTORIKOA ETA ILDO
TEORIKO NAGUSIAK
Gizarte Psikologiaren aurrekariak oso atzean topatuko ditugu. Greziako pentsamenduan
Platon, Aristoteles, sofistak, eta abar. Errenazimentuan humanistak, erreformazaleak,
utopikoak. Zientzia berria taxutu zutenak (Bacon, Galileo...). "Gizarte-itunaren teorikoak":
Hobbes, Rousseau, Locke. Ilustrazioko ideologoak (D. de Tracy). Lehendabiziko plantea-
mendu soziologikoak (inguruaren eraginari buruz): Montesquieu... Gizarte-zientzien
sorrera eta fundamentazioa: Weber, Durkheim, eta abar. Oso iraganaldi luzea, historia
laburra duen zientzia-arlo honentzat.
1. LEHENDABIZIKO PLANTEAMENDU PSIKOSOZIALAK
Sorrera 1900-1935: "Gizarte Psikologia" izena 1898an (Patzenhofer, Tarde "Gizarte
Psikologiazko ikerketak"), 1902an (Orano) eta 1908an (Ross, McDougall) agertu zen.
Gizarte-multzoen Psikologia
Völkerpsychologie
Humboldt. Lazarus & Steintal (1860). Lamprecht (1900): Historia zientzia soziopsikologiko
bezala. Wundt: Völkerpsychologie delakoak (Herri Psikologiak), gizabanakoen psikologiaren
osagarria izanik, elkarrekintzetan sortutako gertaerak azaldu beharko lituzke. Durkheim eta
Mead-en lanetan eragin handia izan zuen. Beste alde batetik garatu zen Vygotski eta Luna-ren
kulturari buruzko Gizarte Psikologia (ildo historiko dialektikoa). Prozesu eta ahalmen kogni-
tibo nagusiek izaera historiko eta soziala dute.
Masen Psikologia
Le Bon: Masen Psikologia (1895). Masen espiritu irrazionala, kutsatzea eta sugestioa. Tarde:
imitazioaren legeak (1895), adimen arteko psikologia, gizabanakoen "adimenen batasuna"
iritzi publikoa bezalako gertaeretan.
...historia laburra" (Ebbinhaus, 1908)
Aurrekariak: "Iraganaldi luzea...
30 Komunikazioaren Gizarte Psikologia
Gizarte Psikologia psikologikoa
2. SENDOTZE-GARAIA: 1935-1955
30eko hamarkada
40/50eko hamarkadak
Gestalt: hautemateari buruzko ikerketak, gizarte-hautematean "eremuaren teoria" aplikatu
zen. Lewin, ikuspegi holista eta errelazionala, metodologia anitz. S. Asch (1946) inpresioen
sorkuntzari buruzko ikerketak. Milgran, konformismoari buruzko ikerketak. Heider (1944),
kausa-egozpena eta oreka psikologikoari buruzko ikerketak. Bruner ("new look in
perception"), Postman & Goodman (1947): gizarte-klasearen eragina hautematean.
Antropologia kulturalaren garapena (M. Mead, Kardiner, Benedict, Linton). Komunikazioa
eta propaganda: C. Hovland, Janis & Kelley (1953).
Taldeei buruzko ikerketak: Sherif, taldearteko portaera. Festinger, gizarte-konparaketa (1954).
Araugintza eta konformismoa: Sherif (1935), Asch (1951). Aurreiritziei buruzko ikerketak
(Allport, 1954) eta nortasun autoritarioa (Adorno, 1950).
Behaviorismoa: ikaskuntzari buruzko teoriak. Gizarte-errazkuntza (F. Allport). Jarreren
ikerketak (G. W. Allport), eskalak (Bogardus, Thurstone, 1928; Likert, 1932; La Pière, 1934).
Mead: "Mind, self and society" 1934. "Konduktismo sinbolikoa".
Senen teoria
McDougall (1908): gizarte-gertaerak gizakiek jaiotzatik dituzten berezko senetatik sortzen
dira. Ross (1908): Tarde-ren eragina, gizarte-bizitzak eragindako batasunak eta berdintasunak
ikertu: imitazioa, sugestioa eta berrikuntzak. Gizarte-ingurua eta gizabanakoez gaineko
entitateak. Eraginak: Mead, gizakien gizarterako berezko ezaguera: interkomunikazioaren eta
gizarte-kontzientziaren oinarria. Gizarte Psikologian baino Soziologian izan zuen eragina ildo
honek.
