1. Sarrera
1.1. SARRERA
Aurrizki eta adjektibo aniztasunarekin egin ohi du topo gizarte garaikideaz artiku-
luak eta liburuak irakurtzen dituen orok. Etengabe errepikatzen dira gizarte
postindustriala, postmodernoa, informazioaren gizartea, kapitalismo berantiarra,
sare-gizartea eta gizarte postfordista terminoak, besteak beste. Luzea den zerrenda
hori ez dela izengoiti arazo hutsa frogatu nahiko da lan honetan, gaur egungo gi-
zartea hizpide duten eztabaida garaikideak, gai zehatzetara mugatuak ez ezik,
gizarte garaikidearen definizioari zuzenduak ere badaudelako. Gizartea nolakoa
den bilakatu da auzi nagusia, gizakia zer den.
Fenomenoen konplexutasun enpirikoaren markoan, izengoiti horien beharra
gizarte modernoa azaltzeko erabili diren tresna analitikoek gizarte garaikidearen
elementu eta jazoera berriak azaltzeko gaitasunik ez dutelako sortzen da. Defini-
zioak askotarikoak izan arren, kontzeptu horiek guztiek azken hiruzpalau mendee-
tan gizarte modernoa irakurtzeko erabili izan diren oinarri zaharrak mantentzen
dituzte. Elkarren artean desberdinak, kontrajarriak, aurkakoak, "kritikoak" batzuk
eta "lasaigarriak" besteak. Baina gizarte modernoa gizarte industrial bezala edo
gizarte kapitalista bezala irakurtzen dugu oraindik ere.
Soziologia klasikoak ez ezik, soziologia garaikideak ere "industrialismo
garatuaren sistema botere sozial autonomo eta geldiezin modura aintzat hartu
behar dela onetsi du" (Beck, 1998b: 126). Azken hamarkadetako gogoetak hartuz
gero, adibide gisa, joera berdina dute, hau da, modernizazioa eta modernizazio
sozioindustriala parekatzeko joera. Modernitate ziurrak ohikoa duen irakurketa
lineala egiten dute guztiek ere. Desberdintasunak irakurketaren arabera sortzen dira
(Beck, 1996a: 236). Batzuek, ohiko eskola funtzionalista eta marxistaren lehian
jarraitzen dute, baina orain postindustrialismoaren (Bell) eta kapitalismo berantia-
rraren (Habermas) aldaerekin. Gaur egungo modernitatearekin baikor azalduko
dira, eta aldaketa bakarra "zerbitzuen gizartera" emaniko urratsean topatzen dute,
eskolaren arabera, noski, irakurketa desberdina izango duena. Halaber, besteek,
"gizarte modernoaren ereduaren faltsutasun historikoa agerikoa egin ahala", arazo
ekologikoa ukatuz, irakurketa negatiboaren bidetik, baina betiere modernitatea eta
modernizazio sozioindustriala parekatuz, postmodernitaterako urratsa emango dute.
Bi tradizio nagusietan oinarritzen dira definizioaren ahalegin guztiak. Azken
batean, beraz, aniztasun hori guztia modernitatea irakurtzeko beti erabili izan diren
ohiko bi paradigmen aldaera hutsak baino ez dira. Modernitatearen zutabe izan di-
ren gizarte kapitalistaren paradigma eta gizarte industrialaren paradigma (Giddens,
1993) ez dira gizarte garaikidearen beharrak erantzuteko eta interpretatzeko gai
azalduko. Eta, beraz, aipatu diren aurrizkiek eta adjektiboek paradigma horietan
oinarria badute, proposatzen diren irakurketak eta irtenbideak zaharrak eta
iraganekoak direla agerian uztea ezinbesteko betebeharra izango da lan honetan.
Irakurketa lineala eta ziurra gaindituz, anbibalentziaren bidetik beste modernitate
baten aukera proposatuko da. Gizarte-zientzien fakultatetik iragan den ikaslearen
harridurarako, Emile Durkheim, Karl Marx, Max Weber, Talcott Parsons, Jürgen
Habermas, Claus Offe, Max Horkheimer, Theodor Adorno eta, noski, Niklas
Luhmann zaku berean. Baina ez umezurtz, testuinguru teoriko eta epistemologiko
berrirako bidean, Ulrich Beck soziologo alemaniarra oinarri hartu eta gertuko zein
urrunagoko pentsalarien laguntza izango baita.
