2. Sistema onomastikoa Antzinatean
eta Erdi Aroan
Pielen arabera (1947: 147) erromatar hiritarrek hiru osagai onomastiko ibiltzen
zituzten, Marcus Tullius Cicero adibidez. Lehena norberaren izena zen, bigarrena
gens-aren kide guztiek zuten gentilizioa eta hirugarrena gens bakoitzeko familiak
zeraman cognomen-a. Hauetaz landara ez zen bakana agnomen edo izengoiti baten
edo gehiagoren erabilera: Publius Cornelius Scipio Africanus. Sistema hau itzaliz joan
zen pixkaka-pixkaka2, praenomen-a aurreneko mendeaz geroztik eta gentilizio edo
nomen-a hirugarren mendetik aitzina, eta hondarrean izen bakarra edo nomen
singulare-a ibiltzen hasi zen. Hau cognomen-a izan zitekeen, edo familiaren
izendapena, signum deitzen zena: Manlius Januarius qui vocitatur Asellus; Octavia
Felicitas signo Leonti, erraterako. Gai honetaz ikus, orobat, Godoy (1871: 4), Leite
de Vasconcelos (1928, 12. or. eta hurr.), Ernout & Meillet (1994 [1932], nomen
sarrera) eta Díez Melcón (1957: 24). Viejok (1998: 37-38), Kajantori jarraikiz,
supernomen-a aipatzen du, zein agnomen nahiz signum izan baitzitekeen. Irigoienek
dioenez (1987: 195) Akitanian eta Hispanian cognomen-a batzuetan genitiboan
egoten zen, patronimikotako: Q[uintus] Albi Vitalionis, hots, Q[uintus] Albi Vitalio-
ren semea, edo Camilius Arrus Aionis f., alegia, Camilius Arrus Aio-ren semea.
Izen latinoaren bilakaera, Kajantok dioenez (1977: 421-422), zirkulu baten
antzekoa da: historiaurreko garaietan erromatarrek izen bakuna zuten; gero genti-
lizioa agertu zen (nomen-a) eta honen ondorioz lehengo izen bakunak praenomina
bilakatu ziren. Beranduago cognomen-a sortu zen. Ondoren, ikertzaile berak
dioenez, tria nomina-ren sinpletze prozesua gertatu zen, eta azkenean garaile
cognomen-a atera zen, V. mendearen hastapenerako jende xehearen artean, baina
VI. mendean baizik ez handikien artean, Mauritania Caesariensis-en salbues-
penarekin, hemen deizio bikunak (duo nomina3) beste alderdietan desagertu ziren
garaietan bizirik zeudelako artean. Tria nomina sistemaren gainbehera inperio
osoko bizilagunei erromatar hiritartasuna ematen zien Caracallaren aginduaren
ondorioz hasi zen, honek berekin praenomen-a baztertzea ekarri baitzuen, zenbait
alderditan IV. mende arte iraun bazuen ere, eta eskualderen batean VI.eraino, ikusi
bezala (Viejo, 1998: 38).
2. Dena dela, familiako erabileran sistema hirukoitz hori ez zela errotua gehitzen du Pielek.
3. Tria nomina-ren sistema bizirik zegoelarik ere emazteki askeek eta herri xeheak bi izen
besterik ez zituzten. Ikus Viejok Kajantori jarraikiz dioena (1998: 37).
I. Boullónen arabera (1999: 21-26) Iberiar Penintsulako iturri epigrafikoetan
ageri zaizkigun erromatarren aurreko izenak guti samar dira, baina garbi ikusten da
horiek bakunak zirela eta izaera adjektiboa zutela. Gaian sakondu nahi ez badugu
ere, Boullónek "erromatarren aurreko garai"-tzat zer ulertzen duen zehaztu behar
zukeen, inskripzio zeltiberikoetan izen konposatuak ere ageri baitira (ikus, adibi-
dez, J. Gorrotxategi, 1990 eta Villar, 1995: 19 eta hurr.), eta Turma Salluitana
delakoan ageri diren iberiar izenetan aitarena ere azaltzen baita (ikus, konpara-
ziorako, Schuchardt, 1909, eta Palomar, 1960: 368). Galiziako ikertzailearen
arabera (1995: 450) tria nomina-ren sistemaren finkatzea ez zen bera izan Penin-
tsula osoan, eta, erraterako, berandu erromatartu zen ipar-mendebaldeko eremuan
izen hirukoitz gutxi agertzen dira, Tarraconense edo Betica-ren aldean.
