Laburpena: Ekonomia eta zientzia ekonomikoa krisian daude. Makroekonomian monetak dauzkan garrantziaz eta zereginaz aritu da Bernard Schmitt ekonomialaria 1953tik. Schmitt-i jarraituz, Moneta-Teoria Berrirantz izeneko liburuan egungo ekonomia monetarioan alokairuen eta errenten eratzea, eta bankugintzaren jarduera hirukoitza -emisioa, finantzazioa eta kapital finkoaren amortizazioa- arakatzen dira, langabezia eta inflazioa ulertu ahal izateko. Nazioarteko monetaren arazoak ere ikertzen dira: Europako monetarena eta nazioarteko ordainketa patologikoak sortzen duen kanpo-zorra. Azkenik, bizi garen globalizazioan subiranotasun monetarioak esan nahi duena adierazten da. Moneta-teoria berri honek benetako iraultza zientifikoa dakarrela baieztatzen du egileak.