Alberto de Abajo Gonzalez (arg.)
Neoliberalismoa
edo egungo gizartea irudikatzeko
zenbait zertzelada
Udako Euskal Unibertsitatea
Bilbo, 1999
© Alberto de Abajo Gonzalez
© Udako Euskal Unibertsitatea
ISBN: 84-8438-003-3
Lege-gordailua: SS-1287-99
Inprimategia: ANTZA, Lasarte Oria
Azaleko diseinua: Iñigo Ordozgoiti
Banatzaileak: UEU. Concha Jenerala 25, 4. BILBO telf. 94-4217145
e-mail: bulegoa@ueu.org www.ueu.org
Zabaltzen: Igerabide, 88 DONOSTIA
Aurkibidea
HITZAURREA. . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . 7
1. NEOLIBERALISMOAREN OINARRI FILOSOFIKOAK. . . . . . . . . . . . 9
Jesus Casquette (UPV/EHUko Gizarte- eta Komunikazio-Zientzien Fakultateko
irakaslea eta UEUkidea.)
2. EKONOMI POLITIKA NEOLIBERALA ETA BERE ALTERNATIBAK 29
Xabier Barrutia (UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa-Zientzien Fakultateko
Irakaslea eta UEUkidea)
3. NEOLIBERALISMOAREN ERAGINA ZUZENBIDEAN . . . . . . . . . . . 47
Koldo Gorostiaga (Abokatua eta UEUkidea)
4. NEOLIBERALISMOAREN AURREAN, ZER EGIN? . . . . . . . . . . . . . . 57
Mario Zubiaga (UPV/EHUko Gizarte- eta Komunikazio-Zientzien Fakultateko
irakaslea eta UEUkidea.)
5. GIZARTE-MUGIMENDUAK ETA GOBERNUZ KANPOKO
ERAKUNDEAK NEOLIBERALISMOAREN GARAIAN . . . . . . . . . . . 75
Iñaki Barcena (UPV/EHUko Gizarte- eta Komunikazio-Zientzien Fakultateko
irakaslea eta UEUkidea.)
6. HERRI-MUGIMENDUAK ALTERNATIBA SORTU NAHIAN:
ZAPATISMOAREN HAIZE BERRIAK . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . 87
Zesar Martinez (UPV/EHUko Gizarte- eta Komunikazio-Zientzien Fakultateko
irakaslea eta UEUkidea.)
7. NEOLIBERALISMOA TEORIAN ETA PRAKTIKAN . . . . . . . . . . . . . . 105
Baleren Bakaikoa (UPV/EHUko Zuzenbide Fakultateko Irakaslea eta UEUkidea)
8. NEOLIBERALISMOAREN ERAGINA LAN-ZUZENBIDEAN:
PREKARITATEA . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . 117
Aitor Bengoetxea (UPV/EHUko Zuzenbide Fakultateko Irakaslea eta UEUkidea)
Hitzaurrea
Eskuartean duzuen liburu honen abiapuntua 1997ko Udako Ikastaroetan
aurkituko duzue. Udako Euskal Unibertsitateak merezimendu osoz bere
zilarrezko ezteiak ospatzen zituen uda horretan garatu genuen NEOLIBERALIS-
MOA: egungo gizarteari so ikastaroa. Uztailaren 21etik 25era bitartean Soziologia
eta Zientzia Politikoetako Sailak burutu zuen aipatu ikastaroa. Lehenengo bi
egunetan, ordea, diziplinarteko auzolanean, Ekonomia eta Zuzenbide Sailekin
batera saio komun oparoak burutu ziren; eta oparotasun horretan jaio da liburu
hau. Hala ere, ezin hemen bildu bertan aztertu, hausnartu eta azaldutako guztia.
Liburuaren xedea, ordea, bestelakoa da. Hots, irakurlea, Gizarte Zientzietan
murgilduta egon ala ez, Neoliberalismoaren auzira hurbiltzea. Nola, ordea? Neoli-
beralismoa sostengatu eta justifikatzen duen filosofia aztertuz, neoliberalismoaren
aroan aplikatutako politikak kritikatuz, neoliberalismoari aurre egiten eszenatoki
berriak eraikitzen aritu diren aktoreak eta irudikatutako eszenatokiak aurkeztuz,
neoliberalismoaren edukiak arakatuz, aztarna historikoak bilatuz, bere eraginak
aztertuz,... Hots, Baleren Bakaikoaren artikuluaren izenburuak dioen antzera,
Neoliberalismora Teorian eta Praktikan hurbildu nahi izan dugu.
Hurbilketa hau gauzatu ahal izateko ezinbestekoa izan da artikulu-egileek
hartu duten lana. Udako Ikastaroetan parte hartu eta gero artikuluen eraketan
emandako denbora beste zeregin batzuei lapurtu izan behar baitiote; beraiei,
milesker. Milesker Udako Euskal Unibertsitatea osatzen duten guztiei ere,
bazkideak izan zein UEUren sailetan eta jardueran parte hartzen duen orori.
UEUren bulegotik lana errazten duten langile finei, Nekaneri bereziki, bera izan
baita liburu honen errudunetako bat. Joxerra Etxebarria barik ezin lan hau behar
bezala aurkeztu; milesker testuak zuzentzen hartu duen lanagatik.
Mileskerrak, nola ez, 1997ko Udako ikastaroetan parte hartu zuten Soziologia
eta Zientzia Politikoetako ikasle eta irakasleei: Ianire Abendibar Telleria, Amaia
Agirregabiria Alberdi, Karmele Aguayo Rico, Xabier Aierdi Urraza, Betisa Anda
Arruabarrena, Ihintza Angoitia Bernaola, Mertxe Ansa Irizar, Adolfo Araitz
Flamarique, Jon Aristi Aramendi, Ainhoa Arzoz Urroz, Iera Azkarate de la Cruz,
Joseba Azkarraga Etxegibel, Iñaki Barcena Hinojal, Martin Barriuso Alonso,
Ainhoa Belaustegi Malaxetxebarria, Maribi Benitez Garcia, Asier Blas Mendoza,
Mertxe Casas Sanchez, Jokin Del Hoyo Arce , Virginia Eraso Barrio, Ixiar Erasun
Urzelaieta, Olatz Estensoro Garcia, Gabirel Ezkurdia Arteaga, Eñaut Gantxegi
Maritxalar, Oier Gonzalez Bilbatua, Edurne Goñi Olite, Iban Gortazar Iturriaga,
Luis Guridi Aldanondo, Enara Insausti Garmendia, Itziar Insausti Mujika, Olatz
Iztueta Garaikoetxea, Matxalen Legarreta Iza, Zesar Martinez Garcia, Nagore
Martinez Ortuzar, Alberto Mayor Beitia, Aitzol Mendiola Agirre, Gurutze
Mendizabal Mujika, Dorleta Mikeo Zubillaga, Alaitz Murgoitio Aranbalza, Idoya
Natera Benito, Aitziber Olabarrieta Urdaniz, Aloña Olanga Atxa, Galder Olibares
Yurrebaso, Xabier Rojo Escudero, Maite Sabalza Baztan, Ane Uncilla Urizar, Iker
Yurrebaso Picaza, Mario Zubiaga Garate, Aritz Zubiate Garay-Yurrebaso.
Ekonomiako parte hartzaileei: Oroitz Aldasoro Aranburu, M. Jose Aranguren
Kerejeta, Josu Aztiria Urtaran, Baleren Bakaikoa, Xabier Barrutia Etxebarria, M.
Uxue Blanco Arbe, Jose M. Cabo Airas, Anjel Mari Errasti Amozarrain, Helena
Franco Ibarzabal, Aintzane Garcia Andueza, Joseba Mikel Garmendia Albarracin,
Eusebio Lasa Altuna, Saioa Loizate Etxearte, Xabier Renteria Uriarte, Xabier
Salanueva Ruiz, Antton Satrustegi Cordier, Solange Mariluz, Jose M. Zendoia
Sainz, Mikel Zurbano Irizar. Eta, azkenik, zuzenbideko parte hartzaileei: Ainara
Agirre Jauregi, Lucia Arzuaga Etxaniz, Gentzane Atxa Romo, Amaia Ayesta
Ugarriza, Maite Badiola Unamuno, Luix Barinagarrementeria Olaizola, Aitor
Bengoetxea Alkorta, Miriam Berastegi Del Castillo, Aitziber Celada Hernandez,
Veronica Crespo Diez, Amaia De Miguel Arnaiz, Izaskun De Miguel Barco, Marta
Del Campo Uribarrena, Olatz Elortza Aranoa, Arkaitz Estiballes Ormaetxea,
Nekane Fdez. de Arroiabe Zelaieta, Monika Gonzalez Manzano, Koldo Gorostiaga
Atxalandabaso, Nerea Ibarguengoitia Basterretxea, Maider Imaz Mendizabal,
Xabier Iriondo Arana, Unai Iturriotz Erdotziain, Garbiñe Larrea Iturralde, Maite
Lasa Altuna, Virginia Marcos Osua, Ziortza Merino Valdeolmillos, Irune Olabarri
Fernandez, Zaida Olabarria Bengoetxea, Joseba Otano Villavuena, Zuriñe
Rodriguez Bergara, Iñigo Santxo Uriarte, Leire Uranga Iturralde, Amagoia Urigain
Sanchez, Miren Jasone Urkola Iriarte.
Eta milesker zuri, irakurle, zu baitzara liburu honen benetako erruduna.
Azken ezinbesteko aipua: liburu hau Neoliberalismoa bere osotasunean
ikusteko lagungarri gertatu bazaizu, guretzat nahikoa.
Alberto De Abajo Gonzalez
UEUkidea
8 NEOLIBERALISMOA edo egungo gizartea irudikatzeko zenbait zertzelada
1. Neoliberalismoaren oinarri filosofikoak
Jesus Casquette
UPV/EHUko irakaslea eta UEUkidea
Neoliberalismoa hitzetik hortzera aditzen den terminoa dugu. Gaur egungo
sistema politiko eta ekonomikoak hartzen ari diren norabidearekin bere
egonezintasuna agertzen duten argitalpenei (izaera akademikokoak direnei zein
egunkari edota aldizkariei) begirada bat eman besterik ez dago termino horrek
azkenengo urteotan hartu duen gailentasunaz jabetzeko. Globalizazioa, nazioarteko
erakunde finantzieroek ekonomia-arloan duten betebeharra, garapenaren auzia
(edota, eufemismorik gabe, "pobreziaren holokaustoa" deitzen ahal duguna) edota
lan-merkatuaren malgutasuna, hauek guztiak politika neoliberalen ondoriotzat jo
daitezkeen arazoak dira, gaur egun mundu-mailan gero eta garrantzi handiagoa
hartzen ari diren arazoak, alegia.
