1. Enpresa kontzeptua
1.1. SARRERA
Ezaguna denez, enpresaren errealitatea konplexua da oso. Enpresan, besteak beste, arazo
teknologikoak, soziologikoak, psikologikoak, etikoak, ekonomikoak eta beste hainbat
motatakoak sortzen dira.
Halatan, egungo enpresa ezin azter daiteke ikuspegi edo dimentsio bakar batetik.
Enpresa kontzeptua diziplina anitzekoa da, alegia, ezagutza-esparru desberdinetatik aztertu
beharrekoa. Dena den, oraindik ere diziplina anitzeko ikuspegia ez dago oso barneratua
mundu akademikoan. Oraindik ere, errealitatearen azterketari ekiteko ezagutza-alorrak argi
eta garbi bereizten dira, zenbait arrazoi direla bide. Eta horregatik izaten dira enpresaren
horrenbeste ikuspegi, kontzepzio edo definizio, guztiak ere ekonomiaren eta gizartearen
oinarrizko erakunde honen errealitate poliedrikoaren aurpegi bati erreparatuz egituratzen
eta garatzen direnak.
Argi eduki beharra dugu, hasieratik, ikuspegi eta definizio horiek guztiak osagarriak
direla. Enpresa jakintza-esparru batetik aztertzen edo definitzen badugu soilik --filosofia,
politika, zuzenbidea, antolaketa, psikologia zein soziologiatik, kasu--, nekez lortuko da
enpresaren definizioa. Diziplina anitzeko ikuspegi integratu batetik soilik ulertuko dugu
enpresa erakundearen benetako garrantzia. Hortaz, nekez eman daiteke enpresaren
definizio onik, baldin eta definizio hori jakintza-esparru bakar batetik egiten bada.
Enpresaren dimentsio guztiak kontuan izanik, ezaugarri nagusi hauek aipa daitezke
(Bueno, 1996):
1. Enpresa antolakuntza edo organizazio bat da. Enpresak barne-egitura jakin bat du,
hierarkia jakin bat, irabaziak edo mozkinak lortzea helburu duena.
2. Enpresa ekoizpen-banakoa da. Enpresak faktore ekonomiko jakin batzuk konbina-
tzen ditu eta eraldaketa-prozesu baten bidez produktuak edo zerbitzuak lortzen
ditu.
3. Enpresa banako finantzario bat da. Enpresak kapital jakin bat izaten du eta kapital
hori inbertitu egiten da.
4. Enpresa helburu jakin batzuk dituen erabaki- eta zuzendaritza-banako bat da.
5. Enpresa sistema sozial bat da. Gizaki-talde batek osatzen du enpresa; haien artean
harreman formalak eta ez -formalak izaten dituzten gizakiak.
Edonola ere, eta definizio erabilgarriak izateko premian, enpresaren ekonomia eta
antolaketaren ohiko definizioa jaso dezakegu hemen. Horren arabera, enpresa jarduera
ekonomikoaren zentroa da, ingurune sozial eta juridiko batean txertatua, arduradun baten
edo gehiagoren zuzendaritzapean eta kontrolpean dagoena, eta gizakien premiak zuzenean
edo zeharka asetzeko ondasun eta zerbitzuak lortzeko helburua duena (Pérez Gorostegui,
1995; Bueno, 1996; Rivera eta Zabala, 1996).
Enpresa orok bere xede edo helburuak ditu, eta enpresa osatzen duten faktore guztiek
xede edo helburu horiek lortzeko koordinaturik egon behar dute beti. Koordinazio hori izan
ezean, enpresarik ez legoke; elkarren artean inolako loturarik gabeko elementu-multzoa
baino ez litzateke izango eta ezinezkoa litzateke ezarritako helburuak lortzea (Rivera eta
Zabala, 1996).
Asko idatzi izan da enpresaren xede edo helburuei buruz. Argi dago, merkatu-ekono-
mia batean bereziki, enpresaren helburu nagusia ekonomikoa dela, alegia, dagokion funtzio
ekonomikoa eraginkortasunez betetzea. Sarritan esaten den legez: irabaziak maximotzea.
Zenbait egile, ordea, ez datoz bat enpresaren helburuei buruzko definizio hertsi horre-
kin. Autore horiek diote enpresaren helburu edo xedea ez dela irabaziak maximotzea, hau
da, funtzio ekonomikoa eraginkortasunez betetzea. Hori helburua baino gehiago betebeha-
rra dela diote, enpresak aurrera egin dezan nahitaez bete beharreko baldintza, hain zuzen
ere (langilearentzat enplegu batean soldata jasotzea helburua baino derrigorrezko bete-
beharra izan daitekeen gisa bertsuan).