Eredu indibidualista
Ratzenhofer, Ward, Small, Thorndike (Errusiako erreflexologia: Paulov eta Bechterev). Watson:
ikaskuntzak "jaiotzatiko ekintzarako inpultsoak" baldintzatzen ditu, ez alderantziz. 20 urteak:
jaiotzatiko senen teoriak bertan behera utzi, behaviorismoaren nagusitasuna: psikologikoa
fisiologikoaz azal daiteke osoki, hots, portaera Estimulu/Erantzun eskemaz azal daiteke.
Axioma asoziazionista eta mekanizista.
Floid Allporl-ek (1924) Mead-en elkarrekintza kontzientearen ordez organismo fisiologikoen
elkarren estimulazioa jarri zuen gizarte-portaera azaltzeko giltzarri bezala. Mekanizismo
biologizista, indibidualismoa eta metodologia zientifikoari buruzko kezka (laborategia, esperi-
mentua, kuantifikazioa) izan ziren ikertzaile honen ezaugarriak. Pixkanaka, Gizarte Psikologia
kognitiboagorantz joan zen.
Zer da Gizarte Psikologia? 31
3. GIZARTE-PSIKOLOGIAREN TEORIAK 1955-1970
Interakzionismo sinbolikoa
Gizarteratzeari eta nortasunari buruzko ikerketak. Gizarte-egitateak eta psikearen egitateak
izaera bera duten gertaerak dira: gizakien arteko elkarrekintzan eta sinboloen bidez garatutako
izaera. Subjektuak jasaileak barik egileak dira beren elkarrekintzetan: esanahia eta zentzua
bilatzen dute, mundua ulertu nahi dute eta ulertze horretan ekintzaileak dira. Jatorria: W.
James, Baldwin, Ch. H. Cooley (1919) lehendabiziko taldea, ispiluko Nia. Dewey, Thomas,
Mead: Behaviorismo sinbolikoa, Rol kontzeptua, bestearen jarrera eta gizarte-elkarrekintza,
self edo "nor bere burua". Iowa-ko eskola (Kuhn): unean uneko egoerak gizarte-egituren
mendean daude. Chicago-ko eskola (Blumer): prozesuak, barneraketa edo introspekzio
sinpatikoa, gizarte-egituren azaleratzeak, metodologia ulerkorra eta kualitatiboa. Portaera uler
daiteke baina ez aurrez ezagutu.
Interakzionismo sinbolikoaren ingurukoak
Giza ekintzak asmoz eta gogoz dihardu, autonomiaduna da eta ez soilik errepikapen meka-
nikoa. Kritikak: giza portaera alderdi sinboliko eta adierazkorrera mugatzen dute, horrelaxe
ahantzi egiten dituzte gizarte-egiturak, botere-harremanak, testuinguru historiko eta kulturalak.
Ikuspegi dramaturgikoa: Goofman (1959), buruz buruko elkarrekintza (mikrosoziologia,
labelling). Etnometodologia. Ulerkuntza eta elkarrekintza (Weber: portaera esanguratsua,
Schutz: fenomenologia eta subjektibitatea). Cicourel (1964), Zimmerman, Garfinkel (1966),
H. Sacks: elkarrizketen analisia, eguneroko jakintza arrunta, indexikalitatea eta gogoeta
erreflexiboa.
Etogenia: giza ekintzaren azpian dauden esanahiak azaleratu (account). Harré, Secord.
Konstrukzionismo soziala. Berger & Luckmann (1966).
Besteak: Rol-aren teoria, Tuner, Strauss: rolak elkarrekintzetan negoziatu eta zehazten dira.
Gizarteratzea (Glaser eta Strauss, 1964). Kokatutako nortasunaren teoria (Alexander, 1981).
Interakzionismo estrukturala (Stryker), gizarte-ordena negoziatua (Strauss).