Idazki honen asmoa ez da izango arazo hauen guztien azterketa burutzea.
Laburki esatearren, batzuentzat mamuaren parekoa den eta bestetzuentzat, aldiz,
sistema kapitalista bere krisialdi ekonomikotik atera dezakeen irtenbide bakarra
den neoliberalismoa sostengatu eta justifikatzen duen filosofia aztertuko dugu.
Helburua hori izanik, jarraituko dugun argudio-haria honako hau izango da. Le-
henik, argitze terminologiko bati ekingo diogu, neoliberalismoa edota (eskuineko)
libertarismoa1 beste filosofia politikoetatik ezberdinduko dugularik; horretan,
arreta berezia eskeiniko diegu liberalismoaren beste lerro batzuekiko (ezkerreko
libertarismo eta liberal-igualitarismoarekiko, alegia) eta sarri askotan sinonimoak
balira bezala baina errealitatean ezberdina den neokontserbadurismoarekiko dituen
ezberdintasunei. Bigarrenik, azkenengo mende laurdenean filosofia politikoaren
esparrua birpiztarazi eta, oro har, ardaztu duen John Rawls-en "justiziaren teoria"
gainbegiratuko dugu, labur bada ere. Izan ere, bere burua liberal-igualitaristen
artean kokatua izan den filosofo moral eta politiko honen ikuspegia aztertu barik,
zail egingo zaigu filosofia libertarioaren nondik-norakoak behar bezala ulertzea.
1 Neoliberalismoa eta (eskuineko) libertarismoa gauza bera dela esan daiteke. Oro har, lehenen-
go hitzaren erabilera hedatuago dago ekonomia-arloan; filosofia politiko eta moralaren alorretan,
aldiz, libertarismo hitzarekin sarriagotan egingo dugu topo. Akademiak bultzatzen duen jakintza-arlo
ezberdinen arteko banaketak hau bezalako egoera bat dakar, hots, arloan arloko hizkera edota idazke-
ra ezberdinak erabiltzea errealitate berberaz aritzeko. Guri dagokigunez, eta liburu honen termino-
logia komuna errespetatzearren, gehienetan neoliberalismo hitza aipatuko dugu, baina argi utzirik
berau ez dela irakurleak filosofia politikoari buruzko liburu gehienetan topatuko duen hitza, liberta-
rismoa baizik.
Hirugarrenik, sakonean aztertuko dugu filosofia politikoaren arloan eragin handiena
izan duen autore neoliberala. Robert Nozick filosofo iparramerikarrari buruz ari
gara, 1974an Anarchy, State, and Utopia izenburuko liburua argitara eman
zuenetik bera bilakatu baita estatuaren eginkizunak ahalik eta murriztuen izan
behar direneko (horrela laburbiltzen baita, geroxeago ikusiko dugun bezala,
neoliberalen egitasmo politikoa) ideiaren zutoihaldun eta gorputzaile
ezagunenean.2
Gure gaiarekin (hots, neoliberalismoaren oinarri filosofikoekin) zerikusi
estuen duen hirugarren atal honetan, aztergai izango ditugun galderen artean
honako hauek aipa ditzakegu: zein da neoliberalismoaren filosofia morala?, zertan
sostengatzen da?, nola zehazten dute botere publikoen eginkizun-zabalera?, zein
da neoliberalentzat justizia, askatasuna eta berdintasunaren arteko harremana?
Liberalismoaren munduak eta "eskuina berria"
Liberalismoa askotariko mundua dela esan ohi da, esapide honekin libera-
lismo-mota bat baino gehiago dagoela adierazi nahi delarik. Aniztasun horren
oinarrian, ordea, badago ezaugarri bat beren burua liberaltzat jotzen dituzten
guztiek adostuko dutena: balore politikorik gorentzat gizabanakoaren askatasuna
defendatzen duen ideologia da liberalismoa. Ideia-ardatz honek osatzen du libe-
ralismoaren sakon-sakoneko muin morala. Ondorioz, mota guztietako erakunde
zein jokabide publikoen balorapena aipaturiko helburu hori (hots, gizabanakoaren
askatasuna) zein neurritan babesten, errespetatzen eta bultzatzen duen araberakoa
izango da. Hauxe liberalismoaren definizio adostu bat izango litzateke, hau da, era
zabal horretan planteatuta, inork gutxik (liberalismoaren esparru zabalaren barruan
daudenen artean esan nahi dugu, jakina) ukatuko lukeen definizioa. Dena den,
askatasuna zer den eta zertan datzan eztabaidatzen hasi bezain laster, desadostasu-
nak azaleratzen dira liberalen artean. Izan ere, zer da askatasuna?, askatasuna eta
berdintasunaren asmoak, zer neurritan dira bateragarriak?, noiz esan daiteke
gizarte bat justua dela? Ur handitan sartzea izango litzateke galdera hauei guztiei
heltzea, gainetik bada ere, baina, laburbilduz, bi (edo hiru) erantzun-mota daudela
esan daiteke. Alde batetik, teoria politikoaren esparruan korronte liberal-
igualitarista deritzona (Rawls edo Dworkin bezalako filosofoek ordezkatzen duten
korrontea) ikuspuntu moral eta politiko batetik bizitza sozial eta ekonomikoan
estatuaren partehartzea justifikatzen saiatzen da. Europer kontinentearen praktika
politiko-historikoari erreparatzen badiogu, hauek dira kapitalismoaren oinarrizko
erakundeak (gobernu ordezkatzailea eta merkatua, batez ere) onesten duten libera-
lak, baina aldi berean merkatuak sortarazten dituen gehiegizko bidegabekeriei
10 NEOLIBERALISMOA edo egungo gizartea irudikatzeko zenbait zertzelada
2. Argitu beharra dago, Robert Nozick libertarismoaren defendatzaile nagusi bezala hartzean,
filosofia politikoaren esparruaz ari garela soilik. Dudarik ez dago beste jakintza-arlo batzuetan,
ekonomian berezikiaz, F. von Hayek, M. Friedman edota Murray N. Rothbard bezalako pentsalariak
alboraezinak direla neoliberalismoaren planteamenduak sakonean ezagutzeko, besteak beste
aipaturiko ekonomialari hauek laissez-faire antolamenduaren eraginkortasuna beste antolamendu
ekonomikoen aldean azpimarratzen dutelako. Ikus Wolff, 137.or.
nolabaiteko mugak ezartzen ere saiatzen direnak. Asmo horrekin, aipaturiko
liberal-igualitarista edota sozialdemokrata hauek Ongizate Estatuaren
defendatzaile sutsuenetarikoak dira.3
Beste alde batetik, neoliberalak ditugu.4 Funtsean, geroxeago ikusiko dugun
bezala, pentsamendu-lerro honen jarraitzaileek uste dute, gobernuak buruturiko
eginkizun legitimo bakarrak barne-babesa ziurtatu, hitzarmenen antolamendu
egoki baterako markoa eskaini, eta herrialde baten kanpoko herrialdeekiko babesa
bermatzea helburu dutenak direla. Eginkizun horiez arduratzen diren erakundeak
(hots, polizia, sistema judiziala eta ejerzitoa) estatuaren gorputz legitimo bakarrak
dira, beraiek bermatzen baitituzte gizabanakoaren bizitza eta jabegoa. Gainerako
eginkizun guztiek, esate baterako heziketa eta osasuna bezalako zerbitzuak
biztanleria osoari eskaintzeak, zergen bidez buruturiko ondasunen berbanaketa
eskatzen dute, eta hori, neoliberalen ustez, gizabanakoaren berezko eta bortxaezina
den askatasunaren kontrako neurria da. Esan bezala, honako ideia hauek defenda-
tzen dituen Robert Nozick da aurrerago aztergai izango dugun neoliberalismoaren
ordezkaria.
Goian hiru liberal-mota izan zitezkeela iradoki dugu. Izan ere, sarri askotan
Proudhom, Bakunin edota Kropotkin bezalako ezkerreko libertarioak (edota anar-
kistak), gizabanakoaren askatasuna gauza ororen gainetik dagoen balorea defen-
datzen duten neurrian, ados egongo lirateke liberalismoaz lehen eman dugun
definizioarekin. Baina ezkerreko libertarioek, liberal-igualitaristek eta eskuineko
liberalek ez bezala, gizabanakoaren erabateko subironatasunaren gain ezartzen den
gobernu oro ilegitimoa dela esango dute.
Ondorioz, estatuarekiko mesfidantza anarkismoaren ezaugarririk nabarmene-
tarikoa izango da. Izan ere, etimologikoki grekotik datorren "anarkia" hitzak
"gobernurik gabea" esan nahi du. Neoliberalismoak, aitzitik, "miniarkistak" lirate-
ke, "gutxieneko gobernua edota gobernu minimo" bat onartzeko prest daudelako,
merkatuak funtzionamendu oztopogabetua izatea helburu duen gobernua, alegia.
Beste alde batetik, neoliberalismoa eta eskuineko beste filosofia den
neokontserbadurismoa bereizi beharra dago. Bientzat zergen bidez burututako
ondasunen birbanaketak edota baliabideen transferentzia, neurri okerra da,
ezinbestez gizabanakoaren eskubideen kontra jotzen duelako. Amankomunean
duten merkatu askatasunaren defentsari esker Eskuin Berria deritzon mugimen-
duaren barruan kokatu izan dira bi filosofia hauek. Reegan eta Thatcher-en agin-
Neoliberalismoaren oinarri filosofikoak 11
3. Liberal-igualitarista terminoa, edo liberal besterik gabe, maizago erabiltzen da Iparrameriketan.
Europan, aldiz, sozialdemokrata hitza hedatuago dago pentsalari hauen aipamen egiteean. Nolanahi
ere, biek Ongizatearen Estatua defendatzen dute, merkatuak sortaraz ditzakeen "desoreka
funtzionalak" konpontzeko tresna legitimo eta eraginkor modura.