Helburuei dagokienez, Cuervo irakasleak aipatzen duen legez (Cuervo et al, 1994),
teoria ekonomiko neoklasikoak dio enpresaren helburuak enpresaburu edo enpresariaren
helburuak direla, bere irabaziak maximotzea; halatan, irabazien maximizazioa helburu soil
eta sinple gisa jasotzen da. Alabaina, irabazien maximotzearen kontzeptua ez da, inondik
ere, hain sinplea eta erraza: irabaziaren kontzeptua bera ere erlatiboa eta zehaztasunik ga-
bekoa da (kontabilitatean ikusten denez, irabaziaren zehaztea ez da inolaz ere zientzia bat,
balorazio-irizpideek esanahi handia dute); bestalde, maximotzea nozioa bera ere oso da
konplexua, batik bat analisi horretan irabaziak lortzeko enpresaren jarduerak bizi izaten
dituen arriskuak kontuan izaten baditugu.
Enpresaren zuzendaritza da, gainera, helburu hori erdiesteko enpresa gidatzen duena,
eta helburuen gatazka izan daiteke hor. Akziodunek irabazien maximotzeaz zer ulertzen
duten, eta zer ulertzen duten zuzendariek, besteak beste. Zuzendarientzat baliteke, apika,
irabaziak maximotzea ez izatea helburu bakarra, ezta helburu izatea ere. Talde bakoitzak
bere interesak ditu, eta interes horiek mugatuko dituzte bakoitzaren helburuak, azken
batean. Hala, Williamson-ek jaso izan duen legez, zuzendariaren utilitate funtzioak baditu
osagai monetarioak eta ez-monetarioak; esaterako, sustapena, autonomia, entzutea, baliabi-
deak esleitzeko askatasuna, eta, nola ez, zuzendaritzan jarraitu ahal izateko segurtasuna
(García Mestanza, 2003). Horiengatik guztiengatik garatu izan dira zuzendariei ordaintzeko
sistemak enpresak lortzen dituen irabazien araberakoak (baita enpresak balioa handitu/ez
handitu aukeraren arabera ordaintzekoak ere; stock-options izenekoak, kasu).
Gainera, merkatu-ekonomia batean txertaturiko erakundea dela kontuan izanik,
enpresak baditu, edo izan beharko lituzke behintzat, ekonomikoaz gain bestelako muga
batzuk; izan ere, esparru publikoan aritzen den erakundea izanik, legitimazio publikoa
12 Enpresaren ekonomia eta zuzendaritza: teoria eta praktika
behar duen erakundea baita (auzi honi buruzko gogoeta enpresaren gizarte-erantzukizunari
buruzko gaian egingo dugu).
Bestetik, eta aurrerago ere sakonean aztertuko denez, oso ohikoa da enpresa, antola-
keta modura, betetzen dituen funtzio jakin batzuen arabera definitzea. Erabiliko dugun
sailkapenaren arabera, honako funtzio unibertsal hauek bereiziko ditugu: zuzendaritza- eta
antolakuntza-funtzioa, finantza-funtzioa, merkaturatze- edo marketin-funtzioa, ekoizpen-
funtzioa eta giza baliabideen funtzioa.
Era berean, enpresa sistema gisa ere azter daiteke. Enpresa sistema bat dela esaten da
zenbait helburu lortzen ahalegintzen den elementu- edo azpisistema-multzoa baita (elka-
rrekin artean edo sistema globalarekin erlazionaturik dauden elementuak, gainera). Puntu
horri sakonago ekingo diogu aurrerago atal honetan bertan.
1.2. ENPRESA-EKONOMIA ETA ENPRESEN ANTOLAKETA
Ekonomia eta enpresa-zientziak, oro har, bi atal nagusitan bereizten dira: ekonomiaren
zientziak eta enpresa-zuzendaritza eta administrazioaren zientziak. Beste hitz batzuetan:
ekonomia orokorra eta enpresa-ekonomia. Sailkapen hori nahiko nabarmena eta hedatua
da. Esaterako, munduko herrialde gehienetan ekonomiari eta enpresari buruzko ikasketak
banaketa horren arabera antolatzen dira.
Ekonomia orokorraren baitan, era berean, makroekonomia eta mikroekonomia eta
ekonomia politikoa bereizten dira, besteak beste. Enpresa-ekonomiari buruzko ezagutza
arloan, ordea, sailkapena ez da horren erraza, hainbat interpretazio izan baita tipologia
osatzeko (kontuan izan beharra dago, gainera, aurreko puntuan azaldutakoa, alegia, enpresa
jakintza-esparru desberdinen azterketaren helburua dela).
Halatan, honako hiru termino hauek izan dira erabilienak jakintza-esparru honetan:
enpresa-ekonomia, enpresa-administrazioa eta enpresa-antolakuntza. Hirurak elkarren
sinonimotzat hartzea ez litzateke gehiegizko sinplifikazioa gurea bezalako sarrera-testu
baterako. Dena den, zenbait ñabardura egitea ere interesgarria izan daiteke.