Gizarte erreala teorizatzetik urrun daude. Ez hori bakarrik. Kategoria eta mar-
ko teoriko zaharrak erabiltzeak gizartearen bilakaera baldintzatzen duen unetik,
fenomeno berrien aitzinean jokabide zaharrak erabiltzeak gizarte-gatazka eta haus-
tura bultza ditzake. Eta egunkarietan bultzatzen dutela irakur daiteke. Baldintzatuta
daude eguneroko biziera eta bizikidetza gizartearen teoria abstraktuenekin.
Alberto Melucci soziologo italiarraren hitzak erabiliz, aipatu den hizkuntza
auzia, azken batean, "gaur egungo dilema teorikoaren sintoma adierazgarriena li-
tzateke". Analista sozialek "ez lituzkete gai zehatzak soilik eztabaidatuko, beste-
lako auzi orokorragoak baizik, tartean gizarte garaikidearen definizioa" (Melucci,
2001)1.
Zuzenak badira baieztapen horiek, Mendebaldeak bere sistema politikoaren
eta sozialaren oinarriak zalantzan jartzen dituzten erronkei beharko die aitzin egin,
arazoei sakonetik heldu eta irtenbiderik topatu nahi badu, behintzat. Industria-
-gizarteak bere gaineko irudiaren bihurdura bat jasaten du erakundeetan, zaharki-
tuak geratu diren ziurtasun eta ideia normatiboak mantentzen baititu testuinguru
horretatik arras aldentzen den errealitateari aurre egiteko. Nolabait esatearren, ga-
tazkak erakundeen baitan ematen dira, erakunde politiken garapenerako alternatiba
eta printzipioen artean. Erakundeak berak daude kinkan. Zientzia eta teknika,
zuzenbidea, politika, ekonomia eta kultura krisian daude. Ez dira orain arte bezala,
ordena bermatuta egonik, erakundeetatik at emandako gatazkak. Eredua bera da
auzitan dagoena. Eta ikusiko den moduan, ez subjektu iraultzaile batek egoera
irauli duelako, sistemaren autodinamikari sakratuak diren mugak jarri ez zaizkio-
lako baizik.
16 Arriskuaren gizartea
1. Alberto Melucci-ren liburu hau lanean zehar gehiagotan erabiliko bada ere, ez da aipuaren orria
zehaztuta agertuko, zeren liburu honen abiapuntua izandako lizentziatura-tesina, Merlucci-ren lana
editatzeko ardura izan duen Jesus Casquette-k utzitako eskuizkribuekin egin baitzen.
Lanean zehar aipatuko diren azken hamarkadetako aldaketek, kontratu sozial
berrien bidetik, "industria zibilizazioa berreraikitzeko adostasun berri bat ezin-
bestekoa egiten dute" (Beck, 1994: 14). Modernitate ziurra legitimazioa galtzen
doan heinean, beharrezkoa izango da modernitate anbibalentea eraikitzeko eta
beronen inguruan kontzentzu berriak sortzeko gai izatea.
Gizarte-aldaketak egiturazkoak izatea modernizazioaren berariazko ezau-
garria izan da. Baina gaur egun aldaketa horiek inoiz baino sendoago eta biziago
eman ahala, jarrera "modernoek" gizarteaz egiten dituzten irudi eta errepresen-
tazioek iraganarekin bat egiten dute, orainaldiko biziera guztietan jada bertaratuta
dagoen "etorkizun erreala" (orainaldia) ekidinez. Garapen sozioestrukturalaren
ondorioz, gaur arte baliagarriak izan diren kontzeptuak ez dira gizarte garaikideaz
aritzeko egokiak. Horien artean aipa daitezke, besteak beste, "lanaren gizartea",
familia nuklearra, demokrazia formala, zientzia eta teknikaren errugabetasu-
na, klasea eta estatu-nazioa, nahiz nortasunaren eta indibiduoaren definizio
modernoa.