4. Honako gai hauetan murgiltzera animatzen den irakurleak irakurri ahal izango du, "neoliberal"
eta "libertario"-ez gain, "anarkokapitalista" eta "miniarkistak" (miniarchists) terminoak autore hauei
buruz hitz egitean.
taldiek erakusten dute argi baino hobeto Eskuin Berri honen egitasmo politikoa.
Nolanahi ere, neoliberalismoa eta neokontserbadurismoa ezberdindu egin behar
ditugu, ezberdinak direlako zentsu esanguratsu batean, nahiz eta batzuetan koalizio
modura jokatu. Neoliberalek, neokontserbadoreek bezala, merkatu askatasuna
defendatzen dute, beren ustez askatasun pertsonala balorerik eta altxorrik
preziatuena delako. Baina neokontserbadoreek ez bezala, neoliberalek nor bere
buruaren jabe bakarra indibiduoa bera den ideia, bizitzaren arlo guztietara
zabaltzen dute. Ondorioz, neoliberalek homosexualitate, abortu, droga, eutanasia,
eta abarri buruzko legeen liberalizazioa bultzatzen dute, merkatuaren logikari
jarraituz honako arlo hauek funtzionamendu egokiagoa izango dutelakoan.
Neokontserbadoreen kezka, beste alde batetik, hauxe da: "arduratzen dira, batez
ere, balore tradizionalak berrezartzeaz... aberri eta familiarekiko sentimenduak
indarberrituz, kanpo-politika nabarmenki nazionalista edota antikomunista bati
jarraituz, eta autoritatea errespetatua izatea lortuz", eta horrek denak ekar dezake
berekin "salagarriak diren bizitza-estiloei mugak ezartzea" (Brittan, 1988: 213.
Kymlicka-k aipatua, 1995, 110. or).5
Atal hau bukatutzat emateko, aipaturiko pentsamendu-lerro bakoitzak filosofia
politikoaren arloan duen pisu espezifikoaz ohar inpresionista bat egin behar dugu.
Salbuespenak salbuespen, sozialismo errealaren hondamendiaren ostean libera-
lismoa dugu ideologia nagusia (baina inola ere ez bakarra), bai praktika politikoan
eta bai, hemen interesatzen zaigun ikuspuntutik, teoria politikoaren arloan ere.
Baina unibertso liberalaren barruan, aipatu ditugun hiru ildoetatik (hau da, liberal-
igualitaristak, neoliberalak eta anarkistak), arlo akademikoan gizabanakoaren
askatasuna defendatu bai, baina horrela izan dadin gutxieneko oinarri materialak
bermatzen saiatzen diren pentsalariek nolabaiteko gailentasuna lortu dutela esan
daiteke. Autore hauek ongizate-estatuaren egiturak defendatzen dituzten liberal-
igualitaristak dira. Esparru akademikoan duten gailentasun honek ez du esan nahi,
ordea, politika praktikoan nagusitasun bera daukatenik. Izan ere, ezagutzaren so-
12 NEOLIBERALISMOA edo egungo gizartea irudikatzeko zenbait zertzelada
5. Neoliberalek gizabanakoaren erabateko askatasuna arlo guztietan defendatzen dutela argitzeko
hiru adibide jarriko ditugu, bi egiazkoak eta hirugarrena fikziokoa. The Economist aldizkarian
(ekonomia neoliberalaren zalantzarik gabeko defendatzailea), bere 1997ko ekainaren 21eko alean
honela zioen eutanasiaz bere editorialean: "Mendebaldeko erlijioek utzezina den erantzun bat
eskaintzen dute: gizabanakoek ezin dute bere buruaz beste egin, bizitza Jaungoikoak emana baita.
Liberalismo klasikoaren arabera, eta hauxe da The Economist-ek jarraitzen duen pentsamendua, honi
[eutanasiari] buruzko ikuspegia bestelakoa da. Gizabanakoek autodeterminatzeko eskubidea daukate,
honen barruan --agian hori izango litzateke bere adierazpenik gorena-- nork bere burua hiltzeko
eskubidea ere sartzen delarik".
Beste adibide bat neoliberalen eta neokontserbadoreen artean dagoen aldeaz jabetzeko. New
York-eko Gay Parade-etan (hots, homosexualen harrotasunaren egunean, ekainaren bukaera aldera
ospatzen dena) ohiko partehartzartzaileen artean Libertarian Party-a dago, neoliberalismoaren ideia
nagusiak bere azkenengo ondorioetara eramaten dituen alderdi politiko bat, hain zuzen ere.
Azkenik, imajina dezagun ondoko adibidea. Familia noble bat bere oinetxea fabrika bat
eraikitzeko asmoa duen enpresari bati saltzera beharturik dago. Oinetxeak balore arkitektoniko eta
historiko handia dauka. Neoliberalek begi onez ikusiko dute ondasunaren salmenta, hala agintzen
baitu merkatuaren legeak. Kontserbadoreak, aldiz, penaturik ikusiko du tradizio estimatu baten
gordelekua den oinetxearen desagerpena. Kasu honetan, beraz, norabide ezberdinak hartzen dituzte
batzuk eta besteak.
ziologiaren irakaspen handienetariko bat honako hau da, alegia, ideia batzuk ez di-
rela berez beste batzuk baino "egiagoak" edo "zuzenagoak". Neurri handi batean,
ideia-multzo bakoitzaren sinesgarritasuna eta, ondorioz, bere eragin sozial eta poli-
tikoa, beste zerbaiten arabera dago: ideia-multzo bakoitza egiatzat hartzen duten
giza-aktoreen boterearen arabera, hain zuzen ere. Honela, bada, neoliberalismoaren
analisi eta proposamenak egokitzat ematen dituzten aktoreak zenbat eta botere-
tsuagoak izan, neoliberalismoak hainbat eta eragin zuzenagoa izango du politika-
eta ekonomia-esparruetan. Mundu materialaren eta idealaren arteko harremanak
(edo, Marx-en terminologiaz baliatuz, azpiegituraren eta gainegituraren artekoak)
azaltzen duen ikuspegi honek neoliberalismoak mundu politikoan duen pisu espe-
zifikoa ulertzen laguntzen digu. Izen eta abizenak ematearren, filosofo neolibera-
len ideiak egokitzat hartzen dituen aktore nagusia "nazioarteko kapital finantzie-
roa" dela esan daiteke (de Sebastián, 1997: 19).
Ralws-en justiziaren teoria
Anarchy, State, and Utopia delako liburuan, Robert Nozick (esan dugun
bezala, filosofia politikoaren arloan neoliberalismoaren defentsa biribilduena
eskaini duen autorea) John Ralws-ek proposaturiko justiziaren teoriari alternatiba
bat eskaintzen saiatu da. Oso goiz liburuan, lehenengo orrialdeetan agertzen du
asmo hori, itzulinguruka ibili gabe, honako hau aitortzen duenean "...teoria honen
egitura [berea, eskubideen teoria --entitlement theory-- deitzen duena] justiziaren
teoria banatzaile batzuk aztertu eta kritikatzeko erabiliko dut, estatu zabalago bat
ontzat hartzen duten teoriak, alegia; teoria horietatik guztietatik, John Rawls-ek
eskaini berri duen teoria sutsuan arreta berezia jarriko dut" (Nozick, 1988: 9).
Nozick-ek Harvard unibertsitatean bere lankidea den John Rawls interlokutore
nagusi modura hartzea ez da, inola ere, kasualitatea. Izan ere, Ralws-en ekarpena
gaur egungo teoria politikoaren erdigunean egon da, eta badago oraindik ere,
1971n A Theory of Justice delako liburu mardul, mamitsu eta itzal handikoa
argitaratu zuenetik.6 Horrez geroztik, neurri handi batean filosofia politiko eta
morala bere ekarpenaren itzalpean garatu direla esan daiteke.
Oso argudiaketa konplexua dena, halabeharrez laburtu beharreko Rawls-en
asmoa modu honetan laburbil daiteke: "gizartearen oinarrizko egitura"-ri (horren
barnean pentsamendu eta kontzientziaren askatasuna babesten duten erakundeak,
merkatu konpetigarriak, ekoizpen-bitartekoen jabego pribatua eta familia
monogamoa sartzen direlarik) dagozkion justizia sozialaren arauak zehaztu nahi
ditu, justizia baita, Rawls-en ustez, eraginkortasun edota egonkortasuna moduko
helburuen gainetik, giza erakundeen bertuterik desiragarriena. Horretarako,
gizarte-hitzarmenaren tradiziora jotzen du. Baina gizarte-hitzarmenaren tradizio
Neoliberalismoaren oinarri filosofikoak 13
6. Ralws-en harira, gaur egungo teoria politikoak ardatz bi dituela esan daiteke: askatasuna/
/berdintasunaren binomioaren inguruan garatzen dena, eta liberalismo/komunitarismo deritzon
eztabaida akademikoaren artean eztabaidatzen dena. Ezberdinketa hau analitikoa izanik (errealitatean
biak elkarrekin nahastuta baitaude), oro har, Nozick lehenengo binomioarekin kezkatuago agertzen
dela esan daiteke.
klasikoak (Hobbes-ek, Locke-k edota Kantek-ek ordezkatzen duten tradizioa,
alegia) gobernu legitimo bat ezartzea helburu duen bitartean, Rawls-en bertsioaren
asmoa justizia sozialaren printzipio batzuk adostea da. Beste hitzetan esanda,
Rawls-ek elkarbizitza sozial eta politikoaren oinarriztapena burutu nahi du. Asmoa
hori izanik, honela jarraitzen du bere argudiaketa: "jatorrizko egoera"-n (original
position) aurkitzen diren gizabanakoak irudikatzen ditu. Egoera hau guztiz
hipotetikoa da, tresna heuristiko bat, zeinean gizabanakoek ez dakiten ezer beren
dohai eta trebetasunez, ezta beren ezaugarri pertsonalez ere (hau da, ez dakite
gizonezko ala emakumezkoak diren, zuriak ala beltzak, aberatsak ala txiroak,
azkarrak ala txepelak, e.a.; Rawls-en hitzetan, jatorrizko egoeran aurkitzen diren
gizabanako hauek "ezjakintasunaren eztalkia"-ren atzean daude). Bizitzan zer
helburu duen (hots, bere bizitza onaren ikuskera) ere ez daki gizabanakoak, baina
bai, ordea, "ontasun primario" (primary goods) batzuk eskuratzea oso lagungarri
izango zaiola aipaturiko eta norberak osatutakoa den bizimodu ona izateko.