Enpresa-ekonomia terminoa, anglosaxoiek business administration deiturikoaren
itzulpena da ("negozioen administrazioa", hitzez hitz). Enpresa-antolakuntza, berriz, inge-
lesezko management terminoaren ohizko itzulpena litzateke. Lehen aipatu dugunez, zentzu
zabalean ulertuta, sinonimoak lirateke nolabait, nahiz eta zenbait egilerentzat, zentzu
hertsian ulerturik, enpresa-ekonomiaren atal bati dagokion jakintza-esparrua den enpresa-
antolakuntza edo administrazioa (finantzak, marketina edo giza baliabideak beste esparru
batzuk diren bezalaxe); hain zuzen ere, enpresaren zuzendaritzaz eta antolaketaz bereziki
arduratzen den esparrua (eskuliburu honen 3. atalean aztertuko duguna, hain zuzen ere).
1.3. ENPRESA SISTEMA GISA
Enpresa sistema bat dela esa ohi da; izan ere, elkarrekin eta osotasunarekin erlazionatutako
elementu zehatz batzuen multzoa baita, helburu jakinak dituena. Enpresa sistemaren egitu-
ratzea hainbat ereduren arabera irudika daiteke, hemen Aguirre, Castillo eta Tous irakas-
leek jasotakoari jarraituko diogu (Aguirre, Castillo eta Tous, 1999). Hortaz, Sistemen
teoria oinarri duen ikuspegiaren arabera, enpresa askotariko elementuez osaturik dago eta
Enpresa kontzeptua 13
horiek elkarri eragiten diote enpresaren helburuak lortzeko (alegia, garrantzia handiko
feedback efektuak azalduko zaizkigu elementu horien artean).
Sistemen teoriak enpresa sistema ireki gisa azaltzen du. Labur esanda, enpresak
ingurunetik input edo sarrera batzuk jasotzen ditu (lehengaiak, finantza-baliabideak, infor-
mazioa eta gizakiak, besteak beste) eta output edo era askotariko irteerak ateratzen ditu
(produktu edo zerbitzuak, kutsadura, salmentak eta publizitatea, besteak beste).
Beraz, enpresa sistema konplexu gisa irudika dezakegu, koordinazio-lan zehatza
beharrezko duena. Era berean, sistema horrek beste azpisistema batzuk izango lituzke bere
baitan.
Enpresaren sistema orokorrak oinarrizko bi zirkulazio-maila izango lituzke: batetik,
maila operatiboan eragiketa- edo operazio-sistema legoke, non oinarrizko faktore
ekonomikoek parte hartzen duten --lurra edo faktore fisikoak, lana edo giza faktoreak eta
kapitala--; eta bestetik, erabaki- edo aginte-sistema aurreko sistema biltzen duena eta,
finean, nolabaiteko laugarren ekoizpen-faktorea dena, erabaki- eta antolaketa-faktorea,
hain zuzen. Eragiketa-sistema, era berean, beste hiru azpisistemetan bana daiteke: sistema
fisikoa, finantza-sistema eta giza sistema (ikus 1.1. irudia).
1.1. irudia. Enpresa sistema gisa
Iturria: Aguirre, Castillo eta Tous, 1999.
Beraz, sistema orokorraren baitan bada enpresaren buruzagitzari edo zuzendaritzari
dagokion azpisistema bat, zuzendaritza- edo management-azpisistema, hain zuzen ere.
1.4. ENPRESARIA
Betidanik, enpresaburua edo enpresaria enpresa-jardueraren sustatzailearekin identifikatu
izan da. Enpresariak enpresaren jarduera egituratzen du, eta bere motibazioen arabera,
enpresaren helburuak zedarritzen ditu, baita helburu horiek lortu ahal izateko erabakiak
hartu ere.
Tradizionalki enpresaren jabea eta enpresaria identifikatu izan dira: alegia, negozioa
martxan jartzeko edo mantentzeko kapital-ekarpena egin duena izan da enpresaria. Hala
ere, gaur egungo ekonomian ez dirudi hori denik enpresariaren ezaugarri behinena, alegia,
negozio batean kapitalista izatea. Egun, enpresaria gehiago litzateke, besterik gabe, enpresa
zuzentzen duen profesionala.
(faktore dispositiboa)
ERAGIKETA-
SISTEMA
(oinarrizko
faktoreak)
ERABAKI-SISTEMA
Lurra
Lana
Kapitala
Produktuak
eta zerbitzuak
14 Enpresaren ekonomia eta zuzendaritza: teoria eta praktika
Ez da hau enpresariaren irudiaren garapena sakonean aztertzeko lekua, noski. Pentsa-
mendu ekonomikoan betidanik aztertu izan den auzia da enpresariarena. Egile handiak
aritu dira gaia aztertzen: Adam Smith, David Ricardo, John Stuart Mill, Karl Marx, Alfred
Marshall, Joseph Alois Schumpeter eta John Kenneth Galbraith, besteak beste. Kapitalis-
moarekin batera izugarri aldatzen hasi ziren enpresaren eta enpresariaren irudia. Horren-
bestez, enpresariaren irudiari buruz aurki dezakegun ikuspegi-sorta zabala da oso, beti ere
bere testuinguruan aztertu beharko genukeena, gainera. Dena den, labur antzean bada ere
interesgarria da oso enpresariaren irudiak izan duen bilakaerari begirada bat eskaintzea
(horretarako, batik bat, Aguirre, 2002 eta Pérez Gorostegui, 1995 izango ditugu gidari).