Nafarroako idazkunetan agertzen diren izenetan Castillok (1992: 126, 1997:
128-130) tria nomina dutenak hagitz gutxi direla dio, eta arruntena bi osagaiko
(nomen + cognomen) deizioak direla. Ikertzaile honen arabera, filiazioa ez da
erromatar eran adierazten, aitaren izengoitiaren bidez baizik. Castilloren lanean
oinarrituz, J. Gorrotxategik (2000b: 95-96) Nafarroan azaltzen diren 217 lagune-
tarik tria nomina dutenak 24 baizik ez direla dio, eta estatutu pribilegiatua zuten
hiru erromatar hiritarik datozela: Cara-tik (Santakaratik), Andelos-etik (Andion-
dik, Mendigorritik) eta Pompaelo-tik (Iruñetik).
Gasteizko irakasleak, Castilloren irizpide berak Arabari aplikatuaz, erraten du
azaltzen diren 145 lagunetarik tria nomina dutenak 26 direla, Lantziegoko idazkun
bateko sendikideez landa. Eskualde honetan izen bakuna edo bertako cognomen-a
duten izendabideak ere nabarmentzekoak dira, Gorrotxategiren irudiko. Bizkaian
14 epigrafe daude eta hauetan tria nomina bi erromatar hiritarrek baizik ez dute;
Gipuzkoan, berriz, bakarra da epigrafea eta bertako bi izenetako bat, aitarena,
baskoi tankerakoa da ((Val(erius) Beltesonis (filius)).
Menéndez Pidal & Tovar-ek (1962: 399-400) tria nomina-ren gainbehera
kristautasunagatik gertatu zela uste dute, erlijio honetan bataioko izena bakuna
izatea nahiago izaten baitzen. Zernahi gisaz, germaniarrek ere lagunduko zuten
izen hirukoitzak galtzen, izugarrizko erraztasuna baitzuten izen eratorri eta elkar-
tuak egiteko, pertsona identifikatzeko balio zuen izen bakuna sortuz. Boullónek
(1995: 450, 1999: 22) aurreko beste ikertzaileek erran zutena bilduz --Frantziako
egoeraz ikus Dauzatek (1988 [1949] 31-32) dioena; ikus, orobat, Díez Melcón
(1957: 25-26)--, kristautasunak izenaren sinpletzean paper garrantzitsua jokatu
zuela uste du, izan ere, kristauak izan baitziren, antza duenez, izen bakuna auke-
ratu zuten lehenak (ikus, berebat, Viejo, 1998: 36-37). Galiziar ikertzaileak izen
bakunaren nagusitzean germaniarren etorrerak ere eragina izan zuela uste du eta,
erakusgarritako, erraten du izandako hogeita hamabi errege godoen artean bi izen
besterik ez direla errepikatzen. Pielek (1947: 149-150) Meyer-Lübkeri kontra
eginez garrantzia kentzen dio kristautasunak izenen sorreran izan duen eraginari,
eta Kajantok (1977: 426) uste du erlijio haren papera hutsala izan zela eta izena
16 Euskal deiturategia: patronimia
bakuntzearen arrazoiak sozialak eta are onomastiko hutsak izan zirela. Nolanahi
ere, eta arrazoiak arrazoi, izen bakarraren sistema nagusitu egin zen, halako moduz
non bisigodoak Penintsulara iritsi zireneko deizio anizkoitzak urriak baitziren.