Kategoria horiek modernitate industrial-kapitalista zuten aipagai. Gaur egun
modernitate hori iragana izanagatik ere, gizarteari erreferentzia egiteko erabili
diren kategoriak mantentzen dira. Eta horrek berebiziko garrantzia du. Izan ere,
tipologia eta eskema teoriko zaharrak, eta horren ondorioz datuak, kategoriak eta
egitura soziala mantentzen jarraituz gero, ondoeza areagotu besterik ez da egingo,
beharrezkoak diren erantzun globalak ezkutatu eta arriskuak areagotuz (Beck,
2000a: 13-31).
Iruzurra besterik ez da egiten unibertso kontzeptual modernoa mantenduz.
Beharrezkoa da, albait arinen, aldatzen ari den gizarteari ohiko kontzeptuei esanahi
berria emanaz, edo hobeto, hizkera berri baten bidez, erreferentzia egitea. Sako-
neko aldaketa zientifikoetan jazo zen bezala, gizabanakoak eta taldeak orduan
baino ez dira egingo kontziente modernitate industrial-kapitalista bere azkenera
iritsia dela; hau da, mundu berri batean bizi direla.
Aldaketak eman ezean, baita borondaterik onena erakusten dutenen aldetik
ere, arazoak konpontzeko ahaleginak egingo dira; baina horretarako oraindik ere
irtenbide zaharrak proposatuko direnez, arazoa ez da konponduko. Gehienera jota,
irtenbide faltsuak emango dira. Esaterako, azaleko irtenbidea egiturazkoa izan
beharrean, plurala den egoera bati irtenbide homogeneoa emanaz, egoera
kontingenteari eta anbibalenteari betiereko ordena ziur eta absolutua ezarriz, etab.
Soluziorik eza gutxi ez balitz, arriskua areagotzeko aukerak ere metatzen dira,
"leherketa" (ekologikoa kasu) edo "garbiketa" (ideologikoa, erlijiosoa, etnikoa edo
nazionalista, kasu) ematerainoko arriskuarekin. Eta, horrela jarraituz gero, ezaguna
da amaieran zer dagoen. "Zientzia instituzionalizatuaren" laguntzarekin, zenbait
"administrarien demokrazian" errealitateari muzin egin eta errealitatearen eduki
propioa eraikitzen saiatzen dira. Baina, horrela, jada egitura sozial berri baten bila
Sarrera 17
hasi den gizartea ekidin besterik ez da egiten. Kategoria zaharrekin gizarte
garaikidea irakurtzeko gaur egungo aditu askoren nahia lor daiteke eta lortzen da,
baina errealitate galera izugarri eta arriskutsu baten bidez. Jarrera hori mantenduz,
errealitatea onartu nahi ez dutenen aukera bakarra beren tresna analitikoak gar-
bitzea da, edo tresna analitikoak bere horretan utzi eta bestelako tresnak erabiltzen
dira, errealitatea bertan barneratua izan dadin. Kontzeptuak apur bat ireki eta
malgutu, bertan tokia ez duenak (eta izan ezin dezakeenak) tokia izan dezan.
Xavier Rubert de Ventós-ek esan bezala, ezkerreko tradizioak ere ardura
handiak ditu honetan guztian. Ortodoxia orori berariazkoa zaion egia haustezina,
printzipio betierekoak eta metodo hutsezinak norberarenak izateak halako jarrerak
sortu ohi ditu. Jarrera ideologiko edo alderdi politiko jakin batera lotzeak, nortasun
agiri edo metodologia bat erabiltzeak, guztiarekin (zientziarekin, historiarekin,
txiroekin...) bat etortzea adierazi izan du luzaroan. Aukera bakar batean teoria eta
praxia, arrazoia eta bihotza bildu izan dira. Era honetan, errepresentazioak eta
diskurtsoak ez ziren errealitateari buruzko azalpen modura soilik aurkezten;
beraien bidez "irakurtzen" zen errealitatea. Espazio teoriko horiek jarrera bat
hartzeko aukera ez ezik, "hausnarketa bat hartzeko" aukera ere ematen zuten.