Historikoki, zenbait egileren iritziz ezin daiteke enpresariaz hitz egin harik eta espiritu
kapitalista garatzen den arte. Enpresariaren irudiaren aitzindaria litzateke kapitalismoa
garatu aurreko merkataria edo artisaua (Aguirre, 2002). Aldaketa handia gertatu zen, ordea,
Industria Iraultzarekin. Eta ez soilik teknologia aldetik, baita pentsamolde aldetik ere.
Sombart-en ustez, espiritu kapitalista espiritu burgesaren eta enpresa-espirituaren nahasketa
da. Egile horren iritziz, espiritu burgesaren ezaugarriak hauek lirateke: efizientzia eko-
nomikoa edo ekonomiaren administraziorako arrazionalitatea aplikatzea, negozioetarako
morala edo formalitatea nagusi izatea eta pentsamolde kalkulatzailea. Enpresa espirituaren
ezaugarriak, berriz, irabazia eta dirua irabazteko grina lirateke.
Esan bezala XVIII. eta XIX. mendeetan Industria Iraultzarekin espiritu kapitalista eta
enpresariaren irudia biziki indartzen dira. Garaiko gizartearen pentsamoldean ere aldaketa
bortitza suertatzen da. Polanyi-k, Keynes-ek eta beste gizarte-zientzialari handi askok
ederki asko azaldu duten legez, hautespen naturalari buruzko ideia darwinistak gizarteari
aplikatu zitzaizkion, nolabait, eta merkatu-pentsamoldea biziki indartu zen. Horren arabera,
indartsuak eta aberatsak arro egon zitezkeen haien ondasunez eta aberastasunez, eta
pobreak, berriz, haien pobreziaren errudun. Ordura arte bestelako pentsamoldea zen nagusi.
Pérez Gorostegui irakasleak dioen legez, enpresariaren irudia hobeto ulertzen la-
gundu zuten hiru egile nagusiak, Richard Cantillon, Juan Bautista Say eta Alfred Marshall
izan ziren (Pérez Gorostegui, 1995). Lehenengoak, ordainsari ezagunak ziurtasunez
jasotzen dituztenak eta ordainsari ez-ziurrak jasotzen dituztenak bereizi zituen. Azken
horiek dira enpresariak; produkzio-prozesuak egin ahal izateko beharrezko arriskua
bereganatzen dutenak. Say ekonomistak --Say-ren lege ospetsua enuntziatu zuenak, hain
zuzen--, nahiz eta Adam Smith-en jarraitzailea izan, enpresariak jarritako kapitalaren
interesaren eta enpresaren mozkinaren arteko desberdintasuna aipatu zuen. Gainera,
enpresariak, kapitalistak ez dituen beste funtzio batzuk dituela uste zuen; faktore guztien
lotzaile gisa definitu zuen, ekoizpenaren balioarekin faktore horiek ordaindu eta mozkina
lortzen duena. Marshall-ek enpresaren zuzendaritza-faktoreari produkzio-faktorearen
eginkizuna esleitu eta orduan jaiotzen ari ziren enpresa handi batzuen sorkuntzan garrantzi
berezia eman zion (Pérez Gorostegui, 1995).
Beste bi ikuspegi oso garrantzitsu Joseph A. Schumpeter-en Enpresari berritzai-
learen teoria eta Frank H. Knight-en Enpresari-arriskuaren teoria dira. Schumpeter-en
ustez enpresariaren funtzio nagusia berritzea da, berrikuntzak ezartzea. Hau da, berrikuntza
teknologikoa merkataritzan eta industrian erabiltzeko aplikatzea. Negozio-aukera berri bat
atzematea. Berriztatzean (produktu berria merkaturatuz, adibidez), enpresariak denboraldi
batez, enpresari ohiz kanpoko mozkinak lortzea ahalbidetzen dion monopolioa lortzen du.
Enpresa kontzeptua 15
Denborarekin, beste enpresari batzuek enpresari berriztatzailearen produktuekin lehiatuko
diren pareko produktuak merkaturatuko dituzte, eta horren ondorioz enpresaren ohiz
kanpoko mozkinak murriztu egingo dira, harik eta imitatzaile berri gehiago erakarriko ez
dituen mailan kokatzen diren arte.