Frantzian ere erromatartzearekin hiru izenen sistema hedatu zen, baina ez jende
xehearen artean, hauek biko sistema ibiltzen baitzuten. Gero, frankoek garaitzape-
na erdietsi zutelarik onomastika latinoa desegituratu egin zen, aipatu germaniarrek
beren hizkuntza alde batera utzi arren lehengo izenak atxiki baitzituzten, bataio
izen bihurturik (Dauzat, 1988: 31-32).
Kremer-ek dioenez (1990: 12 eta 1992: 463) izen bakarraren sistema dugu
XI. mende arte; honek iradokitzen du, alemaniar ikertzailearen arabera, antroponi-
mo desberdin anitz zeudela eta ez zela benetan modan zegoen izenik, lehen garai
honetan. Izendegia zabala izan zen bitartean ez zen deizio bikoitzaren beharrik
ikusi, baina garai batetik aurrera, eta zenbait faktorerengatik --bertako hizkuntzen
galtzapena, modako izen gutxi batzuen hedatzea, arrazoi instituzional eta eko-
nomikoak...--, izen kopurua jaitsiz joan zen, jende kopurua gora zihoan bitartean.
Moreu-Reyk (1985: 10-11) Kataluniaz mintzo dela dioen bezala, aise da izenak
gutxituz joan zirela egiaztatzea baina ez hainbeste urritze horren arrazoiak zein
izan ziren zehaztea. Zenbait autorek izen batzuen prestigioa aipatu dute, baina
ikertzaile katalanaren arabera hau ez da aski, eta berak zergatiko instituzional eta
ekonomikoak ematen ditu (ikus, orobat, Boullónek [1995: 451] dioena): aurrene-
koa jabe txikien finkatzea, plantatzea da, hauek jabego eskubideak beren oinor-
dekoei anitzez errazago pasatzen baitzizizkieten izen berak etengabe belaunaldiz
belaunaldi irauten bazuen, batez ere lurrak zirela medio tartean auziren bat zegoe-
nean. Moreu-Reyk aipatzen duen bigarren arrazoia (ibid., 12-13) endogamiarako
joera da, zein handikien leinuetan hasiko baitzen, ondarea gorde eta atxikitze
aldera; gero gizartean beheiti eginen zuen, edozein lur eta ondasun jabe harrapatu
arteraino.
Aurrekoaren ondorioz izen bera zeramatenen kopurua berretuz joan zen, eta
honekin batean, pertsonak nahasteko aukerak handitu eta identifikatzeko arazoak
gehitu ziren. Nahasketak baztertzeko bigarren izena erabiltzen hasi zen (ikus Díez
Melcón, 1957: 34-37 eta Zierbide, 1995: 213), bakan IX. mendean, gehiago X.ean
eta arruntean XI. mendearen bigarren erditik aitzina, Europa guztian (Boullón,
1995: 451, 1999: 23; Portugalgo Coimbra hirirako ikus Durand, 1990). Alabaina,
Bourinen arabera, eta Frantziako egoeraz mintzo dela (1990b: 233-236), duo
nomina-ren sistemaren zabalkundea ezin zaio, garbiro behintzat, izen kopuruaren
murrizketari leporatu. Honela dio ikertzaile honek (ibid., 244):
"L'adoption du système anthroponymique à deux éléments est parfois interprétée
comme une réponse à une évolution du nomen propium, mais ces transformations
sont probablement plus dialectiques qu'on ne le pense classiquement. En effet, il est
admis habituellement que le stock des noms évolue par concentration sur quelques
Sistema onomastikoa Antzinatean eta Erdi Aroan 17
noms dominants, par réduction de l'ensemble et par renouvellement du stock ono-
mastique. Globalement cette évolution multiplierait les homonymies et nécessiterait
l'intervention d'un deuxième terme dans la dénomination. L'enquête que nous avons
menée à travers ces quelques régions ne confirme pas nettement cette théorie".