Abangoardia teorikoek eta artistikoek beren eginbeharraren dimentsio esze-
nografikoa baztertzen zuten. Filosofo katalanaren ustetan, jarrera horiek ukatutako
distantzia hartu behar da. Esentzia eta itxura, objektua eta errepresentazioa,
analisia eta aukerak, ezagutza eta aukerak: horien artean distantzia bat hartu
beharko da. Teorien historian nagusitu den "filologiarako gaitasun ezak" (2000:
159) barnera ezin zitekeelako erreprimitzea eta azal ezin zitekeelako ukazioa edo
alboratzea ekarri izan ditu. Hein handi batean, "ulertzekoak" ere badira jarrera
horiek, historiaren joan-etorri guztia unibertsoaren erdigunean dagoelako ustea
pizten baita. Eta horixe gertatu zaie modernitatearen inguruan bildu diren teoriei.
Mesias asko, gehiegi. Euskaldunak badaki, pairatu du, pairatzen du.
Jarrera horri aurre egiteko ezinbestekoa da, gaur egun oraindik ere marko
teorikoan eta kontzeptualean lehentasuna ematen zaion iraganaren aurrean, itxura
hartzen hasia den etorkizuna izendatzeko tresna berriak plazaratzeari ekitea.
"Diskurtsoek" eta "alternatibek" neutralizatzen ez dituzten esperientziak areagotu
badira, teoria eta pentsatzeko ohitura modu zaharrekin lehiatu beharko da. Teoria
soziologikoak eta politologikoak egoera berrira egokitzea izango da intelektualaren
erronka etikoa eta politikoa, ezagutza "ekoizteko" modu sozial eta baliabide
kognitibo berri horiek ahulenek bereganatu eta gizartea beren zerbitzura jar
dezaten.
Ruvert de Ventós-ek bat egiten du jarrera honekin. Hizkuntza komertzialek,
politikoek eta akademikoek, bakoitzak gauza baten oinarrizko izaera azpimarra-
tzen duen garaiotan, errealitate singularraren esperientzia lortuko da baldin eta
18 Arriskuaren gizartea
izendatzen ikasten bada. Alegia, lehendik duen zeinua aldatuz, edo gutxienez,
ikuspegiak nahastuz:
Geure kultura osatzen duen sistema sinbolikotik at ikuspegi traszendentea eta
pribilegiatua ez daukagunez, mugak hautsi eta perspektibak nahastuz soilik
iritsi ahalko dugu objektuaren sentsazioa ikuspegi, eta ez errekonozimendu,
izatera, besteek uniformitatea pertzibitzen duten lekuan milaka desberdin-
tasun ikustea ahalbidetuko diguna (2000: 170).
Horrela baino ez da lortuko gizabanakoa subjektu eta objektu den moderni-
tatearen baitan ematen ari den haustura, eta ondorioz, figura berriaren sorrera,
Beck-ek "arriskuaren gizartea" deritzona, ulertzea eta izendatzea.
Ez da nahikoa "kritika kulturala" egin dutenen bidea jarraitzea. Urrats berri
bat eman beharra dago, besterik ezean, kritika haien "irakurketa" asko errealak
bilakatu direlako. Alegia, etorkizuna modu ezkor batean pentsatzen zutenen
idatziak gauzatu diren heinean, diagnostikoa ez da nahikoa (Beck, 1998a: 18).
Urrats berri horren beharraz jabetu nahi du lan honek. Aurrerantzean irakurri eta
sakondu ahalko den moduan, "gizarte industrialaren modernizazio erreflexiboa"
izendatuko dena.
Ez da, beraz, hego haizeak jo eta beste zereginik ez dutelakoan, gizartearen
ikerketa ogibide dutenen inozokeria hutsa kategoria berriak sortu beharraren
erronka. Bada ahantzi ezin daitekeen fenomeno bat: ordura arte nagusi izan ziren
ikuspegiak hausteko Aro Modernoak erabili zuen ezaugarri bereizgarria gizartea-
ren errepresentazioa sozialki egitea izan zen. Gizakiek gizartea definitzea, eta ez
modu metasozial batean.
Ordutik, mundu sozialari buruzko definizioak edota gizartea irudikatzeko
moduak, bitxikeria akademikotik harantzago, gizarte garaikidean ekintza sozia-
laren formetan eraginkorrak dira (Melucci, 2001). Horrek esan nahi du, elkarrekin-
tza bat dagoela errealitate soziala irudikatzearen eta portaerak kategorizatzeko
moduaren artean. Beharrezkoa da, beraz, guztion aldetik ohartzea kategoriak ez
direla sortzen dituzten ondorioekiko errugabeak. Kategoriak ez dira neutralak, ez
portaerekiko, ez errealitateari buruz egiten diren irakurketekiko.