Knigth-en ustez, berriz, bestelakoa da enpresariaren eginkizun nagusia: arriskua bere-
ganatzea. Enpresariak enpresa-jardueraren emaitza ekonomikoak ziur ezagutu aurretik,
faktoreen ordainketa aurreratu egiten du. Gainerako faktoreek aurrez ezagutzen dute ordain-
sariaren zenbatekoa. Enpresariarena hondar-errenta da; enpresaren jardueren zalantza
beragatik aurrez ziur ezagutu ezin daitekeen zenbatekoa, alegia (Pérez Gorostegui, 1995).
Horrenbestez, Schumpeter-en aburuz, enpresariaren mozkina, egiten duen berriztatze-
lanak justifikatzen du. Knigth-en arabera, berriz, bereganatzen duen arriskuaren ordain gisa
ulertu behar da. Dena den, "enpresariaren mozkina" bezalako terminoak erabiltzeak,
kapitalista eta enpresaria oraindik ere nahastu egiten direla egiaztatzen du Gorostegui-ren
aburuz, mozkina ez baita enpresariarena; enpresaren jabearena baizik.
Hori bai, kontuan izan beharra dago enpresariak, enpresaren kapitalista edo akziodun
ere badenean, mozkin osoa edo horren zati bat (sozietate anonimoa izanez gero, dibidenduak
izango lirateke) jaso dezakeela, baina ez enpresaria delako; enpresaren jabea edo bazkidea
delako baizik.
Egun enpresariak enpresa-jarduera planifikatu, antolatu, zuzendu eta kontrolatu egiten
du; hau da, enpresa-antolamendua helburuetarantz eramateko faktoreak koordinatzen
dituena da enpresaria (Pérez Gorostegui, 1995). Are gehiago, gaur egun funtzio hori
enpresa ertain eta handietan pertsona-talde batek, eta ez bakarrak, betetzen duenez,
enpresariaren irudiaren despertsonalizazio eta atomizazioa nagusi dela aipatzen dute
zenbait autorek (Pérez Gorostegui, 1995; Bueno, 1996; Díaz de Castro, 2002).
Halatan, interesgarria litzateke aipatzea John Kenneth Galbraith estatubatuar
ekonomista heterodoxo handiaren ekarpena, labur bada ere --ekonomista horrek The new
industrial state (1967) liburuan jaso zuen bere ikuspegia--. Galbraith-ek "teknoegitura"
kontzeptua aipatzen du enpresari kontzeptuari buruzko gogoetetan. Autore horren arabera,
herrialde garatuetan sortutako tamaina handiko enpresak ezin ditu pertsona bakar batek
zuzendu: teknikari profesionalen multzo handi bat behar da enpresa horien zuzendaritzaz
arduratzeko, hala nola ekonomistak, ingeniariak, abokatuak edo politikariak. Horiek guz-
tiek enpresen "teknoegitura" osatzen dute. Autore horren ustez, enpresa handietan, akzio-
dunek ez dute inolako botererik eta benetan indarra eta agintea dituztenak zuzendari eta
teknoegiturakoak dira. Galbraith-ek hau azpimarratu nahi du azken batean: enpresaren
jabetzaren eta zuzendaritzaren artean gertatutako banaketa. Garai batean kointzidentzia
handia bazen ere, garai batetik aurrera elkarte anonimo handietan banaketa nabarmena da.
Eta Galbraith-en ideiek badute izan ere gaurkotasunik. Sozietate anonimoen hazkun-
deak, bereziki kapital hazkunde hori burtsara ateratako kapital hedapenaren bidez egiten
denean, akzionista txikien kopuru handia enpresaren jabe bihurtzea ekarri du. Halatan,
bereizketa handia gertatzen da enpresaren zuzendaritzaren eta jabetzaren artean. Enpresa
kapitalista batean lau oinarrizko eskubide bereizten dira: soberakin edo irabazietan partai-
detza, enpresan berrinbertitzen diren baliabideen kontrola, input-ekin izaten diren kontratu
guztien parte zentral komuna izatea eta gainerako eskubide guztiak saltzeko eskubidea
16 Enpresaren ekonomia eta zuzendaritza: teoria eta praktika
(Cuervo, 1994). Akzionista txikiek irabazietan partaidetza izatea dute benetako eskubide;
besteak, ordea, ez daude horren argi.
Azken batean enpresaren jabetza, teorian behintzat, akziodunena da, baina errealita-
tean enpresaren zuzendariek edota akzionista-talde txiki batek izaten dute de facto jabetza.
Egoera horrek ajentzia-arazo tipikoa sortzen du; izan ere, zuzendariek akziodunen izenean
kudeatzen baitute enpresa informazioaren asimetria-baldintzetan. Akziodunek ez dute
informazio nahikorik zuzendarien jokabidea ebaluatzeko, eta gainera, akzionista bakoitzak
enpresan duen kapitala oso txikia denez, inork ez du motibazio nahikorik enpresaren
martxa edota enpresaren kudeaketa hobetzeko (Cuervo, 1994) .