Galiziako dokumentazioa aztertu duten zenbait ikertzailek (Portela & Palla-
res, 1995; González & Pérez, 1995) garbi ikusi dute izen bikoitzen erabilera izen
kopuruaren murrizketari zor zaiola, ez alderantziz, eta handiki edo nobleen artean
sortzen dela. Europako beste eskualde anitzetan bezala, izen bakuna nagusi eta ia
bakarra da Galizian 1000. urte arte; gero, XI. mendean, sistema antroponimikoa
aldatzen hasten da eta hurrengo mendean izen bikoitza argiro nagusitzen da.
Hauetako bigarren osagarrian nomina paterna direlakoak dira jaun eta jabe; toki
izenak, lanbideenak eta goitizenak aise bakanagoak dira.
Leongo El Bierzo deitu eskualdeko IX-XIII. mendeetako antroponimia
aztertu duten autoreek (Rodríguez & Durany, 1995) antzeko ondorioak iristen
dituzte, baina ez dute garbi ikusten izen murrizketak deizio bikoitzak erabiltzea
ekarri zuen berekin ala ez, eta nahiago dute izen kopuruaren murrizketak eta bi
osagaiko deizioen erabilera handitzeak bilakaera paraleloa izan dutela pentsatu.
Leongo dokumentazioa aztertu duen beste ikertzaile batek (Díaz, 1998) IX.
mendean usaian izen bakuna erabiltzen zela azaltzen du eta X.etik aitzina agertzen
direla deizio bikoitzak: x filius y egitura dutenak, izen + patronimikoa itxurakoak,
izen + goitizena erakoak, izen + cognomenta (goitizena edo) dutenak, izen + (de)
+ toponimoa egiturakoak eta, buruenik, izen + lanbide-izena segidak. Honen
arabera, corpus antroponimikoaren urritzeari leporatu behar zaio bigarren izenaren
agerpena.
Portugalgo Bas-Douro deitu alderdiko antroponimia ikertu duen R. Duranden
arabera (1995) izen bikoitzen nagusitasuna, Galizian eta Bierzon ez bezala,
erabatekoa da XI. menderako. Beste eskualde horietako "eboluzio"
antroponimikoa "reboluzio" edo iraultza bilakatzen da, hemen tarteko aldi edo
urratsik, trantsizio garairik alegia, ez dagoelako. Zernahi dela, bigarren osagaian,
gutiz gehienetan, nomen paternus delakoa ageri da, aitaren izena, Galizian eta
Bierzon agitu bezala; gaineratekoek ezaugarri fisiko edo moraletan dute oinarri,
sorleku-bizilekuan eta lanbidean.
Kataluniako egoera aztertu duten M. Zimmermannek (1995: 355, 362) eta
To Figuerasek (1995: 382, 385) erraten dute eremu horretan deizio bikoitzak
agertzea ez dela izen urritasun gorriaren ondorio, alegia, izen hutsunea betetzeko
sortutako konponbidea; aitzitik, ikertzaile horien irudiko izen kopurua gutxituz
joatea da deizio bikoitzak azaltzearen ondore zuzena. Badirudi, dena dela, Moreu-
Reyk bestela pentsatzen duela (ikus gorago). Autore honen iritzian (1985: 14-16)
kontu egin liteke aurreneko izen bikoitzak agertzea arabiarrekiko harremanen
ondorio izan dela, baina Kataluniako eta Pirinioetako egoera ikusirik erran daiteke
18 Euskal deiturategia: patronimia
hau ez datorrela bat dokumentazioarekin, besteak beste mendiez iparraldekoan
hegoaldekoan bezainbeste izen edo deizio bikoitz azaltzen direlako.
Filiazio sistemen agerpena IX. mendean datatu dute Menéndez Pidal eta
Tovar-ek (1962: 400-402); garai honetan izen bereziaren ondoan aitarena ezar-
tzeko ohitura agertzen da, baina bakarrik Asturiasen eta Akitania edo "Wasconia"-n.
Lehen eskualdean mende horretan genitiboa agertu ohi bada ere, 835eko dokumen-
tu batean Nunus Gutierris azaltzen da, latinaren eraginez -s duen aldaera alegia.