Gizarte moderno-industrialetik aldenduz, ez dira gizartearen baitan azaleko
aldaketak ematen. Gizartearen aldaketa ari da ematen. Modernizazioaren
bilakaerek azken hamarkadetan izaera bereizlea dute, ezinbestekoa eginez euskarri
eta muga berriak topatzea. Izan ere, arriskuaren gizarteak, klase-gizarteak ez
bezala, ez du pertsonen arteko bereizketarik egiten, eta gaur egungo norbanakoaren
eta taldeen zein ondorengo belaunaldien etorkizuna dago jokoan.
Paradigma modernoarekiko haustura ematen ari dela frogatzeko, bi aldagai
ezagunak (ez bakarrak, lanean ikusiko den moduan) mehatxu nuklearra eta "barne-
Sarrera 19
-izadian parte-hartzea" dira. Eta horiek dakartzaten arriskuak, esan bezala,
norbanakoen eskuetan daude (oraindik eskuetatik ihes egin ez diela sinetsiz gero).
Alegia, jazoera horienganako azken hitza norbanakoen esku egonik, eta ez
gizakiaz gaindiko inoren esku (Jainkoa, Izadia, Historia, Estatua), gizartearen
biziraupena errealitateari aurre egitearen araberakoa izango da. Gizakiaren ardura
horrek errealitatea izendatzeak duen garrantzia sendotzen du. Gizarte-Zientzietan
dihardutenek, beste arloetakoekin elkarlanean, egoera berria izendatzeko asmatuko
dituzten moduak baldintzatuko du geroa, izango bada.
Horrekin lotuta, Melucci-k bigarren irakasgai bat ere atera daitekeela dio,
"mehatxu nuklearra" eta "barne-izadian parte-hartzea" hizpide erabiliz gero.
Modernitateak beti eduki du gizartetik at zer konkistatu, beti egon da "kanpoa" edo
"bestea". Gaur egun, bere burua suntsitzeko boterea izanik, bere biziraupenerako
ez dauka nora eta nola kanpora jo. Guztia dago barnean. Modernitateak bereiz-
garri bezala izadia jarri izan du. Proiektu modernoarekin teknikaren arrazionalta-
sunak bazuen zer menperatu. Gaur egun, ordea, ingurumenarengan jarduteaz gain,
batetik, jarduera hori bere mugetara heldu da (krisi ekologiko globala). Eta, bes-
tetik, norbanakoaren barne osagai biologikoak ere ekoizpen sozial bilakatzen dira
(bioteknologia, neurozientzia, genetika). Alegia, mundu-sistemaren "hiperso-
zializazioa" eman da. Modernitatearekiko haustura bat ematen dela erakusten dute.
Gizartearen biziraupenerako oinarri naturalak eta sozialak eraldatzen dituzte,
ez dira soilik errepresentazioak, baita bizitza sozialaren koordenadak
eraldatzen dituzten egiturazko jazoerak ere, iraganarekiko sakoneko haustura
frogatzen dutenak (Melucci, 2001).
Bizitzaren kontrolerako eta administraziorako gaitasunak haztearekin batera,
biologikotzat eta betierekotzat jo izan diren egitateen izaera historikoa eta
aldagarria frogatu da; emakumearen irudiari buruzko gogoetak jar genitzake
eboluzio horren adibidetzat. Bilakaera ez da autonomoa, erabakiak hartzen dira,
erabakien ondorioa dira. Gai eta arlo asko auzi politiko bilakatzen dira eta, era
berean, Xavier Ruvert de Ventós-ek esan bezala, legitimazio ideologikorako eta
politikorako bitartekoak ere eraldatzen dira. Hau da:
Orain arte interes partikularrak proposamen unibertsalistekin legitimatu
behar baziren, orain proposamen horiexek dira --sozialismoa, liberalismoa,
etab.-- auzi pribatu eta monografikoei ematen dieten erantzunaren arabera
azaldu eta justifikatu beharko direnak (2000: 156).