1.5. ENPRESAREN SORKUNTZA
1.5.1. Sarrera
Enpresa bat sortzerakoan hainbat puntu izan behar dira kontuan. Hauek dira nagusiak:
· Negozioaren bideragarritasuna aztertzea. Besteak beste, bezero potentzialak, are-
rioak, beharrezko ondarea, ondarearen finantziazioa, aurreikus daitezkeen gastuak
eta mozkinen proiekzioa aztertzea.
· Jarduera berria fisikoki non kokatuko den erabakitzea.
· Enpresa sortzeko beharrezkoak diren tramite legalak egitea.
Lehenengo puntua da, zalantza-izpirik gabe, aztertzen zailena. Horregatik taxuz
aztertu behar den zerbait da, enpresa-plana edo bideragarritasun-plangintza izeneko eredu
ezagunei jarraituz.
1.5.2. Enpresaren kokagune geografikoa
Enpresa guztiek egoitza soziala dute. Gune hori da, lege aldetik, enpresaren egoitza,
nahiz eta enpresaren ustiakuntza-jardueraren gunea edo lan-zentroa, beste leku batean izan.
Gainera, enpresa batek lan-zentro bat edo gehiago izan ditzake hiri berean edo herrialde
bateko hiri desberdinetan edo herrialde desberdinetako hainbat hiritan.
Egoitza soziala eta lan-zentroa non kokatu erabakitzeko hainbat faktore hartu behar
dira kontuan, besteak beste:
· Faktore ekonomikoak: merkatu potentziala erakargarria izatea (bezero asko eros-
keta-ahalmen handiarekin, lehiakide gutxi, prezio garaien aurreikuspena, etabar).
Baliabideak merke izatea (lursailak, eraikuntzak, lehengaiak, errekina, eskulana,
kapitala, zergak, etabar).
· Faktore teknikoak: beharrezko industria auxiliarra izatea, eskulan kualifikatua
izatea inguruan, azpikontratista fidagarriak edota garraio- eta komunikabide-
azpiegitura egokiak izatea.
· Faktore legalak: ingurumenaren araudia, zergen araudia, gizarte-segurantzaren
araudia, inportatzeko oztopoak, etabar.
Enpresa kontzeptua 17
· Faktore soziopolitikoak: giro politikoa, erakundeen egonkortasuna, kohesio
soziala, gatazkak konpontzeko gaitasuna, etabar.
Faktore horiek enpresak izan ditzakeen aukerak finkatzen dituzte: leku batean edo
bestean kokatzearen aldeko eta aurkako faktoreak. Faktore horiek guztiak dirutan aztertu
eta zenbait erabaki-tresnaren bidez erabaki egokiena har daiteke. Dena den, kontuan izan
behar da erabaki hau enpresaren tamainak eta biografiak hein handi batean mugatzen
dutela. Alegia, enpresa handiak eta indartsuenak --edo garai batean indartsuenak zirenak--
izaten dutela, batik bat, aukeratzeko gaitasuna.
TESTU OSAGARRIA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN INBERTITZEKO 10 ARRAZOI
1. Kokapen geografiko estrategikoa
Lisboa-ren eta Stockholm-en arteko komunikazio-ardatzaren lotura ezinbestekoa da. Euskal
Herrian Bilboko portua dago: Espainiar Estatuko merkataritza-porturik garrantzitsuena eta
Europan sakonerarik handiena duena (32 metro). Euskal Autonomia Erkidegoak hiru aireportu
edukitzeaz gain, errepide eta autobideetako 4.320 km eraiki dira, baita Europako abiadura
handiko trenbide-sarearekiko lotura zuzena ere.
2. Espainiar Estatuko industria-motorea
Euskal Herrian Espainiar Estatuko sektore estrategikoen produkzioaren zati handi bat kokatzen
da, alegia: makina-erreminta, automozioaren industria laguntzailea, ekipo-ondasunak,
informatika eta elektronika, etxetresna elektrikoa eta industria sidero-metalurgikoa. Horrez
gain, Mondragón Corporación Cooperativa-ren (MCC) egoitza Euskal Herrian dago. Talde
hori munduko industria-talde kooperatiborik handiena da. Iberdrola ere Euskal Herrian dago
eta Europako bosgarren enpresa da energia elektrikoaren ekoizpenean.
3. Energia-azpiegitura zabala eta dibertsifikatua
Eraginkortasun- eta aurrezki-programei esker, Euskal Herriak %14 energia gutxiago erretzen
du. Eskualde honetako beharrizan energetikoen %36,7 asetzeko, petroliotik eratorritako
produktuak erabiltzen dira. Azken urteotan, baliabide energetikoak dibertsifikatu dira gas
naturalerantz batez ere. Izan ere, Euskal Herriak energia-mota horretako berezko hornitze-
iturriak ditu. Halaber, banaketa-sare modernoa dugu biztanleon %90aren eskura.