Ildo sozio-konduktistak
Eredu kognitiboek eraldaturik, 60ko hamarkadatik aurrera garrantzia galduko dute. Ikertu
zituzten arloak: gizarte-trukeari buruzko teoriak (Thibaut, Kelley, Homans, 1959), gizarte-
ikaskuntzari buruzko teoriak (Bandura: ikaskuntza bikarioa, teoria honekin soziokognitibis-
mora abiatu zen; izan ere, portaeraren autoerregulazioa eta propositibitatea eta pertsonen
gaitasun sinbolikoa kontuan hartu eta lehenetsi zituen), errazkuntza soziala (Zanjonk), per-
tsuasioari eta jarreren aldakuntzari buruzko teoriak (Yale-ko eskola, Hovland, Janis, Kelley...).
32 Komunikazioaren Gizarte Psikologia
Kognitibismoa
1955etik gaur arteko ildo nagusia. Mentalista (ordenagailuaren metafora). Gizabanakoa
eragilea eta ekintzailea da informazioa prozesatzean.
Kognizio klasikoa, portaeratik abiatzen dira. Kontsistentzia kognitiboaren teoria: Heider (1954)
orekaren teoria, Osgood (1955) kongruentzia kognitiboaren teoria, Festinger (1957) disonantzia
kognitiboa. Brehm (1966) erreaktantzia psikologikoa. Kausa-egozpena: Heider (1958) zentzu-
men arruntaren psikologia. Jones eta Davis-en eratorritako inferentzien teoria (1965), Kelley-ren
kobariazio-eredua (1967). Pertsona inguruaren antolatzaile kognitibo arrazionala da, "organis-
mo guztiek oreka bilatzen dute" (gizakiek oreka psikikoa), pertsonak psikologo amateurrak
dira eta gainerako pertsonak hautemateko eta ezagutzeko psikologia zientifikoaren antzeko
metodoak erabiliz errakuntza eta akats ugari egiten dituzte. Psikologia zientifikoak errakuntza
eta akats horiek argitu behar ditu. Ildo teoriko honek akats horiek sistematikotzat eta uniber-
tsaltzat jotzen ditu.
Gaur eguneko kognizioa: portaeraren eta egoeraren artean dauden prozesu kognitiboak ikertu
nahi ditu. Egitura kognitiboak: eskemak (Bartlett, Hastie, Markus, Fiske & Taylor, 1984),
prototipoak (Cantor, 1981), scripts, gidoiak, self autokontzeptu edo eskema bezala, pertsua-
sioari buruzko ikerketak, inferentziaren prozesuak: errakuntzak, heuristikoak, egozpenak...
Besteak: Milgran (1963) esanekotasuna, Zimbardo (1969) desindibiduazioa, Deusch (1949)
presoaren dilemaren paradigma. Sozialaren arazoa gizarte-kognizioan (Forgas 1983): desozia-
lizazioari kritika, arreta handiagoa izari emozional eta sozialei, printzipio psikologiko uniber-
tsaletatik (gure portaera menderatzen duten gizarteaz kanpoko hautemateko mekanismoetatik)
subjektu artekotasunera eta prozesu horien izaera komunikatibora (Zanjonk 1989) eta talde-
pentsamendura eta egitura kognitiboen jatorri sozio-kulturalera (Vigostki, Luna, Leontiev...).
Europako Gizarte Psikologia
Soziologiatik hurbilago dagoen psikologia-mota. Alderdi estrukturalei eta ideologikoei arreta
handiagoa eskaintzen diena eta metodo askotarikoak onartzen dituena.
Tajfel (Bristol-eko taldea): Taldearteko harremanak eta gizarte-nortasunaren teoria. Genevako
eskola (Doise, Deschamps), Turner: ni-aren burukategorizazioaren teoria. Gutxiengoen gizar-
te-eragina (Aldakuntzaren Gizarte Psikologia) Moscovici: gutxiengoak eta sorkuntza, gatazka
gizarte-aldakuntzaren suspertzaile gisa. Kognizio sozialaren berrikuntza kritikoa (Beauvois,
Apfelbaum, Herzlich, Mugny, Doise). Gizarte-irudikapenak (Moscovici) eta sinesmen-
sistemak (Rokeach, Deconchy).