Gaur arte modernizazio ortodoxoa (arrunta edo ziurra) tradizioaren arrazio-
naltasuna bezala izan da ezaguna. Modernizazioa tradizioaren eta erlijioaren beste
aldea bezala hartu da gogoan. Lan honetan proposatzen dena, berriz, horren guztia-
ren arrazionaltasuna da, autoaplikazioa (Beck, 1996a: 237). Industria-gizartea
tradiziotzat jotzea: modernizazio erreflexiboa.
20 Arriskuaren gizartea
Ikusiko dena aurreratuz, modernizazio erreflexiboak, funtsean, hauxe esan
nahi du: modernizazio prozesua erreflexibo bilakatzen dela, modernitateak bere
burua hartzen duela gai eta arazo modura. Garai oso baten autosuntsiketa sortzailea
zatekeen modu honetan "modernizazio erreflexiboa": forma sozial industrialeko
deslotura lehenik, eta birlotura ostean. Progresua autosuntsiketa bilaka daiteke
modernizazio bat amaituz eta bestea hasiz, modernizazio arruntetik modernizazio
erreflexiborako iragatea.
Izan ere, modernizazioak, aurrean ipini zaizkion oztopo guztiak gaindituz,
bere prozesua muturreraino eraman izanak modernitatearen zutabe nagusiak
hankaz gora jarri ditu. Gizarte berri bat sortzen hasi da, baina ez "iraultza" bat eman
delako, ezta gobernu eta legebiltzar erabakien fruitu moduan ere. Ez da subjektu
iraultzailerik egon. Aitzitik, dinamismo industriala bera da garai berri baterako
trantsizioa "nahigabe" eta "modu apolitiko" batean gauzatzen ari dena (Beck,
1994: 13-17). Modu esanguratsu batean esanda: "modernizazioaren arrakastek"
gizarteko arazoen "gatazka ardatzak" eta politikoaren nolakotasuna aldatu dituzte.
Aldaketak esparruz esparru eta denboran emateak, ez gauetik egunera,
oharkabean harrapatu ditu, bai hiritarrak, bai datuak kategoria zaharren bidez
jasotzen dituzten gizartearen ikerlariak. Zentzu honetan, lanean aipatuko diren
kasuek garbi utziko dute zer dela-eta Beck-ek (1994: 43) "diferentziazio sistemiko
funtzionala" "iraultza" egiteko beste modu bat dela dioen.
Modernizazio erreflexiboak hori guztia aintzat hartuta, beste modernitate bat
izango du helburu. Eta hori, modernitate fatalistak eta baikorrak ez bezala,
gizarteari buruzko irakurketa modernoa egin nahi duelako. "Moderno" kontzep-
tuaren jatorriko esanahiari leiala zaiolako, ez hainbeste irakurketa modernoei. Hau
da, (pos)modernoen nihilismoa eta Habermasen "proiektu amaitu gabea" baztertuz,
orainarekin harreman berria ezarri nahi delako. Baina, betiere, behin-behinekoa
izango den "ethos" berri bat. Hiru ezaugarri horiek baitira modernoa izatea ahal-
bidetzen dutenak: oraina, berria eta iragankortasuna. Bestelakoak izango lirateke,
"modernoek" (edo hobeto: gizarte garaikidearen irakurketa antimodernoek)
erabiltzen dituzten oinarriak: iragana, zaharra eta eternitatea (ikus: Lanceros, 1996
eta 2000).
Munduari buruzko erlijio irudien eta pribilejio estamentalen bidea daramate,
gaur egun, gizarte industrial klasikoko zientziaren eta teknikaren ulerkuntzak,
familia eta lanbideko bizi- eta lan-moduek, rol maskulinoen eta femeninoen arau
irudiek, etab. (Beck, 1998a: 16-17). "Tradizioaren modernizazioa" eta "gizarte
industrialaren modernizazioa" bereiztea, eta horren ondorioz arrazoi instrumentala-
ren arrazionaltasuna, funtsezkoa da, Ekialde/Mendebalde "aurkakotasun orohar-
tzailea" amaitu eta industria zibilizazioaren eskaera globalak ematen diren egunean
(Beck, 2000a: 13).