Lehen -z-dun formak Gaztelan aurkitzen ditugu, 824. urtean: Monnio Nunniz,
Monni Nunniz.
Boullónek (1999: 24) 854. urtean aurkitu ditu lehen patronimikoak Galizian,
eta Viejok (1998: 52) 951. urtean Asturiasen; eskualde honetan X. mendearen
hastapeneko lekukoak ere badira, baina ez agiri originaletakoak. Euskal Herriko
lehenak, dakigunez, Leireko 850. urteko Exemeno Banzones, Galindo Bertuiones
eta Micarro Menzones dira (ikus hamaikagarren atala); Valpuestan, 804ko agiri
batean, Didaco Didaz, Didaco Pelaiz, Gudistio Pedriz, Nunno Nunniz, Osoro Petriz,
Petro Annaiaz, Seuero Nunniz eta Tello Telliz azaltzen dira. Nolanahi ere, izen
bakarraren erabilpena, Europan, X-XI. mendeetaraino luzatzen da, eskualdeen
arabera; garai horretatik aitzina izen bikoitza ibiltzea izanen da nagusi, Nafarroan
eta Errioxan X. mendeaz geroz, Viejoren iritzian (ibid., 35 eta hurr.). Hemen
beharbada Aragoiren salbuespena azpimarratu behar genuke, Lalienak dioenez
(1995: 307-308) eskualde horretako Pirinioetako ibarretan, San Juan de la Peñako
agirien arabera (XI. m.), nekazari aske eta kapareen % 84k izena + nomen pa-
ternum egiturako deizioa baitute, eta jopuen artean % 73k. Zernahi dela, ikertzaile
horrek uste du dokumentuetan izena + aitaren izena genitiboan + toki izendapena-
ren tankerako egiturak agertzea gehiago zor zaiela lege arrazoiei eta dokumentuen
erredakzioarekin lotutakoei, aurreratuago zegoen antroponimiaren zabalkundeari
baino. Autore berak, aitzinago (ibid., 310), erraten du nomen paternum-en erabi-
lera, Aragoin eta menturaz Nafarroan, gutxienez IX. mendeaz geroztik dagoela
indarrean. Errekonkistaren eta etorkin frankoen agerpenaren ondorioz beste stock
onomastiko batzuk azaldu eta nomina paterna-ren sistema maldan behera abiatzen
bada ere, urritze hau ñabartu beharra dagoela uste du aipatu ikertzaileak, izen be-
rriak usu desegokiak direlako genitiboan edo "dagokien erromantzeko itxurapean"
azaltzeko (ibid. 319).
Kremer-en arabera (1990: 12, 1992: 463) izen konposatuak egiteko hiru
aukera zeuden: patronimikoa ("die Filiation oder Name des Vaters"), jatorria ("die
Herkunft [Ortsname oder Ethnikon]") edo izengoitia ("ein Beiname [Beruf oder
soziale Stellung, physische oder moralische Merkmale]")4. Ikertzaile honek
Sistema onomastikoa Antzinatean eta Erdi Aroan 19
4. Díez Melcónek dio (1957: 38-39) cognomento-a familiaren barrenean sortzen dela eta balio
ofiziala hartutakoan benetako deituraren papera egiten duela: Johannes cognomento Abavita, Maria
cognomento Auro, Controdo cognomento Matre Vita...
dioenez, oraino ere deitura espainolen eta portugaldarren osagarririk behinena den
patronimikoa ageri da nagusi dokumentazioan.
Moreu-Reyk, alemanaren aitzinetik (1985: 16. or. eta hurr.), izengoitietan
funtzioa (zeregina edo) eta lanbideak adierazten dituztenak sartzen ditu lehenik,
jatorria edo toponimo batekin zerikusia dutenak gero, eta filiazioaren berri ematen
dutenak buruenik. Izengoiti toponimikoetan erlazioa adjektibo baten bidez adieraz
daitekeela dio, hau da, herritarren izenaren bitartez --hau ohikoa zen handikien
artean--, toponimoa izenari ondoratze hutsarekin, genitiboko alborakuntzaren
bidez (Bernardus Torronis adibidez) edo de preposizioa baliaturik. Beste ikertzaile
batzuei ez bezala, katalanari izengoitiek izena ordezkatzeko xedea zutela iruditzen
zaio, ez hura osatzekoa: "...i, malgrat el que creguin d'altres especialistes, a nosal-
tres no ens semblen --en llur majoria-- additius, sinó més versemblantment suple-
tius".