Ontasun primario hauek eskubide eta askatasunak dira, aukerak eta botereak,
diru-sarrerak eta ondasunak, hala nola nork bere burua errespetatzeko eta
estimatzeko beharrezkoak diren oinarriak. Gizabanako oro aipaturiko ontasun
hauetatik ahalik eta gehien izaten ahaleginduko da, baina, Rawls-ek jatorrizko
egoeran indarrean jarri duen ezjakintasunaren estalkiaren baldintzari esker,
razionala den gizabanakoak justizia sozialaren honako bi printzipio hauei helduko
die (Ralws, 1978: 340):
­ Lehenengo printzipioa: Pertsona bakoitzak izan behar duen eskubideak,
guztientzako antzeko askatasunen sistema batekin bateragarria den oinarrizko
eskubide berdinen sistema zabalak eskaintzen duena behar du izan.
­ Bigarren printzipioa: Desberdintasun ekonomiko eta sozialak honako bi
helburuak aldi berean lortzeko moduan artikulatu behar dira: a) gutxien dutenek
onurarik handiena izan dezaten, eta hori aurrezki justuen printzipioarekin
bategaragarri eginez; b) aukera-berdintasuneko baldintzetan, guztientzako
eskuragarri diren kargu eta posizioei lotuta egon daitezen.
Lehengo printzipioa askatasunari dagokio. Printzipio honekin, Rawls-ek
tradizio liberalari eusten dio bete-betean. Bigarren printzipioan, a) zatian batez ere,
ordea, berdintasunarekin kezkatuago agertzen da. Bi printzipio nagusi hauen
arteko uztarketa modu honetan azaltzen du Rawls-ek. Askatasun zibilak eta aukerak
banatzean berdintasunez jokatu behar da (hau izango litzateke lehenengo
printzipioa edota "herritarrek askatasun berbera izatearen printzipioa" eta b)
printzipioaren --"aukera-berdintasun baliokidearen printzipioa"-- arteko
batuketa); baina, beste alde batetik, botere, errenta eta aberastasunen banaketa
onargarria da, baldin eta banaketa horrek giza talde ahulenen alde jokatzen badu
(printzipio honi Rawls-ek "ezberdintasunaren printzipioa" deitzen dio). Azkenen-
go printzipio honen arabera, pizgarri gisa funtzionatzen duten ezberdintasun mate-
14 NEOLIBERALISMOA edo egungo gizartea irudikatzeko zenbait zertzelada
rialak onesten ditu, merkatu-ekonomia baten barruan ematen diren ezberdintasu-
nak, esaterako. Justiziaren printzipioetatik ondoriozta daitezkeen balizko gatazken
aurrean, Rawls-ek "ordena serial edo lexikografikoan" dauden lehentasun-arauak
zehazten ditu. Arau hauen arabera, lehenengo printzipioak lehentasuna izan behar
du bigarrenaren aldean, eta azken printzipioaren barruan, bigarren zatiak lehen-
tasuna dauka lehenengoaren aldean. Nolabait esatearren, Rawls-en eskemaren
arabera askatasunak lehentasuna dauka berdintasunaren aldean.
Ikuspuntu politiko-praktiko batetik, Rawls-ek, ondasun eta baliabideen
birbanaketa onartzean, ongizate-estatuaren egiturei eusten diela esan daiteke.
Merkatuak sortarazten dituen bidegabekeriak zuzentzeko ondasunen birbanaketa
defendatzen duen neurrian, Rawls liberal-igualitarismoaren (edota sozialdemo-
kraziaren) esparruan sartzen da bete-betean, berdintasuna bermatzera bideratuta
dauden neurriak askatasunaren menpean jartzen baititu.
Robert Nozick-en filosofia neoliberalaren defentsa
Lehen aipatu dugun bezala, Robert Nozick iparramerikarrak filosofia neo-
liberalaren defentsa biribilduena gauzatu du. Guri interesatzen zaigun ikuspun-
tutik, 1974an argitaratu zuen Anarchy, State, and Utopia [Anarquía, estado y
utopía, 1988] delako liburuan arreta berezia jarriko dugu.7 Bertan Rawls-ek propo-
saturiko justiziaren teoriari (zeinaren arabera liberal-igualitarismoa eta, beraz,
ongizate-estatuaren erakundeen juztifikazio filosofiko-morala eskaintzen den)
alternatiba bat eskaintzen saiatuko da. Izan ere, eta egitasmo honen adierazgarri
gisa, liburuan Nozick-ek hauxe aitortzen du: "justiziaren teoria bat garatuko dut
(teoria erretributiboa). Teoria honek ez du estatu zabalago baten beharrik. Nire
teoria honen tresneria erabiliko dut justizia banatzailearen adierazgarri diren eta
estatu zabalago bat onartzen duten beste teoria birbanatzaile batzuk aztertu eta
salatzeko" (Nozick, 1988: 9).
Rawls-ek eta, oro har, liberal-igualitaristek ez bezala, Nozick-ek ez du jarrai-
tzaile ugari filosofia politikoaren arloan. Baieztapen honek ez du esan nahi, ordea,
eginkizun politiko zehatzetan eraginik ez duenik. Alderantziz, azken hamarkadetan
mendebaldeko gobernuek ongizate-estatuaren aurrean praktikara eraman dituzten
politikei erreparatzen badiegu, esan daiteke, ezbairik gabe, Nozick gaurkotasunez
beteriko pentsalaria dela.
Jarraian, sakonean ikusiko ditugu Nozick-en teoriaren zutabeak. Lehenengoz,
bere justiziaren teoria ulertu ahal izateko ezinbestekoa den bere filosofia moralaren
azterketari ekingo diogu, hori baita bere justiziaren proposamenaren azpian dagoen
Neoliberalismoaren oinarri filosofikoak 15
7. Nozick-ekin zintzo izatearren, esan beharra dago The Examined Life (1989) delako liburuan
iritzi-aldaketa bat izan duela aitortzen duela. Oraingoan esaten du ez duela bere burua eskuineko
libertarioekin identifikatzen. Dena den, aitorpen hau ez da nahikoa izan bere izena libertarismotik
aldentzeko, oraindik ere Nozick-en izena filosofia politiko honen adierazgarri nagusi modura
aurkezten baita.
oinarria. Katearen bigarren maila modura, bere teoriaren oihartzun zabalena izan
duen proposamena ikusiko dugu, gutxieneko estatuaren defentsarena, alegia.
Bukatzeko, bere historian erroturiko justiziaren printzipioak ("eskubideen teoria"
delakoa) aztertuko ditugu, Rawls-ek luzaturiko printzipioen alternatiba bezala
pentsatuta daudenak.
Nozick-en filosofia morala
Nozick-en ustez, badira eskubide batzuk bortxaezinak direnak: "Gizakiek
eskubideak dituzte, eta badira zenbait gauza bere eskubideak zanpatu gabe inolako
pertsonak edota taldek egin ezin diezaakioketenak" (Nozick, 1988: 7). Esaldi
honek hasiera ematen dio Nozick-en liburuari. Esaldi honen mamia, erroa eta
ondorioak ongi ulertzeak bere filosofia politiko eta moralaren ulermena izugarri
erraztuko digulakoan, ondoren horren azterketari eta atzean izkutatzen diren ideiei
ekingo diegu.
Neoliberalismoaren oinarrian aurkitzen dugun funtsezko baieztapena edo
axiomarik oinarrizkoena honako hau dela esan daiteke: nor bere buruaren jabe ba-
karra da. Printzipio honi "norbereburujabetasuna"-ren (self-ownership) printzipioa
deitu izan zaio. Printzipio honen arabera, gizabanako orok badu bere burua eta
ahalmenen gain erabatekoak eta baztertzaileak diren eskubideak, hau da, norberak
hoberen irizten dion moduan erabiltzeko eskubideak. Honek esan nahi du, gizaba-
nakoak berak bere baimena ematen ez duen artean, ez diola inori ez zerbitzu ez
emaitzarik eman behar.
Nozick-en teoriaren kritika zorrotza eta apur-tzailea eskaini duen Cohen
filosofo marxistaren arabera, printzipio honek osatzen du neoliberalismoaren muin
morala (Cohen, 1995).8 Printzipio honek Kant-ek landutako "inperatibo kategori-
koaren bigarren adierazpen"-ean aurkitzen du bere sostengua. Adierazpen honen
arabera, gizakiak helburuak balira bezala kontsideratu behar dira, edozein helbu-
rutarako bitarteko modura erabilgarri ez direlarik. Honek esan nahi du, gizarteak
gizabanakoari berezko, erabateko eta bortxaezinak diren eskubide horiek errespe-
tatu behar dizkiola, zeren eta "azpian datzan kantiar printzipioaren isla baita,
zeinaren arabera gizabanakoak helburuak diren berez, eta ez bitartekoak; bere
baimenik gabe, ezin dira ez sakrifikatuak ez erabiliak izan beste helburu batzuk lor-
tzearren. Gizabanakoak bortxaezinak dira". (ibid.: 43)]. Gizabanako ezberdinak
garen aldetik, nork bere nahimen eta bizitza onaren ikuskera propioekin, badira
muga batzuk galarazten dizkigutenak, pertsona batzuk beste batzuen mesedetan
bere burua sakrifika dezaten eskatzea. Eskubideen teoria batek muga horiek zehaz-
16 NEOLIBERALISMOA edo egungo gizartea irudikatzeko zenbait zertzelada
8. Cohen-ek dio, halaber, norbereburujabetasunaren ideia honek marxismoa beste teoria batzuk
baino deserosoago sentiarazten duela. Izan ere, nor bere buruaren jabe denaren ideia proletarioek
jasaten duten zapalkuntzaren salaketaren oinarrian aurkitzen da. Ondorioz, zail egiten zaie marxistei
norbereburujabetasunaren ideiaren kontra jotzea bere teilatuaren kontra harrikada ibili gabe. Ezine-
gontasun honek marxistak (askatasuna eta berdintasunaren defendatzaile direnak) norberebu-
rujabetasunaren printzipioa birformulatzera eraman behar ditu. (Cohen, 1995, 6. atala bereziki).
tu beharko lituzke, eta halaxe egiten saiatuko da Nozick, bere proposamen neoli-
berala defendatzean.