Sarrera 21
Lan honetan, oro har, bi zati bereiz daitezke. Lehendabizi, arriskuaren
gizartea azalduko da modernizazio erreflexiboaren bi ideia arautzaileak aurkeztuz.
"Aberastasunaren ekoizpen logika" oinarri izan du mundu modernoak eta joera
hori muturreraino eramateak "arriskuaren ekoizpen logika" sortu du. Ideia hori
hizpide harturik, krisi ekologikoaren jatorria industria-gizartean datzala azalduko
da. Bestalde, industria-gizartea bizitza-eredu bezala posible egin duen moderni-
tatearen eta kontramodernitatearen arteko bizikidetza-gogoeta gai harturik,
gizartearen destradizionalizazioa, familia nuklearraren baitan ematen ari diren
aldaketak, eta "lanaren gizartearen" krisia azpimarratuz, gizarte garaikidea
trantsizio modura uler daitekeela proposatuko da.
Bigarrenik, modernizazio erreflexiboaren ideian sakonduz, anbibalentziak
sorkuntza-prozesu berri bati ekin diezaiokeela argudiatuko da. Ideia horren ingu-
ruko lehen hurbilpena egin ostean, alegia, bizitza eredu baten amaiera eta beste
baten hasera nola gauza daitezkeen adierazita, horrek guztiak esparru politikoan
zer-nolako arriskuak eta aukerak ekar ditzakeen hausnartuko da. Demokrazia
modernoak gizarte garaikidean dituen gabeziak agerian utziz, "politika" eta "nor-
tasuna" modu berri batean kontzeptualizatu beharraz jabetu nahi du, euskaldunoi
ekarpen esanguratsu bat egin diezagukeena.
Ekarpena, bide batez, bikoitza izan dakiguke, aurreko mendeei berariazkoak
zitzaizkien kontzeptuak gizarte garaikidera "egokitzeak" eskemak eta ordenak
behin-behinekoak eta anbibalenteak direla ikusten lagun baitezake (ohitura handie-
gia baitago ordenak betiereko eta absolutuak direla pentsatzeko, historiaren natura-
lizazioa bezalako eskakizun baztertzaileak eta zatikatzaileak sor ditzakeena); modu
honetan, proiektu politiko "berriak" asmatu beharko dira. Bigarrenik, ordea, ez
dago esan beharrik, euskal gizartean, arrazoi desberdinak tarteko, izaera politikoa
duen nazio-nortasunaren gatazkak (enfrentamendu kulturala) bestelako gaztaka
errealak edo posibleak estaltzen dituela. Agenda politiko monotematikoak gatazka
bakarra eta absolutua bideratzen du. Eta gatazkaren auzi horrek arrisku handiak
ditu, are gehiago gatazka bakarra absolutizatzeak besteak baztertzen baditu. Beraz,
beharrezkoa izango da gizartean dauden gainerako gatazka eta arazo errealekiko
edo posibleekiko ardura izatea, gatazkei leku egitea. Noski, Euskadi askatzeko
pasarte teorikorik ere izango da, premia badago eta (bai teoriarako, bai
liberaziorako). Oro har, kultura sumiso eta autoritario batetik kultura aske eta
askatzaile baterako saioa izan nahi luke lantxo honek.
Ondoko orrialdeetan, arriskua eta sorkuntzarako aukera berriak bere zentzu
zabalenean ardatz harturik, hots, zientzia eta teknika ez ezik, klase eta emaku-
mearen ohiko biografia edota biografia burokratikoa (zeinak gero eta zailagoak
diren erabakietan zatikatzen diren) ere, kontzeptuei ihes egiten dien errealitatea
azaltzeko eta, bide batez, harreman moralak, sozialak eta politikoak berrirudikatze-
ko, hizkera berri baten beharraz oroitarazi nahi da. Horretarako, lanaren ondo-
rioetan, kontzeptualizazioan urrats kualitatiboa emanaz, gizarte modernoaren
22 Arriskuaren gizartea
"modernizazioa" auzi ekologikoa ardatz duen teoria baten bidetik garatu beharko
dela proposatu eta argudiatuko da. Amaigabea izan nahi duen desparadojiza-
ziorako saioa da aurrerantzean datorrena.
Sarrera 23Arriskuaren gizartea: Modernitatearen krisia, teoria, gizartea eta politika Euskadin