4. Informazio-autobideen sarea
Euskal Herriak azken belaunaldiko mikrouhin-sarea du. Era bertsuan, Euskal Herrian banda
zabaleko zuntz optikozko linea-sarea dago; sare horren kanalizazioa 900 km-koa da, eta Euskal
Autonomia Erkidegoko biztanleen %85 hornitzen du, baita unibertsitateak eta industria-
zentroak ere. Beste alde batetik, telekomunikazio zerbitzu berriak ari dira sartzen, alegia, kable
bidezko telebista eta informazio-autobideen bidezko sarbidea, Internet barne.
18 Enpresaren ekonomia eta zuzendaritza: teoria eta praktika
Iturria: SPRI (www.spri.es)
5. Ikerkuntza eta Garapen Teknologikoaren aldeko apustua
Euskal Autonomia Erkidegoan Eusko Jaurlaritzak babestutako zortzi zentro teknologiko daude
eta EITEn daude elkarturik, non 1.000 profesional baino gehiagok euskal industria-egiturari
lotutako ikerketa-lanak egiten dituzten. Horrez gainera, ikerkuntzarako 24 zentro publiko edo
pribatu daude. Zentrook Europako I+G programa askotan parte hartzen dute, alegia,
Brite/Euram, Esprit, Euroeka eta abarretan. Aurrekoaz batera, 3 Elkartegi Teknologiko daude
(Zamudio-Bizkaikoa, Penintsularen iparraldeko handiena da), non besteak beste, informatika-
ren, telekomunikazioen, elektronikaren, aeronautikaren eta ingurumenaren alorretako puntako
enpresak kokatu diren.
6. Inbertsiorako pizgarriak eta bermeak
Eusko Jaurlaritzak jaulkitako herri-zorrak ondokoak jaso ditu: Moody´s amerikar agentziaren
Aa2 kalifikazioa eta Standard and Poor´s izenekoaren AA kalifikazioa. Euskal Autonomia Er-
kidegoko tributu- eta zerga-autonomiari esker --"Ekonomia Ituna" deiturikoak araututakoa--,
Euskal Herriko erakundeek zerga pizgarriak hitzar ditzakete inbertsio-proiektuetarako. Pizgarri
horien artean hauexek azpimarra daitezke: Sozietateen gaineko Zerga %32,5 da (Espainiar
Estatuan %35 da) eta %25era arteko fondo galdurako dirulaguntzak inbertsio berrietarako.
7. Europako finantza-zentro garrantzitsuenetarikoa
Euskal Herrian finantza-sektorea Espainiar Estatuan baino maila handiagoan finkatzen ari da.
Euskal Herrian bertan dute egoitza Banco Bilbao Vizcaya-k (Espainiar Estatuko liderra, onura-
bolumenari dagokionez), Bilboko Burtsak (Espainiar Estatuko bigarren balio-burtsa, kontra-
tazio-bolumenari dagokionez), Elkargik (Espainiar Estatuko lehenengo elkarrekiko berme-
enpresa) eta Luzarok (partaidetza-kredituak dituen sozietate bakarra). Halaber, Euskal Herrian
Kapital Arriskuko baltzu batzuk daude, baita Kapital Garapeneko baltzu bat ere.
8. Giza baliabideak, euskal lehengai nagusia
Unibertsitate ikasketei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoak hiru unibertsitate ditu:
Deustuko Unibertsitatea (Estatu osoko unibertsitaterik entzutetsuenetarikoa), Euskal Herriko
Unibertsitatea eta Arrasateko Unibertsitatea (MCC Mondragón Corporación Corporativa
taldeari eratxikitakoa). Unibertsitate horietan 28 fakultate, goi-mailako 3 eskola tekniko eta 11
unibertsitate-eskola daude. 4.000 irakaslek ematen dizkiete eskolak 91.000 ikasle baino
gehiagori. Euskal Autonomia Erkidegoan lanbide-hezkuntzako 172 zentro daude.
9. Milaka urteko kultura
Euskara gizateria osoaren hizkuntza-ondarea izateaz gainera, Europako hizkuntzarik zaharrena
da. Gure hizkuntzaren jatorria kultura indoeuroparraren aurrekoa da. Euskara eta gaztelania
Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak dira.
10. Naturagune paregabea
UNESCOk Urdaibaiko itsasadarra biosferako erreserba izendatu du. Espainiar Estatuko auto-
nomia-erkidegoen inguruko Ekonomia Txostenaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak
ingurumena babesteko duen azpiegitura estatu osoko onena da.
Enpresa kontzeptua 19
1.5.3. Enpresa sortzeko eman behar diren urratsak
Lehenik eta behin esan behar da ideia plan jakin baten inguruan garatu behar dela.