Nozick-ek filosofia politiko eta moraleren arloan hain hedatuta dagoen utilita-
rismoa gaitzesten du, gizarte batean zoriontasun- edo ongizate-maila kosta ahala
kosta maximizatzen saiatzen delako, gizabanako batzu beste batzuen bitarteko gisa
erabiltzeko prest dagoelakoan. Nozick-en ustez, aldiz, bizitza, askatasuna eta
jabegoa jomuga modura dituen gizarte batek gizabanakoak hartzen ditu "eskubide
indibidualak dituzten pertsona gisa, horrek berekin dakarren duintasunaren jabe
modura. Errespetuz tratatuak izateak, hots, gure eskubideak errezpetatuz tratatuak
izateak, ahalbidetu egiten digu geure bizimodua erabakitzea, banaka edo guk
aukeratutakoekin batera, horrela geure helburuak lortuz edo geure buruei buruzko
kontzepzioa landuz, ahal dugun neurrian bederen; eta horretarako, duintasun
bereko jabe diren pertsonen lankidetza boluntarioaz laguntza izanik". (ibid.: 319).9
Funtsean, Nozick-ek gizabanakoari berezko eta bortxaezinak diren eskubide
batzuk dagozkiola esaten duenean, buruan dituenak bizitza, askatasuna eta jabego-
-eskubideak dira. Zeintzuk dira eskubide horien ezaugarriak? Nozick-ek hiru
ezaugarri nabarmentzen ditu:
1. Lehenengoz, aipaturiko eskubide horiek negatiboak dira, hau da, gizabanakoak
baditu kanpotik etorritako edozein indarren aldetik (botere politikoarena, batez
ere) erasotua ez izateko eskubidea. Beste hitzetan esanda, badu interferentziarik
ez izateko eskubidea.10 Eskubide hauek demokraziaren eredu "babestzailea"-k
azpimarratu ditu kemen bereziaz. Eredu honetan, Macpherson-en hitzetan,
demokrazia antolamendu-forma politikorik egokiena izango litzateke,
gobernuaren balizko gehiegikerien aurrean gizabanakoa hoberen defendatzen
duena baita (1982: 33. Ikus baita ere Held, 1981).
2. Bigarrenik, eskubide horiek muga zehatzak (zeharkako-mugak, edo "side-
constraints") ezartzen dituzte gainera-ko gizabanakoen ekintzen gain. Hau da, ez
da zilegi gizabanako baten askatasuna mugatzea beste askoren, edo guztien,
ongizate, zoriontasuna edota askatasuna handitzeko, utilitarismoak egiten duen
bezala. Cohen-ek dioen bezala, Nozick-en zeharkako-muga horiek hitzez hitz
Neoliberalismoaren oinarri filosofikoak 17
9. Giza-zientzietan gertatzen ohi den paradoja bat ikusten dugu Nozick-en ideia kantiar honen
defentsan. Izan ere, Rawls-ek ere gizabanakoak helburu modura eta ez bitarteko modura ikustea
proposatzen digu. Honek esan nahi du Rawls-en ustez ere filosofia utilitarioa hedatuegi dagoela (ikus
Una teoría de la justicia, besteak beste 20, 31 eta 40. orrialdeak). Beraz, autore bi ditugu ideia bere-
tik abiatzen direnak eta, hala ere, zeharo ondorio ezberdinetara iristen direnak. Autore bi hauen arteko
ezberdintasunak aipatzearren , eta puntu honi dagokionez, hitz gutxitan laburtzearren, hauxe esan
dezakegu: Rawls-en ustez, gizabanakoaren eskubiderik garrantsitsuenetarikoa gizartearen baliabideen
zati bat izatearena da; Nozick-en ustez, aldiz, gehien axola duten eskubideak nor bere buruaren jabe
izatetik ondorioztatzen diren etekinak lirateke. Horra hor, beraz, bi filosofia politiko ezberdinen or-
dezkatzaileek erakusten diguten ezberdintasun garrantsitsu bat.
10. Eskubide negatiboen beste muturrean, eskubide positiboak daude. Eskubide hauen arabera,
gizabanakoek badituzte botere publikoen aldetik laguntza jasotzeko eskubide batzuk, esate baterako,
hezkuntza edota osasunerako eskubideak.
hartzeak ondorio latzak ekarriko lituzke: "gure gizartean umeak azpihazita ba-
daude, ez genuke baimenik izango aberatsei zergak ezartzeko, familia pobreek
beharrezko duten esnea finantzatu edo diruz laguntzeko, horrela jokatuz gero
aberatsen eskubide eta `duintasunaren' kontrako neurriak izango bai lirateke.
Ezin izango genuke argudiatu, umeen (eta, handitzen direnean, helduen) aska-
tasun efektiboak handitu egin direla, eta horrek aberatsen askatasunak ez dituela
neurri handian gutxitu. Izan ere, Nozick-ek askatasuna murriztarazten duen
edozein jokabide galerazten du." (Cohen, 1995: 31-2). Beraz, utiliatarismoak
ongizatea edo zoriontasuna maximizatu nahi zuen modu berean (nahiz eta
horretarako zenbait gizabanakoren eskubideak apurtu beharra izan), Nozick-ek
dio berak "eskubideen utilitarismoa" duela helburu. Egitasmo hau luzatu eta
berehala, galdera bat etortzen zaigu burura: eskubideak bai, baina norenak?
Gizabanakoarenak, jakina, ezin baita suposatu "gizartea" bezalako izaki metafi-
sikoak plazerra edota aiherra sentitzen duenik, hots, bere ongizatea maximiza
dezakeenik: "ez dago on bat eta bere etekin bereziaren alde sakrifizioren bati
eusten dion inolako entitate sozialik. Pertsona indibidualak baino ez daude,
pertsona indibidual ezberdinak, bizitza propioak dituztenak. Gizabanako hauek
beste batzuen mesedetan erabiltzea, berau erabiltzea eta besteei mesede egitea
da. Besterik ez". (Nozick, 1988: 44).11
3. Azkenik, eskubideen babesak sistema politikoaren ardura bakarra izan behar du.
Zentzu honetan, eskubideak sakonak (exhaustive) dira. Ez dago arrazoi bakar
bat ere eskubideen gain ezartzen denik, dela erabilgarritasun soziala, dela
edertasuna, edo dena delakoa. Ezaugarri hau argitzeko, 5. oin-oharrean jarritako
adibidea ekarriko dugu gogora berriro ere. Familia bat balore arkitektonikoa eta
historikoa duen oinetxea saltzera beharturik kausitu da. Horren jabegoa justua
bada (eta geroxeago zehaztuko dugu horrek zer esan nahi duen Nozick-en ara-
bera), orduan inork ezin izango du etxearen edertasuna argudiatu bere babesa
aldarrikatzeko, hori balore bat (estetikoa) eskubide baten gainean (propietatea-
rena, alegia) ezartzea izango bailitzateke.
Eskubideen hiru ezaugarri hauetan oinarrituta --negatiboak, mugak ezartzea
besteen jokabideetan eta sakonak--, Nozick-en ustez eskubideek izaera absolutu
eta bortxaezina dute. Ezin dira zapalduak izan ez ongizate publikoaren izenean eta,
oro har, ezta beste eskubide batzuen izenean ere. Eskubideen zanpaketa ez dago
inoiz justifikatuta, eskubideak naturalak baitira. Orduan, gizarte politikoaren egin-
kizunik garrantzitsuena berauek bermatzea izango da. Ez gehiago, ezta gutxiago
ere.
18 NEOLIBERALISMOA edo egungo gizartea irudikatzeko zenbait zertzelada
11. Aldera dezagun Nozick-en baieztapen hau 1980ko hamarkadan politika neoliberalaren
adierazgarri izan zen M. Thatcher-en honako adierazpen hauekin: "Ez dago gizarteaz hitz egiterik.
Gizonezkoak eta emakumeak gizabanako modura daude, eta badaude familiak" Kasualitatea ote da bi
adierazpen hauen antza? (M. Thatcher-ekin elkarrizketa, Woman´s Own, London, urria, 1987. Denis
Duclos-ek aipatua, "Los crímenes del odio como síntoma de una sociedad fragmentada", Le Monde
Diplomatique, urtarrila, 1998, 17. orr.).
Miniarkia edo gutxieneko estatuaren defentsa
Seguru aski, gutxieneko estatuaren defentsaren proposamena neoliberalek
luzatzen dituzten neurrien arteko ezagunena da. Birbanatzaile izateko asmoz sortu
zen ongizate-estatuaren gain neurri honek izan dezakeen eragin nabarmena
kontuan hartzen badugu, ez da harritzekoa proposamen honek bazter askotatik
erakarri duen arreta.
Bere teoriaren ezaugarri honi dagokionez ere, eta bere filosofia moralaren
oinarrizko ideiekin gertatzen zen bezala, Nozick-ek argi uzten du liburuan hasiera
batetik, bere ustez Mendebaldeko herrialdeetan estatuak duen eginbeharra zein
den. Liburuaren lehenengo orrialdean honelaxe dio: "Estatuari dagokionez, gure
ondoriorik garrantsitsuenak hauxe da, alegia, gutxieneko estatu bat, hau da, bortxa,
lapurketa, iruzur, hitzarmenen betetzea. e.a. bezalako betekizun estuak betetzera
mugatuta da-goen estatua, justifikaturik dagoela; izan ere, estatu zabalago batek,
pertsonak zenbait gauza egitera behartuko dituelako, eskubideak bortxatuko
dituela halabeharrez eta, beraz, justifikaziorik ez duela; eta gutxieneko estatua
inspiratzailea eta zuzena dela . (ibid: 7). Baieztapen honetan azpimarratu
beharrekoak diren ondoko bi ondorio hauek dira: "Estatuak ez lukeela bere tresneria
behartzailea erabili behar hiritar batzuk beste batzuk lagundu dezaten, ezta ere bere
ongizate edo babesa propiorako bideratuta dauden eginkizunak debekatu".