Zer da Gizarte Psikologia? 33
4. KRISIA ETA GAURKO GIZARTE-PSIKOLOGIA, 1970...
Paradigmaren eta ikergaiaren krisia
Soziologian eredu estruktural funtzionalistari erasoak (Winch, 1958; Wrong, 1961; Garfinkel
1967; Gouldner 1970; Giddens 1971). Psikologian ulermolde behavioristaren nagusitasunaren
bukaera (Chomsky, 1959; Taylor, 1964; Fodor, 1968; Mackenzie, 1977). Epistemologian
enpirismo logikoaren eta zientziaren teoria klasikoaren bukaera. Gizarte Psikologian: eredu
teoriko txikiak (itzal gutxikoak) egiaztatzeko edo gezurtatzeko gaitasunik eza, horiek erka-
tzeko ezintasuna.
Erantzunak eta bestelako ekinbideak
Antipositibismoa, gizakiak badu, osoki ez bada ere, bere burua gidatzeko eta meneratzeko
gaitasunik, bere buruaren eta bizitzaren eragilea da; giza artean, besteekin jarduten duelarik,
errealitateari esanahia (zergatia) eta xedea (zertarakoa) ematen dio (erreflexibotasuna eta
komunikazioa); gertaera psikosozialak oro historikoak dira, iragankorrak; hizkuntzak eraba-
teko garrantzia du giza bizitzan, eguneroko bizimodu arruntean ere badago arrazionaltasun
praktiko bat.
Etogenia (Harré, Second). Ekintzek izaera semiologikoa dute (zeinuak dira), asmoz eta xedez
hornituta daude, subjektuek "gizarte-gaitasuna" dute, eta gaitasun hori gizarte-saioetan
antzeman daiteke: jardunean edota "performance" delakoan beha daiteke.
Eguneroko azalpenen analisia (Antaki, 1981). Kontua eman (account): gizakiek eginak eta
izanak ulertzeko eta azaltzeko ematen dituzten argudioak eta arrazoiak.
Diskurtsoaren analisia (Potter, Wetherell). Oinarri linguistikoak (pragmatika, semiotika,
Austin) eta etnologikoak. Ez dago gizaki barneko "entitaterik", giza jardun guztiak, psikolo-
gikoak barne, giza arteko edota hitzezko jardunak dira, guztiek izaera semiotiko (esanahiko-
tasuna) eta komunikatiboa (adierazkortasuna eta elkarkortasuna) dute. Hitz-baliabideak (Gil-
bert, Mulkay). Erretorika (Billig, Shofler, Bedoya), subjektuek arauak betetzeaz gain
(etogenia), sortu eta argudiatzen dituzte kognizioaren estiloetatik kognizioaren edukietara:
topikoen eta berbagune arrunten analisia.
"Gaurkoak": konstrukzionismo soziala (Watzlawick: konstruktibismoa, Berger & Luckmann:
gizarte-eraikuntza), sozio-arrazionalismoa (Gergen, Morawski), ekintzaren estratifikazioa eta
egituraketaren teoria (Giddens), konstrukzionismo estrukturalista (Bourdieu), interakzio-
nismo sinbolikoa eta estrukturalismoa (Stryker).
34 Komunikazioaren Gizarte Psikologia
Gizarte Psikologiaren kontzeptu-eremua:
GIZARTE-KOGNIZIOA BEHAVIORISMOA
GIZARTE-IRUDIKAPENEN
TEORIA DISKURTSOAREN
PSIKOLOGIA
Gogamenaren
irudikapenak aztertu
behar ditugu
Nork bere esperientziaren
arabera zentzua ematen dio
portaerari
Gogamenaren
irudikapenak ez dira
ikertu behar
Portaeraren zentzua gizarte-
eta talde-eraikuntza da
Zer da Gizarte Psikologia? 35
1. ZER DA GIZARTE-PSIKOLOGIA?
JARDUERAK:
1.1. GIZARTE-PSIKOLOGIAREN AGENDA
Gizarte Psikologiaren agenda eta gai-zerrenda kanoniko bat ezarri da. Aldeak alde,
eskuarki errepikatuz onartu egiten dena, hau ikusteko, eta alde horiek zein izan daitezkeen
ikertzeko ariketa erraza proposatzen dugu: hainbat eskuliburu arakatzea, hain zuzen. Aski
da aurkibideak erkatzearekin "gai-zerrenda" kanoniko hori zein den ikusteko. Harago joan
nahi izanez gero, amerikar eta europar, ingelesez eta frantsesez idatzitako eskuliburuak
erkatu, bertan ikusiko baitira hainbat alde: boterea, gizarte-irudikapenak edo ideologiak,
diskurtsoa, gizarte-mugimenduak... Egia da, azken urteotan konbergentzia bat gertatu dela,
hala ere, aldeak hor daude.