Viejok, Asturiasko egoeraz mintzo denean (1998: 38-41 eta 44), iturri
epigrafikoetan oinarrituz erraten du patronimikoaren erabilera (izena + aitaren
izena genitiboan; batzuetan izena + gentilizioa genitibo pluralean + aitaren izena
genitiboan agertzen da) Asturiasen lehen mendean dokumentatzen dela, sobera
goiz latinaren eraginean pentsatzeko. Honetan oinarri harturik autoreak honako
hau ondorioztatzen du: "es difícil evadir una relación de continuidad con el
sistema patronímico bajomedieval que emergerá con fuerza en la documentación
de estos mismos territorios --Espainiako ipar-mendebaldean--, como típicamente
hispánico frente al de otros países europeos románicos, a partir del siglo XI".
Alegia, Espainiako ipar-mendebaldean (eta Akitanian) Erdi Aroan kausitzen dugun
sistema patronimikoa erromatartzearen aurreko sistemaren iraupena besterik ez da.
Jatorrizko sistema hau bat zetorkeen, hein batez, erromatar sistemarekin, etorkia
biek eredu indoeuropar berean baitute. Honek, jakina, Galizia, Asturias eta
Kantabriarako balio dezake, baina ez nahitaez Euskal Herrirako, ez eta
Antzinatean euskalduna izan zen Akitaniarako ere.
Hispaniako ezaugarri nagusia, Viejok dioenez (1998: 80), patronimikoaren
erabateko garaipena da, bigarren izenaren zabalkundea gertakari europarra baita,
ez bakarrik hispanikoa; hau, ikertzaile beraren arabera, aurreko egitura antroponi-
mikoei eustearen ondorio izan liteke. Ez du zalantzan jartzen, alabaina (ibid., 46),
atzizki patronimikoa, formaz, latinetik atera zela. Izan ere, atzizkia bere ustean la-
tineko hirugarren deklinabideko genitiboaren aztarna da, zein bigarren deklina-
bideko genitiboekin aldizkatu ondoan nagusitu baitzen.
Puntu hau bukatzeko, erran nahi dugu zenbait ikertzailek aipatzen duten XII.
mendeko "iraultza antroponimikoa", hots, izen bakunetik deizio bikoitzera igaro-
tzea Euskal Herrian nola gauzatu zen ez dakusagula zeharo garbi. Izan ere, lan
honen helburu nagusia sistema patronimikoa eta beronen bilakaera aztertzea izan
da, ez hainbeste izen bakunaren sistematik deizio bikoitzarenera nola igaro ginen
20 Euskal deiturategia: patronimia
xeheki azaltzea. Gainera, guk erabili dugun dokumentazioa oro har berriegia da
alderaketak egin ahal izateko, gehien-gehiena XI. mendeaz gerozkoa baita. Irudi
du, bai, Valpuesta, Donemiliaga, Leire eta bestetako agiririk zaharrenetan izen ba-
kunak usaiakoagoak direla dokumentazio berriagoan baino, baina ez gara hainbes-
tekotan eta erkaketan sartzeko eta hasteko egoera egokian5. Hau ere, lan honetan
ukitzen diren beste puntu anitz bezala, geroko ikerketak argitu beharko du beraz.
Sistema onomastikoa Antzinatean eta Erdi Aroan 21
5. Zierbidek (1995: 212), Lizarrako frankoen onomastika aztertzean, 1090-1222 epean izen
bakunak % 18'32 direla dio, baina ez du zehazten ehuneko hori mendeka nola banatzen den.

Euskal deiturategia: patronimia