Honelaxe laburbiltzen da Nozick-ek estatuaz duen ikuspegia, neoliberal
askok bere egiten duten ikuspegia, alegia. Jarraian, Nozick-en arabera horren
eginkizun zehatz eta mugatuak dituen estatu baten sorrera-prozesuari jarraituko
diogu. Horretarako, metodologikoki ezinbestekoa da estaturik gabeko egoera
batean kokatzea, eta egoera horren gabeziak azalera ekartzea, bukaeran hortik atera
beharra dagoela ikustarazteko.
Estaturik gabeko egoera metaforikoaren erabilpena ez da Nozick-en asmakun-
tza. Izan ere, gizarte-hitzarmenaren teoria klasikoaren ordezkariak diren Hobbes-ek
eta Locke-k12 estaturik gabeko anarkia-, edota natura-egoera bat ere deritzona,
irudikatu zuten, botere konfigurazio zehatz batekiko menpekotasuna legitimatzeko
asmoz. Hobbes-en kasuan, natura-egoeraren deskripzioa guztiz ezezkorra zen,
bertan bizitza "bakartia, pobrea, nazkagarria, abereen modukoa eta laburra"
baitzen (1995: 107). Lockek, aldiz, anarkia-egoera "bake, ongura eta elkarrekiko
laguntza eta defentsako estatua" dela esaten du (1983: 16). Dena den, nahiz eta
itxura batean oso egoera desiragarria izan, Locke-ren natura-egoera horrek badu
gabezia nabarmen bat, eta ez nolanahikoa gainera: bertan ez dago ez
magistradorik, ez justizia-arauak indarrean jartzeko gai den botererik. Nor bere
kasuaren epaile bakarra da, hortik ondoriozta daitekeen inpartzialtasun-ezarekin.
Beste hitzetan esanda, natura-egoera eskubideak eta abantailak ez daude behar
Neoliberalismoaren oinarri filosofikoak 19
12. Neurri handi batean, Nozick-en filosofia Locke-rengan oinarritzen da, zenbaitetan bere
ideiekiko zorra aitortzeko, beste zenbaitetan bere argudioak eta baieztapenak kolokan jartzeko.
bezala bermatuta (ibid.: 93), bertan gizonezko bakoitzak, nork bere aldetik, berea
dena ahalik eta hoberen defendatu behar duelako. Deskribapenak deskribapen, aipa-
turiko bi autoreen kasuetan, natura- edota anarkia-egoeratik ateratzea eta egoera
politiko batetarantz abiatzea premiazko eginkizuna da, gizakiek gizarte bizigarri
batean iraun nahi badute, behinik behin. Bi filosofo hauen ustez, egoera batetik
besterako transizioa ahalbideratuko duen tresna, gizarte-hitzarmena izango da.
Nozick-ek, bere aldetik, ez du gizarte-hitzarmenaren teoria gaurkotzeko
inolako asmorik; bai, ordea, Locke-k formulatu zuen erronkari heltzekoa, honelaxe
laburbil dezakeguna: anarkia-egoera morala da, bertan gizabanakoek bizitza,
askatasuna eta propietaterako eskubideak dituztelako, eta baita eskubide horiek
ahalik eta hoberen defendatzeko eskubidea ere; baina, gobernu eraginkorrik
gabeko egoera honetan justizia administratzea zein zail den kontuan hartuta, estatu
bat sortzea egundoko aurrerapausua izango litzateke. Nola sortu estatu bat
(indarraren erabiltzaile legitimo bakarra izango dena eta, gainera, bere eraginpeko
lurraldean bizi diren gizabanako guztiak babestuko dituena; Nozick-en ustez,
estatu zilegi batek bi eginkizun horiek bete beharko ditu, eta bi horiek baino ez;
ikus 35. eta 117. orr.) era moral batez, hau da, gizabanakoaren eskubideak bortxatu
gabe? Hauxe da, estatuaren sortze-prozesuari dagokionez, Nozick-ek buruan duen
eginkizun nagusia.
Locke-k ez bezala, Nozick-ek dio natura-egoeraren baitan badirela metodo
batzuk justizia era eraginkor batez ezartzeko, baina behin metodo horiek erabiliak
izan direnenean, estatu baten aurrean aurkituko gara, ia nahi gabe, aldez aurretik
horrelako zerbait sortuko zela inork ez baitzuen aurreikusten. Hauxe da "esku
ikustezinaren azalpena", estatuaren sorkuntzari aplikatua. Are gehiago, eta hau
Nozick-ek irudikatzen duen ibilbidearen abantaila gehigarria izango litzateke, nahi
gabe sorturiko estatuak lege morala errespetatzen du, bere sortze-prozesuan ez
baititu inoren eskubideak bortxatzen.
Hasierako puntua anarkia-egoera eta bukaerakoa gutxieneko estatua direlarik,
Nozick-ek zenbait pausutan garatzen du bere argudioa. Baina, berriro diogu, bestela
Nozick-ek salatuko lukeelako, pausu batetik bestera inoren eskubideak ez dira kalte-
turik suertatzen. Ekin diezaiogun, bada, estatuaren sortze-prozesuaren azterketari.
Hasteko, natura-egoeran diren arazoak ekarri behar ditugu gogora. Bertan nor
bere buruaren epaile bakarra dela dioen Locke-ren ideian sakonduz, hauxe esaten
digu Nozick-ek: "beren kasuen epaile diren gizonek zalantzaren abantaila emango
diete beren buruei, eta zuzen direlakoan jokatuko dute. Nozitu duten min edo kalte-
-maila gainbalioetsiko dute, eta pasioak eraginda saiatuko dira besteak zigortzen,
proportzionalki baino haruntzago joz eta gehiegizkoak diren ordainak eskatuz
...[egoera honek] gatazka amaierarik gabeko errepresalia eta ordain eska-
20 NEOLIBERALISMOA edo egungo gizartea irudikatzeko zenbait zertzelada
12. Neurri handi batean, Nozicken filosofia Lockerengan oinarritzen da, zenbaitetan bere
ideiekiko zorra aitortzeko, beste zenbaitetan bere argudioak eta baieztapenak kolokan jartzeko.
kizunetara daramalarik. Ez dago modu finkorik aipaturiko gatazka konpontzeko...
Era berean, baliteke natura-egoera batean pertsona batek bere eskubideak indarrean
jartzeko adina botere ez izatea; baliteke bere eskubideak bortxatu dituen eta
indartsuagoa den arerio bat zigortzeko edo ordaina eskatzeko ezgauza izatea"
(ibid.: 24). Nola konpoduko ditu natura-egoeran bizi den jendeak arazo korapilatsu
hauek? Irtenbiderik naturalena --logikoena, esaten digu Nozick-ek-- gizabanako
bat beste batzuekin elkartzea eta "elkar-babeserako elkarteak" sortzea izango litza-
teke: "Deituz gero, besteak berarekin elkar daitezke defentsa-lanetan. Elkartu egin
daitezke... izpiritu zibikoa dutelako, edota lagunak direlako, edota iraganean berak
lagundu dielako, edota etorkizunean beraiek ere laguntza jaso nahi dutelako, edota
zerbaiten truke" (ibid.: 25). Era honetan, norbera baino indartsuago den lege-apur-
tzaile bati aurre egiten ahal zaio, edo ezbidezko eskakizunak dituen norbaitengandik
babestu ahal dira. Honela, bada, natura-egoeratik elkar-babeserako elkarteak daude-
neko egoerara doan trantsizioarekin, estatu-sortzearen lehenengo harria jarrita dago.
Elkar-babeserako elkarteak daudeneko egoerak badu abantaila bat natura-
-egoeraren aldean. Elkartekideek arrazoi sendorik gabe laguntza eskatu zaiela uste
badute, orduan uko egin diezaiokete laguntza-deiari. Beste hitzetan, deia jasotzen
dutenak, gatazkaren protagonista ez izatean, ez daude pasioak edo egoismoak jota
eta ez dute nahi izango guztiz zentzuzkoak ez diren liskarretan parte hartzea. Baina
egoera honek badu ere desabantaila bat natura-egoerarekiko. Besteak laguntzeak
denbora eta ahalegina moduko ordainak eskatzen ditu, eta inbertsio horiek guztiok
ekidin nahi izango genukeen zerbait da. Oraingo momentu honetara iritsita dagoen
irtenbidea --esaten digu Nozick-ek--, lan-banaketan datza. Gainerako ondare eta
zerbitzuekin gertatzen den bezala, enpresario batzuk sortuko dira defentsa-zerbi-
tzuak eskeintzeko asmotan. Beste pertsonekin elkartu beharrean, agentzia babes-
taile baten zerbitzuak eros daitezke. Bigarren etapa honetan, orduan, merkatari
izaera duten agentzia babestaileen aurrean egongo ginateke konturatu gabe.
Hasiera batean, lurralde batean agentzia batek baino gehiagok eskainiko ditu
bere zerbitzuak. Dena den, merkatu librearen esparru honek monopolio edo
oligopoliorako joera erakusten du. Ondorioz, bategiteak, erosketak, kartelak edota
afiliazio-joerak direla medio, egoera berri batera iritsiko gara, zeinean lurralde
bakoitzeko agentzia babestaile nagusi bat edota elkarkidetza-akordioetara iritsi den
agentzia-federazio bat egongo den. Gauzak horrela, estatu baten aurrean aurkitzen
al gara jadanik? Ba al dago agentzia nagusi hori estatuarekin berdintzerik? Ezezko
erantzuna ematen digu Nozick-ek. Izan ere, gizabanako batzuk natura-egoeran
nork bere bizitza, askatasuna eta jabegoa defendatzeko duten eskubideei eusten
ahal diete oraindik ere. Indibidualismoak jota dauden gizabanako hauek ez daude
interesatuta elkar-babeserako agentzia baten kide izateko ideiarekin. Eta jakina,
ikuspuntu libertario batetik zail da ikusten modu bat, pertsonak haien eskubide
naturalak laga ditzaten behartzeko. Beraz, oraindik indarraren erabilpen legitimoa
lortu ez duelako (gizabanako batzuk beren eskubide naturalari eusten diote orain-
dik ere), eta guztiontzako babesa eskaintzen ez duelako, ezin da esan hizpide
dugun agentzia horrek estatuaren itxura hartzen duenik.