Horretarako, oso aproposa izaten da ideia edo proiektua negozio-plana izenekoan gauza-
tzea. Hainbat erakundek ematen dute horretarako laguntza.
Oso erabilgarriak dira esparru honetan, besteak beste, administrazioetako ekonomia
eta enpresa sustatzeko ajentziek enpresa-planak egiteko ematen dituzten laguntza-programak
eta laguntza-ereduak; besteak beste, azpimarragarriak dira Euskal Autonomia Erkidegoan
Business Innovation Centres direlakoek (BIC laburduraz ezagutzen diren enpresa berrikun-
tza zentroak) eta SPRI erakundeak (Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua)
garatu dituzten materialak eta ereduak1.
Negozio-plana gauzatzeko, negozioaren arazo nagusiak, hau da, arazo estrategikoak,
azaldu eta konpondu behar dira. Horretarako, era berean, negozioa gauzatzeko bideak eta
konponbideak definitu behar dira. Jarraian, bideragarritasunari buruzko ohiko azterketa
baten gidoia jasotzen da:
· Sustatzaileak identifikatzea
· Proiektuaren deskripzio laburra
· Merkatuaren azterketa (deskripzioa, lehiatzeko abantailak, salmenta-plana,
banaketa-bideak, merkataritza-antolakuntza, etab.)
· Ekoizpen-plana (fabrikazio-prozesua, erosketa-plana, etab.)
· Analisi ekonomiko finantzarioa
· AMIA (DAFO) analisia (ikus 11. gaia)
· Ondorioak
Ideia edo proiektuaren bideragarritasuna zehaztu ondoren, beste zenbait urrats garran-
tzitsu egin beharko dira. Guztiak ere enpresa sortzeko azken tramiteekin amaituko dira.
1.5.4. Enpresa sortzeko egin behar diren azken tramiteak
Enpresa bat sortzeko lau motatako tramite legalak daude:
a) Merkataritza-tramiteak.
b) Tramite fiskalak.
c) Tramite sozialak.
d) Tramite munizipalak.
a) Merkataritza-tramiteak
Enpresa bat sortzeko egin behar den tramite nagusiena eskritura delako agiria idaztea
eta Merkataritza Erregistroan inskribatzea da. Une horretatik aurrera, enpresak izaera
20 Enpresaren ekonomia eta zuzendaritza: teoria eta praktika
1. Ikus, esaterako, BIC berrilan-en webgunea: www.bicberrilan.com; eta enpresa- edo negozio-plan berri
baten bideragarritasuna aztertzeko eredu zehatz bat proposatzen duen "Enpresa bat sortzeko hamar urrats" argi-
talpena; eskuragarri Interneteko www.spri.es helbidean.
juridiko diferentziatua du, hau da, zuzenbidearen subjektu bilakatzen da. Alegia, enpresak
edo administratzaileek ordenamenduak ezartzen dituen eskubideak eta betebeharrak dituzte.
Eskrituran enpresa-jarduera sortzen duten bazkideen artean hartutako akordioa jaso-
tzen da. Notario baten aurrean erregistratu beharra dago. Enpresen eskrituretan datu hauek
jaso behar dira:
a) Enpresa sortzen duten pertsona juridikoen edo pertsona fisikoen izena, egoitza
soziala edo helbidea.
b) Sinatzen dutenen enpresa sortzeko nahia.
c) Enpresa sortzeko jartzen den kapitala eta bazkide bakoitzak jartzen duen
zenbatekoa.
d) Sozietatearen administratzaileak zein diren, nazionalitatea eta helbidea.
e) Sozietatearen estatutuak.
b) Tramite fiskalak.
Enpresa hainbat zergaren subjektu pasiboa da, eta sortzen denetik zamatzen zaizkio
zerga horiek. Besteak beste, hauek dira nagusienak:
· Ondare Transmisioen gaineko Zerga. Enpresa bat osatzerakoan ordaintzen da (tasa
jakin bat kapital sozialaren gainean sozietate bat denean, edo eskrituratu den
zenbatekoaren gainean bestela).
· Balio Erantsiaren gaineko Zergan alta.
· Bestelako tramite batzuk: esaterako, enpresaren Identifikazio Fiskalaren Kodea
(IFZ) eskatzea (gaztelaniaz CIF delakoa, Código de Identificación Fiscal).
c) Tramite sozialak
· Enpresa eta enpresak dituen lan-zentroak Gizarte Segurantzan inskribatzea.
· Langileen afiliazioa eta alta.
· Langileriaren matrikula-liburua eta bisita-liburua.
· Lan-zentroa ireki dela komunikatzea.
d) Tramite munizipalak.
Udaletxean lan-zentroa irekitzeko lizentzia eskatzea eta lizentzia horri dagozkion tasak
(lokalen azalerarekiko proportzionalak) ordaintzea.
Enpresa kontzeptua 21

Enpresaren ekonomia eta zuzendaritza: Teoria eta praktika