1.2. GIZARTE-PSIKOLOGIAREN DEFINIZIOAK
Hurrengo definizio hauek irakurri eta aipaturiko ildo horien arabera sailka itzazue.
Aurrerago, zuzenketa topatuko duzuen arren, saia zaitezte definizioak ondo ulertzen eta
haien artean dauden aldeak argitzen. Zer Gizarte Psikologia islatzen dute definiziok?
Gogoan izan:
· Gizarte Psikologia psikologikoa edo gizabanako barnekoa.
· Gizarte Psikologia soziologikoa edo gizartekoa.
· Gizarte Psikologia interakzionista, giza arteko elkarrekintzakoa.
"Gizabanakoa gizartean ikertzen duen zientzia". Krech, Crutchfield & Ballachey,
1972.
"Psikologia ezin da Gizarte Psikologiaz beste izan. Mundu subjektiboak ere ezin dira
sorleku eta bizileku dituzten prozesu komunikatiboetatik banandu... ezta norberaren
nortasuna sorleku duen gizarte-egituratik ere". Eberle, 1993.
"Gizarte Psikologiak pertsonen gogoaren (edo portaeraren) arazoei buruz dihardu,
beti ere arazook beste pertsonekiko elkarrekintzetatik datozenean". Brown, 1972.
"Gizarte Psikologiaren xedea honako hau da: gizakien pentsamenduei, sentimenduei
eta portaerei beste izaki errealek, irudizkoek edo ustekoek zelan eragiten dieten
ulertzea eta azaltzea". Gordon Allport, 1968.
"Nire aburuz, Gizarte Psikologia, eguneroko bizitzan gizonak (sic) lotzen dituzten
ustezko, irudizko (sinbolozko) edo benetako loturen arabera giza esperientzia eta
portaera ulertzeko burulan sistematikoa da; giza izaera izatez eta ezinbestez gizarte-
koa eta sinbolikoa dela kontuan harturik, giza izaera hori hobeto ulertzeko ahalegin
sistematikoa da". Torregrosa, 1982.
"Ez dago taldearen psikologiarik funtsean eta osoki gizabanakoen psikologia ez
denik. Gizarte Psikologia gizabanakoaren psikologiaren atal bat besterik ez da".
Floyd Allport, 1924.
36 Komunikazioaren Gizarte Psikologia
"Gizabanakoen portaera eta esperientziaren estimuluak egoera sozialak direnean
portaera eta esperientzia horien ikerketa zientifikoa". Sherif, 1936.
"Gizonek (sic) gizarte-taldeetan parte hartzeagatik giza portaeran sortzen diren
erregulartasunak (ikertu behar ditu Gizarte Psikologiak)". Shibutani, 1971.
"Gizabanakoaren jardunei gainerako gizabanakoek zelan eragiten dieten ikertzeko
bide zientifikoa". Klineberg, 1963.
Psikologizistak
Soziologistak edo integratzaileak
Analisi-mailen integrazio gisa
1.3. GIZARTE-PSIKOLOGIAREN ARLOAK ETA APLIKAZIOAK
Hona hemen Gizarte Psikologiak ikertzen dituen hainbat arlo. Segituan arlo horietan
ikertzen diren zenbait gai edo aplikazio dituzu. Zein arlotan ikertzen da bakoitza? (Lord,
1997).
· "Nire aburuz, Gizarte Psikologia, eguneroko bizitzan gizonak (sic) lotzen dituzten ustezko,
irudizko (sinbolozko) edo benetako loturen arabera giza esperientzia eta portaera ulertzeko
burulan sistematikoa da; giza izaera izatez eta ezinbestez gizartekoa eta sinbolikoa dela
kontuan harturik, giza izaera hori hobeto ulertzeko ahalegin sistematikoa da". Torregrosa.
· "Gizonek (sic) gizarte-taldeetan parte hartzeagatik giza portaeran sortzen diren erregular-
tasunak (ikertu behar ditu Gizarte Psikologiak)". Shibutani.