Neoliberalismoaren oinarri filosofikoak 21
Egoera honetara iritsita, ez dirudi gehiegi aurreratu dugunik natura-egoeraren
aldean, oraindik ere badirelako gizabanako batzuk autodefentsa eta zigor-esku-
bideak mantentzen dituztenak. Hauek, lege naturala ezartzeko orduan, gehiegike-
riaz joka dezakete, esaterako errugabeak, direnak zigortuz edota errudunak direnei
neurriz gaineko zigorrak ezarriz. Independente hauen egoteak sortarazten dituen
arriskuen aurrean, eta bere bazkideak babestearren beti ere, elkar-babeserako
agentzia nagusia neurri bat hartzera beharturik egongo da: bere bazkideren bat
erasotzen duen edonor zigortuko du; baina independenteak agentziak burutu nahi
duen indarraren erabilpena legitimoa dela frogatzen badu, orduan azkenengoak
bere oniritzia emango dio lehenengoari. Honek guztiak esan nahi du, agentzia
babestailea indarraren erabilpenaz erabakitzeko entitate legitimo bakarra dela,
berak zuzenean erabiltzen duelako edo, bestela, independenteek berek erabil dezan
baimena ematen dutelako. Ibilbide honen ondorioz sortu den agentziak badu,
oraingoan bai, estatuaren ezaugarri bat: biolentzia baimenduaren monopolioa,
alegia. Estatu ultra-minimoaren aurrean gaude jadanik.
Hemen ez da istorioa bukatzen, ordea. Independenteek eskubide natural bat
dute besteak zigortzeko, beren bizitza, askatasuna edo jabegoa erasotua izan dela
uste duten bakoitzean. Baina babeserako agentziak ez die uzten eskubide hori
erabiltzen berek nahi dutenean, ezta nahi duten moduan ere, gaizki erabilia izan
daitekeen beldur. Nola jokatu egoera honen aurrean? Zernolako irtenbidea
eskaintzen digu neoliberalismoak Nozick-en eskutik? Kontuan izan behar dugu
estatuaren eraikitze-prozesu osoan zehar Nozick oso kezkati agertu dela eskubide
naturalak errespetatzeaz. Irtenbide bat bilatzerakoan, orduan, jakin badakigu
estatuak eskubide naturalen begirunea duela mugatzat. Baldintza hau kontuan
hartuta, Nozick-ek eskaintzen digun irtenbidea honako hau da: independenteei
konpentsatu egin behar zaie beren eskubide naturalak ez erabiltzeagatik. Zer
motatako konpentsazioa? Gauden egoeran, Nozick-ek dio beraiei ere babes-
-zerbitzuak eskaintzea ordainketa egokia dela.13 Puntu honetara iritsita, badugu
gorputz politiko bat, aldi berean biolentziaren erabiltzaile legitimo bakarra dena eta
bere eraginpeko lurraldean bizi diren gizabanako guztiei babesa ematen diena.
Orain bai, estatu ultra-minimotik (biolentzia baimenduaren monopolizatzailea
dena) estatu minimora (lehenengo ezaugarriz gain, guztiei babesa ematen dielako)
igaro gara. Hasierako egoeran, hots, anarkia-egoeran geundelarik, inork ez zuen
buruan horrelako egitura bat sortzea. Ez zegoen inola ere aurreiku-sirik. Estatuaren
sortze-prozesuan, fase guztietan zehar, inoiz ez dira inoren eskubideak bortxatu,
eta hori asko esatea da eskuineko ikuspuntu libertario edota neoliberal batetik. Ho-
rri esker, legitimitatearen zigilua lortzen du. Birbanaketa-lanei ekiten dion estatu
22 NEOLIBERALISMOA edo egungo gizartea irudikatzeko zenbait zertzelada
13. Jakinaren gainean egon behar dugu, gauza bat dela konpentsazioa eta beste bat (Rawls-ek
onesten zuena baina Nozick-ek inoiz ere onartuko ez duena) birbanaketa. Izan ere, berak proposatu-
riko irtenbideak birbanaketaren antza hartzen du, batzuk babes-zerbitzua jasotzearren ordaindu egiten
dutelako eta beste batzuk, aldiz, ezer ordaintzen ez dutelako, dohainik jasotzen baitute. Mundu guz-
tiak babesa jasotzen duen arren, sustraian aurkitzen den arrazonamendua ez da ongizate orokorrarena,
edota berdintasunarena, baizik eta konpentsazioarena, natura-egoeran gizabanakoari berezko zaizkion
eskubideei ez eustearren.
bat, aldiz, ez litzateke legitimoa izango, gizabanakoen eskubideak momentu batean
edo bestean apurtuko dituelako halabeharrez. Argudio hau ongi ulertzeko,
lehenengoz bere justiziaren teoria aztertu behar dugu. Hauxe izango da hurrengo
eta azkenengoa den epigrafearen edukia.
Historian erroturiko justiziaren printzipioak
Ongizate-estatuaren antolamendua Bigarren Gerrate Mundialaren ostean
indarrez sortu zenetik, Mendebaldeko biztanlegoa ohituta dago heziketa, osasuna,
asegurantza soziala, eta beste hainbat zerbitzu jasotzera. Rawls-ek eta bere jarrai-
tzaile liberal-igualitaristek, hala nola ezkerreko beste tradizio batzuetan kokatzen
diren pentsalari askok, adostasuna agertu dute ongizate-estatuaren funtsezko hel-
buruekin14. Gaur egungo herrialde garatuetako justiziaren ideiak eskatzen du,
pentsalari hauen ustez, botere politikoek bultzaturiko diru-sarrera eta aberastasuna-
ren birbanaketa bat. Laurogeiko hamarkadan hasita, Thatcher-en eta Reagan-en
gobernuekin hasita, ongizate-estatuak eraispen-saio larriak jasan ditu. Saio-mota
horiei Nozick-ena bezalako eraikuntza filosofikoek sustengu intelektuala eman
dietela esan daiteke. Izan ere, polizia, ejerzito eta sistema judizialari atxikita dauden
erakundeak baino onartzen ez dituen estatu minimoaren defentsa egitean, Nozick-ek
eta, oro har, neoliberalismoak, gizabanakoaren eguneroko bizitzaren gain eragin
nabarmena duen neurria aldarrikatu du.
Ondoko lerroetan, Nozick-en baieztapen bat hartuko dugu abiapuntutzat,
zeinaren arabera estatu minimoak ondoen eta egokien bermatzen duen justizia.
Eginkizun honi buelta emanez, ikusiko dugu zernolako argudioak ematen dizkigun
Nozick-ek, gutxienekoa baino zabalagoa den estatu bat errefusatzeko. Eginkizun
horretan, "eskubideen teoria" bat garatzea ezinbesteko egiten zaio. Teoria hau
onartuz gero, frogatutzat eman beharko litzateke jabegoa eta hitzarmenen betetzea
direla gobernu legitimo batek har ditzakeen eginkizun bakarrak.
Justiziaren edozein teoria, gizarte batean dauden ondasunak banatzearen
arazoaz arduratzen da. Eztabaidagune honi "justizia banatzaile"-aren auzia deitu
beharrean, adierazpena bera neutrala ez delakoan,15 Nozick-ek nahiago du
"ondasunen justizia"-z hitz egitea. Beraz, bere eskubideen teorian oinarrituta,
justiziaren teoria bat dena, ondasun jakin batzuen jabegoa noiz den justua
galdetzen duen auziari erantzuten saiatuko da. Nozick-ek ondasunen justiziaz
Neoliberalismoaren oinarri filosofikoak 23
14. Hasiera batean ezkerrako pentsalari askok proletargoa eta burgesiaren artean lortutako
"hitzarmen historikoa", zeinaren ondorioz Ongizate Estatua sortu zen, saldukeria hutsa izan zela
pentsatzen zuten, sistema kapitalista bere hartan mantentzen zuelako. Dena den, azkenengo urteotan
lehen kritikari izandako askok, neurri handi batean neoliberalimoak bultzaturiko neuri
desrregulatzaileei erantzunez, Ongizate Estatuaren defentsari ekin diote. Zentzu honetan, eta
Giddens-ek (1996) gogorazten digun bezala, ezkerra "kontserbadore" bihurtu da
15. Nozicken ustez, "justizia banatzaile" esamoldea ez da neutrala, aditzera ematen duelako
baliabideak eta ondasunak "giza lapiko" erraldoi batean daudela autoritate zentral batek noiz
banatuko zain, eta ez duelako bere historia aintzakotzat hartzen. Aurrerago idazkian argiago
geldituko da baieztapen hau.
arduratzen diren teorien arteko bereizketa bati ekiten dio. Alde batetik, esaten digu,
amaierako egoeraren printzipioak defendatzen dituzten teoriak izango genuke
(current time-slice principles edo end-state principles). Utilitarismoa ikuspuntu
honen defendatzailea izango litzateke. Hitz gutxitan, teoria-mota honek hauxe dio:
"banaketa baten justizia, ondasunak banaturik nola dauden zehaztearen arabera
dago (nork zer duen), hori banaketa justuaren printzipio estruktural bat/batzuen
arabera erabakia" (ibid.: 157).
Esaterako, A-k 10 du eta B-k 5, edo alderantziz, A-k 5 eta B-k 10; bi
banaketok utilitate bera ematen badute; orduan, banaketa bat ala bestea aukeratzea,
zerbait arbitrarioa da. Banaketa batetik bestera iragateak ez luke, hortaz, inolako
injustiziarik ekarriko, zoriontasun-maila bere horretan mantenduko bailitzateke.
Teoria-mota hauekin kontrajarrita, justiziaren teoria historikoak ditugu. Bana-
keta bat justua den ala ez deliberatzeko, iraganean burutu diren ekintzak edo
baldintzak kontuan hartzen dituzte teoria-mota hauek. "Bakoitzari bere ekarpena-
ren arabera" bezalako aginduak teoria honen isla dira. Nozick-ek bitan banatzen
ditu sustrai historikoak dituzten teoriak: arautuak eta ez-arautuak. Teoria arautuek
"dimentsio naturalen" bat hartzen dute oinarritzat banaketa justu bat burutzerakoan.
Proposaturik izan diren justizia banatzailearen printzipio ia guztiak (Rawls-ena,
besteak beste) arautuak dira, zeren Nozick-en ustez banaketa "bakoitzari bere
meritu moralaren arabera, edota premiak, edota etekin marginala, edota ahalegina,
edota aurreko irizpideen gehiketa ponderatuaren arabera, e.a." gomendatzen
baitute burutzea (ibid.: 159); "Justizia banatzailearen eginkizuna `bakoitzari bere
------aren arabera´ esaldian agertzen den hutsunea betetzea dela pentsatzea,
aldez aurretik arau bat bilatzeko prest egotea da" (ibid.: 162).
Nozick-en ondasunen justiziaren teoria, historikoa den arren, ez da arautua:
"Ez dago dimentsio natural bat, edota zenbait dimentsio natural txikiagoen konbi-
nazio edo gehiketa ponderatu bat, eskubideen printzipioak errespetatuz banaketa
burutzen duenik" (ibid.: 159-160). Berea, orduan, justizia banatzailearen teoria
historiko ez-arautua dugu.
Teoria honen kezka nagusia ondasun baten jabegoaren ibilbidea edo istorioa
aztertzea da, gauza baten jabea izaterainoko prozedura zuzena izan den ala ez
ikusteko. Hartarako, elkar-loturik dauden hiru printzipio bereizten du (ibid.: 154):
1. Eskuratze-justiziaren printzipioaren arabera ondasun bat bereganatzen duen
pertsona batek, ondasun hori izateko eskubidea dauka.
2. Pertsona batek bere ondasuna ondasun horren jabea zen norbaitengandik
transferentzia-justiziaren printzipioaren arabera bereganatzen badu, aipaturiko
ondasun hori izateko eskubidea dauka.
3. Inork ez du ondasun baten eskubiderik 1. eta 2. printzipioak (behin eta berriro)
ezarri gabe."
24 NEOLIBERALISMOA edo egungo gizartea irudikatzeko zenbait zertzelada
Lehenengoak, eskuratze-justiziaren printzipioak (justice in acquisition), jabe-
rik gabeko status batetik jabedun den beste egoera batetara era zuzen batez nola
igaro esaten digu. Trasferentzia-justiziaren printzipioak (justice in transfer), bere
aldetik, aurretik era zuzen batez lortuak izan diren ondasunak nola elkar-trukatu
azaltzen digu. Nozick-en printzipio honen muina hauxe da, alegia, transferentzia
bat justua dela baldin eta borondatez burutzen bada. Baina, gure mundu hau erabat
justua ez dela kontuan hartuta (esate baterako, zenbaitetan jendeak indar edo
iruzurren bitartez bere egiten ditu ondasunak), zuzenketa-justiziaren printzipio
(justice in rectification) bat behar-beharrezkoa dugu, iraganean eman diren
bidegabekeriak konpontzeko. Funtsean, hiru printzipio hauek honako mezu hau
luzatzen digute elkarturik: ondasun jakin bat era justu batez lortu izan bada, orduan
bere jabegoa justua dela baiezta daiteke. Adibidez: momentu honetan lur-zati baten
jabea banaiz, lehenengo printzipioak esaten digu lurra noiz hasi zen nirea izaten;
bigarren printzipioaren arabera, libre naiz lur-zati horrekin nahi dudana egiteko;
zuzenketa-printzipioak, azkenik, lehenengo edota bigarren printzipioen kontra
norbaitek jotzen duenean nola jokatu erakusten digu. Banaketak justiziaz
burutzeko, ondasunaren historiari erreparatu behar diogu. Honela, bada, bere teoria
honek prozedura azpimarratzen du, eta ez arauak.
Ez da erraz ikusten --ohartarazten digu Nozick-ek--, zer dela eta mundu
guztiak ez duen onartzen berak proposaturiko eskubideen teoria (ikus ibid.: 163).
Izan ere, truke bat askatasunez burutzen bada, nola da posible egoera berriaren
justizia zalantzan jartzea? Askatasuna truke-askatasunarekin berdintzen duela
konturatuz gero, Nozick-en argudioaren mamia ulertzea erraza da: "askatasunak ez
ditu arauak atsegin," hau da, askatasunak, lehenago ala beranduago, arauak
alboratuko ditu. Baieztapen hori argitzeko, Wilt Chamberlain-en adibide ospetsua
jartzen digu. Imajina dezagun gure gustukoa den arau bat (zehazki zein den, ez da
garrantzi handikoa) indarrean dagoela; arau horretatik ondorioztatzen den
ondasunen banaketari D1 deituko diogu: "Eman dezagun Wilt Chamberlain oso
saskibaloi-jokalari preziatua dela, ...[eta] ondoko hitzarmen-mota hau sinatzen
duela: etxean jokatutako partidu guztietan, sarrera bakoitzak kostatzen duenaren
hogeita bost zentabo berarentzat izango da... Demagun denboraldi bakar batean
saskibaloi-estadiora miloi lagun inguru hurbildu dela, eta denboraldi-amaieran
Wilt Chamberlain 250.000 dolar patrikaratu dituela, beste jokalarien batezbestekoa
baino askoz gehiago, eta beste inork baino gehiago. Eskubiderik al dauka diru hori
jasotzeko? D2 banaketa berri hau, injustua al da?" (ibid.: 163). Borondatezkoak
diren elkar-trukeek, hortaz, aldez aurretik zehaztutako araua ez dute atsegin izan.
Banaketa berria, D2, justua al da? Nozick-ek baietz erantzuten du. D1 egoera
justua bazen, eta jendeak bere borondatez D2-a aukeratzen badu, orduan ez dago
inolako zalantzarik banaketa berria ere justua dela. Beraz, banaketa berria justua
izan daiteke eta izatez bada, Nozick-en ustez, nahiz eta hasieran zehaztutako
arauarekin bat ez etorri.
Neoliberalismoaren oinarri filosofikoak 25
D1 banaketari eustea, Nozick-ek dio, gizabanakoaren askatasunaren kontrako
neurria da, eta hori, ikuspuntu libertario batetik, onartezina da, norbereburujabeta-
sunaren printzipio moralaren kontra jotzen baitu ezinbestez. Honek guztiak
ondorio garrantzitsu batera garamatza: justiziaren edozein ikuspegi arautu alboratu
egin beharko genuke Nozick-ek luzatzen duen eskubideen teoriaren mesedetan,
hoenk jendeari era zuzen batez eskuratu duenarekin nahi duena egiteko erabateko
askatasuna ematen baitio.16
Justiziaren teoria arautuen defendatzaileek (Rawls-ek edo marxismoak,
besteak beste) bakoitzari bere beharren araberako banaketa onartzen dutenez,
batzuei kendu egiten diete beste batzuei emateko. Gaur egungo ongizate-estatuetan
ondasunen birbanaketa hau zergen bidez burutzen da. Nozick birbanaketarako
tresna honen arerio sutsua da, zergak jartzea ezartzea askatasunaren kontrako
neurria baita: "Irabazkinen gaineko zergak lan-derrigortuaren parekoa da... n
lan-orduren mozkinak hartzea, pertsonaren n lan-ordu hartzea bezalakoa da;
pertsona bat beste bat n lan-ordu betetzera behartzea bezalakoa da" (ibid.: 170-1).
Lan-derrigortuaren kontra bagaude (eta badirudi gure gizarte liberaletan hori
printzipio adostua dela), orduan beste batzuen egoera hobetzeko zergak ezartzea
gaitsetsi beharko genuke. Justifikaturik dauden zerga bakarrak, jabegoaren babesa
bermatzea helburu dutenak dira, hots, gutxieneko estatu batek bere gain hartzen
dituen eginkizun legitimo bakarrak betetzera bideratutakoak. Neoliberalen arabera,
beraz, osasun-sistema publikoaren erabiltzaileek, gutxieneko diru-sarreren jaso-
tzaileek, bekadunek eta, oro har, ongizatearen-estatuaren babesa momentu batean
ala bestean jaso duen edonork, beste batzuena den dirua hartu dute; beste batzuen
lanaren etekinaz profitatu dira, inolako merezimendurik gabe. Jakina, norbaitek
bere kontzientziaren aginduei jarraikiz pobreak laguntzea erabakitzen badu,
Nozick-ek bere oniritzia emango dio, laudatu eta guztiz egingo du; baina argi
gelditu behar da, bere borondatez harturiko erabakia dela, eta ez inork behartua.
Onargarriak diren arau bakarrak, nork bere buruari ezarritakoak dira, inoiz ez
kanpotik etorritako indar batek (estatuak, alegia) ezarritakoak.
Ondorio Gisa
Nozick-en betaurrekoetatik aztertu dugun bezala, neoliberalismoaren filosofia
politikoak ez du zoriontasuna oinarrian, utilitarismoak duen bezala; askatasuna eta
berdintasuna bateragarri egiten ere ez da saiatzen, ezkerreko tradizio ezberdinek
saiatu diren bezala. Bere asmoaren giltzarria norbereburujabetasunaren ideia da.
Honen arabera, gizabanako bat bere buruaren jabea da, eta baita era zuzen batez
jasotako ondare guztien jabe bakarra ere. Hartarako baimena jaso ezean, edo besteen
eskubideei eraso egin ezean, inork ezin ditu pertsona baten eginkizunak edo
26 NEOLIBERALISMOA edo egungo gizartea irudikatzeko zenbait zertzelada
16. Borondatez buruturiko elkar-truke bat justua delako intuizioaren aldean, borondatezkoak
diren trukeek egoera guztiz injustu batera ere eraman dezakeela pentsa daiteke. Horrelako kasuetan,
ez al litzateke desiragarria arau bat ezartzea? Cohen-en ustez, kasu horietan arauek askatasuna babes
dezakete (1995, 1. atala).
jabegoa oztopat

Neoliberalismoa