· "Psikologia ezin da Gizarte Psikologiaz beste izan. Mundu subjektiboak ere ezin dira sorleku
eta bizileku dituzten prozesu komunikatiboetatik banandu... ezta norberaren nortasuna
sorleku duen gizarte-egituratik ere". Eberle.
· "Gizarte Psikologiak pertsonen gogoaren (edo portaeraren) arazoei buruz dihardu, beti ere
arazook beste pertsonekiko elkarrekintzetatik datozenean". Brown.
· "Gizabanakoa gizartean ikertzen duen zientzia". Krech, Crutchfield eta Ballachey.
· "Gizabanakoaren jardunei gainerako gizabanakoek zelan eragiten dieten ikertzeko bide
zientifikoa". Klineberg.
· "Gizabanakoen portaera eta esperientziaren estimuluak egoera sozialak direnean portaera
eta esperientzia horien ikerketa zientifikoa". Sherif.
· "Ez dago taldearen psikologiarik funtsean eta osoki gizabanakoen psikologia ez denik.
Gizarte Psikologia gizabanakoaren psikologiaren atal bat besterik ez da". F. Allport.
· "Gizarte Psikologiaren xedea honako hau da: gizakien pentsamenduei, sentimenduei eta
portaerei beste izaki errealek, irudizkoek edo ustekoek zelan eragiten dieten ulertzea eta
azaltzea". G. Allport.
Zer da Gizarte Psikologia? 37
"Norberari buruz eta besteei buruz gogoeta egiten"
1. Gizarte-kognizioa
2. Pertsonen pertzepzioa
3. Egozpenak
4. Nor bere burua
"Jendea eta harremanak ebaluatzen"
5. Jarrerak
6. Jarreren aldakuntza
7. Aurreiritziak
8. Pertsonarteko erakarpena
9. Lagun minen arteko harremanak
"Besteekiko elkarrekintzetan"
10. Gizarte-eragina
11. Laguntasuna
12. Erasokortasuna
13. Pertsonarteko boterea
14. Taldeak
· Nola erabakitzen duten epaimahaikideek pertsona bat errugabea ala erruduna dela.
· Zergatik hartzen diren batzuetan, enpresaburuen bileretan zentzugabeko erabakiak.
· Zergatik ezin duen jendeak elkarrekin lan egin ingurumena babesteko.
· Nola hezi jendea arrazismoa gutxitzeko.
· Zergatik irauten duten kide batentzat oso kaltegarriak diren harreman batzuek.
· Zergatik dibortziatzen diren elkarrekin zoriontsuak diren senar-emazte asko.
· Nola jakin norbait gezurretan ari dela (adibidez: lan-elkarrizketa batean).
· Nola bihurtu erretzaile amorratua erretzearen aurkako amorratua.
· Komunikabideetako bortxakeriak ala inguruko bortxakeriak, zeinek sorrarazten
duen bortxakeria handiagoa.
· Zein egoeratan eta zeren arabera laguntzen diegun gure ingurukoei.
· Zergatik HIESAren biktima batzuek euren buruari leporatzen dioten gaixotzea.
· Euskararen aldeko euskaldun askok zergatik hitz egiten duten erdaraz.
· Nork bere buruari buruz duen irudiak nola egiten dion kalte norberari.
· Zergatik jarraitzen eta betetzen dituzten pertsonek agintarien zentzugabeko
aginduak.
(Erantzun posibleak: 1-1, 2-7, 3-11, 4-13, 5-12, 6-8, 7-4, 8-6, 9-5, 10-3, 11-10, 12-9, 13-14,
14-2).
38 Komunikazioaren Gizarte Psikologia
1.4. GIZARTE-PSIKOLOGIA ETA ZENTZUMENA
Ikusi dugunez, Gizarte Psikologiak bigarren mailako ulermenerako baliabideak ematen
dizkigu. Askotan, bigarren mailako ulermen saioak eta zentzumeneko azalpenak bat datoz;
beste batzuetan, berriz, kontrakoak dira. Adibide batzuk ekarri ditugu esandakoa aztertzeko
(Moya et al, 1998tik moldatutako kasuak dira hauek).
Irakurri kasu hauek eta erabaki esaten dena egia ala gezurra den, kasu batzuetan
zalantzak izango dituzu, hala bada pentsatu noiz izango den egia eta noiz gezurra.
Erantzunak, zuzenean eman barik liburuan topa ditzazuen utzi ditugu.
1. Pertsona batek bere jarduera hobetu egiten du beste pertsona batzuk berari begira
daudenean.
2. Pertsona bat laudatzen badugu edo beraren iritziekin bat bagatoz, pertsona horrek
hobeto ikusiko gaitu.
3. Pertsona bat azkarra, langilea, burugogorra eta bekaiztia dela esaten badidate eta
beste pertsona bati buruz, berriz, bekaiztia, burugogorra, langilea eta azkarra dela
esaten badidate: irudi bera izango dut biei buruz? Jaso dudan informazioa berbera
dela kontuan hartuta, zer uste duzu?
4. Estimulu sozialak (pertsonak, taldeak, alderdi politikoak...) hautematen ditugun
moduari eragin ahal diote gainerako pertsonek, baina estimulu fisikoak (txanpo-
nen tamaina, koloreak, marrak... ) hautematen ditugun moduari ez, ostera.
5. Jendeak besteen jokaera barneko (hau da, pertsona barneko) kausen ondorio
bezala hautemateko joera du; esaterako, norbaitek erasokor jokatzen duenean per-
tsona erasokorra dela pentsatuko dugu, eta ez egoeraren edo inguruko gorabe-
heren ondorio dela.
6. Pertsona azkarrak eta hezkuntza-maila jasoa dutenak batzuetan konbentzitzen
errazenak dira.
7. Distrakzioa zenbat eta handiagoa, pertsuasioa hainbat eta txikiagoa. Hau da,
oharkabe gaudenean, eta mezuari arretarik ematen ez diogunean, nekez
sinetsaraziko digute ezer.
8. Batzuetan mezu pertsuasibo batek hartzailearengan duen eragina (iragarki edo
diskurtso batena, kasu) mezua jasotakoan baino handiagoa da aldi bat igarota.
9. Labezomorroak (erreak, nonbait) jan behar dituzun esperimentu batean parte
hartzeko eskatu dizute, konbentzitu zaituenak hau esan dizu: zure doktore-tesirako
berebizikoa eta ezinbestekoa dela, horrez gain, zientziari itzelezko laguntza eman-
go diozula eta, are gehiago, munduko gosetearen aurkako aurrerapauso garrantzi-
tsua izan daitekeela. Zure ikaskide bati esperimentu berean parte hartzeko eskatu
diote, baina hari ez diote azalpenik eman, eta besterik gabe onartu egin du.
Labezomorroak jan ostean, zure ustez: nori gustatuko zaizkio gehiago? Geure
ustez, zuri, izan ere, arrazoi gehiago eta handiagoak dituzu horretarako.
Zer da Gizarte Psikologia? 39
10. Bi pertsonak (A eta B) Enekoz hainbat informazio dute; Ak oso ikasle ona dela,
Bk oso ikasle ona dela, bi anaia duela, alaia dela eta bere gelan landareak dituela.
Haietako zeinek (Ak ala Bk) joko du Eneko ikasle ontzat? Duten informazioa
kontuan harturik, esan dezakegu biek halaxe pentsatuko dutela?
11. Gaizka erabat ados dago esaldi honekin: "Emakumeek ez dute balio zuzendari
izateko". Baina aurton zuzendari lan egiten duten hainbat andre ezagutuko ditu.
Beraz, iritziz aldatu eta lehengo estereotipoa ahaztuko du. Ala ez?
12. Pertsonek banaka ari direnean, taldeka ari direnean baino erabaki arriskugarria-
goak hartzeko joera dute. Esaterako, burtsako inbertsore batek aberasteko aukera
baten berri izan du, hartara diru guztia jarri behar du jokoan, kale eginez gero:
erabateko hondamendia. Esan dugunaren arabera, bakarrik erabakiz gero bere
erabakia ausartagoa izango da; izan ere, taldeka beste batzuen ikuspuntu eta
iritziak entzungo ditu.
13. Nork bere taldekoak diren pertsonak nahiago ditu beti, txarto jokatzen badute ere;
adibidez, Errealeko hintxa batek Osasunako hintxak baino bere taldekideak
nahiago ditu, lotsagarri jokatzen badute ere.
40 Komunikazioaren Gizarte PsikologiaKomunikazioaren gizarte psikologia